Nire izena Arrate da eta 22 urte ditut. Haur Hezkuntzako Gradua bukatu berri dut eta irakasleen formakuntzaren garrantzia aitortzen dudanez, formakuntzazko zenbait ikastaro egitea helburu nuen. Modu horretan, Hezkidetzan Esku Hartzen ikastaroarekin topo egin nuen.
Izaera aldetik, bideoan hainbat ezaugarri txertatu ditut, oro har definitzen nauten ezaugarriak; hala ere, horietako batzuk negatiboak izan daitezke; esate baterako, pertsona langilea naiz baina batzuetan gehiegi inplikatzen naizela uste dut (edo hori esaten didate), eta egia da burua deskantsatzea oso garrantzitsua dela. Enpatikoa ere banaiz, beti saiatzen naiz nire ingurukoak zaintzen, ondo egon daitezen eta askotan neure buruaz ahazten naiz, nire buruaz zaintzeaz. Bestetik, iraultzailea eta geldiezina naiz, positiboa eta motibatzailea; alaia eta eskuzabala; eta noski....FEMINISTA.
Nire kolore gustukoena morea da eta nire animalia espirituala zaldia da, baina askatasunean bizi den zaldia. Musikarekin jarraituz, hainbat dira entzuten ditudan taldeak baina gehien gustoko dudana Gatibu da, sortzen dituzten abestiak brutalak direla uste dut. Gatiburen abestiren bat hautatzearren, “Aske Maitte” abestia aukeratuko nuke, Izaro abeslariarekin egin duen abestia.
Nire aisialdian zenbait zaletasun egitea gustoko dut: alde batetik, Sestao River Neskak futbol taldeko jokalaria naiz, 10 urte daramatzat futbolean jokatzen. Atseden hartzeko eta burua deskantsatzeko irakurtzea gustoko dut, bai fikziozko baita formakuntzazko liburuak ere. Bestetik, bidaiari amorratua naiz, pila bat gustoko dut esperientzia berriak bizitzea, herrialde eta jende berria ezagutzea, hizkuntza eta kultura berri batean murgiltzea... Nire aburuz, bidaiatzeak persona moduan aberasten gaitu. Zaletasun hauetaz gainera, kuadrilarekin asteburuetan planak antolatzea eta egitea asko gustatzen zait.
Azkenik, zergatik nago hemen? Ikastaroarekin topo egin nuenean eta honen edukiak ikusita interesgarria iruditu zitzaidan baita beharrezkoa ere. Izan ere, unibertsitatean honen inguruko lanketa oso eskasa da. Hori dela eta, ikastaroa egitea erabaki nuen hezkidetzaren inguruko ezagutza zabaltzeko. Hala ere, espero dut denbora ondo kudeatzea eta nola ez, ikastaroaz disfrutatzea, askotan ikasteaz disfrutatzea ahazten baitugu.
Momentuz hauxe da guztia, beraz, ongi izan ekipo!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina