2017/11/23

LEGEAK EZ DIRA SOILIK TEORIA!

     Gaur egunean, hezkidetza geroz eta garrantzia handiagoa hartzen ari den arren, kontzeptua bera ez da oso ezaguna. Jendeak gai honi buruz duen ezjakintasunari aurre egiteko, oso garrantzitsua iruditzen zait haurrak txikitatik hezkuntza hezkidetzaile batean heztea; etorkizunean, emakume eta gizonen arteko berdintasun hori zerbait naturala izan dadin lortu ahal izateko.


     Hori dela eta, hezkuntza testuinguru hezkidetzaile gisa hartzea ezinbestekoa dela deritzot, testuinguru horretan inplikatuta dauden gizabanako guztiek gai honen inguruko formakuntzak jaso ditzaten garrantzitsutzat hartuz.


    Hezkuntza hezkidetzaile bat bermatu ahal izateko, hainbat lege sortuak izan dira. Hala ere, lege horiek teorian oso ondo daude ezarrita, baina, bertan idatzita dagoena eta errealitatean gertatzen dena zeharo ezberdina izaten da sarri. 

       Aste honetako irakurgaian aztertutako legeei dagokienez, Euskal AutonomiaErkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubide etabetebeharren Dekretua (201/2008,abenduak 2) aipatzeko modukoa iruditzen zait. Bertan ikastetxeko bizikidetzari kalte larria eragiten dioten jokabideak definitzen ditu: diskriminazio baten ondorioz adierazten diren irainak eta beste pertsona baten duintasuna kaltetzen duten giroak. 

Hauek zeintzuk diren jakitea eta berauek saihestu ahal izateko ahaleginak egitea ezinbestekoa dela deritzot, pertsona bakoitzaren ongizatea bermatzeko eta inoren duintasuna kaltetua izan ez dadin ziurtatzeko. Baita, gatazkei aurre egiteko mekanismo ezberdinak izatea; jokaera desegokiak ematen direnean aplikatu ahal izateko.


     Lege hauei guztiei esker hezkidetzak presentzia handiagoa hartu duenaren sentsazioa dut; geroz eta garrantzia gehiago ematen zaiola. Duela urte batzuk hezkidetzak ez zuen inongo tokirik ez hezkuntzan, ezta gainerako testuinguruetan ere.

 Hala ere, gaur egunean kontutan hartzen den zerbait izan arren, legeetan idatzita dagoen zerbait, oraindik ere lan asko egin beharko dugu berdintasun erreala lortu ahal izateko. Honen inguruko bi erronka aipatzearren:
·        
          - Hezkidetzaren kontzeptua gizarteko  pertsona guztiei helarazi, bere beharraz jabetu ahal izateko, testuinguru guztietan berau zabaltzeko bultzadak emanez. Hezitzaileei, bere aldetik, formazioak eman honen inguruan.

       - Aipatu diren legeetan idatzita datorren hori modu teorikoan jakiteaz gain, martxan jartzen direla ziurtatzea.



       Amaitzeko, aurreko urteetako edizioetako sarreren artean, Edurnek eginiko hau gomendatuko nizueke. Guztiaz ados nago berak esandako honekin: “hezkuntza eremuan legediarekin eta, batez ere, eragile guztiak inplikatuta egonda, konpromisoa harturik izanda, eskola hezkidetzaileak berdintasuna sustatu eta bermatuko duela ziurra da.”

2017/11/22

HEZKIDETZAREN MARKO LEGALA:
MARKO TEORIKOTIK ALDE PRAKTIKORA
                
Era teorikoan esan genezake, EAEn dagoeneko badaudela lege markoari begira behar beste tresna hezkuntza hezkidetzaile bat aurrera eramateko. Nafarroan, azken urte parean gobernua berriak aurrera eramandako lege berrien onarpenari esker, badago hezkuntza hezkidetzaile bat aurrera eramateko oinarrizko lege marko bat. Hala ere, legedia sorta hau izan arren, alde praktikoan muga eta oztopo ugari egon daitezke, ezta zenbait kasutan, kontraesanez beteriko egoerak ere ager daitezke.

                Heziberri 2020ko txostenean adibidez, eskola inklusibo baterantz joateko nahia adierazten da. Nola da posible eskola inklusibo baterantz joatea sare publikoan jada ikasleen segregaketa gero eta nabarmenagoa baldin bada?

“eskola inklusiboaren planteamenduan sartzen da aniztasun horren errekonozimendu-faltaz kontzientzia hartzea, genero-arrazoiengatiko gizarte-presioez eta bazterketez jabetzea, eta diskriminazio-egoerak erregulatzea”


                Aldi berean, gorputzaren zentzumenen bitartez esperimentatutako plazerra aipatu egiten da. Plazerraren lanketa hori sexologian egiten diren tailerrekin lotuko nuke. Hezkuntza zentro erlijioso batean, benetan bateragarria al da sexu askapenarekin loturiko lanketa bat zentroaren berezko filosofiarekin?

“…nork bere burua zaintzea kalte fisikotik babesteko, gorputzaren zentzumen guztien bitartez esperimentatzeko plazera bilatzea, gorputzaren mugak eta ahalmenak ezagutzea eta onartzea, eta norberaren gorputzaren irudiarekin eta sexu-nortasunarekin pozik egotea”

                Legedia aproposa iruditu arren, inpresioa daukat badirela hainbat zalantzazko elementu, horien inguruan azterketa sakona egin beharko genukeena. Hezkidetzari begirako legedia agian osatua dago, baina horrek agian ez du zertan era praktikoan hezkuntza hezkidetzaile bat ekarri behar. Hezkuntzatik kanpoko sektoretan bere aplikagarritasuna ikusteke dago, eta arlo pribatuan , nola ez, ez luke eraginik izango.

Hezkuntza hezkidetzailea lortzeko asmoz egon daiteken beste erronka bat, irakasleen eta bestelako langileen jardunean egon daiteke. Maite Elorzak aipatutako esaldi honekin geratuko naiz, esaten nabilena ulertzeko estrategikoa izan daitekeelakoan:

Irakasle izateko formazio akademikoa eskatzen da, baina hezitzaile izateko bestelako formazioa ere behar da.

Hezitzaile izateko beraz, hezkidetza inguruko prestakuntza beharrezkoa da, duda barik. Baina formazioa izateaz gain, INPLIKAZIO bat egon behar da derrigorrez.






Legedia ezagutu eta hezkidetza bultzatu!

Legeak herritarrok bete behar ditugun arauak dira. Hauek egoteak badu bere garrantzia, gizartean burutzen diren jarduerak arautzen baitituzte; momentu oro zuzentasuna eta ordena mantenduz. Hala ere, egia da, gai batzuen inguruan, askotan ohiturek legeek baino indar gehiago izan ohi dutela eta horren ondorioz, azken hauek bertan bera gelditzen direla.

Azken urteotan, euskal hezkuntza sisteman gizon eta emakumeen arteko aukera berdina sortzeko hainbat lege jarri dira martxan. Azken finean, eskola gizarteratzeko espazio pribilegiatua da eta garrantzitsua da bertan hezkidetzaren inguruan lanean hastea, gizon eta emakumeen berdintasun eraginkorra sustatuz. Horregatik, hezkuntzaren helburu orokorra “irakasten denaren hezkidetzazko izaera bermatzea” izango da. Gaur egun indarren dagoen curriculumean, hau da, Heziberri 2020 Planaren Curriculum dekretuen xedapen orokorretan behintzat, ondokoaz hitz egiten digute: Bizialdi osorako oinarri sendoak ezarri, estereotipoak eta ezarritako ereduak gaindituz, beren bizitzak zentzuz gida ditzaten, beren helburuak hauta ditzaten, beren aukeren, egungo eta etorkizuneko premien eta pertsonak artatzearen ardura har dezaten, eta gizartean txerta daitezen, modu aktiboan, kritikoan eta arduratsuan parte hartuz eta beren nortasuna osoki garatuz. Baina, behar bezala betetzen al da hau ikastetxe guztietan? Estereotipoak gainditzearen alde zerbait egiten al da?

Aurreko urteko sarrerak irakurtzen aritu ostean, Maite A. S-ren sarrera gomendatzea gustatuko litzaidake. Bertan hezkidetza eta marko legalaren inguruan egindako hausnarketarekin bat etortzeaz gain, interesgarria iruditu zait, “Eskola mistotik hezkidetzara jauzi egiteko garaia” izeneko artikulua partekatu izana. Bertan aipatzen den bezala, oraindik ere detaile txiki askok (erabiltzen diren marrazkiak, materialak…) erakusten dute berdintasuna ez dela errealitatea. Hori honela izanik, argi dago oraindik, hezkidetzaren alde egiteko ugari dagoela.


Hezkidetzaren inguruko legediak aztertu ostean, EAEko Emakumeen etaGizonen Berdintasunerako VI. Plana iruditu zait esanguratsuenetako bat. Izan ere, oso garrantzitsua iruditzen zait plan honekin lortu nahi dena. Hau da, euskal erakunde publiko desberdinek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren kontuetan sustatu behar dituzten lan ildoak ezartzea, benetako berdintasunean aurreratzea lor dezagun, bai ekonomia, kultura, gizarte-bizitzaren, bai bizitza politikoaren esparru guztietan.

Aste honetan aztertutako lege horien bidez, esan daiteke, hezkidetzaren ideia zabaltzea lortu dela; batez ere, hezkuntzaren esparruan. Gaur egun, bertako profesional gehienak kontzeptu honen berri dakite. Hala ere, aurretik aipatu bezala, oraindik honen ibilbidea luzea delakoan nago. Askok hezkidetzaren alde egin behar dela aipatzen duten arren, ondoren honen induruko ezer gutxi egiten da; konpromiso falta dagoela nabari da. Hori honela izanik, berdintasun errealaren bidean dauden bi erronka aipatzekotan ondorengoak aipatuko nituzke:
  • Hezkidetzaren eta honen legediaren inguruko kontzientziazioa gizarteko esparru guztietara hedatzea, formakuntza ahalbidetuz.
  • Hezkidetzaren inguruko ideiak paperean jasotzeaz gain, honen inguruko ekintzak antolatzea eta horretarako konpromisoa agertzea. Horrekin batera, egunerokotasunean nabarmentzen diren genero estereotipoak deuseztatzeko ekintzak burutuz eta baliabideak eskainiz. Aipatzekoa da esaterako, Nafarroan martxan jarri duten Skolae berdin bidean programa.

-           



2017/11/21

JAI PAREKIDEEN ALDE

Ospakizunak eta jaiak argi dago ez direla egunerokotasunetik at dauden gertaerak, izan ere bertan egunerokotasunean bizi eta garatzen ditugun rol, estereotipo eta emozioak besteak beste erreproduzitzen ditugu. Agian, guzti hauek indartuak ere azaltzen dira jai giroan. Zer esanik ez, esku artean daukagun “ La manada”-ren kasua. Rol matxista eta jarrera hetero-patriarkalek bere osotasunean garatuta, gizon ahalguztidunen boterea guztiaren gainetik: errespetuaren gainetik, giza eskubideen gainetik, eskubidearen gainetik, berdina izateko aukeraren gainetik, enpatiaren gainetik…



Ospakizun eta jai parekideen beharra badirudi gero eta beharrezkoagoa dela, jendarte eta sistemaren oinarrik kutsatuta badaude, jaiak ere kutsatuta daudelako.
Dagoeneko brigada moreak (deitura desberdinak jaso dituen taldea) gero eta ohikoak dira herri eta hirietako jaietan, honen beharra gero eta gehiago sumatzen delako. “Etxerako bidean, libre izan nahi dut, ez ausarta” leloak oso ondo azaltzen du jai giroan (eta jai girotik kanpo) maiz gertatzen dena. Esan bezala jendarteko rol eta estereotipoak une oro erreproduzitzen direlako.Bestalde, aipatutako guztia aurrera eraman ahal izateko, hots jai parekide, berdintasunean loratutako jai giro, lasai eta gustura gozatzeko aukera izateko, lanketa sakona egin behar delakoan nago. Bai etxean, bai eskolan eta hezkuntza eremu guztietan kontzienteki landu beharko litzatekeen gaia dela uste dut, kontzientziazio lan handia eginez.



Azken hau da hortaz, hezitzaileok dugun erronketariko bat: badirudi gizarte gero eta modernoago eta aurreratuago batean, giza harremanak gero eta primitibo eta kutsatuagoak direla.
Baliabide interesgarri bat hemen, jaiak parekidetasunean bizitzeko dekalogoa:
http://www.elorrio.eus/eu-ES/Albisteak/Documents/2015-DEKALOGOA.pdf Pasadan urteko post-ari dagokionez, hau aukeratu dut:http://hezkeh0506.blogspot.com.es/2016/11/ospakizun-eraldatzaileak-gure-eskolan.html







2017/11/20

Herriko jaiak, gizartearen Isla


Margaret Bullenek dioenez “jaietan gertatzen dena, gizartean gertatzen denaren isla da”. Oso esaldi indartsua iruditzen zait eta abiapuntzat hartuta nire herriko jaiak aztertzeko gogoa sartu zait. Bermeoko jaiak nahiko popularrak dira gure zonaldean, eta inguruko jende pilla bat etortzen da. Baina aurton erronka barri batekin aurkitu gara. Arrazoi ezberdinak direla eta herriko elkarteek txosnarik ez jartzea erabaki zuten eta momentu batez pentsa genuen Txosna gabeko jaiak izango genituela. Baiena ez, azkenean herriko talde diferenteetako pertsonak batu eta txosna bakarra sortzea erabaki zen.  “Herrireko jai” edo “txosna bete implikazino” izan dira aurtengo Txosnako leloak. https://www.facebook.com/bermeokotxosnak/

 Oso proiektu polita izan da, normalean batu ez liratekeen pertsonak elkarlanean, dena herriko jendeak organisatutako jaiak aurrera ateratzeko. Baina ideologi eta balore diferenteak batzen diren guztietan bezala, hemen ere desadostazunak eta tentsioko momentuak egon dira. Ni ez naiz prozesu  guztian egon, eta beraz nik bizi izan ditudan momentuei buruz bakarrik hitz egingo dut.  Hasiera batetik seinalatu zen feminismoa Txosna honen baloreetan oso garrantzitsua zela. Denok zeuden ados, baina MUSIKA gaia mahai gainera atera zenean… 3. Mundu gerra hasteko alarma guztiak piztu ziren. Erregetoia, eta erregetoi komertzialean agertzen den matxismoa izan zen gatazka guzti honen erdi-puntua. Txosna batzordeko alderdi  batek erregetoi komertzialeko kantak txosnan egotea defendatzen zuten, “hori baita  herriak nahi duena”.  Herri guztiak hori nahi zuela ez zen guztiz egia, nik adibidez ez bait nuen hori nahi. Baina egia izatekotan ere, “herriak nahi duena” argumentuak denetarako balio du? herriak musika matxista nahi badu, eman egin behar zaio? Nahiz eta Txosnen baloreekin bat ez egin?

Gai honen inguruan asko eztabaidatu genuen. Eta esan beharra daukat, egoera horren aurrean nire ideiak eta baloreak defendatzeko errekurtso barik aurkitu izanak  kurtso honetara apuntatzeko motibo detonantea  izan zen.

Argi utzi nahi dut, nik erregetoia dantzan egiten dudala eta nire bizitzako leloetariko bat Emma Goldmanen “if I can’t dance, it´s not my revolution” dela. Baina badakit erregetoi komertzialeko abestietako  letrak oso matxistak direla, eta naiz eta taberna batean erregetoi komertziala dantzatu, beti saiatzen naiz erregetoi abesti  alternatiboak topatzen.  Eta herriko jaietara bueltatuz, uste dut Txosna gune batean dantzan egiteko aukera egotea ezinbestekoa dela, noski baietz. Baina kontuan izanik erregetoi komertziala leku guztietan dagoela, eta Txosnen balore garrantzitsuenetariko bat jai eredu diferenteak bultzatzea dela, saiatu gaitezen genero-estereotipoak alde batera usten dituen      musika alternatiba berriei lekua ematen. 

Eta erregetoi/cumbia diferente baten erritmora popak astindu nahi izanez gero, hor doaz kanta pare bat ;) * bigarrenaren bideoa ezin izan dut jarri, Taldearen izena Chocolate Remix da eta abestia "Como me gusta a mi". https://www.youtube.com/watch?v=5s3TFqChPYM&has_verified=1








Pasadan urteko post-ari dagokionez “Kaleak eta jaiak gureak ere badirelako!” izenekoa aukeratu dut nik landu nahi izan dudanarekin zerikusia duelako, eta inspirazio iturri izan delako. Batez ere hurrengo bi esaldiak.

“…jaiek ezinbestekoa dute eguneratzea, gizartera eta bertan bizi den jendartera moldatzea, denboran iraun behar badute. Moldatzea, eraldatzea izango da jaiak iraunarazteko gakoa”, eta “Dantza demokratizatu egin beharko genuke, erreferentzia irekiagoak sartu, beldur barik”.
Eta eskoiko argazkia aurkitu dudanean, enamoratu egin naiz.



*Hor doa aste honetako eskema





DANTZATZEN EZ BADUGU, HAU EZ DA GURE IRAULTZA!



 “Subertsioz eta plazerez ehundutako harremanak eta gorputzak gara festetan. Afektuak, konplizitateak, barrea eta dantza. Aitzitik, jendarteko gatazkak eta desberdinkeriak ere islatzen dira haietan. Izan ere, kultur (sistemen) adierazpen ahaltsu direnez gero, jendarte, herri, talde edota komunitate jakinen ezaugarri guztiak islatzen dira jaietan. Ondorioz analisi eta gogoetarako pribilegiozko leku bilakatzen dira: bizimodu sozialak egituratzeko moduen berri ematen digute, baita jendarte horren eraldaketarako
eta disidentziarako estrategien berri ere”
Miren GuillĆ³ «Festak, genero-harremanak eta feminismoa»


37 egileren ekarpenak hartuta Miren Guillo-k koordinatutako liburu honetan https://www.berria.eus/paperekoa/1761/006/001/2017-06-09/lan_garrantzitsua_da_plazera_erdian_jarriko_duten_jaiak_irudikatzea.htm festak genero-ikuspegitik aztertzeko hainbat gako proposatzen dira. Artikulua irakurrita iruditu zait liburu hori ezin aproposagoa izango litzatekeela aste honetako gaia lantzeko, pena eskura bat ez izatea.





Antropologian aditua den Margaret Bullenek dioen bezala, “jaietan gertatzen dena, gizartean gertatzen denaren isla dela”. Ez da kasualitatea. Jaietan gero eta ozenago entzuten ditugu genero indarkeriaren kontrako mezuak, eta hainbat eta hainbat ekimen martxan jartzen direla ere ikusten dugu. Hala ere, hitz egin genezake esparru askotan jartzen den musikaz… edo jaien eta festaren aitzakia hartuta egiten diren errepresentazio batzuetaz… baina orokorrean esango nuke, euskal herriko jai herrikoi gehienen ardurak dituztenak generoarekiko kontzientzia dutela, eta herriko talde feministekin batera lan egiten dutela urtero jaietan denok gozatzea ahalbidetzeko. Bideo hauetan Azpeitiko eta Pasai Antxoko ekimen ezberdinak ikus daitezke:







Iazko post hau aukeratu dut http://hezkeh0506.blogspot.com.es/2016/11/jaiak-jendartean-errotutako-kulturaren.html oso konpletoa iruditu zaidalako, eta Mafalda-ren irudi transgresoreak beti alaitzen nauelako. Maileguan hartuko diot  




Jaiak eta ospakizunak hezkidetzaren ikuspuntutik lantzeko jaietan honen inguruko ekimen parte-hartzaileak egingo nituzke: hezkidetza ezagutzera emateko tailerrak, antzerkiak edo ipuinak… jaien egitarauen barruan kokatu eta jendeari gaia hurbiltzen saiatuko nintzateke.

Eremu hezitzaileetan gai honekin beste guztiekin bezala gertatzen dela uste dut: era puntualean landu eta gero ahaztu egiten ditugula. Nik uste dut edozein egoera aprobetxatu behar dugula baloreak transmititu eta umeei helarazteko. Jaiak eta ospakizunak denok goza ditzagun balore onak dituzten pertsonak hezi behar ditugu, horrela bada jaietan ere besteak errespetatuko ditugun pertsonak izango garelako. Dena dago heziketarekin lotuta, eta honek hezkidetzailea izan behar du, guztion onurarako izango bada. Horixe da gure erronka.

Tradizioa... iraungi daiteke?


Euskal Herriko jaiek, Euskal Herrian ospatzen diren jaiak izateaz gainera, ezaugarri bereziak dituzte wikipediaren arabera. Euskal kultura modu nabarmen batez islatzean, beste herri batzuetako herrien aldean bereziki identitatea indartu egiten duten jaiak direla aipatu da antropologiatik. Horrela, azal daiteke gainera Euskal Herriko jaiek denboran nahiz espazioan zehar duten ugaritasuna eta trinkotasuna. Ildo horretatik, Voltairek XVIII. mendean euskaldunak "Pirinioetako bi aldeetara kantu eta dantza egiten duen herria"bezala definitzen zituen.


Baina tradizioak eta ohiturak aldagarriak ote dira? Galdera honen inguruko hausnarketatxoa planteatzen digu HAMAIKA TB kateko Aizank programak. Gazteei zuzenduta badago ere, ez dut uste belaunaldi berriei soilik dagokion afera denik. Izan ere, hamarnaka lagunek bizi izan dugu ohitura eta tradizioaren lemapean gidatutako jaien eta ospakizunen  alde argi eta iluna. Belaunaldiz belaunaldi mantendutako ohitura izateak, beti ez baitu esan nahi jendartearen gehiengoarentzat onuragarria den zerbait denik.

Gainontzeko kideek idatzitako postetan ere aurkitu ditugu gogoeta ezberdinak aste santuetako prozesioei buruz, alardeak, santa ageda....  eta bestelako jai erlijioso eta ez hain erlijiosoen inguruan. Horiek guztiek ere markatzen dute gure eguneroko agenda, eta batez ere, urtez urte ziklikoki errepikatzen diren ustezko ekintza dibertigarri eta positiboak.
Zer dute jaiek eta ospakizunek, halako tradizio pisutsuarekin eta belaunez belaun errepikatzen eta erreproduzitzen jarraitzeko? Zergatik kostatzen zaigu horrenbeste euren baliozkotasuna kolokan eta zalantzan jartzea? Zer ezkutatzen da ustezko ohitura abegikor, sozializatzaile eta aglutinatzaileen atzean?

Euskal Herrian alor ezberdin ugaritan topatu ditugu gelditu edota aldatu beharreko tradizioak. Horri eskerrak garai bateko mutildantzak mutilenak soilik izateari utzi diete; ezpatadantzak ez dira gizonezkoenak, eta sokadantzan ez dira soilik emakumeak geratzen zein mutilek gonbidatuko dituen, zain, zokoraturik... Dantza tradizionalen munduan, beraz, badira analizatzeko kontu asko. Jantzietatik hasi, pausuetatik jarraitu eta atzean duten mezu subliminala zein agerikoa salatzerainokoa.  

Zorionez, lehengo eta gaurko erromeriek ez dute zerikusi handirik, eta pixkanaka, espazio publiko batzuk geureganatu ditugu emakumeok... baina edozelan, Euskal Herrian ere, sistema patriarkalak erroak ongi lotuta dituela onartu beharko dugu. Eta urteetako lana dugu aurretik, gauden tokian gaudela, gure jai molde eta ekintzen nolakotasunari buelta ematen hasteko.

Aurten, urrutira joan gabe, Otsemeak Amurrioko talde feministak pausarazi zuen San Juan gaueko  sorginaren erreketa. Sekulako iskanbila sortu zuen ekintza hark: sorgin-panpina bahitu zuten, eta  urteko gaurik laburrenaren festa kolokan jartzea lortu zuten. Batez ere, interesgarriena zera izan zen: eztabaida potoloa jarri zutela herritar ororen ahotan. Herrian bolo bolo zebilen gertakaria izan zen. Ordura arte inork publikoki zalantzan jarri ez zuena. Otsemeak taldeak mezua zabaldu zuen biharamunean bizilagunei adierazteko eurak izan zirela Amurrioko Udaleko sorgina kendu zutenak, “ez dugulako onartuko beste urte batez ere sorginak, emakumeak, herritarron aurrean inkisizioaren garaietan bezala plaza erdian erretzea. Nazkatuta gaude udalaren promesa faltsuez eta uste dugu bazela garaia hitzetatik ekintzetara pasatzeko".
 
Laudion ere, San Roke Kofradiarekin izan dira urteetan zehar tirabirak. Herriko gizaseme eta generazio askok parte hartzen duen tradiziozko anaitasuna osatzen dute; duela gutxira arte, emakumerik gabeko elkartea, noski. Parekidetasun legea eta herri presioak bultzatuta, barne araudia aldatu eta egun, emakumezkoa izanik ere partaide izan daitekeen erakundea da Kofradia (eskertuta egon beharko bagina bezala!). Ezin ahaztu, herriko jauntxo eta tituludunen omenez mantendu eta goratutako elkartea izan dela. Egun ere, balore eta sentimendu beraren aitzakiapean mantentzen da bizirik. Eta ez hori bakarrik, euren jai pribatu eta patriarkalaren inposaketa medio, herriko jai nagusien datak ere baldintzatuta daude XXI.mendean. 

Nola liteke baina, halako proiektu baten sustengupean, kolore ezberdinetako eta sentsibilizazio politiko horren muturrekoak elkarrekin egotea? Nola lor dezake sistema heteropatriarkalak, gaur egun ere, TRADIZIO ETA OHITURAren argudio soilarekin, horrenbeste gizon laudioar txapel beraren azpian elkartzea?

Tradizioak noizbait HASI diren bezala, noizbait BUKATU daitezkeela sinisten duen horietako bat naiz ni. Hortaz, ikastetxeetan ere egiteko asko dugu bataurreko moreak jantzi eta lupa ondo garbituta gure jai eta ohituretako bakoitza ondo analizatzeko.


1.- Jaien analisia eskola barruan: mezua eta ekintzen nolakotasuna aztertu, kritikotasunez hausnartu eta buelta emateko estrategiak abiarazi ikastetxe barruan.
2.- Jendarteko eztabaidak ikastetxe barrura trasladatu, eta alderantziz. Herriarekiko lotura zuzena izatea oso garrantzizkoa da, eta inguruan dauden mugimendu feministekin harremana izan eta elkarlana bideratzen saiatzea, jendartean elkarrekin eragiteko apustua  guregain hartzea ere izan daiteke. Batera aurrerapauso handiagoak eman ditzakegu eta.
3.- Erabateko aldaketa bermatzeko baliabideen berrikuspena, beharrezko diren materialen  SORKUNTZA eta moldaketak kudeatzea.
4.- Irakasleen artean ematen diren hausnarketak eta erabakiak, helduenak diren ikasleekin batera lantzeko eztabaida eta solasaldiak antolatu eta bideratzea. KOMUNIKAZIOA ETA TRANSMISIOA. Kontzientziari astindua eman. Norbanakoaren sentsibilizazioa modu kolektiboan bideratzeko lan egitea.
5.- Tradizioek duten INPUNITATEAREKIN APURTU, gure hezitzaileon kosmobisiotik hasi eta ikasleen pentsamendu kritikoa garatzen laguntzera iristeko.


Baliabide interesgarrien artean Klitto atari digitalean topatu dut 10 puntutan laburbildutako orientabide bat. Hezkidetzan aintzat hartzeko gako nagusi batzuk markatzen dituela iruditzen zait.


Jaiak guztionak eta guztiontzako direla gogoratzen zigun post batek arreta deitu dit niri ere. Bertan azaldutako hainbat datuz gain, gogora ekarri dit FESTA DEZAGUN GAURDANIK GEROA dokumenta egin zenekoa. Bertan egiten den analisi esanguratsuak gai honekin bete betean egiten du bat. Horren zabalpen handia egin zuen Euskal Herriko Bilgune Feministak 2014ko uztailean. Eta tradizioaren eta ohituren ingurunean zernolako eraso ezkutuak topatzen ditugun azaleratzen da egindako diskurtso eta elkarrizketetan. 




Jai Hezkidetzaileak ospatzen!

Aste honetako blokean "jai eta ospakizunak" miatzen ari garelarik, IruƱean "La Manadak" 18 urteko neska bati egindako bortxaketaren inguruko datu berriak izan ditugu. Tamalez, jai eta ospakizun gehienetan, guztietan ez bada, horrelako egoerak ematen dira. Nire iritzi propioan, lehen ere ematen zirela uste dut, baina gaur egun, eskerrak, gehiago zalatzen direlakoan nago. 




Baina, zer dira festak? Antropologia feministak oso argi du: Festak eta ospakizunak ez dira gizartean ematen diren eszenifikazio soilak, kultura- adierazpen sendoak baizik". Beraz, gure kulturarekin bat datoz. Hori dela eta, jaiak banan banan aztertuz gero, androzentrismoaz kutsatuta daudela soma dezakegu. Farapi taldeak dionenez festak bizitzaren erdigunean daude, ez bakarrik lan eta atseden erritoekin lotuta daudelako, baizik eta ideia eta baloreen munduarekin lotuta daudelako, herriaren nortasunarekin, gizarte egiturarekin eta genero sistemekin, hau da, pertsonen arteko harremanekin oro har, eta emakume eta gizonen arteko harremanekin bereziki". 




Astean zehar irakurritako irakurgaian oinarrituta egindako kontzeptu mapa aurkezten dizuet. 

Ikastarokideen ekarpenak irakurriz, "Jai eta ospakizunak betaurreko moreekin ikusirik" nire arreta deitu du. Lehenengo eta behin, tituloa pilo gustatu zait. Hortaz aparte,  azalpen argiak eta irudi deigarriak ditu. 

Jaiak eta ospakizunak hezkidetzaren ikuspuntutik lantzeko baliabiderik onena Irakasleek  jai eta ospakizunen hausnarketa sakona egitea izango litzateke. Nire ustez, ez badugu hausnarketa egiten, ez dago ezer aldatzerik. Beste alde batetik, ospakizunak hezkidetzatu behar ditugu. Bada garaia!! 




Hau guztia eremu hezkidetzailean lantzeko erronkak politak dira:
- Ospakizunen azterketa sakona egitea: zer da ospatzen ari garena? Zergatik? Nondik dator ospakizun hau? Ados gaude? Zeozer aldatuko genuke?

- Ospakizunak birplanteatzea: Sexu genero estereotipoetatik at daudenak sortu.



- Gure ikasleei gozatzeko bide osasuntsuak daudela irakatsi. 


Jarri ditzagun betaurreko moreak!!

HARIAK ETETEN

Festa eta jaia askotan aske sentitzearekin eta eguneroko mozorroak eranztearekin erlazionatzen dugu. Egunerokoan lotzen gaituzten hariak eten eta poztasuna, disfrutatzearekin lotzen dugu.. Baina, ez,  oraingoz hori ez da horrela. Eguneroko sistema berarekin egiten dugu topo, patriarkatuaren txotxongilo izaten jarraitzen dugu eta eusten gaituzten hariek esaten digute, non ibili, nola ibili, nola jantzi, nola dantzatu…
Zorionez, pixkanaka pixkanaka hasi gara hariak eteten eta gure guneak sortzen, kontzientziazio kanpainak ugaritu dira, ondorengo bideoak bezalakoak gure hiri eta herrietan geroz eta gehiago dira.
Herri ugaritan egin dituzten gune askeak baina, oraindik ere plazara jaiaren erdigunera aske irteteko adinako aukerarik ez dugu.
Gainean klik egin handiago ikusteko
Oso gai aberatsa iruditzen zait ikasgelan lantzeko, errealitatean erroturik dauden ekintzak dira, tradizioari bete betean eragiten diotenak eta sistema etengabe erreproduzitzen jarraitzen dutenak. Honela beraz, ikastetxeak indarrean den heteropatriarkatuaren sistema deseraikitzeko bidean jai parekideen aldeko aldarria eta lanketa egitea funtsezkoa izango da. Ondorengo erronkak planteatuko nituzke:
  • Ikastetxean ospatzen ditugun festa eta jai egunen azterketa egitea genero ikuspegitik.
  • Jaietan emakume eta gizonen parte hartze parekidea bultzatu eta horretarako estrategiak bilatu. Bai antolakuntzan bai festa egunean.
  • Tradizioari loturiko ikastetxean ospatzen ditugun jaien gaineko hausnarketarako bideak zabalduz, ikuspegi kritikoz aztertzen irakatsi ikasleei. Tradizioak eraldatuz, jai berriak sortzeko bideak zabaldu.
  • Erabiliko ditugun baliabideek helburu hezkidetzailea dutela ziurtatu: Irudiak, proiekzioak, argazkiak, koreografiak, musika.. hautatzerako orduan.
  • Jai edo egun moreak deiturikoetan jarduerek helburu hezkidetzaileak dituztela ziurtatu. Beste ospakizunei adineko espazioa, denbora eskaini. Eskola komunitate osoaren parte hartzea bultzatu.

Hasieran esan bezala, hariak eteten edota jai gune askeak sortzeko ekimenetan burubelarri lanean ari dira hainbat elkarte, asanblada, jai batzorde… Bide horretan, dagoeneko askok aipatu duzuen Festak, genero-harremanak eta feminismoa UEUko artikulu sortak hausnarketarako bide ugari ematen dizkigu. Tradizioaren inguruan egin beharreko lana ere aipatu dugunez, interesgarria da Gipuzkoako lurralde historikoko jaiei buruzko azterketa, generoaren ikuspegitik ageri diren datuak aztertzea, gure inguruan oraindik ere ditugun festa eta ospakizun gehienek heteropatriarkatuaren sistema erreproduzitzen dutela ikusteko. Emakundek bultzatutako, Beldur Barik programak ere badu jaien gaineko lanketa bat egina, ondorengo estekan beren proposamena eta baliabideak ageri dira: Beldurbarik jaiak. Azkenik, balibideekin jarraituz emakundek aurkeztutako musika playlist parekidea ere ikastetxeko jai edo ospakizunetan erabiltzeko egokia izan daitekeela iruditzen zait: 200 abesti sexismorik gabeko jaietarako.
Amaitzeko, aurreko ikasturteetako posten arten jaiak guztionak guztiontzat izenekoa hautatu dut. Ideiak argi azaltzeaz gain, hasieran partekatzen duen bideoak sarrera honetan aipatutako ideiak osatzeko balio duela iruditzen baitzait.