2015/12/20

ERREPRESENTAZIOA ETA DENBORAREN ERABILERAREN INGURUAN HAUSNARTZEN



Agerian ikusi dugun gisan, aipatzen ez dena ez da existitzen. Zentzu horretan, espazioetan errepresentazioak  berebiziko garrantzia  du. Beste behin, espazio publikoan emakumeen lanari eta bizitzari erreferentziarik ez egiteak espazio publiko eta pribatuaren arteko banaketan sexuak duen pisu eta indarra agerian geratzen da.  Sistema patriarkalak ongi baino hobekiago daki sexuen arteko botere harremana manten dezan,  sexu bakoitzari jendartean eremu guztietan nolako papera eta rola egokitu. Esparru honetan ere, egoerari aurre egiteko, emakumeon aitortza, presentzia eta protagonismoa bermatu behar ditugu, gure ikastetxeetatik hasita.
Espazio fisikoen  alderdi bat da segurtasunaren pertzepzioa. Emakumeok hiri, herri edo auzoetako espazio askotan ez gara seguru edota eroso sentitzen. Ez daude emakumeon begietatik eraikiak. Horren aurrean  orain bi urte ikastetxe batean ekimen bat burutu genuen. Ikasle batek sexu eraso bat jasan ondoren hasi zen guztia. Ikasleekin bildu eta gertakarian arreta jarri genuen. Bizipenei tartea eskaini genion. Zer gertatu zen, gertaerak zer piztu zigun, emozioak eta beldurrak identifikatu, entzun eta aurre egiteko estrategiez aritu ginen. Emakume gisa kalean zehar eta batez ere toki batzuetan nola sentitzen ginen aztertu genuen. Ikasleak asko motibatu ziren, ilusioz eta gogotsu hartu zuten erronka, beraiek aktibatzea lortu genuen, ondorioz,  “Maremore” ikasle talde bat sortu zuten, emakumeak bildu eta antolatzeko. Herriko gune ilunak identifikatu genituen eta hauetako bat aukeratu eta bizia eman genion, pasabidea marraztuz. Bertan besteak beste beldurra, sexismoa eta tratu onen inguruko mezuak margotu genituen. Hemen ekimeneko bideoa eta argazkiak.


 


Aurten, azaroaren 25aren harira, antzeko ekimena burutu dugu. Ikasleak, gurasoak, herritarrak, udala… deialdi zabal bat eginez denak elkarrekin bildu eta gune ilun bat zer den hitz egin eta hausnartzeaz gain, herriko gune ilunak identifikatu ditugu. Jarraian, gune horiek bisitatu, gertuagotik ezagutu eta beraietan erosoago senti gaitezen hartu beharreko neurriak aztertu ditugu. Hemen ekimeneko bideoa

Gure ikastetxeetan ere, egoera berdinak erreproduzitzen jarraitzen dugu eremu ezberdinetan: komunetako egoera, patioaren banaketa, erabilera eta jabetza, ikasgelan neskek eta mutilek hartzen duten espazioa, erabilera eta denbora…
Argi dago aldaketak estrukturalak eta sakonak izan behar dutela eta horretarako baldintzak izatea bermatu behar dugula.
Ikastetxe gisa hartu beharreko erronkak:
-Ikastetxeetako espazio ezberdinen okupazioa eta diseinua aztertu eta mutil eta neskeen arteko berdintasuna lortzeko erabilera hezkidetzailea proposatu. Horretarako erabilerari dagokionean bestelako jolasak (jolas kooperatiboak) bultzatzeaz gain, estrukturalki ere aldaketak bermatu. Adibidez ikastetxe bakoitzeko patioen diagnosi bat eta aldaketarako aukerak identifikatu: transformazio errealak martxan jarriz. Patioaren berrantolaketan ikasleen parte hartzea eragin.
- Herrian, historiaren zehar egon diren emakume ospetsuen biografia ikertu.
- Herriko kaleen izendegiak aztertu.
- Ikus-entzunezko eta espazio literarioetan eskaintzen diren emakumezko eta gizonezko ereduak ikasleekin errebisatu balore sexistak identifikatu ahal  izateko.
- Teknologi berrien erabilpenaren arriskuak ere aztertu era sakonean estereotipo sexistak ez hedatzeko ikasleen artean.



ERREPRESENTAZIOA eta DENBORAREN ERABILERARI BURUZKO HAUSNARKETA

1. Laburpena eta balorazio pertsonala:


Emakumeon errepresentazioa bai espazio fisikoetan, bai birtualetan ez da merezi duguna, gutxienez, populazioaren erdia garela bakarrik kontuan hartzen badugu. Adibide asko daude: kaleen izenen %10 soilik dira emakumezkoenak, kirol nesken taldeen presentzia txikia komunikabideetan eta ospakizun sozialetan, ikastetxeetan, patioen eta pasabideen okupazioan…
Argi dago gurekin zer ikusirik ez duten espazioak ditugun neurrian, ez ditugula leku atsegintzat hartuko eguneroko bizitzan behar sozialak garatzeko.
  
Paco Cascónek hezkuntzan gatazken inguruko esku hartze bat kontatzen du bere hitzaldietan: bigarren hezkuntzako ikastetxe batean, patioa beti futbolean aritzen ziren mutilen gunea zela ikusita, bertako irakasleek patioaren kudeaketa hezkidetzailea lortzeko, martxoaren 8an, patioa nesken gunea izatea proposatu zuten. Beraien harridurarako, martxoaren 8an neskak bai egon ziren patioan, baina futbol zelaia inguratzen, ez barruko espazioa hartzen; mutilak futbolean aritzen zirenean, okupatzen zuten espazio bera hartzen. 
Ondorioz, esku hartze horri zerbait falta zitzaiola eta, neskeei eman zitzaien aukera beraien gustuko okupazioa egiteko, eta orduan bai, erdiko espazioa ere hartu zuten.


Espazio birtualetan errealitatea gazi-gozoa izan daiteke: emakumeon presentzia ez estereotipatua gehiago ikusi ahal da, baina genero mikroindarkeria ere errez topa dezakegu.
Eta horiexek dira, internet eta telebista, gazteek gehien erabiltzen dituzten ikusentzunezkoak (ez ditugu tituluak aipatu nahi, baina  telesail penagarriak,  batez ere) eta beraien eraikuntza identitarioan eragin handiena dutenak. Beraz, genero estereotipoak barne-barneraino grabatuta gelditzen zaizkie.

Emakunderen zuzendariak dioen bezala, hezkuntza sistemak ikasleen entretenimendu bisualen eta literarioen aukeraketan eragin handiagoa izan beharko luke, eredu berdinkideagoak bistarazteko. Arazoa da, hezkuntza sistemari ahalmena eman behar zaiola hori egin ahal izateko. Adibide bat izan liteke, gaur eguneko erlijio-denbora horretarako ematea.



2. Ikerketa edo proposamen baten aipamena:

Aspaldikoa da, baina oso esanguratsua, Marta Brancasek 1998an idatzitako Bilboko emakumeen gida. 700 urteko historia liburuaren barruko ikerketaren emaitza: Bilbo hiri modernoan emakumeen erreferentzia zuten espazioen %4a bakarrik zen , eta garrantziaren araberako parametroetan, gizonezkoenaren inbertsioan, hirigunetik gero eta urrunago, emakumeen presentzia gero eta handiagoa; kale txikietan, auzoetako eremu baztertuenetan…..

 Baina, guretzat gaurkotasun osoa du Marijose Urruzolak 2001-2002an idatzitako Eskola hezkidetzailearen azterketa eta ebaluaziorako jarraibideak dokumentuak, guztiz erabilera praktikoa ekartzen digulako, ikastetxeetako errealitatea isladatzeko.


3. Jasotako datuak eta ondorioak:


Badakigu, gure inguruan bestelako egoeretan dauden ikastetxeak daudela, baina gurean, nahiko errealitate parekidea aurkitu dugula esan dezakegu.
Ez da kasualitatea, izan ere, alde batetik, eraikuntzaren kalitate espaziala nahiko handia da, eta urtez urte hezkidetzan egindako lan guztiak emakumeon presentziak berezko pisua izatea ere lortu du.

Hala ere, badago asko hobetzeko, adibidez, gorputz hezkuntza ikasgaiaren barruan, nesken ahalduntzea falta zaigu, eta ez bakarrik espazioaren erabilpenari dagokionean, jarduera fisikoak aukeratzerakoan eta aktiboki presente egoterakoan ere bai.


4. Hau guztia ikastetxean lantzeko erronkak:

  • Adibidez, oso interesgarria iruditu zaigu azken HIK HASI aldizkarian Ekarpenak 1 atalean Amalia BarquĆ­n eta Izaskun Uribesalgoren “Formazioa kirol hezitzailean” artikulua, kirola gizarte-dinamizazioarekin eta gizarte-berrikuntzarekin lotzen delako, eta gure ikasleen adinean oso presente dagoelako.  Beraz, hezkidetza ikuspegia txertatzea bideragarriagoa litzateke, eta ikasgai hau gure ustez oraindik ez dago desiratzen dugun  berdintasun mailan.
     

  • Gure ikasleen ohiturak inbertitzeko, erlijio orduan, ikusentzunezko eta literatura eredu ez estereotipatuak ikusi eta aztertzea. 
  • Beste hainbat proposamen egin daitezke, adibidez, herriko kaleen izenak aztertu eta proposamen berdinkide berriak luzatu udaletxeari, ikastetxe bertan aretoen edo espazio berezien izenak guretzat erreferente izan daitezkeen emakumeen izenak jartzea.

    • Gure ikastetxean, esaterako, liburutegiari orain gutxi hil zaigun lankidearen izena ipini diogu (Lola Goirizelaia Ruiz de Asua liburutegia).
    • Gernika-Lumoko Berdintasunerako Udal Zerbitzuko arduradunek egindako lan eta ahalegin handiei esker gaur egun herrian kale birek eta areto batek daramate emakumeen izenak (amabirjina edota santa ez direnak)

      • Eugenia Idoiaga emaginaren  kalea
        Eugenia Idoiaga (1895-1989)
        Eugenia, mende osoan zehar gernikar belaunaldi desberdinak munduratzen lagundu duen emagina dugu. Bere bizitzaren zati handi bat Gernikako umeen jaiotzetan eman du.
        Eugenia, Domingo Alegria medikuari laguntzen hasi zen emagin lanetan. “La partera” ezizenarekin ezagutua izan zen Gernika osoan.
        Omenaldi goxo bat ere  eskaini egin zitzaion, bere eskuei esker jaiotakoek antolatuta, hil baino urte batzuk lehenago. 1989an hil zen 94 urte zituela.
      • Elbira Iturri kalea
        Elbira, maila ekonomiko altuko familian jaio zen eta honek ahalbidetu zion emakume eskolatua izatea. Bere garaiko emakume gehienak ez bezala, ikaketak burutu eta kultur maila handia eskuratu ahal izan zuen.Gernikar emakume abertzaleen artean, bere izena azpimagarria da Emakume Abertzale Batza eta Eusko Ikastola Batza-ko partaidea izateaz gain, 1934,urtean Gernika-Lumoko lehenengo ikastolako zuzendaria izan zen.

EMAKUMEEN PRESENTZIAREN AREAGOTZEAREN BEHARRA



Hiriko Kolektiboaren ustez, gaur egun, gure herri eta hirietan, emakume-izena duten kaleak % 10 baino gutxiago dira, eta horietatik gehienek santa edo ama birjina baten izena hartzen dute. Emakumeek hirian duten presentzia sinbolikoa areagotu egin behar da kaleen izenak, plazenak, parkeenak eta eraikin esanguratsuenak erabiltzeaz gain, espazio publikoan ageri diren ikonoetan emakume presentzia hori ugarituz. Izan ere, Zaida FernĆ”ndez soziologoaren ustez aipatzen ez dena ez da existitzen, ez da errekonozitzen.   
Horretaz gain, emakumeek beraiek haientzako irisgarritasun eta segurtasun eskasa duten gune ilunak identifikatzea, aztertzea eta hobekuntza proposamenak martxan jartzea bultzatu behar da.

Emakumeen errepresentazioa espazio birtualari dagokionez, batetik, sistema patriarkala zalantzan jartzen duten ahots anitzetara iristeko eta norberarena hedatzeko aukerak erraztu eta zabaldu dira. Bestetik, Ianire Estebanezek dioen moduan, mundu birtualean genero kontuetan gauzak berdin errepikatzeko arriskua dago: “Sarritan gertatzen dira irainak, jazarpenak, arazoak eta interpretazio okerrak”.

Bere aldetik, ikus-entzunezko eta espazio literarioetan aniztasunaren errepresentazioak garrantzia dauka batetik, sexu-genero estereotipoek mutilengan eta neskengan eragina baitaukate eta bestetik, espazio literarioan ere estereotipoen etengabeko erreprodukzioa topa baitezakegu irudi eta eduki sexistak edota emakumeen aurkako indarkeria justifikatzen edo bultzatzen dutenak.

Denbora erabilerari dagokionez, 2013ko EUSTATen datuen arabera, oraindik erabilera desberdina dugu emakumeek eta gizonek etxeko-lanetan eta zaintza kontuetan.

Argi dago emakumeen prezentzia urria dela gure herri eta hirietan eta hori eragoetzearen beharrean gaudela; horrek emakumeoi espazio publikoan dagokigun tokia sortzen eta  geure buruak aintzat hartzeko erreferentziak topatzen lagunduko baitu. Horretaz gain, ikus-entzunezko eta espazio literarioetan aniztasunaren errepresentazioak bultzatu behar dira protagonista eredugarriak izateko.

Emakume eta gizon ez estereotipatu protagonistak filmetan

“Quiero ser como Beckhan” filmean neska eta Billy Elliot filmean mutil ez estereotipatu protagonistak topa ditzakegu. Biok beste sexuari egokitzen zaien jarduera egitea erabakitzen dute familiari eta gizarteari aurre eginez. Ondo aztertuz gero, badaudela pelikula eta telesailak eredu berriak erakusten dituztenak aurki ditzakegu, oraindik asko ez badira ere. 




Emakumeen presentzia Vitoria-Gasteizen

MarĆ­a de Maeztu Forum Feminista”ren Pilar Sanz de Pablok, “Mujeres en las calles” artikuluan dio 1005 izendatutako kaleetatik 42, %4a, baino ez daudela emakumeen omenaldian izendatuta. Zenbaki horrek historian zehar emakumeei eta beren ekarpenen ezagutzari eduki zaien diskriminazioa adierazten duela. Gainera, zenbaki horrek ez duela kulturako eta historiako emakumeen aniztasuna adierazten; aukeratutako gehienen profila, emakumeei kulturalki ezarritako genero estereotipoarekin lotuta baitago; guztietako 18 (aspaldi izendatutako kaleen izenak), santuak , komentu eta babestokiko laguntzaileak eta komentuko sortzaileak dira.
Estatuei dagokienez, Eduardo Azurmendik “Las estatuas tienen rostro de hombre” artikuluan esaten dioenez, ez dago estaturik emakumeen omenaldian santu eta ama birginenak izan ezik.

Hau guztia kontuan harturik, ikastetxean lantzeko erronkak dira:
  • Espazioaren eta denboraren banaketa eta erabilera berdina sustatzea. 
  • Emakume eta gizon ez estereotipatu protagonistak dituzten filmak edtao teleasailak ikustea eta horien inguruko lana egitea.  
  • Hiri edo herrietako emakumeen presentzia aztertzea eta horren inguruan hausnararaztea. 
  • Hedabideen esparruan irudi eta eduki sexistak edota emakumeen aurkako indarkeria justifikatzen edo bultzatzen diuztenak kentzea.