2017/03/20

INDARKERIA MATXISTARI AURREZ-AURRE BEGIRATZEN


Indarkeria matxistaren erantzukizuna gizonengan jartzeko garaia bada, bai. Hezitzaile bezala, ama bezala, asko kezkatzen nauen gaia da. Izan ere, alaba bat eta bi seme dauzkat eta ez dut inola ere bidezkoa ikusten gai hau, beste gai askotan bezala, ardura emakumearen gainean jartzea. Are gehiago, nire bi semeek arlo honetan izan dezaketen erantzukizuna kezkatu egiten nau  (zaintzan, arlo pribatuaren kudeaketa egokian, eta beste arlo batzuetan bezala), eta zentzu horretan heziketa prozesuan kontuan hartu behar dudala pentsatzen dut. Zer erakutsi behar diet nire semeei honen inguruan? Eta maitasun erromantikoaren inguruan? Ez al diet ba argi utzi behar zein den haien erantzunkizuna maitasunaren eraikuntzan? 



Kirol partiduetara joaten naizenean, sarri ikusten ditut beste gurasoak, buru-belarri, baloiarekin zer egin behar duten garrasika esaten eta zorionez, batzuetan ere ikusten ditut gatazkak modu baketsuan kudeatzeko argibideak ematen. Indarkeria matxistaren kasuan ez al zaio ba gizonari hitzik esan behar?

Zentzu honetan esan behar da, salbuespenak salbuespen, oraindik ere indarkeria matxistaren gaia eskolan lantzeko ereduak emakumeei zuzenduta daudela maila handi batean eta honek, gizonen interesa ez bereganatzea dakar eta interesa eta motibazioa faltan badago, horrelako gaiak lantzeko bidea, beti aipatzen dugun berdintasunean aurrera egiteko egoera-bidea, ez da hain eraginkorra izango. Mutilak, gizonak, aitak, semeak, aitonak eta lagunak, berdintasunaz busti behar ditugu, eurak ere ura hotz dagoenean hotzikara eta ezinegona nabari dezaten, eta epela eta goxoa dagoenean, gozatu dezaten.

Indarkeria matxistarekin lotuta ikusten ditudan egoera errealak? Oraindik ere etengabe ikusten ditut bere bikotekidea isilarazten dituzten gizonak. “Hori ez da horrela, ez duzu ulertzen, ez ez gara horretaz ari…” eta antzekoekin. Batzuetan modu sotilagoan, bestelamodu bortitzagoan. Eta bigarren aipatuko nuke, kontrola. Bikotekide batek bestearenganako jarri nahi duen kontrola “nora zoaz eta noiz itzuliko zara” galdetuta ere. Galdera horrek konnotazio asko izan ditzake eta. Ni, alerta egoeran jartzen nau.

Honekin lotuta, eta indarkeria matxisten inguruko bideo baten gomendioari dagokionez hona “Desenfocada” laburmetraiaren helbidea. Hain “normala” dirudien bikote batean ematen den begi morerik gabeko indarkeria,indarkeria psikologikoa... Gauza asko esan daitezke bideo honen inguruan eta uste dut, gizonek beren jokabidearen inguruko hausnarketa ere egin dezaketela hau ikusita.

Iazko ekarpenei dagokionez Marivi Fernandezen posta aukeratu dut, besteak beste, baliabide asko eskaintzen dituelako.

Bukatzeko, erronkei dagokinez, irakurgaiak berak tratatzen dituen arloak adieraziko nituzke bloke nagusi bezala. Hots, atal hauetan arreta jartzea, eta sakonki lantzea. Lehenik eta behin IDENTIFIKATZEA. Zer diren indarkeria matxistak. Non, nola eta zergatik azaleratzen diren. Ezagutza. Identifikatzen ez baditugu, ezin baitiegu aurre egin.

Gero hauei aurre egiteko egiturak deseraiki eta harremaneterako forma berriak ikastea.


Eta gizonei, mutilei, forma berri horietan bizitzeko aukera eman; nola? Patriarkatuak inposatutako identitatearen eredu dikotomiko itxiak eta hierarkizatuak hautsiaz. Gozatzeko eta bizitzeko beste eredu batzu daudela erakutsiaz. 


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina