2016/04/14

Mila esker eta hurrengora arte

Ikastaroari amaiera emateko momentua heldu da. Egia esan ez dakit nondik hasi baina saiatuko naiz bizi dudan esperientzia azaltzen.

Zuetako batzuk jadanik ibilbide bat zeneukaten hezkidetzan. Nire kasua ez da horrelako izan, niretzat ia ikasitako guztia berria izan da. Egia da sentsibilizatuta banengoela, baina kontzeptuak, ideiak, planteamenduak nahiko nahasturik nituen. Ikastaroari esker guzti hori ordenatzea, sailkatzea zentzu bat ipintzea lortu dut.

Horrez gain esan behar dut burua hobeto jantzita dudala orain, badakit oraindik asko dudala irakurtzeko, entzuteko eta ikasteko, baina gaia defendatzeko, arrazoiketak emateko eta nire inguruan eragina izateko gaitasun handia dudala sentitzen dut.

Nire inguruan gaia atera denean beti norbaitek botatzen zuen "ya está la feminista", punta gehiegi ateratzen nuela errealitateari esaten zidaten. Hala ere, ikastaroaren bidez egin ditudan esku-hartze xumeek, askoren begiak zabaltzea lortu dute eta gaia mahai gainean jartzen denean nire ustez lehenengo pausua eman dugula esan nahi du. Hortik aurrera dana errezago bihurtzen baita.

Egia da batzuk aipatu duzuen bezala ikastaroari esker betaurreko moreak "itsatsita" ustea lortu dugula. Inguruan aldiz, oraindik pausu gehiago eman behar ditugu. Egia da betaurrekoak "erosita" dituztela baina ez dituzte egunero ipintzen, poliki poliki erabilera sustatzen ari da baina horretarako gure lana jarraitzea ezinbestekoa da.

Profesionalki eskertu behar dut ikastaroan partekatu diren hainbat material, esperientzia, baliabide. Egia da sailkatzeko eta ondo aztertzeko denbora ez dudala izan baina bidea luzea denez poliki poliki joango naiz nire burua zuen ekarpenekin hobeto janzten. Beraz eskerrik asko guztioi baita kanpotik gure lana jarraitu duen jendeari!

Egia esan ikastaro honi esker gu bezalako hezkidetza aktibo asko kanpoan daudela ohartu naiz. Berri ona da benetan ikustea hainbat pertsona hezkidetzaren inguruko interesa dutela baita horretan aktiboki ere lan egiten dutela. Ni zuekin batera horretan arituko naiz hemendik aurrera! Bidelaguna hemen duzue!


Hainbat hitz bururatzen zaizkit ikastaroan atera direnak eta nire ikasketa-prozesuan eragina izan dutenak.  Hemen horietako batzuk:


Abesti bat aukeratzekotan PAUSOKA PAUSOKA Pirritx Porrotx eta Marimototsen abestia esango  nuke. Azken batean HEZKIDETZAREN bidean aurrera egiten dugu pausu txikiak emanez baina poliki poliki gure ametsak betetzen baita pentsakerak ere aldatzen.


Lehen aipatu dudan bezala nire asmoa da zabaldu den mundu honekin kontaktuan jarraitzea, hezkidetza bidea elkarrekin, zuekin batera, eraikitzea. Horretarako ezinbestekoa da nire burua hornitzen jarraitzea, beraz, seguraski elkar topatuko gara hurrengo batean. Agur esan beharrean, hauxe esango nuke:

MILA ESKER GUZTIOI ETA HURRENGORA ARTE!

LEHEN ETA ORAIN



                                                                 AGURRA

Hezkidetza ikastaroa atzo hasi nintzela ematen du  baina hilabeteak  pasa dira eta oraingo honetan bukatzear dago.
Denetatik egon da: batzuetan oso momento onak eta beste batzuetan  denbora falta izan dut.
Ikastarotik eta parte hartu dugun pertsonengandik gauza asko eta asko ikasi ditut eremu profesionalean  zein  pertsonalean.
Lehen, mundutik betaurreko morerik gabe ibiltzen nintzen, orain ezberdina da, orain bai betaurreko moreak eramaten ditut leku guztietara eta horrek pozten nau.
Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiet persona batzuei  asko lagundu didatelako ibilbide honetan, besteak beste, ikastaro honen irakasle guztiei zein ikastaro honetan ibili direnei ekarpenak eta ideia onak emateagatik.
Hemendik aurrera mundutik ibiliko naiz behaketa praktikan jartzen eta jendartean betaurreko moreekin.
Eskerrik, eskerrik asko aukera hau emateagatik.

Hasiera-hasieratik nire helburua hezkidetzari buruzko gauza asko ikastea izan da eta hori bete eta lortu dut zuei esker.Mila esker berriro.




Agurra


Oso esperientzia aberasgarria izan da ikastaro honetan pate hartu izana. Ikastaroaren aurretik nire bidetxoa egina nuen baino ikastaroak ideiak antolatzeko eta zenbait gaietan sakontzeko balio izan dit. Aste batzuetan ezin iritsi ibili naiz eta lan batzuk hala-hola egin ditut eta beste batzuetan berriz gozatu egin dut informazioa irakurtzen, bideoak ikusten eta nire ideiak antolatzen eta forma ematen. 

Abesti bat aukeratzea ez da lan erraza, baino burura etorri zaidan lehena Oskorriren "Gaztelugatxe" izan da.

"Inor ez zapaltzeko gogoa
zapalduak ez izatekoa
hau da gure urguilua
altxor guztien iturria"



                                          Justizia

                                                                          Elkar-zaintza

                                                                                                           Itsaropena
                                                                                                                             
Nire buruari buruz banekiena berretsi dut, kontraesanaz betetako pertsoan inperfektua naizela. Denok nahiko lanpetuta gabiltzanez ikastarokideen artean agian behar edo nahi baino elkar ekintza gutxiago egon dela iruditzen zait.

Ikastarokidea izan gabe eta lehio hauetara gerturatu direnei, etorkizun justuago eta hobea nahi badugu, hezkidetzarekin lotutako gaietan sakontzen jarrai dezatela esango nieke, nik neronek egin beharko dudan bezala.

Aurrerantzean lanean jarraitzeko gogoz gelditu naiz eta gehien interesatzen zaizkidan gaiak honako hauek dira:
  • Genero estereotipoak gainditzea eta gizarteak eskaintzen dizkigun gizon eta emakumeen ereduak zalantzan jartzea.
  • Elkarren arteko zaintza eta tratu onen ideian sakontzea eta honekin lotuta, maskulinitate berrien aldarrikapena egitea.
  • Heziketa afektibo sexual osasuntsua eskaintzea nire ikasleei.
  • Emakume eta beste kolektibo batzuek pairatzen dituzten injustizia egoerak azaleratzeko ahalegina egitea.



2016/04/12

Hezkidetza gorputzean ta ibili munduan!

Hezkidetzan esku hartzen ikastaroaren helmugara iritsi gara, ibilbidearen 22 asteak apirilaren 8an bete eta 9an, opari gisa,  12.000 lagun feminista inguru elkartu ginen Gasteizen indarkeria matxisten aurka, "11 eraso, 12 erantzun. Feministok Prest!" lelopean. 

Itzelezko energia bildu zen larunbatean, mugimendu feministaren aniztasuna, koloreak, aldarrikapenak, amorruak eta poztasunak, aske bizitzeko eta gozatzeko emakumeen nahia eta eskubidea... plazaratu ziren. Arnastu ahal zen ahalduntze giroa, bai, ahal dugu, zein garrantzitsua kolektiboaren energia sentitzea!

Ikastaroan antzeko zerbait sentitu dut. Badakit egoera desberdina dela baina elkarrekin sukaldatu eta dastatu ditugun menu zabala, plater desberdinak, usain, kolore eta ñabardura anitzak... ezin hobeak iruditu zaizkit gu elikatzeko. 

Mila esker, bihotzez, norbera den moduan izateagatik, hezkidetzaren aldeko ekintzaile aktiboak izateagatik, egin dituzuen ekarpen aberatsengatik, denon arteko elkarrekintzengatik... eta zuekin batera ikasi dudan guztiagatik. Ilusioz beterik hasi nintzen proiektu honetan eta energiaz beterik amaitzen dut zuei guztioi esker, ikasle eta irakasle lan taldea. Plazer bat izan da!!!

Zorionak egindako bideagatik! Hau ez da agurra, beste pauso bat egin dugu eta ibiltzen jarraituko dugu, nork bere inguruan eta beti ere kideen arteko sareak mantenduz (aurrez aurre edota sareetan, ikastarokideekin zein HezkEH guneak gurekin konpartitzen dutenekin), funtsezkoa baita energiak mantentzeko.

Eta oroitu, hezkidetza lanean (eta bizitzan) zaintza (norbera eta besteena), umorea eta plazerra erdigunean jarri.

Bizitzak hezkidetza-arrakasta ugari ekar diezazkigula! 


AGURRA

Aupa kuadrila!

Iritsi gara amaierara. Ederra da gauzak hasi eta ondo bukatzen jakitea. Pozik nagoela adieraztea ateratzen zait. Lan polita egin dugu elkarrekin. Batzuetan nekatuago, besteetan denbora faltaz, agian behar eta nahi adinako arreta ez badiot ere jarri ikastaroari, errelitatea onartu eta egoerara egokitzen jakin izan dudala esango nuke beraz bada zerbait. Noski, irakasleon baikortasuna eta ikaskideen lanerako prestutasuna ezinbestekoak izan dira. Aupa gu! Bejondeigula!

Asko gustatu zait ikastaroa nola planteatu duzuen. Asteroko  lana momentu batzuetan neketsua izan arren, erabilitako metodologiak bere zentzua eta logika izan du. Planteatutako gaiak eta gai bakoitzari jarritako arreta eta enfokea ere oso ondo egon dira.

Hitz batean, ikastaroa praktikoa iruditu zait. Ikusitako bideo eta irakurgaiak oinarri izanda, hezkuntza komunitatean nahiz bizitzako esparru ezberdinetan hezkidetza txertatzeko oinarrizko elementuak ezagutu ditugu, tresnak esku artean ditugula urratsak ematen hasteko gogoz nago!

Milesker denoi!

2016/04/11

Agurra

Konturatzerako 22 aste pasa eta agurra idazteko momentua iritsi da...

Ikastaroarekiko egin dudan balorazioa erabat positiboa da dudarik gabe, bai maila pertsonal eta baita maila profesionalean ere. Hezkidetzaren inguruan lortutako ezagutzak barneratzeak egunerokotasuneko egoera batzuetan (sexismoa batik bat) jarrera aldatzea eragin dit.
Horrez gain, emakumeok emakume izateagatik jasan behar ditugun neurrigabekeria gehiago ikasi ditut, orain inguruan hauek identifikatu eta aldatzen saiatzen naizelarik ahal dudan neurrian.




Hezkidetzan esku hartzen horrela laburbilduko nuke:

ABERASGARRIA
 
                                 ATSEGINA

                                                      ARGIGARRIA

Ikastarokideei eta ikastaro hau egin dutenei MILA ESKER esatea besterik ez zait geratzen!

Aukeratu dudan abestiaren letrari esanahi bat baino gehiago bilatu dizkiot, bizitakoaren prozesuaz gain, hezkidetzak izango duen bidea adibidez!




Ondo izan!



2016/04/10

AGURRA

Agur esateko momentua iritsi da. Aste hauetan zehar gai ezberdinetan sakontzeko aukera izan dugu. Jardueren bidez gure ezagupenak praktikara eraman ahal izan ditugu eta foroaren bidez gure arteko iritzi eta hausnarketak konpartitu. Prozesua aberasgarria izan da oso baina agur esateko momentua iritsia da. Horrek ez du esan nahi aste hauetan zehar landutakoa lantzen jarraituko ez dudanik. Eraldaketarako bidean urratsak ematen ari gara feminismoak lorpen handiak izan ditu eta baditu baina oraindik ere gure helburua lortzeko urrats gehiago eman beharko ditugu. 
Hona hemen atzoko Gasteizko manifestazioa. Itzela izan zen!!! 11 eraso 12 erantzun FEMINISTOK PREST!



Hona hemen agur esateko prestatu dudan horma irudia. Bertan ikastaro guztian zehar gure ahoetan egon diren hitzak daude islatuta.