2020/10/10

Ezin badut dantzarik egin, hau ez da nire iraultza

 Kaixo ekipo!

Amaia Alberdi Ruiz de Alegría naiz, hezitzaile zarauztarra, urte askotarako :)



Testua irakurtzen jarraitu aurretik, eman hemen play-ri ;)

Herri mugimendu feministetan twerkingean aritu eta ingenieritzan bazterrak nahasten ibili ondoren, pedagogia eta saretzearen indarra ezagutu nuen Perun, bertan hainbat urtez lanean ibili ondoren (Perun deitu nion lehen aldiz neure buruari hezitzaile). Etxera itzuli eta DBHko bloke zientifiko-teknologikoko irakasle lanetan hasi nintzen Lasarteko Institutuan, eskola gizarte eraldaketarako tresna paregabea zela/dela izanik nire mantra. 

Hezitzaile rolaren inguruan asko hausnartu dut eta injustizia ezberdinen transmisioa eteteko ardurak kezkatzen/indartzen nau. 

Azken bi urtetan Alboan izeneko GKE batean hezkidetza teknikari lanetan ibili naiz, autodiagnostiko parte-hartzaileen bidelagun izanez hezkuntza komunitate anitzekin eta Berritzeguneekin elkarlanean. Hemen 25 eskoletan bide lagun izan naizen prozesua kontatzen duen bideo laburra. 

Urte hasieran, HUHEZIrekin prozesu hauen inguruko ikerketa batean aritzeko aukera izan nuen(argitalpena prest dugunean elkarbanatuko dizuet). Elkarrekintza honen harira, hilabete honetan hasi berri naiz  bertako hezitzaile lanetan Magisteritzako Graduan (ardura honek barrenak nahastu dizkit (metaforikoki eta literalki), uste dut gaur izan dela komunera behin bakarrik joan naizen lehen eguna ajajjajaja)😐

Musikari frustatua (txirulan pare bat nota erdi zuzen egiteko gai naiz juxtu-juxtu), dantza bidez aberasten ditut doinuak. Kuadrilaren arabera, ez dut bizitza kolore gabe ulertzen eta janzterako orduan "kapa" asko jartzearen zalea naiz (tipularen moduan). Nire inguruan gozorik badago denbora gutxi irauten du eta txokolate tableta bat "sentada" bakarrean jatea ezinezkoa dionak, ez nau ezagutzen.

Ez dut nire bizitza feminismorik gabe ulertzen, ezta ikaste-irakaste jardunik gabe, ezta bi hauek beste pertsonekin ehunduz egin gabe ere. Horregatik nago hemen :)

Gora gerri askeak!

Amaia❤



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat