2018/12/16

Ez dut errealitatea aldatuko, ez badut hizkuntza aldatzen






Gure gizartean berdintasunaren bidean nabarmen aurrera egin dugun arren, kultura sexista eta androzentrista batean hezi eta bizi gara; ondorioz, errealitate hori hizkuntzaren  erabileran azaltzen da, generodun edo genero-gabeko hizkuntza erabilita ere.
Hizkuntzak, errealitatea izendatzeaz gain, interpretatu eta sortu ere egiten du eta hemen egin nahiko nuke azpimarra, kontziente izan behar dugu hizkuntzaren bitartez errealitateren ikuspegia alda dezakegula eta kasu honetan batez ere, emakumeen presentzia eta erreferentzialtasuna bistaratu dezakegula. Hala ere, aipatu nahiko nuke, hiztunen ekoizpenetan hautemandako sexismoa gehienetan hizkuntzaren erabilpenean dagoela eta ez hizkuntzan bertan. Hiztunok beraz, eta hezitzaileok bereziki, adierazteko modua aukeratu dezakegu eta erabilera egokia egin; hizkuntzak ez digulako modu desegokian adieraztera behartzen.

Iazko post-en artean Loinaz Lekuonarena aukeratu dut egiten dituen hausnarketagatik, Alda Facio edo Jessica Murillo hitzekin aberasten du idatzia eta erronkak ere ugariak ditu.  

Hizkuntza inklusiborako giden inguruan, Amelia Barquinek Emakunde-rentzako egindako gida aukeratu dut Euskararen erabilera ez sexista. Nahiz eta euskara generodun hizkuntza ez izan, generoan azterketa burutzen du, eta, sexismo edo androzentrismoa nola adierazten den azaltzen du, adibide ugari jartzeaz gain.
Steei eilas-en  Komunikazio inklusiborako gidan  bada atal bat “komunikatzeko bestelako aldagaiak” oso interesgarria iruditu zaidana (15. orrialdean). Bertan, gizon eta emakumeak komunikatzean ditugun desberdintasunak adierazten dira, hala nola, lexikoan, gaiak antolatzerakoan, elkarrizketetan eta abar.
 


Gida hauetatik lehenesten ditudan bi alderdi ondorengoak dira.
1. Genero femeninoa sartzea, hau da, emakumeak bistaratzea alor guztietan.
2. Ikonografia ere asko zaintzea, idatzitako baino lehenago sartzen zaigulako iruditan ikusten duguna.

Eskolan eta jendartean ondorengo erronkak nabarmenduko nituzke:

  • Erabiltzen dugun hizkuntzaren sexismoaz ohartzea, androzentrismoa agerian jarriz. Adibideak jartzerakoan kontua edukiz, zein lanbidetan edo zein esparrutan kokatzen ditugun bi generoak.  
  • Erabiltzen ditugun material didaktikoak berrikustea, emakumeen inbisibilizazioa saihestuz. 
  • Irakasleak formazioa jasotzea ezinbestekoa da, hizkuntzaren garrantziaz jabetzeko. Nire kasuan, Teresa Meana SuĆ”rezen hitzaldi bat entzutea inflexio puntua izan zen, gaiarekiko sentsibilitatea handitu eta idatzi guztietan moduak zaintzeko. Beheko bideo honetan pasioa kontagiatzeaz gain, umorez jorratzen du gaia Teresak. 



  •  Jendarteari begira komunikabideetako profesionalei formazioa ematea ere oso garrantzizkoa ikusten dut, askotan beraien berriekin eta emateko moduekin pertsonen pentsamoldea alda dezaketelako.


Ondo izan

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina