Gaiari buruz irakurri ostean, gogoeta hau etorri zait
burura: legeetan badauka hezkidetzak lekua, berdintasunak ere, baina lege
horiek diotena paperean geratzen da. Justiziak eta orokorrean gizarteak dituen
baliabide guztiak erabiltzen ez dituenaren sentsazioa geratu zait. Badakit
aldaketa prozesu guztiak geldoak izaten direla, baina lege hauetako batzuek
hamarkada bat baino gehiago dituztela jakiteak, eta oraindik panorama zelan
dagoen ikusteak… inpotentzia pixkat sorrarazi didate. “Iragarki sexistak
debekatuta egongo dira”; “debeku da pertsonen sexuan oinarritzen den
bereizkeria oro, zuzenekoa zein zeharkakoa, edozein delarik ere hartarako
erabilitako era”. Oraindik emakumeok gizonek baino %25 gutxiago batezbeste
kobratzen dugu… non geratzen da lege horien aplikazioa?
2000.urtean onartu zen Euskadin berdintasunaren legearen
lege proiektua, eta 2005.urtean legea, bideo honetan ikus daitekeen bezala.
Diskurtsoa asko aldatu al da?
2014.urtean Espainiako estatuan genero biolentziari
buruzko legean egin ziren hobekuntzei buruz Irantzu Varela-ren bideo kritiko
hau. Aldaketa txikiak eta funts gutxikoak.
Aurreko
edizioetako post hau aukeratu dut http://hezkeh0506.blogspot.com.es/2016/11/las-leyes-son-como-las-mujeres-estan_27.html
kargu publiko batzuek egindako
astakeriak aipatzen dituelako, eta bere hausnarketa gustatu zaidalako.
Euskadiko
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeak (2005ko
otsailaren 18a) dio:
29.
artikulua.– Curriculuma.
1.–
Hezkuntza Administrazioak hezkidetzako
proiektuak sustatuko ditu, eta jarraian aipatzen diren hezkidetza-helburuak integratuko ditu hezkuntzako maila
ezberdinetako jakintza-arloetako eta diziplinetako curriculumaren diseinuan eta
garapenean:
a)
Emakumeei eta gizonei esleitzen zaizkien portaera-eredu soziokulturaletan
oinarrituta eraiki diren sexuaren araberako aurreiritzi, estereotipo eta rolak
ezabatzea, sexu bateko zein besteko ikasleei beren buruak erabat garatzeko
aukerak eskaintze aldera.
b)
Emakumeen jakintza eta emakumeek gizadiaren garapenari egin dioten ekarpen
sozial eta historikoa integratzea; horretarako, eta irakasten diren edukiak
berrikusiko dira eta, hala dagokionean, zuzendu.
c)
Beharrezko ezagutzak sartzea, neska-mutil ikasleek, etxeko lanak eta pertsonak
zaintzea direla eta, gaur egun dauzkaten eta etorkizunean izan ditzaketen
beharrizan eta erantzukizunen ardura har dezaten.
d)
Ikasleak trebatzea, aukera akademikoak egiten dituztenean ez ditzaten aintzat
hartu generoan oinarritutako baldintzapenak.
e)
Emakumeen aurkako indarkeria prebenitzea; horretarako, gatazkak konpontzeko
indarkeriarik gabeko metodoak erakutsiko dira, bai eta aniztasunean eta
emakumeek eta gizonek eskubide eta aukeren aldetik duten berdintasunaren errespetuan
oinarritzen diren bizikidetza-ereduak ere.
2.– Era
berean, Hezkuntza Administrazioak oinarrizko printzipiotzat ezarriko du
hezkuntza-maila guztietan indarkeriazko jokaerak prebenitzea, eta eguneroko
bizitzari buruzko eduki eta aldi zehatzak ezarriko ditu hezkuntza-maila
guztietan. Eduki eta aldiotan, honakoekin zerikusia duten alderdi eta edukiak
integratuko dira: etxearekin, pertsonen zainketarekin, harreman pertsonalen
funtzionamendua ezagutzearekin, eta gatazkak konpontzeko indarkeriarik gabeko metodoak
eta sexuen berdintasunaren eta aniztasunaren errespetuan oinarritzen diren
bizikidetza-ereduak ikastearekin.
Artikulu hau hautatu dut, hasieran esan dudan bezala, hemen idatzita dauden egiteko horiek ezin egokiagoak direlako,
baina errealitatean ez dela nahikoa egiten uste dudalako. Emakumeen ekarpenak
ageri al dira gaur egungo ikasleen liburuetan? Lehen baino gehiago suposatzen
dut baietz, baina nahikoa? Eta zentro guztietan? Nire ustez esku hartzea askoz
handiagoa izan beharko litzateke… legea eskuan hartuta gainera.
Hezkidetzari buruzko
legediari esker lehen existitzen ez zena azaleratzea lortu da, eta errealitate
hori aldatzeko tresna bat izatea. Pikara Magazine-ko artikulu honetan http://glosario.pikaramagazine.com/glosario.php?lg=eu&let=e&ter=emakumeen-giza-eskubideak
irakurri daiteke tresna horietako bati buruz. 1979ko Emakumearen Aurkako Bereizkeria
Mota Guztiak Ezabatzeko Hitzarmena-ri buruz (CEDAW), Emakumeen Giza Eskubideei dagokienez, nazioarteko
zuzenbide tresnarik lotesleena, hain zuzen ere.
Berdintasun errealaren bidean dauden bi erronka nagusiak,
eskura ditugun tresnak (legeak) ezagutzea da eta, horrekin lotuta, horri
buruzko formakuntza jasotzea. Zer dagoen jakiteko eta aplikatu daitezen
lortzeko.
Bukatzeko,
#Miren-ek txertatutako irudi bat erabiliko dut, Freire-ren hitzek arrazoi handia dutelako!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina