Agerian ikusi dugun
gisan, aipatzen ez dena ez da existitzen. Zentzu horretan, espazioetan
errepresentazioak berebiziko
garrantzia du. Beste behin, espazio
publikoan emakumeen lanari eta bizitzari erreferentziarik ez egiteak espazio
publiko eta pribatuaren arteko banaketan sexuak duen pisu eta indarra agerian
geratzen da. Sistema patriarkalak ongi
baino hobekiago daki sexuen arteko botere harremana manten dezan, sexu bakoitzari jendartean eremu guztietan
nolako papera eta rola egokitu. Esparru honetan ere, egoerari aurre egiteko,
emakumeon aitortza, presentzia eta protagonismoa bermatu behar ditugu, gure
ikastetxeetatik hasita.
Espazio fisikoen alderdi bat da segurtasunaren pertzepzioa.
Emakumeok hiri, herri edo auzoetako espazio askotan ez gara seguru edota eroso
sentitzen. Ez daude emakumeon begietatik eraikiak. Horren aurrean orain
bi urte ikastetxe batean ekimen bat burutu genuen. Ikasle batek sexu eraso bat
jasan ondoren hasi zen guztia. Ikasleekin bildu eta gertakarian arreta jarri
genuen. Bizipenei tartea eskaini genion. Zer gertatu zen, gertaerak zer piztu
zigun, emozioak eta beldurrak identifikatu, entzun eta aurre egiteko estrategiez
aritu ginen. Emakume gisa kalean zehar eta batez ere toki batzuetan nola
sentitzen ginen aztertu genuen. Ikasleak asko motibatu ziren, ilusioz eta
gogotsu hartu zuten erronka, beraiek aktibatzea lortu genuen, ondorioz, “Maremore” ikasle talde bat sortu zuten,
emakumeak bildu eta antolatzeko. Herriko gune ilunak identifikatu genituen eta
hauetako bat aukeratu eta bizia eman genion, pasabidea marraztuz. Bertan
besteak beste beldurra, sexismoa eta tratu onen inguruko mezuak margotu genituen.
Hemen ekimeneko bideoa eta argazkiak.
Aurten, azaroaren
25aren harira, antzeko ekimena burutu dugu. Ikasleak, gurasoak, herritarrak,
udala… deialdi zabal bat eginez denak elkarrekin bildu eta gune ilun bat zer
den hitz egin eta hausnartzeaz gain, herriko gune ilunak identifikatu ditugu.
Jarraian, gune horiek bisitatu, gertuagotik ezagutu eta beraietan erosoago senti
gaitezen hartu beharreko neurriak aztertu ditugu. Hemen ekimeneko bideoa
Gure ikastetxeetan ere,
egoera berdinak erreproduzitzen jarraitzen dugu eremu ezberdinetan: komunetako
egoera, patioaren banaketa, erabilera eta jabetza, ikasgelan neskek eta mutilek
hartzen duten espazioa, erabilera eta denbora…
Argi dago aldaketak
estrukturalak eta sakonak izan behar dutela eta horretarako baldintzak izatea
bermatu behar dugula.
Ikastetxe gisa
hartu beharreko erronkak:
-Ikastetxeetako
espazio ezberdinen okupazioa eta diseinua aztertu eta mutil eta neskeen arteko
berdintasuna lortzeko erabilera hezkidetzailea proposatu. Horretarako erabilerari
dagokionean bestelako jolasak (jolas kooperatiboak) bultzatzeaz gain,
estrukturalki ere aldaketak bermatu. Adibidez ikastetxe bakoitzeko patioen diagnosi bat eta aldaketarako
aukerak identifikatu: transformazio errealak martxan jarriz. Patioaren
berrantolaketan ikasleen parte hartzea eragin.
-
Herrian, historiaren zehar egon diren emakume ospetsuen biografia ikertu.
-
Herriko kaleen izendegiak aztertu.
- Ikus-entzunezko
eta espazio literarioetan eskaintzen diren emakumezko eta gizonezko ereduak
ikasleekin errebisatu balore sexistak identifikatu ahal izateko.
- Teknologi
berrien erabilpenaren arriskuak ere aztertu era sakonean estereotipo sexistak
ez hedatzeko ikasleen artean.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina