2017/10/26

Borroka dezagun sexu-genero sistemaren aurka!

Aste honetan sexu-genero sistemaren inguruan sakontzeari ekin diogu eta honen bidez, sexu (biologikoa) eta genero (kulturala) hitzen esanahiak garbiago ikusi ahal izan ditut, bai eta sexu-genero sistemarena ere.

Honen inguruko informazioa bildu ostean, nire ingurua erreparatzeari ekin diot eta berehala ohartu naiz, sexu-genero sistemaren eraginaz. Zenbait esparrutan, sistema horrek inposatutako ideiak aldatzearen alde egiten den arren, barneratuta ditugun sexu-genero estereotipoak ugariak dira.

Esaterako, ikastetxeetako ikasleen amantalei erreparatuz, gaur egun kolore eta diseinu ezberdinetako amantalak dauden arren, oraindik ere, neska eta mutilen kolore bereizketa nabari da. Neskak pastel koloreko eta loretxoez beteriko amantalak erabiltzen dituzten bitartean, mutilek kolore biziagokoak eta lauagoak erabiltzen dituzte. Gauza bera gertatzen da, jolas orduetan hauen ekintzei erreparatuz gero; mutil gehienak futbolean jolasten dute eta neskak berriz, antzerki, dantza edota antzekoak egiten dituzte.

Horretaz gain ordea, aipatzekoak dira baita ere, Interneteko bilaketak; bertan, sexu-genero sistema bete betean ikus baitaiteke. Adibidez, lanbide ezberdinen marrazkiak bilatzerakoan, aurkitzen diren adibideak ikaragarriak dira. Emakumeak soilik zaintza eta etxeko lanekin erlazionatutako ekintzetan agertzen dira, gizonezkoak beste lanbide guztietan ikus daitezkeelarik. Hau ikusirik:


Gai honekin jarraituz, aurreko urteetako sarrera bat gomendatu nahiko nuke, oraingoan ere, Ane Lenizena. Izan ere, oso sarrera osatua izateaz gain, oso interesgarriak iruditu zaizkit sexu eta genero gaiarekin lotuta partekatu dituen bideoak; hauen bidez, gai honekin lotuta, pertsona ezberdinen errealitatea ikusteko aukera dago. Gainera, ikasgeletan lantzeko proposatutako STEE-EILAS sindikatuaren “Estereotipoak apurtuz” material didaktikoaren berri ematea ere asko gustatu zait.

Azken baliabide horrekin batera, nik txikienekin gai hauek lantzeko hainbat ipuin ekartzea pentsatu dut. Izan ere, UNICEF-en artikuluak garbi aipatzen duen moduan, haurren lehenengo urteetako genero sozializazioari esker, genero estereotipoen oinarriak finkatzen dira. Horregatik eta haurrei ipuinak asko gustatzen zaizkiela jakinda, gai hau beraiekin lantzeko baliabide paregabeak direla iruditzen zaizkit. Hona hemen, Lekeition adin ezberdinentzat proposatutako gida. Horrekin batera aipatzekoak dira, Adela Turinen ipuinak: “Rosa Caramelo”, “La historia de los Bonobos con gafas”, “Arturo y Clementina” eta “Una feliz catástrofe”.
Ipuinez gain ordea, “Gipuzkoako nerabeentzako ekipamenduetan (gaztelekuak) genero ikuspegia barneratzeko oinarrizko gida” ere ekarri nahiko nuke bertara, bertan nerabeekin gauzatzeko hainbat jarduera gomendatzen baitira. 

Azkenik aipatu, argi dagoela, hau guztia lantzeko eremu hezitzailetik hastea beharrezkoa dela eta denok batera lan eginez lortu ahal dugula. Baina egia da, askotan oztopoen aurrean aurkitzen garela. Batetik, gizarteak sexu-genero estereotipo ugari barneratuta ditu eta horietan arreta jartzen ez bada, zaila izango da ondorengoei horiek ez helaraztea. Gainera, egunerokotasuneko materialetan ere maiz islatzen den zerbait denez, horrek ere ez du asko laguntzen. Bestetik, askok lan gehiegi dela pentsatzen dute eta erosotasunarengatik gauzak dauden bezala ustera jotzen dute. Baina, aurreko astean aipatu bezala gauza ez da lan gehiago egitea, gauzak beste modu batera egitea baizik, betiere genero ikuspegia erabiliz. Hori honela izanik:




2017/10/25

Ze guapa zauden, estereotipo denak hausten!

Sexu-genero sistemari buruz ikertzen nabilelarik, Josebe Iturriozek egindako hausnarketa interesgarri bat ekarri behar dut gaurkoan. Bertan 70. hamarkadan sexu-genero sistemaren estrategia berria agertu zela azaltzen da, zeinetan sexua eta generoaren esanahiak desberdintzen diren. Sexua beraz, biologikoa da, eta generoa aldiz, gizarteak eraiki dituen balio, rol eta estereotipoek osatzen dute. Medikuntza zientziak, biologikoki emakume bati aluarekin jaiotzeagatik, bizitza osorako funtzio sozial batzuen betebeharrak atxikitzen dizkio. Besteak beste, umeak zaintzea.


Bideo honetan bertan, asko harritu nauena sexua ere eraikia den komentarioa izan da. Diformismo sexuala dago gizartean, eta arra edo emea ez dena patologiatzat hartzen da. Ez da izango eme edo arra ez dena gaixo egon beharrean, gizartea bera dagoela makalik?

Gizartean jada errotuta dauden estereotipoak ez dira emakumeentzako bakarrik kaltegarriak, hein handi batean gizonek ere zapalkuntza ugari sufritzen dutelako. Nuria Varelak idatziriko “Feminismo para principiantes” liburuko maskulinitateari buruzko kapituluan, gizonek ar jaiotzeagatik dituzten izateko beharrak azaltzen dira. Adibide gisa: sentibera bada “afeminatu” etiketa jartzen zaio edo prudentziaz jokatzen badu koldarra dela leporatzen zaio. Hortaz, gizarte patriarkal honen aurkako borrokan denok izango gara garaile.   

Honen harira, iaz Maitek eta Mariak idatzitako postak datozkit gogora. Post hauetan, arau bezala ditugun eta talde batzuengandik irainduak ez izateko bete behar diren pautak agertzen dira taula batean. Arauetatik urruntzen garen heinean, zapalkuntzak jasotzeko aukera dago gaur egun. Gainera, Maitek proposatzen duen bideoa ikusteko gonbitea egiten dut, oso interesgarria baita ume bati janzkeraren kolorea aldatzeak jendearengan sorturiko erreakzioan erreparatzea.

Gure hurbilean, hezkuntza zentroetan, erraz ikus daitezke estereotipoen adibideak: batxilergoan gizarte zientzien arloan emakume gehiago dago zientzietan baino; eskolaz kanpoko ekintzetan futbolera jolasten duten gehiengoa mutilak dira, abesbatzan ehuneko ehuna neskak direlarik; jolastorduetan ere denbora-pasa ezberdinak ageri dira generoaren arabera; etab.

Arazo honi aurre egiteko hezkuntzarako baliabideen bila hasterakoan, Argiak proposaturiko hezkuntzako maila ezberdinetan erabiltzeko ipuin ez sexisten zerrenda aurki dezakegu: IPUIN ETA LIBURU EZ SEXISTAK AUKERATZEKO GIDA
  


Teoria praktikara eramaterakoan aldiz, zenbait eragozpenekin egiten dugu topo.

Hezkuntzari dagokionez, ikasgaien edukiak eman beharrak askotan urduritu egiten gaitu. “Ez dut denbora izango”, “ekuazioak, geometria eta zatikiak ere landu behar ditut”. Horrelako komentarioak entzuten dira sarritan. Helburua ez da ikasgaien edukiak alde batera uztea, Hezkidetza eduki horietan txertatzea baizik. Hala nola, matematikako buruketetako enuntziatuetan. Beraz, irakasle guztiok gai honi buruzko oinarrizko jakintzak izan behar ditugu, ikastaro eta praktiken bitartez lortuak.

Etxeko egoerari so eginez, familiek jada barneratutako estereotipo eta ohitura sexistak dituztela ikus daiteke. Aitak gidatzen du kotxea gehienetan, amak dauka pisu handiagoa etxeko lanen banaketan, etab. Arazo hau konpontzeko, familietan eraikia dagoena desegin, eta eredu berriak berreraiki behar direla deritzot. Eskolan Hezkidetza lantzen bada, baina etxera itzultzerakoan ikasitakoa errealitatean ematen ez dela ikusten badu umeak, ez du ulertuko zergatik den baliagarria berdintasuna.


Hortaz, lan handia dugu egiteke eskolan, etxean eta baita kalean ere.


EGIN-DESEGIN-BERREGIN : HAUSNARTZEN

Interesgarria izan da nire lagun eta ezagunen artean inkestatxo bat egitea hezkidetzaren inguruan. Zazpi pertsona ezberdin izan dira, horietako 3irakasleak direlarik, kontulari bat, ingenieri bat, padel irakasle bat eta adin txikikoen hezitzaile bat. Ikusten duzuenez, lanbide ezberdinetako pertsonak aukeratu ditut. Nahita egin dut. Hezkuntza mailan hedatuagoa den gai bat izanik, hortik kanpoko ikuspegi txiki bat jasotzea nahi izan dut. Pertsona guzti hauek 30-40urte bitartekoak izan dira. 
Galdetutako denok jakin dute zer den hezkidetza eta hiru hitz ezberdinekin lotzeko eskatu diet: Inkluzioa, Errespetua, Parekidetasuna, Berdintasuna, Generoa, Esteriotipoa, Hezkuntza, Etorkizuna, Aniztasuna eta Ipuin Parekideak izan dira atera diren hitzak. 
Gauza batetan zazpirak egon dira ados: Hezkidetza Haur Hezkuntzatik lantzen hasi behar da. Batzuk etxean ere landu behar dela, eta beste batzuk gizartean eta komunikabideetan ere hedatu behar dela  adierazi dute. Azkenik, ze jarduera proposatuko zituzten galdetu diet eta euren erantzunek hezkidetzaren inguruan zeozer ulertzen dutela adierazi dute: Material didaktikoa egokitu, komunikabideak aldatu, jendea formatu, legedia aldatu, giza baloreak landu ipuin, antzerdi eta eztabaiden bidez, hizkuntza ez sexista erabili, talde lana sustatu eta emakumeen lorpenak gizonezkoekin parekatzea izan dira proposatutako jarduerak.

OLERKI-PIKTOGRAMA

Gorriak ikusi ditut, baina azkenean lortu dut. 




Aurreko edizioko ikasketek egindako sarreren artean 2016an Edurnek egindako hau gustatu zait, izan ere, berak proposatutako taula horrekin, argi eta garbi gelditzen da zer den hezkidetza. Gainera, Heziberriri egindako aipamen horrekin, gaur egungo legediarekin bat egiten du. 


5 ARRAZOI GARRANTZITSU
Nire iritziz, hezkidetza lantzeko hona hemen arrazoirik pisutsuenak: 

1. Pertsona askoren sufrimendua ekiditzeko.
2. Aniztasuna ulertu eta errespetatzeko, aniztasunak aberastu egiten gaituelako.
3. Emakumeek belaunaldiz-belaunaldi jaso duten jasarpenarekin amaitzeko.
4. Norbera izan nahi duena askatasun osoz aukeratzeko.
5. Indarkeria matxistarekin amaitzeko. 



Egin, desegin, berregin... Hau da, hausnartzen. Jarrai dezagun hezkidetzari buruz hausnartzen, liluratuta nago!!








Zer da Hezkidetza?

Marielyk dioen moduan, azkenekoa izatearen abantailak eta desabantailak ikusi ditut.

Ni ere ibili naiz definizioen bilduma bat egiten

Real Academia de la Lengua: Enseñar en una misma aula y con un mismo sistema educativo a alumnos de uno y otro sexo.
Argi dago gaur egun eskola mistoak ez duela bermatzen hezkidetza. Ez da nahiko neskak eta mutilak leku berean ikasten egotearekin. Berez, neskek mutilek ikasten zuten hori bereganatu dute. Eredu berdina da denontzako, baina horrek ez du esan nahi eredu hori hezkitzailea bihurtu denik.

Emagin-ek, bere Hezkidetza Gida-n horrela definitzen du zer den hezkidetza: Pertsona autonomoak izateko, gure bizitza proiektuen jabe izateko, hurbileko inguruarekin elkarbizitzan, behar ditugun gaitasunak garatzea ahalbidetuko duen bitartekoa da hezkidetza.”. Hemen hitz potente bat agertzen da. Proiektua. Eta hezkidetza, proiektu bat beharko luke. Gure bizitzarako proiektua (pertsonala, profesionala, …) berdintasunean oinarrituta egon beharko luke. Nik, nire bizitzan jokabide igualitarioa izan nahi dut. Ez modu puntualean, baizik beti (gutxienez saiatu). Eta hau ere eskolara eraman dezakegu. Ematen du, hezkidetza hitza, data zehatz batzutan soilik entzun behar ditugula, eta hezkidetza gure egunerotasunean dagoen zerbait izan beharko luke.

Beatriz Ugarte-k hezkidetza definitzerako orduan feminista hitza erabili izana: “Hezkidetza ezagutza feministak hezkuntzari egindako ekarpena da, generoen eraikuntza zalantzan jarriz.”
Oker ez banabil feminismoa, politiko eta giza korronte bat bezala XVIII. mendearen bukaeran - XIX mendearen hasieran hasi zen. Ordurarte ideia feministei buruz hitzegiten da (ez dagoelako egituratua). Eta hasierako feminismo horren aldarrikapen nagusiak bi ziren: emakumeen boto eskubidea eta nesken eskolara joateko eskubidea. Beraz, norbaitek aipatu duen moduan, feminismoaren ardatza ez da gizonen kontra joatea, baizik emakumeen eskubideak aldarrikatzea. Eta zentzu horretan eskubide berdinak lortzeko eman diren aurrera pausu guztiak feminismoari esker eman direla argi daukat.

Subirats eta Tome (2010)-n esaldia: “el sexismo lo impregna todo(....)Es como un velo que cubre la realidad con una luz oscura; no es algo que esté fuera, o debajo, o al lado o encima de las cosas, sino que forma parte de ellas(...) No es algo que podamos aislar y desprendernos de ello, puesto que ni siquiera lo vemos tal como es.” asko gustatu zait, ez bagara ohartzen desberdintasun nabariak daudela… ezin diegu aurre egin, ez garelako konturatzen.

Marian Moreno aipatu duzue batzuk eta niri berari entzun nion hausnarketa hau asko gustatu zitzaidan: Gizarteak, mendez mende, emakumea izateko modu zehatz bat eraiki baldin badu, horrek esan nahi du emakumea izateko modu hori des-eraiki ahal dela eta horretan bildu behar ditugu gure indarrak.

Goazen bat gure gizarte patriarkala des- eraikitzera!!


HEZKIDETZARI BURUZ HAUSNARTZEN


Lagun artean galdezka

Egun hauetan, hezkidetzaren inguruan zenbait jenderi galdetzeko aukera izan dut. Bai gertuko lagunei eta baita zenbait ikasleri ere. Erantzun orokorra “zer da hezkidetza” galdetu dudanean askoren aurpegiak aldatu egin dira eta gai potoloa dela esan didate, nola esplikatu?.

Batzuk, lehenengo momentutik argi esan zidaten ez zekitela zer zen ezta beraren nondik norakoak ere. Landu gabeko gaia dela eta feminismoaren inguruan beste zenbait atal landu badituzte ere, hezkidetzaren inguruan ez dutela lanketa berezirik egin. Pare bat lagun beraien ustetan zer den azaltzen ahalegindu ziren eta uste baino gehiago kosta zitzaien. Testuinguru guztietan parekidetasuna bermatzea zela zion batek, edota identitate aniztasuna, botere harremanekin apurtzea eta gizakion askatasuna lortzea zioen beste batek.

Konturatu nintzen ez zebiltzala gaitik oso hurrun, baina ez ziren gai nahi bezala azaltzeko ezjakintasun handia zutela esaten baitzuten gaiaren inguruan. Nire ezjakintasun txikienetik hezkidetzaren nondik norakoak azaldu nizkienean, guztiak bat agertu ziren hezkidetzaren esku hartzea gaur egun hezkuntza munduan oso garrantzitsua zela esanez.

Akrostika

Ez naiz oso abila bertso kontuetan, beraz honako honetan hezkidetza hitzaren hizkiekin bururatu zaizkidan hitzak jarri ditut, era batera edo bestera hezkidetzarekin lotzen ditudanak:

                aHal
    parekidEtasuna
            heZi
            inKlusibitatea
             gU
               Ni
        idenTitatea
           haZi
 asktasunA

Ahal: edozer gauza egin dezakegulako.
Parekidetasuna: berdintasuna helmuga dugulako.
Hezi: Heziketa gaur egungo arma dugulako.
Inklusibitatea: guztiak behar beharrezkoak gara, bakoitzaren desberdintasunek elkar aberasten gaituztelako.
Gu: ingurukoen elkartasuna eta elkarlana nahitaezkoa delako.
Ni: Nia
Identitatea: generoen identitea, zer nahizen sentitzea zilegi delako.
Hazi: Hezi-hazi gaitezen.
Askatasuna: Libre bizi nahi dugulako.


Aurreko ikasturteko lanak

Aurreko urteko zenbait ekarpen irakurri ditut eta Ainho-rena gustatu zait gehien. Bertan jarri duenarekin ados agertzen nahiz hein handi batean eta akrostikan ipini dituen hitzekin ere bat egiten dut guztiekin. Hona hemen bere blogeko helbidea ikusi nahi izanez gero: http://hezkeh0506.blogspot.com.es/2015/10/hezkidetza-gizakien-eginkizuna.html


Hezkidetza lantzeko 5 arrazoi
  • Sexu-genero sistemarekin amaitu behar delako.
  • Pertsona askeak hazi eta hezi behar ditugulako, inolako estereotiporik gabe.
  • Beharrezkoa delako aniztasunaren trataera lantzeko inklusioari ateak irekitzea.
  • Gaur egungo botere-harremanek zer esan handia ematen dutelako eta aldaketa nahitaezkoa delako jendarte justuago batean bizi nahi badugu.
  • Berdintasuna lortzeko, txikitatik lantzea garrantsizkoa delako.

HEZKIDETZA NORBERETIK HASTEN DA

Hezkidetzari bueltak ematen badaramazkigu egun batzuk, eta inguruan ere galdetzen aritu ostean, ohartu naiz, hezkuntzaren edo feminismoaren munduarekin kontaktuan dauden horiek badutela interesik eta oinarrizko jakintzarik gaiari dagokionean. Aldiz, sentsibilizazio berezirik ez duen heldu zein gaztearen erantzuna berdintasunarekin lotutakoa izan bada ere, ez dute beste ezer erantsi edo azaltzeko gaitasunik adierazi. Hori bai, denek lotzen dute aukera berdintasuna, genero indarkeria eta hezkuntza kontuekin.

Hala ere, jende askoren begietan, eskola parekideak eta hezkidetzaileak ditugula uste da. Egia da teoria eta oinarrizko kontzeptu batzuk zabaldu direla zenbait ikastetxeetan dagoeneko, eta taldearen arabera, ekintza eta estrategia politak abiatu direla honezkero. Dena den, gutxieneko urrats batzuk ematen hastearekin ez dugu nahikoa. Izan ere, izebergaren punta besterik ez da ikusten eta lantzen gure komunitate gehienetan, eta tailer puntualak egiten diren arren, oraindik orain oso urrun gaude sisteman zeharka eta modu integralean jorratzeko egitatetik.

HEZKIDETZARI SARRERA ematen dion txosten teorikoa irakurri ostean, argi nabarmendu daiteke zer nolako dimentsioa duen gure erronkak. Genero maskulino eta femeninotik aske hezteko erronka, ez da lan makala. Indibiduoak bere aniztasunean errespetatuz eta bizikidetza sustatzeko zeregina malkartsua eta luzea da. Eskola mistotik eskola hezkidetzailera saltoa emateko hauspoa eman digu feminismoak azken urteetan. Eta hari esker ere lortu da gaia eskolaren eguneroko agendan txertatzea. Aski jakina baita, belaunaldi berrien identitate eta baloreetan eragin beharra dagoela etorkizuneko jendartearen kosmobisioa heteropratriarkatuaren atzaparretatik eraiki ahal izateko.

Nola egin bidea, baina? Nola lagundu datorrenari beste modu batean bizi eta hazten, jada intoxikatuta gauden belaunaldi helduon eskutik? Horretarako lehenbiziko pausua ez al da norbere buruari so egunez rol eta estereotipo markatu horiek deseraiki eta askatasunez eraikitzen joateko hausnarketa propioa abiatzea?

Esan bezala, lan indibidual eta kolektibo potoloa dugu egiteko irakaskuntzaren munduan. Eta horretarako ezinbestekoa da, nire ustez, norbere burua analizatzetik hastea. Betaurreko moreak janzteko hautua egin eta kontzientziak astinduz eta elkar elikatuz, gure sisteman barneratu ditugun rol batzuk zalantzan jarri beharko genituzke, gerora, inori ezer eraikitzen lagundu nahi badiogu, askatasunez.

Hezkuntza formalaz aritu izan gara, baina ezin ahaztu hezkuntza mundua bere osotasunean aintzat hartu nahi badugu, garrantzia handia duela hezkuntza ez-formalaren eremuak ere. Honen inguruan, OinHerri Plataformak, Hik Hasik, Txatxilipurdik, Urtxintxa Eskolak... hainbat hausnarketa gauzatu dituzte urteetan zehar. Hainbat aditu bildu dira eztabaida saio ugaritan eta liburuxka zein material erabilgarriak jarri dituzte eskura hezitzaileontzat.

Artikulu askoren artean, EMAGIN elkarteko Edurne Epederekin egindako artikulu bat ere aurkitu dut, eta bere esanetan, HEZKIDETZA oso gutxi lantzen da oraindik eremu honetan. Aintzat izan behar dugu, haurren denboraren erdia baino gehiago ematen dela aisialdian. Horietako ordu asko jantokian, patioan zein eskolaz kanpokoetan pasatzen dute, eta beste tarte handi bat, familia edo gurasoekin elkarbizitzan.

Hori dela eta, aisialdiko hezitzaileekin formazioa eta esku hartze plan zehatzan garatzen laguntzea ezinbestekotzat jotzen du Epeldek. Hezitzaileek, sexu eta generoez haratago, haur eta gazteak pertsona gisa hezi behar baitituzte.

CURRICULUM EZKUTUAren gaian sakontzen laguntzen du iazko hausnarketen artean Hezkidetza Eskolanek  argitaratutako postak. Irakurri eta jarraian, gainontzeko kide batzuk esan bezala, diagnostik erreal bat egitearen garrantzia nabarmendu nahi nuke bide horretan. Nola ez, oharkabean egiten dugun horrek guztiak eragite baitu gure belaunaldu berrien hezikea prozesuan. Bete betean eragin ere.

Ikerketek argudio asko ematen dituzte hezkidetza lantzeko, eta nire inguru hurbilean 5 arrazoi nagusi aukeratu beharko banitu, ondorengoak zerrendatuko nituzke beste askoren artean:

1. Heziketa afektibo-sexuala eta emozioak lantzeko beharra
2. Botere-harremanik gabeko jendartea eraikitzeko erronka, haur eta helduen harremanak ere modu horizontalenean garatzeko beharra ahaztu gabe
3. Norbera, identitate eta nortasun propioz eta askatasunez hazteko eta hezteko duen eskubidea bermatzea
4. Aniztasuna balioan jarri eta bereizkeriarik gabeko bizikidetza indartzea
5. Elkar zaintza eta harreman osasuntsuak sustatzea




Zer ote HEZKIDETZA?

1. LAGUNEN  ARTEAN GALDEZKA


Hamaika aldiz aritu izan naiz ingurukoekin tankera bertsuko gaiei buruz berriketan.  Beraz, gutxi gora behera banekien inkesta bidaliko nien lagunek zer nolako erantzunak emango zizkidaten. Beraz, estilo ezberdinetako pertsonei igortzen saiatu naiz. Batzuek pertsona-pertsona arteko tratu berdintasunari lotzen diote; generoa albo batera utziz guztion arteko harremanak eta aukerak berdina izatea dela diote. Beste batzuek, berriz, generoen arteko “berdintasunari ” deritze hezkidetza. Hau da, genero ezberdineko pertsonei egiten diegun eskaintza berdintasunari. Hemen sartuko genuke, adibidez, neska eta mutilak ikasgela berean egotea hezkidetza delaren ustea. Eta azkenik, erantzun hutsak jaso ditut. Hau da, “beti berdinari bueltaka” nabilela erantzun nauten mezuak  iritsi zaizkit; hau erantzun didaten pertsonek ez dute jakin hezkidetza zer den azaltzen, emakumearen eskubideekin edo lotzen dute.
Nik ere ezjakintasunetik ekin nion bide honi, eta apurka apurka ari naiz argitzen hezkidetzaren mugimendua zertan datzan. Beraz, lagundu didaten kideek ere argitu diedan bidea noizbait ikusiko duten esperantza dut.




2. OLERKIA


      Hezkidetzaren
         Errezetan
Osagai Zerrenda
                Kuriosoa
                   Idatziko
                     Dugu
                        Eguneroko ogia
                           Tentuz
                               Zatitua izan dadin
          Gaurtik aurrerA


  
3.   AURREKO IKASTURTEKO LANA

Aurreko ikasturteko lanak behatzen hasiz, bat eta beste, azkenean geuri dagokigun arlo berean erori naiz. Hemen atxiki dudan Leire Garroren muralak oso ondo argitzen eta laburbiltzen du HEZKIDETZA kontzeptua. Hori horrela, zuen eskura uztea pentsatu dut.
 http://hezkeh0506.blogspot.com.es/2016/10/

4.   BOST ARRAZOI

Begiak herne baditugu, hezkidetza lantzeko hamaika arrazoi ikus ditzakegu egunerokotasunean. Hona hemen horietako batzuk.
Ni neu euskal dantza irakaslea naiz, eta ikasleen %95a emakumezkoa da. Nondik dator hori? Haur gizonezkoek beraiek erabakitzen al dute dantzara ez joatea? Gurasoek ala haurrek erabakitzen dute futbolean edo dantzan izen-ematea? Nik baditut nire dudak. Haurrak ez daki probatu gabe zer gustatzen zaion edo ez. Beraz, guztiok egin ohi dugun moduan haurrek ere zerbait ezagutzen ez dutenean ingurukoen esanei egiten diegu kasu, edo eta ereduak bilatzen digutu. Eta gure gizartean idatzita dagoela esan daiteke neskak dantzara joan behar dutela eta mutilak futbolera.
Bestalde, aurrekoari jarraituz, hainbat “arau” orainarte idatzita egon direnak hausten ari direla deritzot. Dena den, emakumeak futbolean hasi dira, baina gizonezkoak dantzan hasi ote dira? Nire aburuz, emakumezkoa sartu da gizonaren esparruan. Baina gizonezkoa sartu al da emakumearenean? Emakumea etxetik irten eta kalean lanean hasi zen; baina gizonezkoa sartu al da etxeko lanetan?
Nire ustez hori da errealitatea. Dena den, oraindik pertsonok ez ditugu begiak zabalik eta ez dugu gure inguruan hezkidetzak duen errealitatea behatzeko gaitasunik. Ez dugu ohiturarik ingurua ikertzeko, konformismoan bizi gara (bai gizon, bai emakume), eta hori aldatu beharra dagoela deritzot.

Txiki txikitatik jasotzen ditugu generoarekiko bereizketa horiek, rol horiek. Hau guztia aldatzeko ordea, gurasoen ikuspuntuak ere aldatu egin behar du, gurasoek ere hezkidetzaileak izan behar dute. Baditut hainbat haur nire inguruan, neska zein mutil. Eta birritan agertu izan zaizkit atzazalak margotuta edo eta diademak jantzita; etxetik  irteteko garaian ordea, neskatillari baimendu egin diogu diademarekin irtetea, ez ordea mutikoari. Non dago akatsa?  Gurasoek moztu egiten diete askatasunerako bidea haur horri. Aske jolastekoa, aske aukeratzekoa, etab. Zergatik egiten dute hori? Haurra babesteko edo eta gurasoak lotsatzen direlako?  Hori horrela, hezkidetzaren beharra dago, askatasunez sentitzeko eta bizitzeko. Hezkidetzaren beharra dago bai haurrek, bai gurasoek askatasuna sentitzeko eta askatasunez bizitzeko.