Curriculum ezkutuari buruzko artikulu hau oso interesgarria iruditu zait. Hortik, ondorengo paragrafoa atera dut: "Hezkuntza-sistemaren oinarrian dagoen mitoetako bat eskolatzearen
ustezko naturaltasuna eta objektibotasuna da, eta, ondorioz, ziurtzat jotzen da
eskola berdina dela ikasle guztientzat. Baina gauza bera eman nahi izateak ez
du esan nahi eskolan diseinatzen den guztia ikasten denik, ezta ikasle guztiek
modu berean ikasten dutenik ere, eta, berdintasuna sustatzetik urrun, gizartean
diskriminazio nagusiak errepikatzen lagun dezake.”
Alde batetik, eskola ez da erakunde neutrala, baizik eta erreprodukzio
sozial, ekonomiko eta kulturalerako mekanismo gisa jarduten du. Eta bestetik,
identitatea ez da modu espontaneoan sortzen. Aitzitik, identitatea ikasleak murgilduta dauden kulturatik eta testuinguru sozialetik abiatuta egiten den eraikuntza da.
Horregatik, eskolak, gizarte-espazio eta kultura
transmititzaile gisa, hainbat modutan jarduten du eta eragiten du ikasleen
identitatearen garapenean. Horietako bat curriculum esplizitua da. Horren barruan nahita planifikatzen diren jarduerak, edukiak eta helburuak daude. Beste modu bat
curriculum ezkutua da. Bertan sartzen dira esplizitatuta ez daudenak eta inkontzienteak direnak. Curriculum horren bidez, ikastetxeek ikasleen identitatearen
garapenean modu sotilean eragiten dute. Ikasleen identitatean izandako ondorioak ez dira beti negatiboak, baina esplizituki eta kontzienteki ez planteatzeak bereziki
arriskutsu bihurtzen du curriculum ezkutua.
Curriculum ezkutua oso baliabide boteretsua da eskoletan
eguneroko ohituren bidez transmititzen diren arauak, balioak eta harreman sozialak
ikasteko. Curriculum ezkutuaren barruan, nabarmentzekoa da genero-curriculum
ezkutua, ikasleak eredu dikotomiko eta lehenetsi batean kokatzen dituena,
askatasunean garatzea eragozten duena eta ezarritako ereduetatik ateratzen
diren pertsonak baztertzen dituena. Eta generoaren curriculum ezkutu horrek,
ikasle bakoitza zer den ez ezik, nolakoa izan behar duen, nola jokatu behar
duen, zer sentimendu izan behar dituen eta, are gehiago, nolakoa izan behar
diren bere bizi-proiektua, etorkizuna eta bizitza profesionala zehazten ditu.
Genero-curriculum ezkutua estereotipo sexualez beteta dago, askotan rol sexual estereotipatuetan oinarritutako irudi femeninoa edo
maskulinoa aurkezten duelako, mutilentzat eta neskentzat baimendutako jolasak
definitzen dituelako, espazioak sexu hegemonikoaren beharren arabera mugatzen
dituelako, testu-liburuetan, historian, kulturan eta zientzian emakumea
ikusezin bihurtzen duelako, emakumeak hizkuntzarekin baztertzen dituelako,
jokabide-patroiak aurkezten dituelako, eta abar.
Mezu subliminal horiekin guztiekin, ikastetxeak gizarte-eredu hegemonikoaren marjinen barruan zehazten du ikasleen identitatearen garapena, ez du askatasunik eta aniztasunik baimentzen, eta sufrimendu
izugarria eragiten die markatutako bidetik ateratzen diren pertsonei.
Horregatik, hain garrantzitsua da irakasleen eta ikasleen
espiritu kritikoa garatzea, ezkutuan
dagoenaz jabetzea eta argitara
ateratzea. Ezinbestekoa da tolerantzian eta desberdintasunekiko errespetuan
heztea, bai eta ikasleei aukeratzeko askatasuna
eskaintzea ere, askatasunean hazten uzten ez duten estereotipoak eta ereduak
alde batera utzita.
Aurreko edizioetako ikastarokideek egindako post
hau aukeratu dut, Olatz Ucinena, bere mezua nirearekin bat datorrelako: identitatea askatasunean garatu behar da. Izenburuan argi eta garbi adierazten
du: “identitatearen garapenean askatasunaren alde!” Olatzek dionez, “Pertsona
egitura hegemonikoaren, hierarkikoaren eta baztertzailearen mende gaude, eta
egitura horrek diskriminatu egiten ditu identitate batzuk beste batzuen
aurrean.”
"Ikasleen arteko tratu txarrak. ISEI-IVEIren Bullying
2018" txostenean
aztertzen da ea ikasleak diskriminatuta sentitzen diren genero-arrazoiengatik
edo sexu-orientazioagatik.
Grafiko honetan agertzen dira emaitzak:
Ikasle gehienek uste dute ez direla ikaskideak baztertzen
genero edo sexu-orientazio arrazoiengatik (LHko % 70,0 eta DBHko % 71,4).
Hala ere, gainerako % 29tik, Lehen Hezkuntzako ikasleen % 11,3k dio
neska izateagatik baztertzen dela, eta % 10,0ek, mutila izateagatik, eta horrek
adierazten du oraindik ere beharrezkoa dela sexismoa lantzea gelan adin oso
goiztiarretatik. DBHn bazterketaren ehuneko altuena gertatzen da gaytzat
hartzen delako (% 15,9), eta sexu-orientazioarekiko zurrumurruen eraginez
(% 10,6).
Urteak daramatzagu aniztasunarekiko errespetuzko ikastetxea inklusiboaren eta hezkidetzailearen aldeko apustua egiten, baina nire inguruaren behaketak baieztatzen dit oraindik aurreiritziak eta desberdinak direnarekiko diskriminazio eta basterkeria daudela.
Aniztasunak gure bizia eta harremanak aberasten ditu. Abesbatzak ahots desberdinekin osatzen dira eta guztiak dira beharrezkoak.
Carlos Bauteren "Saiatu errespetatzen" abestia hemen
duzue. Kantaren letra izugarria iruditzen zait.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina