2015/11/22

JAIAK GUZTIONAK GUZTIONTZAT







Beti horrela egin izan delako. Inoiz ez delako horrela egin. Argudio horiek aitzakia gisa erabiliz, emakumeei ate asko itxi zaizkie jaietako egitarauetan. Ate horietako batzuk parez pare ireki dira, tartean eztabaida, iskanbilaren bat eta zalantzak izan arren. Krisiak krisi, denborak normaltasuna ekarri du eskutik. Andoaingo azeri-dantza, Zubietako joaldunak, Legazpiko ezpata-dantza eta Donostiako danborrada ekarri ditugu adibide modura, behinola herritarrek parekidetasunaren aukera besterik ez zegoela ulertu eta bide hori egin zutelako.(naiz.eus GAUR8)

JAIAK ETA OSPAKIZUNAK

 Jaiak plazerrerako eta  harremanetarako espazio eta guneak dira. Ospakizunak, direnak direla, guztiek jendartearen inplikazioa eta parte hartzea eskatzen dute. Horiek, jendeak jendearentzat sortuak direla ezin ahaztu. Euskal kultura ohitura sexistaz horniturik dugu, eta maiz, horiek ezbaian jartzea zaila suertatu ohi da. Gure herritartasunari ukatzea balitz horiek egokitzearen planteamendua, ezin tradizioak ikutzerik. Baina, jaiak jendartearen isla diren bezala, jendarteak jaiak egiten dituela ulertu behar dugu.

JAIAK ETA GENERO IKUSPEGIA

   Espazio publikoen gidari eta zaindari gizona izan dugu urte askoren bueltan. Emakumearen parte hartze eta inplikazioa zerbait berria da, eta tradizioan errotzen diren horientzat argudio egokiak eraikiak izatea dugu erronka. Tradizioa aldagai ezberdinez osaturik dagoelako mugikorra da. Jendartearen isla izanik, jendarteak dituen beharretara egokitu daitekela aldarrian jarri behar dugu. Erresistentziak anitzak ohi dira, patriarkatuan erroturik dauden askok ez baitute euren pribilegioei uko egin nahi. Ospakizun parekideak, eremu guztietan krisia dakar. Aldaketa. Hautsa astindua.

ERREFERENTZIAK ETA ONDORIOAK

Etxeko ardurak partekatuak behar dute izan, jaietan berdin gozatu eta parte hartu ahal izateko, espazio publikoak emakumeengatik hartuak behar dute izan, orain arteko desorekak desegiteko. Eta hausturak egoten dira, ezaguna zaigunaren aurrean: urratuak. Desoreka horien aurrean krisiak. EdgardMorin-en iritziz (1984) krisi sakona anbiguoa da, izaera suntsitzailearen (desordena, bihurketa, desintegrazioa) eta ahalmen sortzaileen artekoa, gurean emakumeen eta gizonen arteko harreman eta adostasun berri bat abiaraz dezakeena.

Émile Durkheimek,  Metodo Soziologikoaren Erregelak lanean, “azpimarratu egiten du gizarte aldaketak aurreratzen dituzten eta, horrenbestez, osasungarriak diren urraketa edo haustura batzuen alderdi positibo eta beharrezkoa.“


Festa eta erritoen esangurak kontuan hartzeaz gain, proposatutako aldaketaren eraginei ere ekin behar zaie. Hau da, festen inguruan sortzen diren polemikek jendartean sor edo estalita dauden beste gatazka batzuk simulatzen dituzte, hauek festan aurkitzen baitute beren erritu-antzezpena. Hortaz, bertako nortasunen eta genero-sistemen arteko harremanak ez ezik, batzuetan mugiezin eta besteetan aldakor gisa aurkezten diren maskulinitate eta feminitateen elaborazioak ere aurki daitezke. Abiapuntua Eric Hobsbawm-en kontzeptua da, fenomeno sozialen berezko mugikortasunarena. Kultura, osotasun reifikatutzat hartu ez baina etengabeko aldaketan dagoen zerbait dinamiko gisa ikustea proposatzen da.  Azkenik, maiz elkarren lehiak sortzen direlako, tradizioak duen tokia eta pertsonek dituzten eskubideak aztertzen dira, gaur egun zabal-zabalik dagoen erlatibismo kulturalaren eztabaidaren barnean. Globalaren eta lokalaren arteko harremanak barne hartzen dituen ikuspegi zabal batetik detektatuko dugu zer dagoen eraldaketa sozio-ekonomikoak eta homogeneotasun kulturala ukatuz, bertako kultura eta “herri-nortasuna” behin eta berriro emakumeak errefusatzeko aipagai dituen tradizioaren argudioaren atzean: “Herriaren” eskubide kolektiboak eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasun-eskubideak buruz buru.





IKASTETXEAREN ERRONKAK

  • Ikastolak proposatzen dituen ospakizunen diagnostikoa egin eta ikuspegi hezkidetzailetik beharrezkoak liratezkeen aldaketak burutu.
  • Tradizioa eta ohiturak. Geletan horien inguruan burutzen diren jarduerak aztertu eta horien aurrean kritikotasunez eta begirada hezkidetzailetik trebatzeko konpetentzia garatu.
  • Emakumea eta gizonaren parte hartzea bultzatzeko motibazio estrategiak diseinatu.
  • Ospakizun eta tradizio berriak sortzeko aukerak eskaini.
  • Ikasturteko amaierako jaialdietan irizpideak ongi zehaztu; eta aukeratzen dituzten kanta eta dantzetan esku hartze hezkidetzaileak egin.
  • Egun moreetan sentsibilizazio kanpainak egin; eskola komunitate osoa osatzen dugunoi zuzendua eta guztion parte hartzea sustatuko duena.
  • Eredu anitzak eskaintzea ezinbestekoa. Errealitate berriak dituen beharrak asetuak izan daitezen.

Jaiak eta ospakizunak

Munduan zehar ospakizunak zein garrantzitsuak diren, pertsona orok zerbait ospatzea du gustoko, bere edo inguruko norbaiten jaioteguna; erlijio zehatz bateko egun markatuak; urte aldaketa; gertakizunen bat (lan bat lortu, azterketa bat gainditu, …) eta abar. Ospakizun eta jai horiek poztasun momentu bat diren aldetik, inguruko pertsonak alaitzeko egunak izan behar dituzte (hori da helburuetako bat). Beraz denok modu baketsu eta zoriontsuan ospatzeko zenbait alderdi kontuan hartu beharko dira eta, batez ere, errespetua. Errespetua bere osotasunean, ingurugiroarekin, txiki, heldu, zahar, emakume, gizon, beste erlijio, … pertsona guztiekin. Baina oraindik ez da hori gertatzen. Zoritzarrez hamaika kasu ematen dira jaietan genero indarkeriarenak, kexu asko daude gazteek kaleak txerrikortak bezalaxe uzten dituztelako jai giroan, hilketak egoten direlako erlijio kontuak direla eta.





Jaiak eta ospakizunak: ohituretan oinarritutako egunak dira. Egun horietan normalean tradizioz zaizkigun gertakariak edo egun bereziak ospatzen ditugu. Gure herrialdean jaiegun eta ospakizun asko erlijioaren tradizioz sortutakoak dira, egun ospatzen jarraitzen ditugunak (nahiz eta kasu askotan sinbolismoa ez dakigun edo sinbolismoarekin bat ez gauden).
Genero ikuspegia gizartea modu berezian berbegiratzea izango litzateke; gizartean ematen diren emakume eta gizonen arteko ezberdintasunak ikusteko, modu kritikoan aztertu, azken finean.
Hau modu praktikora eramanez adibidez, azken urteotan gure herri eta hirietan hain arrakastatsua den Santo Tomas jaia aitzakia ona izan daiteke. Hau lantzeko, garai bateko euskal bizimodua azter daiteke, janaria, etxeak, ogibideak eta jantziak. Horrekin gaur eguneko Euskal herriko bizimoduarekin konparatu eta emandako aurrerapauso eta geldiuneak errepasatzea.



Horrekin ikasle eta ikastetxeak gauza desberdinak landu ditzake:
-          Antzinako eta gaur egungo gizartearen azterketa kritikoa.
-          Emakume eta gizonen arteko desberdintasunak ikusteko aukera: lehen eta oraingo gizartean. Aurrerapausoak zein berdin jarraitzen dituzten ohiturak aztertzeko aukera.
-          Ikuskera feminista ikasleengan barneratzen hastea.
-          Ezagutzak ikasteko modu dinamiko eta erakargarria.
-          Eta abar.


Bai Santo Tomas jai egun honekin zein beste ospakizun eta jaietan azterketa sakonak egin daitezke, bertan emakumearen rola aztertuaz. Jaiak erakargarriak diren aldetik ikasleekin lantzeko hainbat alderdi lantzeko aitzakia ezin hobea izan daitezkeela uste dut. Gainera betiko fitxak alde batera utzita ikasketa esanguratsuago baten alde apustu egiteko momentua izan daitekeela uste dut. Azken finean, egin beharrekoa genero ikuspegi hori jai eta ospakizunetan uztartzea izango litzateke. Modu honetan erasorik gabeko jai eta ospakizunak izango genituzke, jai eta ospakizun parekideak; jai eta ospakizun osasuntsuago eta hobeak.

JAI ETA OSPAKIZUNEI BURUZ HAUSNARTZEN

Jaiak eta ospakizunak, "Margaret Bullenek" dioen bezala jaietan gertatzen dena gizartean gertatzen denaren isla da, eta ospakizunetan emozioak txertatzen direla, baina hauek ere beste gauza guztiak bezala ikasitakoak direla.

Gure ospakizunak, erritualak eta bertan bizitako emozioak ez dira betidanik egon, norbaitek une zehatz batean eta helburu zehatz batzuekin bultzatu egin ditu.

Azken urteotan jai parekidetasun aldeko kanpainak lan eta lan dabiltza, alde batetik eraso sexistarik gabeko jaiak aldarrikatzen eta bestetik parte hartze berdinkidea sustatuz.
               
                eraso sexistarik ez bilaketarekin bat datozen irudiak                   

Jaiak eta ospakizunak denok berdin ospatzeko eta disfrutatzeko dira, eta genero ikuspegia txertatzea ezinbestekoa da, adibidez, orain gabonak bueltan datozela, afaria edo bazkari  antolaketetan, gizonezkoak kalean zerbait hartzen dauden bitartean emakumezkoak etxean prestaketa lanetan dabiltza.

Hau kontuan izanik, hezitzaileak garen heinean, gizarte patriarkatu honetan, zer ospatzen dugun, nola, noiz eta zergaitiei erraparatu behar diegu eta berdintasunaren alde lanean aritu beharra daukagu.

Horretarako ikastetxeetan erronka eta  kontutan hartu behar ditugunak:

- Eskola komunitatea, genero ikuspegia txeratzearen garrantziaz jabetzea, beharra sentitzea, ikustea, kontzientzia hartzea, honetarako, berdintasun kontseilua ezinbestekoa da.

- Ikasturte bukaeran edo inauterietako mozorroetan egiten diren dantzatetan, zer musika aukeratzen dugun, nork abesten duen, zer esaten duen, zer dantza den...erreparatzea eta horren arabera aukeraketa egitea.

- Opari sexisten gainerako lana egitea, bai ikasleekin zein gurasoekin (iragarkiak erabiliz) hauusnarketak, zergaitik hau neskarentzat eta ez beste hau??...eta  udaletxeko langilegoaren laguntzarekin (dekalogo ez sexistak etxeetara buzoneatzen).

- Jai ezberdinak, berdintasunean lanean ari diren jaiak, dantzak, ezaguterazi, aztertu, desberdintasunak ikusi...









2015/11/21

Jaiak ekintza bizia




Jaiak lagunekin biltzeko edo gure eguneroko lanean eten bat egiteko balio  dute. Aintzina barau egin aurretik  jaiak “burua galtzeko”  eta   askotan agintariei txantxa egiteko (ihauteriak) erabiltzen ziren. Herri askotan parentesi bat izan beharrean infernu eta ezin egon bihurtu da emakumeek festetan parte hartzeko erabakia hartu dutenean momentutik. Hau da, aurretik ezarritako  genero sistemarekin apurtu nahi  izan dutenean.Tradizioa emakumeen aldarrikapenaren gainetik jartzen dute askok, festa  “beti” izan den bezala jarraitzearen alde agertuz .Eric Hobsbawm- (1986) historilariak tradizioei  buruz kontrako eritzia azaltzen digu. Berarentzat  tradizioak, aldaezinak izan beharrean, asmatu egiten dira.Tradizioa ez da erlikia, bizirik dagoen zerbait baizik; ez du errepikapen hutsean zertan geratu behar.Hobsbawm-ek tradizioei buruz esandakoak askotan gure herrietan, bai gazte, zein nagusiek esan dutenaren aurka doa.


Emakumeak jaietan  parte hartzea aldarrikatu duenean ( alardean, baztango mutil dantzan…) “arazo” bihurtu da . Arbuio   hori  adinez nagusi eta gizonezko direnen artean gertatzen denean ez zaigu arraroa egiten, pribilejio galtze baten ondorio ikusten dugu. Baina, aldiz, arbuioa erakusten dutenek emakumeak eta gazteak direnean, gehienetan, harritu egiten gara. Zoritxarrez, emakumeen irudi zatitua eskaintzen duelako.(Mujeres en red).

Euskal Herriko jaiak ikusterakoan gizonezkoek eramaten dituzten arma kopuruak harritzen gaitu: eskopetak, espatak...Dantzan egiterakoan ere ezpatak soinean dituzte. Horren zergatia,  Foruen galera aurretik euskal herrIan arma eta milizien egoera jakiteko urtero ospatzen ziren alardeetan legoke.



Emakumeek , aldiz,  koloredun arku eta zinta arinak daramate soilik. Horrela, jaietan, gizonezkoek indarra adierazten dute  eta  emakumeek aspektu  estetikoa ( edertasunarekin loturikoa) .Emakume batzuk  parte hartze “estetiko”  horri uko egiten diotenean sortzen da arazoa.
Badaude, ordea, tradizioa era lasai baten aldatu dutenak: Errebonbilloak Elorrion, Tanborrada Donostian, Zumarragako  ezpatadantza… Seguruenik, beste herrietan ikusitako gatazkak ez ditu  herrietako tradizionalistak  borrokarako  larregi animatu.

Aurretik aipaturiko  bi ereduetan  gizarteak irakasleei  bi bide ezberdin eskaintzen   digu. Nola jokatzen dugu irakasleok ikastetxeetan? Nolako jarrera dugu, irakasleok, jaiak antolatzeko orduan? Malguak gara? Irakasleok ez gara “tradizioaren” alde jartzen? Egiten ditugun jaiak beti berdin ospatzen ditugu? Olentzero, Arratera igoera, ihauteriak… Ikasleei  ematen diegu parada jai berriak sortzeko? Era ezberdin, original eta sortzaile batean ? Tradizioak aldatu daitezkeela azaltzen diegu baina ihauterietan guk nahi dugun lez mozorrotzea inposatzen diegu? Hezkidetzaren ikuspegitik jaien antolaketak edo “desantolaketak” berriz ere gure lanaren berraztertze batera eramaten gaitu.

Jaiak eta ospakizunak eskolan



Antropologian aditua den Margaret Bullenek diona: “jaietan gertatzen dena, gizartean gertatzen denaren isla dela” eta “ ospakizunetan emozioak txertatzen direla (…) beste gauza guztiak bezala gizakiok ikasitakoak direla” oinarritzat hartuta, kultur-adierazpen sendoak diren festak eta ospakizunak, sistematikoki errepikatzen direnak, zaindu beharko ditugu berdintasuna eta aniztasuna bermatzeko.
Ospakizunetan afektibitate eta emozio-karga handia mugitzen dela baieztatu ondoren hezkuntza munduan egiten duguna zaindu eta babestu egin beharra dago hezkidetzatik ezinbesteko ekarpen interesgarriak txertatzeko aukerekin.
 
“Jaiak eta ospakizunak: begirada hezkidetzailea txertatzen” irakurgaian ikastetxetan sarritan ospatzen diren egunekin osaturiko sailkapena, hau da: egun moreak, egun bereziak eta opor aurrekoak, zerrenda bakarra osatuko nuke: “Eskolako (ohiko) ospakizunak”.

Orain arte tradizioa errespetatuz, balore tradizionalak ez desagertzeko, euskal nortasuna aldarrikatzeko filtratu gabeko ospakizunak gauzatzen hasi ginen. Poliki poliki migrazioen eraginagatik gure ingurua aldatzen hasi da eta aniztasuna nagusitu da. Kultur-aniztasuna edo multikulturalitate kontzeptuagatik garai berriei erantzun berrien beharra / egokitzapenak / hobekuntzak / zuzenketak / diskriminazioa kanporatu / … dena delakoa plazaratuko dugu elkarbizitza eta berdintasuna bermatzeko.

Ikastetxetan ikasturtean zehar “ohiko” ospakizun zerrenda osatzen ari gara errealitate hurbila txertatuz. Lan egiten ari naizen ikastetxean “Ohiko ospakizun Batzordea” osatu egin zen duela urte batzuk. Batzorde horretan Haur eta Lehen Hezkuntzako koordinatzaileak, aholkularia eta Ikasketa Burua kideak izango zirela adostu genuen. Horrez gain ikasturte hasieran Elkarbizitza-Hezkidetza Behatokiko bileran ekarpenak, laguntzak, partaidetza, inplikazioa maila, moldaketak, … bideratzeko ahaleginak egiten dira.


Orokorrean festa / ospakizun / jai bat antolatzerakoan kontuan hartzekoa:

-       Eskola komunitatea
Eskola komunitate osoko kideak partaide azaltzeko proposamena diseinatu beharko da. Inplikazioa eta partaidetzaren arabera jai-ospakizunean dagoen interesa baloratzen da hurrengo deialdietan egokitzapenak egiteko.
Jai-ospakizunaren berri emateko idazkiak osatzen dira informazioarekin eta ekarpenak jasotzeko, proposamenak luzatzeko,  lan-taldeak osatzeko, … aukerekin

-       Inguru hurbila – Berritzegunea – Udala …
Elkarbizitza-Hezkidetza Behatokia, Udal ordezkariak, Berritzegunea eta Mintegiak, inguru hurbila: auzoa, elkarteak eta familiengadik heldu ahalko denaren zain egoten gara.  Laguntzak, proposamen berriak, aholkularitza,…ongi etorria da nahi duguna borobiltzeko.

-       Bertsoa – Koplak
Lehen Hezkuntzako nagusiek “Bertsolaritza” lantzen hasi bezain pronto ospakizunetan bertsoak txertatzen hasi ginen. Hasieran sortutakoen moldaketarekin artxiboa zabaldu genuen.
Urtez urte kopla espezifikoak daude ospakizun bakoitzean abesteko. Bertsolaritzako irakaslea, eskolako irakasle eta langile batzuen laguntzarekin orain arte egindakoa gustuko dugu.
Ospakizun gehienetan kopla hauek familiekin  abesteko markatzen da tartea eta arrakasta handiko ekintza dela baloratu da partaidetzagatik.

-       Berdinen arteko tutoretza
“Berdinen arteko tutoretza” proposamen partikularra dugu ikastetxean. Ikastaldeak multzotaku ondoren bikoteak / hirukoteak izendatzen dira. Hortik aurrera jarduera osagarriak, ospakizunak, ekitalditxo bereziak gauzatzerakoan ikasleen artean zaintza eta babesa ziurtatzen dira nagusiak txikietaz arduradun gisa eta imitatzeko erdu zuzenak azaltzen direlako.
Bikote / hirukote hauek osatzerakoan, besteak beste, hezkidetzaile irizpideak kontuan hartzen dira.

-       Apaingarriak
Eskolako Familien Elkartetik janzteko apaingarriak eta gehiago eskuratu ditugu: biserak, nikiak, kantinplorak, lepoko zapiak,…
Ospakizunaren arabera erabiltzea gomendatzen da.

-       Ekitaldia
Ekitaldia / jailadia egitekotan Musika arloko irakaslea (erritmoak, kantak, instrumentalizazioa,…), Heziketa Fisikoa (koreografiak, espazioaren kudeaketa,…) eta tutoreak gehi gainontzeko irakasleak zein langileak partaide azaltzen dira dinamizatzaileak laguntzen.
Gauzatzen den berri emateko eta ikus-entzunezko produkzioak ateratzeko lan talde bat osatzen da ikasurte hasieran.

-       Sitea
Lan extra eta handia izan arren,  eskolako sitean “Ikusi Makusi” atalean gauzatzen den guztia argitaratzen da.

Beraz, eskolan jaiak eta ospakizunak guztion eginkizuna bihurtu ditugu gidari dugun lelopetik garatzekoa.



Jai parte hartzaile eta parekideen alde!

 
Euskal Herrian kultur gertakari garrantzitsua izan dira herriko jaiak. Baina sarritan, jaiak pasadizo huts kontsideratu dira, debertimentu huts.
Antropologiak ohartarazi du festak zentzu sinbolikoz beteriko jendarte-adierazpenak eta kultur adierazpenak direla. Festak, jendarte-ereduaren errepresentazio izateaz gain, jendarte-ereduak eraikitzen ditu, edo birsortzen.
Tradizioaren izenean, emakumeek zenbait ekitalditan parte hartzearen kontra agertu izan dira, baina behin eta berriro adierazi dute horrek ez duela esan nahi beste eremu batzuetan berdintasuna defendatzen ez dutenik. Nolabait adieraziz festetan gertaturikoak egunerokoan eraginik ez duela, festetan jendarte-ereduak birsortu edo eraikitzen direla ukatuz. 

Mutil dantza parekidearen alde baztanen. Info + Hemen
 

Jaiak eta ospakizunak gure kultura eta jendartearen beste adierazpen publiko bat dira, ez dira pasadizo huts. Herriko festetan genero ikuspegia txertatu behar dugu, jaietan ere kultura birsortu eta aldatzeko gaitasuna dugulako. Guk eraikitakoa, guk antolatutakoa, guk alda dezakegu. Eta bide horretan, herri jai-parekideen alde jardun behar dugu.
Gora Iruñea! Jai herrikoi, parte hartzaile, parekide eta euskaldunen alde lan egiten duen plataforma da.

Jai batzordeek eta txosna batzordeek jaietako adierazpen sexistetan ere jarri behar dute arreta; imajinario sexistan, hizkuntza sexistan eta musika alorreko sexismoan.
Jaietan eraso sexista ugari gertatzen dela ikusirik, protokoloa landu behar da, eta herri-eragileak horretan inplikatu. aldi berean, autodefentsa feministarako deia egitea beharrezkoa da.
 
Euskal Herriko Bilgune Feministak emakumeen parte hartzearen eta jai ereduen inguruko gogoeta feministetatik dokumentala plazaratu zuen. Ikusteko, hemen.
 
Ikastetxean landu daitezkeen erronkak ondorengoak lirateke beraz:
  • Emakumeen parte hartzea.
  • Jende aurrean aritzea
  • Espazio publikoa okupatzea
  •  Musika eta iruditegia aztertu.
  • Indarkeriari aurre egiteko baliabideak eskaini
 
Jaiak eta gozamenak
SEXURIK EZ DUTE!
 
 



2015/11/20

JAIAK BAI FEMINISMOA ERE BAI !

Festak eta ospakizunak   urteetan zehar  inposatu diren  balore heteropatriarkatuaren erreflexua dira; danborradak, alardeak, San valentín, Santa ageda, Olentzero…  foroan aztertu ahal izan dugun bezala, eta honek, emakumearen eta sexualitate aniztasunaren askatasuna galarazi eta genero indarkeria bultzatzen du.




Jaiak,  pertsonen arteko harremanekin lotutako espazioak dira. Beraz, egiten diren desfiletan, dantzatan, kontzertutan, alardetan, jolasetan lehiaketetan, kiroletan, antzerkietan, parodietan, ...emakumearen presentzia, parte-hartzea eta emakumeak historian zehar izan duen garrantzia  islatu, eta eredu estereotipatuekin apurtu egin behar da ... jai eredu berriak eraikiz. Elkarrekin ondo pasatzeko eta indarkeri gabeko guneak sortuz , denontzako baldintza berdinetan parte hartzeko aukera eskaintzeaz gain, egiten diren deialdiak, irudiak, leloak, mezuak parekidetasunaren aldeko aldarrikapenak egin behar dituzte. Jaiak eta ospakizunak, berdintasuna, errespetua, askatasuna gozatzeko eremuak bihurtuz. Horretarako, herriko erakunde eta instituzioek argi jokatu behar dute  eta guztiz inplikatu behar dira honetan.






Institutuan  egiten diren ospakizunetan genero ikuspegia  aplikatu behar da,   eta  erabiltzen diren kantak, irudiak aztertu eta sexismoa adierazten dutenak baztertu .
Estereotipoetaz ere askatu egin behar gara. Ospakizunak elkarrekin gustura egoteko guneak izan behar dira, horretarako, ekintza irekiak eta parte hartzaileak  bultzatu behar dira,  ikasle guztiak protagonistak izan daitezen. Egun moreek merezi duten indarra eta lekua hartu behar dute, azaroak 25, martxoak 8, maiatza 17, ekainak 28.