2023/02/20

Anitz maite zaitut

Landutako kontzeptuen artean, nire ustez, asko dira hezkuntzarako aproposak. Izan ere, gai asko barne biltzen ditu aste honetako jardunak. Hori dela eta, lelo ahalik eta zabalena sortzen saiatu naiz. Gainera, maitasunetik (ez maitasun erromantikotik, baizik eta maitasun osasuntsutik) sortutako harremanak behar ditugu gizarte gisa eraldatu nahi badugu. Hortaz, "anitz maite zaitut" hitz jokoa da nire proposamena. 

Aurreko edizioetako ikastarokideek egindako post baten artean "Ez dut etiketarik nahi!" aukeratu dut. Izan ere, aspaldian ahotan darabilgun gaia da etiketena. Batetik, zapaldutako edo gutxietsitako kolektiboek etiketak behar ditugu gure burua definitzeko, hegemonikoa denetik ezberdintzeko eta sarea osatzeko. Bestetik, etiketa horiek momentu batean kartzela izan daitezke, definizioak beti egiten duelako orokortzearen alde eta gure kolektiboetan ere badaudelako mikro-hegemoniak eta definiziotik kanpo gelditzen diren ezaugarriak. Hortaz, uste dut nolabait beti mantendu behar dela "tentsio" sano bat etiketak sortu/berdefinitu eta etiketa horiek gainditu nahi izatearen artean, bai "emakume" edo "bollera" etiketarekin, baita "euskaldun" edo "beltz" etiketekin ere. 

Sentsibilizaziorako baliagarria izan daitezkeen baliabideen artean hiru aipatu nahiko nituzke. Batetik, Helena Sotoca arte dibulgatzaile feministak eskaintzen dizkigunak. “Ni musas ni sumisas” liburua idazteaz gain sare sozialetan egiten du lan artea ikuspegi feministatik zabaltzeko eta, hain zuzen ere, “La maja sesuda” podcastean feminitatearen inguruko hausnarketa egin zuen. Azaldu zuen nola artearen historian asko aldatu den, garaiaren arabera, femeninotzat hartzen zena. Dena den, beti gizonezkoen begiradak definitu du feminitatea, botere harremanetan begirada hori gailendu baita eta gizonek izan baitituzte artea egiteko baliabideak (denbora, dirua, formazioa...), artea erakusteko espazioak eta artea interpretatzeko zein zabaltzeko zirkuito ia guztiak duela gutxi arte (eta munduko zenbait tokitan oraindik ere hala da, tamalez). 

Sentsibilizaziorako baliagarria izan daitekeen bigarren baliabidea Miquel Missé-ren “A la conquista del cuerpo equivocado” liburua da, edo irakurri ordez ikus-entzunezkoak nahiago badituzu oso gomendagarria da eta Gasteizen eman zuen hitzaldi bat laburbiltzen duen 6 minutuko bideo hau edo 2021 urtean Alternatibak antolatutako solasaldi hau:


Hirugarrena baliabidea elkarrizketa bera da. Badakit ez dela originala, baina sexu-orientazioaren gaia lantzeko aukera izan dut munduko hainbat txokotako emakumeekin eta ez da harritzekoa (baina bai tristea) nola askotan ez dugun pentsatu ere egiten heterosexualitatetik harago. Gurean ere heteroaraua oso errotuta dago, nahiz eta azken urteotan sekulako lorpenak egin. Elkarrizketa horietan, nire ustez muturrekoak izan ziren adierazpenak ere entzun nituen, gerora zer hausnartua eman didatenak. Buruan iltzatuta dut nola esan zidan behin zazpi seme-alaba zituen emakume batek, normaltasun osoz, ez zuela inoiz plazerik sentitu sexuaren bidez, berak ez zituela inondik inora lotzen sexua eta plazera. Sexua seme-alabak ekartzeko zen, senarrak nahi zuenean egiten zena, gainera. Zur eta lur utzi ninduen eta mataza honetan nondik abiatzen garen berplanteatzeko aukera ematen du. Hori dela eta, oso garrantzitsua iruditzen zait gaia lantzerakoan, lehendabizi, maitasun eta konfiantzatik hastea elkarrizketa eta, gero, argitzen saiatzea nondik abiatzen den bakoitza. Gure aurreiritzi eta usteen erdiak, akaso, ustelak izango direlako.

Bukatzeko, hau guztia eremu hezitzaileetan lantzeko erronkak aipatu nahiko nituzte. Asko dira eta testuinguruak erabat baldintzatuta daude: ikasleen adina eta egoera, taldea, irakasleen formazioa eta sentsibilidadea... Dena den, aste honetako irakurgaian landutako Raquel Lucas Plateroren aipua nabarmendu nahiko nuke: “(Eskolan) ikasten duzu mundua bitarra dela, bi rol posible daudela, eta bien tarteko gunea, berriz, estua dela. Hezitzaile gisa, tarteko gune horiek zabaltzeko erronka dugu". Oso iradokitzailea iruditu zait "tarteko gune horiek zabaltzeko" proposamena eta gako handia da gure egunerokoari erreparatzeko.

BEGIRADA KONTUA

Estatuan trans legea aprobatu berritan zer pentsatua eman dit Miquel Missé soziologo trans-ak esandakoak:

“ Nire utopian, jendeak ez du generoz aldatu behar zoriontsu izateko. Transexualitatea albiste txar bat da, genero arauen zurruntasuna adierazten duelako”

Ildo beretik doa Josebe Iturriozen esana: “ mingarria da sexua eta generoa bortizki gorputzen gainean idazten diren gizarte batean jaiotzea”

Mingarriagoa badakigulako, Tomas Laquerrek egindako azterketa historikoari esker, sexu kategoria soziologikoa zela eta ez ontologikoa XVIII. mendera arte. Mende horren bukaeran, arrazoi politikoak bultzatuta, ordura arteko sexu bakarreko eredutik gaur egungo eredu bitarrera igaro zen. Sexu kategoria “naturalizatu”  egin zen orduan, sexua emakume eta gizonen gorputz normatiboek erabakitzen hasi ziren.

Ordutik zorrotz aztertu dira eredu dikotomikotik aldentzen direnak, gutxietsiak izan dira estandarretik aparteko gorputzak eta heteroarautik aparteko sexu-orientazioak. 


Nerabeekin lan egiten dut eta tolerantzia eta eskuzabaltasuna azpimarratu nahi izan ditut. leloarekin.


Markatutako xendratik ateratzen direnen ibilbidean lagungarri dira han eta hemen sortutako taldeak; esaterako Gasteizko Udalak Berdintasunaren alde baliabideen gidan argitara emanak.


Txalogarria horietako batzuk dibulgaziorako prestatu dituzten materialak. NAIZEN taldeak oraintsu sortutako 5 minutuko bost bideoetatik lehena da hau, umoretik egina.


Eremu hezitzailean ditugun erronkak finkatu eta Mailaenek bezala neuk ere beharrezko ikusten dudan sistematizaziorako gida izan daiteke Somos diversidad


Bitartean ahalegindu gaitezen eskola leku segurua bihurtzen, hori guztion ardura dela barneratzen eta horren alde lan egiten.  Nola?


  • BAT taldearen eta Ikasleen Batzordearen elkarlana indartuz.

  • Bakoitza eskolan nor den sentitu dezan arreta berezia eskainiz ustez zaurgarriago izan daitezkeen ikasleei, hitza eman eta balioan jarrita haien ekarpenak. Tratu onen bidean ukaezina baita norberaren eta bestearen begiradaren garrantzia.

  • Inon intimitatea urratu gabe, guztiok momenturen batean zaurgarri garela erakutsiz. 

  • Egun batzuk ospatzeko, Azaroaren 24, martxoaren 8, maiatzaren 17, egiten ditugun ekintza kolektiboetan arrakasta handia duten herriko nahiz kanpoko pertsonen testigantzak eskainiz.  

  • Familien inplikazioa bilatuz, ikasturte hasierako bileretan bizikidetzaren alde egingo direnak jakinaraziz, protokoloak ezagutzera emanez, ospakizun egunetara gonbidatuz eta, aldian-aldian, interesgarriak aurkitzen ditugun baliabideak partekatuz.


Aurreko urteetako post-en artean desberdina eta erakargarria egin zait Emakume bizardunon iraultza . Testigantza pertsonala izateaz gain gorputz anitzen gaia du mami eta ondo baliatzen du ikasleekin hainbat aurreiritzi eta esterotipo zalantzan jartzeko.

Bukatzeko, Yogurina Borobaren kanta bat uzten dut gorputzak eta arimak astintzeko indarra duena.


2023/02/19

DENOK DESBERDINAK, BAINA DENOK INPORTANTEAK

 


Hezitzaile gisa dudan oinarri guztia hezkuntza berezitik dator, eta hezkuntza berezian urte asko egon naiz lan egiten. Han gauza asko eta asko ikasi nituen: pertsona bakoitzaren indibidualtasuna, pertsona bakoitzaren balioa, pertsona bakoitza desberdina dela, pertsona bakoitzak gure errespetu osoa merezi duela, pertsona bakoitza ulertu behar nuela, pertsona guztien artean osotasun bat egiten genuela, pertsona bakoitza inportantea dela... eta beste hainbat gauza.

Gero, haur hezkuntzan lan egiten hasi nintzenean andereño eta maisu askori entzuten nien haurrei esaten: "denok berdinak zarete". Eta horri buruz pentsatzen eta hausnartzen, eta hezkuntza berezian ikasitako guztia kontuan hartzen,  ondorio bat atera nuen: Hori, gezurra da: ume guztiek aukera eta eskubide berdinak eduki behar dituzte, baina denak ez dira berdinak. Eta horrela goian agertzen den esaldia asmatu nuen eta oinarri horretan hezten ditut nire ikasleak: 

"DENOK DESBERDINAK, BAINA DENOK INPORTANTEAK"

Une honetan, eta hausnartzen ari garen gaiarekin lotuta (aniztasun sexuala) lelo hori oso aproposa dela uzte dut, eta zuekin konpartitu nahi nuen: inportanteena pertsonak dira, eta mundu honetan denok gara inportanteak eta beharrezkoak, bakoitza bere ezaugarri propioarekin, bere genero identitatearekin, bere sexu orientazioarekin. Pertsona guztiak errespetatu behar ditugu eta ez digu axola behar nolakoa den edo zer sentitzen duen, zeren aniztasunean datzan gizakiaren handitasuna eta aberastasuna. 

Ideia horiek guztiak barneratzeko prosezuan bi agente, bereziki, inplikatuak daude: familia eta eskola. Biak eskutik joan behar gara eta umeak, txikitatik, balio horietan hezi behar ditugu.

Baina horretarako, helduok gauza batzuk argi izan behar ditugu:

  • Patriarkatuak sustatzen dituen bizi-programa ezberdinduen oinarria ez da inondik inora ere genetikoa, kulturalki ikasitakoa baizik.
  • Heteronormatibotik alde egin behar dugu. 
  • Ikasitako gauza asko desikasi behar ditugu: zer da gizona/ emakumea izan; zer da maskulino edo femeninoa...
  • Garrantzitsuena ez da nolakoak garen, zer sentitzen garen baizik. 
  • Aniztasun sexual aberatsa dago: homosexuala, heterosexuala, bisexuala, asexuala, heteromalgua, homomalgua, pansexuala, demisexuala...
  • (...)
Zentzu horretan, hezitzaileentzat (familia eta irakasleentzat) hurrengo artikulu eta bideoak lagungarriak izan daitezke:

Azalpen erraza. 



  • NAIZEN: adingabe transexualen familien elkartea. Horrekin lotuta oso interesgarria iruditzen zait 2019an Aingeru Mayor-ek (aitak, sexologoak eta Naizen elkarteko kideak) emandako hitzaldia: Aingeru Mayor-ek bere alabarekin bizi izan duen prozesua azaltzen du, eta alabaren larruan jartzeko gai izan behar dugu ze txarto pasatzen duten hobeto ulertzeko. Eskerrak gurasoek ulertu eta errespetatu zutela. 
  • Diversidiferencias: 2012an sortu zuten, eta oraindik balio digu. Horrek esan nahi du gauzak ez direla asko aldatu eta bidea daukagula aurretik. 
  • Discriminación, de Amnistia Internacional. 

  • Todos discriminamos/todos discriminados. Bideo horrek ez du bakarrik sexuaren araberako diskriminazioa tratatzen, baina interesgarria iruditu zait zeren, batzuetan, eskubideak eskatzen ditugun eta ez garen jabetzen guk geuk zer egiten dugun. 

Orain arte komentatutako aspektu guztiak kontuan hartuta, erronka asko ditugu. Horien artean...hauexek: 

  • Familia eta irakasleentzat formakuntza.
  • Ikasleei eredu desbedinak erakustea eta denak errespetua merezi duten balioa transmititzea.
  • Gure egunerokotasunean transmititzen ditugun mezuak aztertzea: testuetan, ipuinetan, bideoetan, liburuetan,  irudietan...
  • Hizkuntza ez baztertzailea erabiltzea. 
  • Benetako hezkidetza plana egitea eta betetzea.
  • (...)
Aurreko edizioetako ikastarokideek egindako post-a Goretti Eskalzarena aukeratu dut, kaleidoskopiarekin egindako paralelismoa gustatu zaidalako eta baliabide asko jarri dituelako. 


2023/02/17

MAITATU BELDUR BARIK

 


Aste honetan jorratutako gaia Aniztasun sexualak izan da. Azken hamarkadan izugarri aurreratu dugun harren gizarte moduan, oraindik ere eraso homofobo/transfoboak egunero gertatzen dira gurean. Ez dira kasu puntualak. Horregatik ezinbestekoa da aniztasun sexuala gaia ikastetxean lantzea, eraso hauek etorkizunean gerta ez daitezen. Nor gara gu erabakitzeko bakoitzak zein maitatu behar duen?

Aurreko edizioetako ikaskidearen ASKATU KORAPILOA ETA IZAN ZAITEZ ZU! posta aukeratu dut berak dioen esaldiarekin ados nagoelako erabat “Erraza den  gauza bat , besteak onartu eta errespetatu, trabak baino ez digu jartzen jendarte honek arauen barruan mantentzeko, sistema heteropatriarkala bizi irauteko.” Gainera baliabide interesgarriak partekatu ditu lagungarriak izan daitezkeenak gure egunerokotasunean.

Interneten murgildu ondoren, interesgarriak izan daitezkeen honako baliabideak topatu ditut:

1) Espainiako Gobernuak prestatutakoa 






3) ZINEA ETA ANIZTASUN SEXUALA: LGTBIQ+ protagonistak Pinteresteko atala  LGTBIQ+ protagonistak dituzten filmen bilduma aparta, ikasgela erreferente moduan erabilgarriak direnak.

    Bestetik Amnistía Internacionalen webgunea gomendatuko nuke gaur egun LGTBIQ+ pertsonez pairatzen duten errealitatearen berri ematen duelako. 

    Azkenik, ikastetxean edota jendartean lantzeko erronketako batzuk honakoak dira nire aburuz:

-  Homofobia lantzea. Horretarako ikastetxea leku segurua izatea   ezinbestekoa da, norberak bere identitatea askatasunez bizi dezan.

-   Bisibilitatea eman aniztasun-sexualei estereotipoak hautsiz.

-  Formazioa eman hezkuntza komunitateko partaide guztiei, batez ere familiei.

 Gogoeta egiteko bideo bi partekatu nahiko nituzke:








2023/02/13

MUNDUAN ZEHAR LIBRE IZAN

 

    Izenburua eta kontzeptu nagusia aukeratzerakoan, Goazeneko “Denok zu” kanta etorri zait burura eta hortik hartu dut ideia, trasmititu nahi dudana oso ondo plasmatzen duelako bi esaldi hoietan: Libre izan, zarena izanez.

Zelako erreza ematen duen, baina zelako zaila egiten dugun!

    Aurreko ikasturteetako post hau aukeratu dut, hiru arrazoiengaitik, nirea bezala kanta batekin hasten dela ikusi dudalako, partekatu duen psikowoman-en bideoa asko gustatu zaidalako eta identitatea definitzen duenean, norbera dena eta sentitzen denaz gain, gizartearen onarpenaz hitzegiten duelako; eta hori da hain zuzen ere nik zailena ikusten dudana. Askotan galdetzen digutenean, politikamente korrektuak gara eta teoria oso ondo dakigu; baina denok norbanako bakoitzaren ezaugarri eta identitateak benetan onartu eta errespetatuko bagenitu, orain ez giñateke honetaz hitz egiten arituko. Horregaitik hasierako esaldia: zelako erreza baina zelako zaila egiten dugun!! Denok.

    Eta eskoletan, edo hezkuntza munduan, curriculuim eskutuak itzelezko eragina du identitateen garapenean, gure eguneroko jarrerak, begiradak,…trasmititzen diegulako gure ikaskleeei eta nahiz eta askotan identitateak aniztasunetik eta konkretuki eta era kontzientean landu, gure egunerokotasunean trasmititzen duguna askotan,kontrakoa dela uste dut.

    Nire inguru hurbilean, gehiengoak heteroarauen barruan gaude eta ez daudenek momenturen batean ezkutuan ibili dira edo sekretu moduan tratatuak izan dira, ez naturaltasunez edota justifikatzen ibili behar izaten dira, beti azalpenak ematen ( heteronormatiboask ez bezala) artukulo honetako bideoan ikusi daitekeen moduan:

https://www.naiz.eus/eu/info/noticia/20210411/transexualitatea-gorputzen-gaindiko-identitateak

Beraz, erronkak badaude. Eta hoietariko batzuk hauek izan daitezke:

-          Hizkuntza ez sexista eta denok barne hartzen dituena erabiltzea.

-          Haurra den bezalakoa onartzea: besdin da mugitua, maitekorra, lasaia, …izatea; Sexuaren araberako desberdintasunik egin gabe.

-          Beraien arteko liskarrak sortzen direnean, denei entzuteko eta hitz egiteko aukerak eman eta irain sexistei lekurik ez eman.

-          Askotariko ereduak eskeintzea.

-          Norbanako ezaugarrien inguruko lanketa sakonak egitea.

-          Ipuin, abesti,…kritikotasunez erabili eta moldatzea.

-          Sentimendu eta emozioetaz asko hitzegitea.

-          Enpatia lantzea.

-          Familen inplikazioa lortzea.

Azken hau erronkarik garrantzitsuena da niretzat. Askotan eskolan gauzak lantzen dira baina familiekin elkar ekintzarik ez badago ez dago zer eginik. Beraz, elkar lanean aritu gaitezen.

GARENA IZAN GAITEZEN, MUNDUAN LIBRE IZATEKO

    Bukatzeko, steilas sindikatuak sortu duen “aske izan koloretan” liburuaren aurkezpenaren bideoa partekatu nahi dut zuekin. Hauer hezkuntzara zuzendua dago, sexu edo genero estereotipo arauak gainditzeko asmoz.




INOR

Etxekoentzat “tortolea” izango da, betiko; maitasunez gogorarazten diote eskolatik etxera bueltan besteen denbora bikoitza behar zuela, ziren eta ez ziren mailukiak biltzen igarotzen zituela orduak. Gaur egungo lagunek ez dute inondik ere molde horretan ikusten.

Halako zenbat etiketa jarri dizkiguten!  Eroso daramatzagu batzuk, azkura galanta eragiten dizkigute beste askok. Horregatik besarkatu egin dut determinismoaren kontrako aldarri den identitatearen izaera aldakorra. 




IDENTITATEA ideiaren handiak hartu nau; nola ez bada aldi berean besteengandik bereizten banau eta jendarte baten partaide egin ere bai?  Ia bakar egiten nauen izenak laztanduta harro egon naiteke euskaldun jendartekoa izanda.


Filosofiaren nahiz literaturaren historian izateari eta ez izateari eskaini zaizkion lan ugarietan sakondu gabe ere hemen dira betiko galderak. Zerk egiten nau emakume? Zerk euskaldun? Zerk langile? Izan naiteke aldi berean ama eta laguna?  Zer esaten ari gara norbaitez nortasun handikoa dela esaten dugunean? Eta nortasunik ez duela esatean?


Identitate hitzaren inflazioaz dihardu Tere Maldonadok, filosofia irakasle eta feministAldeko kideak Identitate gutxiagoren alde artikuluan. Aspaldiko pertsonala politikoa da eta feminista batzuk identitatea IZAN baino EGON eta EGIN direlako ideiarekin bat eginda hala dio: “Identitateen puzteak nora garamatzan ikusita, politika feminista eta ezkertiarra proposatuko nuke, garenaren edo izateari uzten diogunaren ahalik eta kontzepzio txikienean oinarrituko dena. Beste era batera esanda, mundua eraldatzeko, gehiago egin behar dugu, eta gutxiago gara*.


Ezin ukatu, familarekin batera, eskolak ume eta gazteen identitatearen garapenean duen eragin handia. Curriculum izkutuaren bidez, askotan oharkabean, modu sotilean irakasten dugu nola jokatu, ibili, hitz egin, jantzi, elkarri zuzendu etab. Helduok lan handia dugu pentsatzen duguna eta egiten duguna bat datozen pentsatzen eta desikasten.


Berriak, ez-ezagunak sor ditzakeen errezeloak astintzeko bideo bilduma bateko ale hau:

Nire inguru hurbilean gutxi dira genero-eskema arruntenetik atera direnak, gehiengo handi bat sistema bitarrera egokitu da. Feminismoan hazitako gazte bakan batzuk aldarrikatzen dute generoa apustu politiko gisa, egoteko eta egiteko modu gisa. Pozez hartu dugu izena aldatzeko adorea eta familia sostengua izan duen ikaslearen erabakia, inori  nor-zer den adierazteko beharrik gabe, gainera. 

Egun jakinetan eta ikasgai apurretan egiten diren ahaleginak ahaztu gabe eskolan asko dugu egiteko. Hauek izan daitezke erronka nagusiak:

  • Eskola gune segurua bihurtzea. 

  • Arloetan genero aniztasuna eta binarismotik aparteko egoera eta erreferenteak argira ekartzeko aukerak aurkitzea. 

  • Ikasleen kalitatezko hezkuntza afektibo-sexuala bermatzea. 

  • Irakasleen prestakuntza modu antolatuan egitea.


Batzuetan ez dugu jakiten nola jokatu  gertaera deseroso edo gatazka baten aurrean, ez dugu jakiten zein neurritan den egokia eta eraginkorra gure erantzuna.

Ikasturte honetan irakasleen prestakuntzaz arduratzen den taldeak aholkularitza ere eskainiko digu kezka eragiten diguten gaien inguruan hitz egin eta, ahal dela, adostasunak lortzeko.


Aurreko ikasturteko Nor naiz? post-ak ezagutu nituenean oso baliagarri izan nituen bideoak biltzen ditu.

2023/02/12

ASKE IZAN

 




Gai honetan sakondu ondoren eta identitate desberdinak eta berriak (behintzat niretzat) aurkitu ondoren, horri buruz dudan analfabetismoa aitortu nahi nuke.
Eta zenbat eta gehiago ikertu eta sakondu, orduan eta zailagoa iruditzen zait egin beharreko bidea. Ikastaro honetan landu diren alderdi guztietan lan handia daukagula iruditu zait, baina identitateari buruz hitz egiterakoan, uste dut bidea luzeagoa eta zailagoa dela. Halere....AURRERA!!! Azken finean izenburuan jarri dudana da, nire ikuspuntutik, pertsonak bezala lortu behar duguna: ASKE IZAN, errespetu osoz besteentzat, baina... ASKE IZAN. 

Aske, pertsona indibidual eta sozial gisa eraikitzeko; aske, nahi duguna eta nahi dugun bezala izateko; aske, gure gorputza nahi dugun bezala sentitzeko; aske, besteak errespetatuz nahi dugun bezala jokatzeko; aske, gure identitate propioa eraikitzeko; aske.... ASKE IZAN. 

Zentzu horretan, Jule Goikoetxeak eta Miren Arangurenek esaten duten bezala, gizonik eta emakumerik gabeko geroa imaginatzen dut. Eta etorkizun horretan bakoitzak izango da nahi duena, generorik gabe, izenik gabe. Ez gara izango ez gizon, ez emakume, ez zis, ez trans, ez ez binario, ez... Zertarako izen horiek guztiak inportanteena pertsona bera denean? Zertarako sentitzen dudanari izen bat jarri? 
Izango gara, aske izango gara, besterik gabe. Agian amets bat baino ez da, baina, batzutan, gauza handiak amets bat atzetik lortzen dira.

Dena den, eta hasieran esan dudan bezala, bidea zaila izango da, eta eztabaida eta hausnarketa sakonak beharko dira adostasunak lortzeko, zeren aspektu guztietan desadostasunak sortzen diren, gaia konplexua delako eta gure eskemak goitik behera apurtzen dituelako. Adibide bezala Queer teoriak ditugu. Horri buruz irakurtzen hasi nintzenean nahiko ondo iruditu zitzaidan, baina gero... bat-batean... tira!! desadostasunak  sortzen dira. Eta berriro hausnarketa egin behar. Baina seguraski horretan egongo da aberastasuna. 



Hala ere, niretzat oso interesgarria izan da eta uste dut argi handia ematen duela, benetako pertsonen testigantza ikustea, eta euren esperientziak eta bizipenak entzutea. Horrela gertatu zait Ur Handitan bitarrak ez diren pertsonei buruzko  programa ikustean. Asko gustatu zitzaidan eta beste ikuspegi bat ireki zidan. Zenbat gauza desikasi behar ditudan eta zenbat gauza ikasi behar!!!!




Beste alde batetik, nire inguru hurbilean genero-identitateen inguruan behatzerakoan, konturatzen naiz modu ez-kontziente batean egiten eta esaten ditudan gauza asko aldatu behar ditudala. Orain arte, eta feminista izaten, termino batzuk ezagutzen eta onartzen nituen, errespetu osoz, baina orain, ezagutzen ez nituen kontzeptu batzuk ikasi eta barneratu behar ditut. Eta ondorioz, konturatzen naiz, ezjakintasunagatik, gauza eta jarrera batzuk aldatu behar ditudala. Horren harira, aurreko edizioetako ikastarokideek egindako post-en artean, Ainhoarena aukeratu dut curriculum ezkutuaren atea zabaldu didalako. Bere post-a irakurtzen konturatu naiz irakasleok eredu patriarkal eta sexistak betikotzen ditugula ohartu gabe, adibidez, eta Ainhoak esaten duen bezala, "irakasleek neskak agurtzerako orduan beti bere soineko politari, ileari edo edertasunarekin zerikusia duen guztiari egiten diete erreferentzia", edo, neska bat leku guztietan igotzen ikusten dugunean "ahuntza dirudiela edo marimatxoa dela" esaten dugu. 

Zenbat gauza aldatu behar eta zenbat erronka pertsona zein irakasle bezala!. 

Irakasle bezala, eta Haur Hezkuntza ikuspuntutik; gure erronka nagusia "Curriculum berrian" agertzen dena betetzea da: 

"Etapa horretan izaeraren garapena bat dator besteenaren desberdina den nortasun propioa eraikitzearekin. Hezkuntzaren esku-hartzeak haurrak norberaren irudi doitua garatzera bideratu eta bide horretan akonpainamendu egin behar du. Adin honetan deskubritzen du sexualitatea eta hori da sexuaren eta generoaren eraikuntzaren hasiera. Haurrak hezitzaileekin duen hartu-eman orok neurri handi batean gidatzen eta moldatzen du haurra, inguratzen duten helduen harremanetarako estrategiak imitatzeko eta errepikatzeko joera baitu. Estrategia horietan jarrera sexistak normalizatua egon daitezke, hori dela eta, ezinbestekoa da eskola-ingurunean egon daitezkeen bistako edo estalitako diskriminazio-mekanismoak identifikatu eta erauztea".

"Hezkidetza, eskolen antolaketa pedagogikoaren irizpide orientatzailea den aldetik eta hezkuntza-sistemaren ildo estrategikoa den aldetik, funtsezkoa da, maila eta modalitate guztietan, pertsonen garapena errazteko, sexuaren, sexu-orientazioaren, identitatearen edo genero-adierazpenaren araberako estereotipoez eta rolez kanpo".

Horretarako, curriculum ezkutua ondo aztertu behar dugu, airean uzteko, eta aldatzeko edo baztertzeko. 

Seguraski, prozesu horretan kanpoko laguntza beharko genuke, askotan guk geuk ez garela jabetzen egiten dugun. 

Eta Nereak Sanchok esaten duen bezala, irakasleok ditugun beste erronka batzuk  hauexek dira: 

  • Esku hartzean ez du bere iritzia, esperientzia edo sinismenak oinarritzat hartu behar
  • Profesionalak autoezagutza eta autokontrola izan behar ditu
  • Ez dira jarraitu beharreko ereduak eta anitzak dira baita ere 
  • Bere bizitza pribatua erreserbatuko du, eredu ez bihurtzeko
  • Kontzientzia objetoreak izatekotan (abortoa, preserbatiboa, koito osteko emerjentzia pilula…), bitartekoa eskainiko duen beste baten erreferentzia zuzena emateko betebeharra du. 
Bide luzea eta zaila, baina ez ezinezkoa. 😉