2022/10/05

AURKEZPENA


Kaixo, kaixoooo, denoi! Teresa naiz.

Hauxe da emozioa!!! Azkenean be lortu dut  blog honetan muzturtxoa sartzea!!!

Hemen nagooo....da postutzeeen naiz…

Bizkaiko kostako herritxo batean bizi naiz. Ibilbide profesionalari dagokionez 1995an hasi nintzen eta gaur egun arte, beti Hezkuntza Sisteman murgildu izan naiz era desberdinetako lanpostuetan: Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasle bezala, Pedagogia Terapeutiko irakasle, aholkulari psikopedagogikoa eta gaur egun, Hezkuntza Premia Bereziko aholkulariaren lanpostuan jarduten dut Hezkuntza Laguntza Zerbitzu batean

Betidanik, zailtasunak erakarri izan naute “pertsona desberdinak”, “ikasle desberdinak”. Hau da, “normalitatetik” at dauden pertsonak, halakoek irakatsi bai didate  “ikasle desberdinak” baino, ikasleak anitzak direla pertsonak eta errealitate bera  den bezalaxe: anitza.

Nire lana  pertsonekin garatzen den profesioa da era desberdinetako harremanak gertatzen direlarik: zuzenak, zeharkakoak baita era burokratikoagoak ere.

Emakume naizen kasuan eta hezkuntza sistema honetako partaidea naizen heinean, ukaezinezko konpromisoa dudala sentitzen dut nire eguneroko errealitatean gizonezko eta emakumeak, pertsona bezala eskubide eta aukera berdinak garatzeko defendatzea eta bide honetan beste ur tanta bat izatea itsaso zabal honetan nahi dut. Hezkidetzak,  azken urteetan erakarri nauen kontzeptua izan da  gizarte justuagoaren alde bidea ikusten dudalako.

Baina ez dut nahi filosofia gaietan gehiegi sakondu nahi aurkezpen honetan.

Ikastaroarekiko ditudan expektatibak,  batez ere, lan taldeko kideen bizipenekin eta formazio jarduerekin, hausnartzeko, elkar deskubritzeko eta aberasteko bidea izatea da.

Kolore bat aukeratu beharko banuke? Gerezi edo ginda kolorea esango nuke, kolore bizia eta beroak gustokoak ditudalako baina benetan kolore desberdinen arteko kontrasteak gustatzen zaizkit kolore solteak baino gehiago: marroia eta turkesa // marroia- arrosa argia //laranja eta horia…. Koloreek solte daudenean beste  kolore bat edo gehiagorekin, adierazgarriagoak ikusten ditut. Mezu sensitibo bat izango balukete bezala. 

Animali eta landare zalea naiz eta  Naturatik gertu egotea gero eta beharrezkoagoa dudala konturatuta nago: haize garbia arnastu, ur garbia edan, zeru zabalera begiratu eta haizea entzutean begiak itxi eta egonean egonnn. Ni neu, neure buruarekin egoteko beste ezer gehiagorik egin gabe. Horrek ematen didan bakea, paregabea da eta halakoetan Naturarekin bat natorrela sentitzen dut. 

Bereziki, animaliengandik gero eta hurbilago sentitzen naiz  poztasuna sentiarazten didatelako: txakurrak, txoriak, behiak, ardiak, astoak, zaldiak…


Animali batekin identifikatu beharko banintzake otsoa izango litzateke aukeratuko nukeen animalia arrazoi askorengatik. Nabarmenenak: bakarrik dagoenean bizitzari aurre  egiteko duen amorruagatik eta taldean dagoenean haren alde egiteko duen borondateagatik.






AUUUUUUUUU!






















2022/10/04

Aurkezpena

Garazi Jimenez naiz, Gaztelania eta literaturako irakaslea zentru txiki batean, baina handia historioetan. 

Hemen egotearen arrazoia alde batetik gaiarekiko interesa da, ikastaro honetan bere burua jada aurkeztu duen esperientziaz beteriko partaideak hezkidetzaren bidez ikasleengana heltzeko bidea erakutsi eta gero. Bestalde, gure zentruak dituen historio eta behar guztiei erantzuna eman ahal izateko beharrezkoa dugu hezkidetzan eskarmentua.


Hezkidetzarekin izan dudan harremana, esan bezala, Amaiari esker hasi zen, berak bakarrik egindako bide hori belaunaldi berriei erakutsi izan zigulako eta kurrikulumeko materia baino lehenago ikas-komunitate guztiaren arteko errespetua dagoela erakutsi ere. Ikasle bakoitzak zentrura heltzean dakarren motxilan ez daude liburuak soilik, mila bizipen daude, eta horiekin lan egiten hasten garenean haiek euren mundua zabaldu egiten digutela erakutsi zidan Amaiak. 


Ez dut gezurrik esango, ikastaro birtualak baino presentzialak nahiago, baina egun dugun lan kargarekin ikastaroak modu telematikoan egiteak lana arintzen duela onartu beharra daukat, nahiz eta sakontasun maila guztiz ezberdina izan azkenean. 


Kolore bat aukeratzea oso zaila egiten zait, kolore guztiak dira baliogarriak egoera baterako edo besterako guztiek sensazio ezberdinak ekartzen dituztelako haiekin: berdearen lasaitasuna, arroxaren bizia, horiaren beroa, beltzaren hausnarketa... Animaliaren kasuan ordea, familia guztiarekin migrazioak egiten dituen bat, leku berriak ezagutzeko baina maitatzen ditugunak atzean utzi gabe. 


Musikaren kasuan, belaunaldi berriekin dugun distantzia punturik handienetarikoa dela uste dut. Lehen komunikazio bide artistikoa bazen, gaur egun erritmo eta letra hutsalez betetzen diren eta TikToken agertzen diren 10 segunduko melodiak dira gehienak, beraz bide honetatik ikaslegoarengana heltzea geroz eta zailagoa iruditzen zait. Zorionez, betirako geldituko zaizkigu Creedence Clearwater Revival bezalako taldeek egindako kanta inmortalak adibidez.


Azkenik, ikastaroarekiko dudan itxaropena besteengandik ikastea dela esango nuke, nire motxilan bizipen berriak eramateko. 


Nire aurkezpena

 Kaixo guztioi. Nire izena Manuele da eta Bigarren hezkuntzako irakaslea naiz. Filosofia ikasi nuen eta orain irakasle bezala lan egiten dut Astrabuduako Institutoan. Bertan Balio Etikoetako irakasgaia irakasten dut eta aurten Hezkidetza proiektuan murgildu gara ni horren partaide izanik. Hori dela eta institutotik ikastaro hau egitera gonbidatu ninduten. Uste dut bai niretzako eta baita gure institutoarentzako aberasgarria izango dela ikastaro hau burutzea: Beti sentitu dut nire burua trasmisore moduan. Gauzak ikastea eta gero horiek irakastea. Hausnarketa kolektiboen alde nago.

Hezkidetzarekin daukadan harremana egia esan ez dakit nola definituko nukeen. Uste dut gaztetatik izan dudala feminismoarekin eta parekidetasunarekin harremana. Umetan eta gaztetan aisialdi talde bateko partaide izan nintzen eta bertan izan dudan hezkuntza oso konprometitua izan da gai hauekin. Izan ditudan monitoreak (emakumeak) erreferente modura izan ditut, ez bakarrik niri erakutsi didatenagatik baizik eta nire azuoan eta inguruan modu aktiboan militatu izan dutelako. Genero ikuspegia eta feminismoa oso presente izan ditut beti eta honetan ikasteko prestutasuna daukat. 

Kolore ilunak ditut gustoko eta animalia lasaiak. Abestiak berriz, denetarik entzuten dut; azken boladan Hertzainak ari naiz asko entzuten berriro ere. 

Ikastaroari dagokionez online izateak alde onak zein txarrak izan ditzake. Nahiko desastrea naiz epeekin eta horrek batzuetan larritu egiten nau zeren eta presentzialtasun faltak hori gauzak deskuidatzera eramaten nau. Aurrez aurreko harremanak nahiago ditut. Baina uste dut aukera paregabea dela bai niretzako eta bai intsitutoarentzako nik ikastaro hau egitea, aurkezten dizkigun baliabideengatik. Uste dut etengabeko prosezua eta borroka dela hezkidetza eta horretan berrikastea, baliabideak eskuratzea, ikuspuntu eta esperientzia desberdinak entzutea eta horietatik ikastean datza guzti honek duen zentzua nire ustez. 

Besterik gabe, animo guztioi!


Manuele

2022/10/03

Kaixo!

 Kaixo guztiei, Ana dut izena, biologiako ikasketak egin nituen eta beste lan batzuetan ibili ondoren, Bigarren Hezkuntzako irakasle lanetan aritu naiz.

Azken urtetan berriz, berritzegune batean ari naiz lanean eta ikastaro honen berri bertan izan nuen. "Berdintasuna amets" konstante bat  izan dela  nire bizitzan esango nuke; txikitan famili inguruan amona "potenteak" izan nituen inguruan, neba-lehengusu artean neska bakarra nintzen eta aurrera egin behar zen , baina baita ere ikastolan patioa ez zedin soilik mutilentzat izan adibidez, gaztetan kirolean jarduteko aukera berdintasuna lortzeko burruketan, aisialdi zein festa  kontutan, irakasle moduan, bikote nahiz koadrila harremanetan,alaben ama moduan,... Beraz, ikastaro hau primerako aukera iruditu zitzaidan!

Gogotsu sentitzen naiz, saio presentzialean bibrazio onak izan nituen eta talde polita osatuko dugulakoan nago.

Ezagutzen nautenak  besteei laguntzeko beti prest nagoela diote, auzo-herriko kontuetan nire denbora eskaintzeko prest eta humoretsua-positiba  naizela.

Ongi ezagutzen nautenak kontu pare batean hobetu behar dudala diote, ezezkoak esaten ikasi behar dudala eta nire buruarengan gehixeago pentsatzen.

Jendearekin gustora sentitzen naiz eta gauza berriak entzun/ ikastea oso gustoko dut. Ea nolako proposamenak bururatzen zaizkigun!

Naturazalea eta kirolzalea naiz, musika, zinema, antzerkia ere gustoko ditut. Lurra planetak askotxo kezkatzen nau eta pertsonok bertan dugun eragin kaltegarria gutxitzea premiazkoa iruditzen zait. Gai honekin estuki lotuta dago ere mundu mailan batik bat emakumeek pairatzen duten egoera kaxkarra.

Nire kezka nagusietako bat da ikastaroari ez garaiz erantzutea eta foroen talde-indarra galtzea. Egunerokotasunean urgentziei heltzen diet eta ez dut denbora ondoegi kudeatzen eta.

Beste aurkezpen batzuetan gustuko KOLORE, animalia eta abestiak irakurri ditut.

Besteak beste txantxangorria dut maite!

Horra abestia: TXANTXANGORRIA TXANTXANTE!

                        BIRRIGARROA ALKATE,

                        ZOZUA DELA MEDIANTE,

                         TXEPETXA KARTZELAN SARTU DUTE!

Lau urtaroei buruzko herri abesti antzinakoa da.Ahoz-aho zabaldu dena. Uste dut Josean Ormazabal idazleak haur ipunen batean idatzi zuela ere.

Hurrengo arte!

 





2022/10/02

AURKEZPENA

Egun on guztioi! 

Elia Revuelta naiz, biologia-geologia irakaslea. B06-berritzegunean egiten dut lan zientzia-teknologia aholkulari gisa. Zientziazale amorrua eta betiko ikaslea.

Ikastaro honen zergatiak hainbat dira, alde batetik nire egunerokoan zientziaren eta generoaren arteko ekitatea sustatzeko, zenbait alderditan zienzia eta generoren harremana badirudi ez dator bat eta, bestetik, nire burua ere kokatu behar dudalako eta gai honen sakontzea ezinbestekoa da ikasleei adierazteko zer dagoen hezkidetza hitzaren atzean, zergatia eta zer inplikatzen duen.

Azken urteotan ikastaro ugari egin ditut modu birtualean, hala ere, atzean pertsonak daudela nabaritzea gustatzen zait; jakin badakigu on line ikastaroak ez dira inola ere modu presentzialeko ikastaroen moduan, hala ere, beste pertsona batzuen arteko elkarrekintzak ezinbestekoak dira, horregatik tutorizatuak lehenesten ditut. 

Nahiko zorrotza naiz neure buruarekin eta besteekin, baina ez dakit ezaugarri ona den, eta, bestalde, ez dakit nola gertatuko den ikasturtea,lana eta ikastaroa.

Kolore izango banintz duda barik gorria izango nintzateke, betidanik izan da nire kolorerik gustokoena: indartsua, karaktereduna, izaeraduna…baina egia esan, ni ez naiz horrelakoa.

Animaliekin, zailagoa da, animaliak garelako eta batzuetan hitzaren zentzu hertsian, planetaren izurriterik haundiena.

Musikarekiko harremana oso estua izan dut, eta estilo desberdinetakoak entzuten dut nire egoera fisikoaren eta mentalaren arabera, abestea ere gustatzen zait.


2022/10/01

AURKEZPENA

 Kaixo!

Yeni naiz.
Hasteko, esango dut foro birtual hauek oso zailak egiten zaizkidala. Informazio askorekin irakurtzeko sarrera asko dira; beraz, gaizki ez baderitzozue, galderetan zentratuko naiz eta laburra izaten saiatuko naiz.
- Feminista naiz.
- Hemen nago gaur egun Bizkaiko udalerri batean berdintasun-teknikari gisa lan egiten dudalako, eta Berdintasun Arloak udalerrian hezkidetza sustatzeko gakoak aurkitu nahiko nituzke (bai ikastetxeetan, bai hezkuntza ez-formaleko guneetan).
- Urte askotan gizarte-eraldaketarako hezkuntzan aritu naiz garapenerako lankidetzaren esparruan. Ezin dut hezkuntza ulertu hezkidetza ez bada.
- Bi ezaugarri on: ibilbide feminista eta esperientzia hezkuntza ez-formalaren esparruan
- Ikastaro birtualak ez zaizkit gehiegi gustatzen, baina zoragarria iruditzen zait pasioz bizi dituen jendea, niri gehiago ematen laguntzen didatelako.
- Kolore bat: batzuetan gardena izan nahiko nuke, beste batzuetan kolore guztietakoak sentitzen naiz
- Animalia bat: tximeleta
- Abesti bat: ZAS ¿QuĆ© vendrĆ”? https://www.youtube.com/watch?v=6THHrPyZQuQ 


- Zer espero dut? Ikastaro hau euskaraz egiteko erronkari aurre egiteko gai izatea espero dut. Granadakoa naiz, duela gutxi euskadundu nintzen, eta niretzat benetako erronka izango da prestakuntza hori lortzea. Ebaluazioaren errubriketan irakurri dut gramatika-erroreek garrantzi handia dutela. Uste dut nirekin pazientzia izan beharko duzuela! šŸ˜…

AURKEZPENA

 HASTERA GOAZ…

Txikitatik nire burua definitzea ez zait batere gustatu inoiz ez dakidalako zer esan ohiko galderak (kolore, musika, animali..) egiten dizkidatenean, baina tira, nire burua aurkezteko saiakera egingo dut.

Ainhoa dut izena eta nahiz eta hezkidetza ez zaidan arrotza egiten, hau definitzea eskatuko bazenidate ez dakit kapaza izango nintzen. Hau da hain zuzen ere ikastaro hau egitearen arrazoia, gaian sakondu eta praktikan jartzeko tresna baliagarriak eskuratzea.

Nire burua gaztetzat daukat (35 urte ditut ) eta teknologia eta aplikazio berri batzuk maneiatzen esperientzia apur bat badut, baina egia da batzuetan informatikak nire aurkako matxinada prestatzen dabilela uste dudala!  Sare sozialak ez ditut oso gustoko, ahala ere saiatuko naiz txio bat edo beste botatzen.

Kolore batekin identifikatzea arrotz egiten zait, baina kolore gustukoenak galdetuta, hauek gorria eta beltza dira. Kresala usainak etxean nagoela sentiarazten nau, beharbada kostaldean jaioa eta hazia naizelako. Animaliak gustuko ditut baina etxean baino aske nahiago ditut  mendian eta txangoak egitera joatean gertu sentitu.

Taldean lan egitea gustatzen zait eta laguntzeko prest nago ahal dudan guztietan. Maialenek aipatu duen "belaunaldiarteko ikaskuntza" oso interesgarria iruditzen zait eta talde honetan aplikatu dezakeguna. Guztion daukagu zer irakatsi eta ikasi besteengandik. Ados zaudete?



Nongotarra naizen jakin nahi baduzue...pista moduan nire herriko txoko polit baten irudia:





Animo guztiei hastera goazen bidaian!!!