2015/12/20

ERREPRESENTAZIOA eta DENBORAREN ERABILERARI BURUZKO HAUSNARKETA

1. Laburpena eta balorazio pertsonala:


Emakumeon errepresentazioa bai espazio fisikoetan, bai birtualetan ez da merezi duguna, gutxienez, populazioaren erdia garela bakarrik kontuan hartzen badugu. Adibide asko daude: kaleen izenen %10 soilik dira emakumezkoenak, kirol nesken taldeen presentzia txikia komunikabideetan eta ospakizun sozialetan, ikastetxeetan, patioen eta pasabideen okupazioan…
Argi dago gurekin zer ikusirik ez duten espazioak ditugun neurrian, ez ditugula leku atsegintzat hartuko eguneroko bizitzan behar sozialak garatzeko.
  
Paco Cascónek hezkuntzan gatazken inguruko esku hartze bat kontatzen du bere hitzaldietan: bigarren hezkuntzako ikastetxe batean, patioa beti futbolean aritzen ziren mutilen gunea zela ikusita, bertako irakasleek patioaren kudeaketa hezkidetzailea lortzeko, martxoaren 8an, patioa nesken gunea izatea proposatu zuten. Beraien harridurarako, martxoaren 8an neskak bai egon ziren patioan, baina futbol zelaia inguratzen, ez barruko espazioa hartzen; mutilak futbolean aritzen zirenean, okupatzen zuten espazio bera hartzen. 
Ondorioz, esku hartze horri zerbait falta zitzaiola eta, neskeei eman zitzaien aukera beraien gustuko okupazioa egiteko, eta orduan bai, erdiko espazioa ere hartu zuten.


Espazio birtualetan errealitatea gazi-gozoa izan daiteke: emakumeon presentzia ez estereotipatua gehiago ikusi ahal da, baina genero mikroindarkeria ere errez topa dezakegu.
Eta horiexek dira, internet eta telebista, gazteek gehien erabiltzen dituzten ikusentzunezkoak (ez ditugu tituluak aipatu nahi, baina  telesail penagarriak,  batez ere) eta beraien eraikuntza identitarioan eragin handiena dutenak. Beraz, genero estereotipoak barne-barneraino grabatuta gelditzen zaizkie.

Emakunderen zuzendariak dioen bezala, hezkuntza sistemak ikasleen entretenimendu bisualen eta literarioen aukeraketan eragin handiagoa izan beharko luke, eredu berdinkideagoak bistarazteko. Arazoa da, hezkuntza sistemari ahalmena eman behar zaiola hori egin ahal izateko. Adibide bat izan liteke, gaur eguneko erlijio-denbora horretarako ematea.



2. Ikerketa edo proposamen baten aipamena:

Aspaldikoa da, baina oso esanguratsua, Marta Brancasek 1998an idatzitako Bilboko emakumeen gida. 700 urteko historia liburuaren barruko ikerketaren emaitza: Bilbo hiri modernoan emakumeen erreferentzia zuten espazioen %4a bakarrik zen , eta garrantziaren araberako parametroetan, gizonezkoenaren inbertsioan, hirigunetik gero eta urrunago, emakumeen presentzia gero eta handiagoa; kale txikietan, auzoetako eremu baztertuenetan…..

 Baina, guretzat gaurkotasun osoa du Marijose Urruzolak 2001-2002an idatzitako Eskola hezkidetzailearen azterketa eta ebaluaziorako jarraibideak dokumentuak, guztiz erabilera praktikoa ekartzen digulako, ikastetxeetako errealitatea isladatzeko.


3. Jasotako datuak eta ondorioak:


Badakigu, gure inguruan bestelako egoeretan dauden ikastetxeak daudela, baina gurean, nahiko errealitate parekidea aurkitu dugula esan dezakegu.
Ez da kasualitatea, izan ere, alde batetik, eraikuntzaren kalitate espaziala nahiko handia da, eta urtez urte hezkidetzan egindako lan guztiak emakumeon presentziak berezko pisua izatea ere lortu du.

Hala ere, badago asko hobetzeko, adibidez, gorputz hezkuntza ikasgaiaren barruan, nesken ahalduntzea falta zaigu, eta ez bakarrik espazioaren erabilpenari dagokionean, jarduera fisikoak aukeratzerakoan eta aktiboki presente egoterakoan ere bai.


4. Hau guztia ikastetxean lantzeko erronkak:

  • Adibidez, oso interesgarria iruditu zaigu azken HIK HASI aldizkarian Ekarpenak 1 atalean Amalia Barquín eta Izaskun Uribesalgoren “Formazioa kirol hezitzailean” artikulua, kirola gizarte-dinamizazioarekin eta gizarte-berrikuntzarekin lotzen delako, eta gure ikasleen adinean oso presente dagoelako.  Beraz, hezkidetza ikuspegia txertatzea bideragarriagoa litzateke, eta ikasgai hau gure ustez oraindik ez dago desiratzen dugun  berdintasun mailan.
     

  • Gure ikasleen ohiturak inbertitzeko, erlijio orduan, ikusentzunezko eta literatura eredu ez estereotipatuak ikusi eta aztertzea. 
  • Beste hainbat proposamen egin daitezke, adibidez, herriko kaleen izenak aztertu eta proposamen berdinkide berriak luzatu udaletxeari, ikastetxe bertan aretoen edo espazio berezien izenak guretzat erreferente izan daitezkeen emakumeen izenak jartzea.

    • Gure ikastetxean, esaterako, liburutegiari orain gutxi hil zaigun lankidearen izena ipini diogu (Lola Goirizelaia Ruiz de Asua liburutegia).
    • Gernika-Lumoko Berdintasunerako Udal Zerbitzuko arduradunek egindako lan eta ahalegin handiei esker gaur egun herrian kale birek eta areto batek daramate emakumeen izenak (amabirjina edota santa ez direnak)

      • Eugenia Idoiaga emaginaren  kalea
        Eugenia Idoiaga (1895-1989)
        Eugenia, mende osoan zehar gernikar belaunaldi desberdinak munduratzen lagundu duen emagina dugu. Bere bizitzaren zati handi bat Gernikako umeen jaiotzetan eman du.
        Eugenia, Domingo Alegria medikuari laguntzen hasi zen emagin lanetan. “La partera” ezizenarekin ezagutua izan zen Gernika osoan.
        Omenaldi goxo bat ere  eskaini egin zitzaion, bere eskuei esker jaiotakoek antolatuta, hil baino urte batzuk lehenago. 1989an hil zen 94 urte zituela.
      • Elbira Iturri kalea
        Elbira, maila ekonomiko altuko familian jaio zen eta honek ahalbidetu zion emakume eskolatua izatea. Bere garaiko emakume gehienak ez bezala, ikaketak burutu eta kultur maila handia eskuratu ahal izan zuen.Gernikar emakume abertzaleen artean, bere izena azpimagarria da Emakume Abertzale Batza eta Eusko Ikastola Batza-ko partaidea izateaz gain, 1934,urtean Gernika-Lumoko lehenengo ikastolako zuzendaria izan zen.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina