Oi sexualitatea, gorputza ez ezik, burua ere dantzan jartzen gaituena!
Umetan “cunnilungus” hitzaren esanahia izkutuan irakurri beste heziketa afektibo sexualik izan ez zuten emakumeak sexuaz ari dira. Era gordinean aitortzen diote elkarri ez dutela txortaldi askorik behar izerdi trukaketan bikote dutenak zenbateraino asetzen duten, harremanak noraino eman dezakeen jakiteko. Hasierako bromak hizketaldi luzeari eman dio bide; gabeziak gabezi, xehe-xehe ari dira norbera “niago” egiten duen animalia apeta jostari eta, aldi berean, serioaz.
Gehienoi umetatik ukatu zaigu sexualitatea eta hor gabiltza batzuk agindutako zer egin eta zer ez, noiz, norekin eta nola korapilotik askatu nahi eta ezinean; beste asko, erositako espektatibak bete ez eta, frustrazioak itota. Bada bai, bide luzea egin ondoren, sexualitatea modu natural eta guztiz askean bizi duen jendartea.
Aurrerapausuak eman dira baina norbere sexualitatea modu askean bizi ahal izateko herritik alde egin beharrak asko esaten du oraindik egiteko dugunaz. 2020an Save the Children GKEk argitaratutako SEXU-(DES)INFORMAZIOA: PORNOGRAFIA ETA NERABEZAROA txostenak egoeraren analisiaz gain haur eta gazteen ongizatea eta garapen integrala zaintzeko proposamenak jasotzen ditu.
Hezitzaileok egiten ez dugunean ere egiten dugunez heldu diezaiogun behingoz Hezkidetzako 7. zutabeari: Berdintasunezko hezkuntza afektiboa eta sexuala. Hauek dira erronka behinenak:
Aurreko txostena edo antzerakoen analisitik beharrak identifikatu.
Klaustro osoaren eta familien inplikazioa lortu eta formazioa eskaini.
Plan zehatza adostu, praktikara eraman eta ebaluatu.
Plan horretan ezinbestekoak lirateke, besteak beste,sexualitatearen inguruko mitoak humoretik suntsitzea, afektibitatea sustatzea, pornografia ikasleekin aztertzea, aniztasunaren balioa aldarrikatzea eta eskola gune segurua bihurtzea.
Asko gustatu zait nerabeekin lantzeko Maialenek foroan ezagutzera emandako SER Buenismo bien bideo sortan, Henar Fernandez-en gonbidapena gureaz hitz egitera.
Euskaraz, berriz, fin dabil Agurtzane Ormatxa Imaz Ahoz Ahoko atal batzuetan. Negutik oraindik atera gabe gauden arren horra bi proposamen: Uda magikoa da harremanak josteko eta Nola gozatu sexuak 55 urtetik aurrera
Aurreko urteetako post-en artean Irati B-k idatzitako hau aukeratu dut nerabe artean nabilelako eta haiei eskaintzeko baliabideak biltzen dituelako.
Afektoez ari garela ezin aipatu gabe utzi aspaldian ikusi dudan pelikula onenetakoa: CLOSE
Bukatzeko hona laster zinema aretoetan izango dugun 20.000 especies de abejas pelikularen inguruan Estibaliz Urresolak, filmaren zuzendariak, Berlinen egindako aurkezpenean esandakoak:
«Aniztasunaren balioa helarazi nahi dut filmeko adierazpen anitzetan: familiako erlauntza gorpuzten duten pertsonaia femeninoen aniztasunean; gu sostengatzen gaituzten sinesmenetan; sentitzeko eta maitatzeko moduetan; gure mugaren aberastasun linguistikoan. Lurrari eta naturari hain lotuta dagoen esparru honetan, transexualitatea bizitzaren aniztasunaren beste adierazpen bat bezala aurkeztu nahi dut. Eta hori guztia Luciaren bitartez eta planteatzen dituen eta entzuleei helarazten dizkien galdera erraz baina konplexuen bidez»
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina