2015/12/06

EMAKUMEEN PRESENTZIA ETA EKARPENEI BURUZKO HAUSNARKETA


1. Laburpena eta balorazio pertsonala:
 
Historian zehar emakumeon lana, pentsamendua eta gustuak ikusezinak izan dira, zientziak, erlijioak eta ideologiek lagunduta. Emakumeok gutxietsiak izan gara jendartearen esparru guztietan. Horretarako Patriarkatuak hiru mekanismo erabili ditu: androzentrismoa, sexismoa eta ezagutzaren jabetza kentzea.

Hezkuntzan ari garenok “pribilegiatuak” gara, erabil ditzakegun tresnengatik emakumea ikustarazteko jakintza ezberdinetan.

Eta ikustaraztea protagonismoa hartzearen sinonimoa litzateke. Begoña Salasen hitzetan, protagonismoa eta identitate garapena lotuta doaz.
Protagonismoak esan nahi du nork bere bizitzaren jabe izan daitekeela, eta askatasunez bizi ditzakeela bere emozioak, harremanak, bere gorputza, bere gaitasun intelektualak ….
Ezinbestekoa da ikustaraztea jendartea aldatzeko. Protagonismoak autoritatea dakar, eta autoritateak lagunduko digu boterea garatzen, objektu pasibotik subjektu aktibora izateko.

Ondorioz, desegin behar ditugu patriarkatuaren mekanismoak emakumeek historian zehar egindako giza garapenerako ekarpenak identifikatuz; baloratuz eta erreferente bihurtuz; eta ezkutaketa-estrategiak desaktibatzeko moduak sortuz.

Gure ustez, lotsagarria da gaur egungo ideologia guztietako indar politikoen artean oraindik isiltasuna nagusi izatea eta ez errekonozitzea estatuak garatu dituen egiturak eta aurrerapenak ezinezkoak ziratekeela, direla, izango direla eta liratekeela emakumeon ekarpenik gabe.

Gaur bertan eta “hauteskunde kanpainan” gaudela jakinda, hemengo alderdi bateko estatuko senaturako hautagai emakumezko batek esan du “Jendartea aldatzeko bide bakarra feminismoa dela” Beno, ez dakigu, bera barik, bere tokian gizonezko batek gauza bera esango lukeen, baina bada garrantzitsua.

Gustatu zaigu asko Carmen Rodriguezen “Memoria-ablazioa” terminoa, nolabait, emakumearen ez egotea azaltzeko orduan, zentzu bikoitza, alde batetik presentzia falta, eta bestaldetik dagoen presentzia esplizitoa gutxiestea esan nahi duelako.

Hezkuntzako hezitzaileok aukera daukagu emakumeak historian zehar ezagutarazteko. Baina guri ere ukatu egin zitzaigun eskolaratutako ikasleak izan ginenean, Emakumeen Historia. Beraz, guretzat ere bada, ikasgai berri bat, ezagutzen ez duguna, eta norberaren borondatearen arabera gelditu behar ez dena.

Luce Irigarayren ekarpenarekin bat gatoz: “patriarkatuan femenino bezala ezagutzen duguna ez da emakumeak direna, edo izan direna, gizonek haientzat eraiki dutena baizik.” Beraz, badakigu, DESERAIKITZERA!!!



 
2. Gaien inguruko proposamen baten aipamena:

Nahiko berria da guretzat “Ekofeminismoa” eta bere teoria. Uste dugu guztiz oinarrizkoa dela “gure mundua” aldatu eta zaintzeko, naturaren ikuspegi maskulinoa eta mekanizista kritikatzea Carolyn Marchantek, Hilary Rosek eta Laura Contek dioten bezala.



3. Jardueraren inguruko ondorioak:

Gurea bezalako esparruan, hezkuntzan, oraindik emakumeon presentzia parekidetasunez bermatuta ez badago, zelan egongo da bizitzako beste arlo askotan!
Errealitatea argi dago, oraindik ikusezin bihurtzen gaituzten mekanismoak errepikatzen dira gure ikasleen artean eta, larriagoa dena, irakasleok errepikatzen ditugu, askotan horietan erreparatu gabe.

Zer zorrotzak izan gaitezkeen irakasleok zuzentasun gramatikalarekin, logika planteamenduekin, axioma filosofikoekin, formula kimikoekin … eta zer zabarkeria handiz bihurtzen garen patriarkatuaren konplize.
Burura datorkigu, azaroak 25ean erabilitako leloa: “Ez ikusiaren ez egin” zuk zeuk zeure burua, eta zuk zeuk emakumea!.



4. Hau guztia ikastetxean lantzeko erronkak:

Ikastetxeetan uste dugu formakuntza behar dugula, guk geuk lehenengoak, iraganean ekarpenak egin dituzten emakume guztiak ezagutzeko eta sentitzeko. Ezinbestekoa da gure prestakuntza, geletan transmisioa bermatzeko.

Horrekin batera, inertzia bat nabaritzen hasi gara, ikastetxeetan hezkidetza arduradunen eta inplikatutako irakasleen kontura bideratzen ez dena ikuspegi hezkidetzailetik eta genero ikuspegitik kanpo gelditzen ari dela. Eta horrek esan nahi du sentsibilizazioa eta kontzientziazioa ez daudela guztiz garatuta.

Beraz, baliabideak beharko ditugu, denbora haietako bat, ikastetxeetako eragile guztiok norabide berbererantz arraun egiteko.


 http://www.mujeresenlahistoria.com/

Emakumeen presentzia eta ekarpenei buruz hausnartzen


Aste honetan, emakumeek izan duten funtzioa gutxietsia izan dela ikusi dugu, hitoriaurretik eta gaur egun arte. Emakumeeen presentzia gutxiesteko gizarteak inposatzen dituen rol hierarkikoen banaketa, hizkuntza sexista, androzentrismoa (mekanismo nagusienetariko bat)... erabili direlarik. Gizonen historia orokortu da guztiona balitz bezala. Emakumeak ikusezin bihurtu gaituztela.



Emakumeen historia eta bizitza presente egiteko hainbat gauza ikertu eta berregin behar dira eta historiaren berridazketa lan horretan desegin egin behar ditugu patriarkatuaren mekanismoak.
Emakumeak ikusarazteak, zientzia beste modu batean ulertzea, munduan norberaren kokapena eta guztion arteko harremana beste modu batean eraikitzera eramango gaitu.
Emakumeen protagonismoa ulertzeak eramango gaitu autoritatatea izatera eta horrek boterea eta gure bizitzaren jabe izatera. Emakumeen kasuan, eremu edota maila ezberdinak kontuan izan behar ditugu emakumeen presentzia areagotzeko, boterea gara dezaten: maila pertsonala, gizartea, ideologia, kultura, ekonomia, ezagutza.


Eskolak mugen teorien jarraitzaile ez izateko eta nesken zein mutilen aukerak ez mugatzeko bere edukiak eta jokaera asko berrikusi behar ditu eta emakumeoi dagokigun presentzia bermatu. Hezkuntzan erabiltzen ditugun edukiak ez baitira tresna hutsak, gizartearen erreferenteak dira.

Hona hemen lan horretan lagun dezakeen blog bat:
http://emakumeakezagutzen.blogspot.com.es/

Edota unitate didaktiko hauek:
1.
2.



Emakumeen presentzia eta ekarpenei buruz hausnartzen



Historiaurretik, emakumeek izan duten funtzioa gizonezkoek izandakoarekin alderatuta gutxietxia izan da, emakumeen lana, pentsamendua eta gustuak ikusezin bihurtuz eta eremu publikoan bere parte hartzea bigarren mailako izanik.

Emakumeen presentzia eta protagonismoa kontutan hartzea ezinbestekoa da, botererako biderantz eramaten baigaitu. Botere hau, maila ezberdinetan garatu behar da: maila pertsonalean, gizarte mailan, ideologian, kulturan, ekonomian, ezagutzan…

Patriarkatuak ordea, hiru mekanismo nagusi jartzen ditu martxan emakumeak eta beren ekarpenak ikusezin bihurtzeko:

  • Androzentrismoa: Gizona gauza guztien erreferentea da.
  • Sexismoa: Emakume izateagatik jasotzen den diskriminazioa iraunkortzen duten jarrerak eta tratu hierarkikoa.
  • Ezagutzaren jabetza kentzea: Emakumeena denaren jabe egitea.

Emakumeen historia eta bizitza presente egiteko eta protagonismoa eta jabetza eskuratzeko, gauza asko ikertu eta berregin behar dira:


  • Gorputza eta amatasuna
  • Heziketa
  • Emakumeen lanak orokorrean
  • Politika eta eremu publikoan emakumeen papera botere-alderdi guztietan: sorkuntzan, artean, zientzian...








Historian egon diren emakume zientzialariak ezagutzeko aukera izan dugu; nik Mary Richmond eman nahi dut ezagutzera: Gizarte langintza teorizatu eta sistematizatu zuen emakumea izan zen, gaur egun, profesio honetan erreferente nagusienetako bat izanik.















Proposamenei dagokionez, alde batetik, www.edonola.net web orriaren ekintza hau oso erabilgarria dela uste dut: twitterren emakumeen presentzia profesionala jasotzen duten traolen zerrenda egin dute eta euskarazko traolen erabilpena sustatzen dute, #EmakumeakZientzian eta #EmakumeakHistorian hain zuzen ere:  http://www.edonola.net/gorpua.php?atala=1&hiz=eu&ekintza=bas_irakur&nahi=1019

Beste alde batetik berriz, datu eta ondorioei dagokienez, Hamaika telebistak eginiko erreportai hau oso interesgarria iruditu zait; emakume zientzialarien ikusezintasunez eta parekidetasunaz hitz egiten dute bertan:


Nire ustez, hau guztia ikastetxean/jendartean lantzeko erronkak hauek dira:

  • Ikasleei arlo ezberdinetan aurkikuntza, ikerketa edo bestelakoak egin dituzten emakumezkoen lanak erakutsi, baina ez salbuespen bezala.
  • Ikasleei gizon zein emakume erreferenteak daudela erakutsi, etorkizunean ikasketei dagokionez neskek mutilenak kontsideratzen diren ikasketak daudelaren ideia ez barneratzeko eta izan nahi dutena askatasunez aukeratzeko.
  • Ikasleei emakumeak eta beraien ekarpenak ikusezin bihurtzeko patriarkatuak erabiltzen dituen mekanismoak azaldu eta horiek ezabatzeko egin daitekenari buruz lanketa egin.
  • Sare sozialak erabili emakumeen ekarpenak lau haizeetara zabaltzeko. 



EMAKUMEEN PRESENTZIA ETA EKARPENEI BURUZ HAUSNARTZEN



EMAKUMEEN PRESENTZIA ETA EKARPENEI BURUZ HAUSNARTZEN

Emakumea historikoki egon da gizonaren rolaren menpean, etxerako lanetara mugatua umeen eta familien zainketa. Bere iritzi eta eskubideak ez dira historian zehar aintzat hartu, eta horrexegatik zapalketa handiak jasan dituzte. 

Hau guztiarekin apurtzeko emakumeek prozezu sozialetan izan duten garrantzia baloratzea ezin bestekoa da, zeren eta gizateriaren Historia, soilik gizateria erdiarena izan da. Garapenaren protagonismoa gizonari bakarrik eman zaio, bai zentzu antropologikoan bai bere adiera sexistenean ere. 

Emakumeek, aintzinean eta gaur egunean protagonistak izan direnak, ikusiak eta entzunak izateko eta merezi duten balioa izateko borrokatu behar izan dute. Presente egon diren beste historia batzuk bultzatzeko gai ere izan dira. Belaunaldiz belaunaldi entzun, ikasi eta transmititu diren enkuadernazio eta multikopiatzailerik gabeko historiak. Historia bera erakusgarria da

Emakumeak eta politika: Politika arloan, argi dago gizonek izan dutela monopolio osoa. Emakumeen partehartzea beti egon da gizonen nahien menpe. Mende hasieratik, talde politikoen inguruko emakume taldeak existitu dira. Hauen ekimenak oso aberatsak izan dira arlo kultural eta sozialan.

Emakumeen papera gizarte mugimenduetan: Emakumeei egotzitako eginbeharra zen obra sozialen ardura. Politika aldiz, zerbait serioagoa zen eta beraz, gizonen ardurapean egon behar zuen alorra izan da

Emakumeak eta kirola: Kirola ere, mutilen esparrua izan da historian zehar. Emakumeak oso berandu sartu dira aktiboki kirolaren munduan eta beti ere, kirol batzuetan partehartzea zailagoa izan dela argi dago. Horrexegatik, mendearen azkeneko hamarkadetan mundu honetan sartzeko esfortzua egin duten emakumeei leku bat eskaintzea ezinbestekoa iruditu zaigu

           Gure eskoleetan aipatzea eta erreklamatzea historian zehar izandako emakumeen ekarpenak oso baliogarria izango litzateke....ikastetxe batean egindako paneleak adibideak izan ahal dira...







EMAKUMEEN PRESENTZIAREN ETA EKARPENEN ALDARRIKAPENA


Emakumeen ekarpenak ikusezinak izatea historian
zehar eman den fenomenoa da eta patriarkatua indarrean dagoen kultura guztietan ematen da. Patriarkatuak dituen mekanismoak emakumeak eta beren ekarpenak ikusezin bihurtzeko androzentrismoa, sexismoa eta ezagutzaren jabekuntza kentzea dira. Mekanismo hauek desegin behar ditugu hain garrantzitsua den emakumeen presentzia eta protagonismoa, oso lotuta baitago identitatearen garapenarekin eta, ondorioz, boterearen garapenarekin edo jabekuntza-prozesuarekin, berreskuratzeko eta bermatzeko. Emakumeen presentziak eta ekarpenek paradigma aldaketa dakarte: errealitatea, bizitza (eremu publikoan zein pribatuan) interpretatzeko zientzia-arrazionaltasunaren eta objektibotasunaren mugak identifikatu eta bestelako parametro subjektiboei emozionalei, intuitiboei … ere dagokion baliagarritasuna onartu; emakumea zein bestelako identitateak, ikerketetan objektu eta subjektu moduan egoteko beharra; natura eta gizakien arteko lotura argi utzi

Hau guztia jakinda, benetako historia eta errealitatea ezagutzeko ezinbestekoa dela emakumeen presentzia eta ekarpenak ezagutzea besteoi horietaz jabetzen laguntzeko argi daukat.

Emakumeen presentzia eta ekarpenen ezagutza gero eta handiagoak dira eta hori hainbaten lani esker jakin dezakegu. Hala nola,  Gema Lasartek "Emakumeak Protagonista" tesian dio gaur egun ikusgarria da emakumeen presentzia nobelagintzan. Emakume idazleek aurreko mendean identitatearen eraikitzearen jardunarekin jarraitzen dute, memoria lagun, mendeetan isildutakoa, ukatutakoa, ikusi gabekoa eraiki ahal izateko.


Beste aldetik, Liburu eta Irakaskuntzarako Materialen Editoreen Elkarte Nazionalak (ANELE) eta Langile Batzordeetako Irakaskuntza Federazioak (FECCOO) lantalde bat sortzea erabaki dute, testu liburuetan eta unibertsitatearen aurretiko etapetako hezkuntza-edukietan emakumearen trataera egokia bermatzeko. Alor zientifikoan, sozialean eta kulturalean liburuek emakumeei ematen dieten trataera, emakumeen presentzia honek bere paper historikoarekin bat doala bermatzeko. Halaber, testu liburuetan etxeko esparrua bistaratzearen garrantzia baloratu eta generoen arteko berdintasuna sustatuko duten ariketa eta jardueren beharra aztertuko da. Ea laster, euskarazko liburuetan ere islatzen den hori!

Gure errealitateari dagokionez, emakumeen presentzia eta ekarpenak aztertuz gero, handiagoak ere badira baina oraindik horien falta nabaria dela ondoriozta dezakegu. Nik laneko eremua miatu dut; Lanbide Heziketan emakumeen presentzia oriandik baxuagoa dela eta industria arloko zikloetan urria dela ikasle eta irakasle kasuetan jakin ahal izan dut. Datu hauek kointziditzen dira Ramon Martinez de Murguiak 2014ko "Las mujeres en la formación profesional" artikuluan dionarekin.

Horren arrazoia topa dazakegu Esther Rubiok "Rompiendo tòpicos. La mujeres en Formación Profesional" ikerketa laneko emaitzetan. Berak dio Lanbide Heziketan oraindik badaudela segregazioa eta hierarkiak. Neska, emakume, mutil eta gizonen aukeratzeko eta egiteko askatasuna murrizten dituzten inposaturiko hierarkiak apurtu behar direla. Emakumeen ekarpen beharra azpinarratzea komenigarria dela  ezagutzak eta lanbideen sexu hierarkiak eta husturak menperatzen dituen munduan  horizonte berriak irekitzen laguntzen  baitute.

Aurreko guztia, ikastetxean lantzeko erronkak dira:


  • Irakasleei, ikasleei eta gurasoei Historian zehar eta gaur egun emakumeek, gizartean egokitutako zereginetatik eta eremuetatik giza-garapenari eginiko ekarpenak ikusaraztea. 
  • Irakasleek, ikasleek eta gurasoek Historian zehar eta gaur egun emakumeek, gizartean egokitutako zereginetatik eta eremuetatik giza-garapenari eginiko ekarpenak baloratzea.
  • Curriculumean eta materialetan emakumeak eta beraien ekarpenak lantzea.
  • Egiten diren ikerketetan  emakume eta bestelako identitateak islatzea.
  • Ikasleen orientazio akademiko‐profesionala nahiz pertsonala generoaren ikuspegitik lantzea.   

EMAKUMEEN EKARPENAK HEZKUNTZAN




Historian zehar, gizarte patriarkatuaren eraginez emakumearen presentzia ezkutatua izan den arren, egungo egoera errealitate bilakatu dutenak aitortuak izatea ezinbestekoa dugu. Ikustezin bihurtu diren lanen, borroken, sufrimenduen eta saiakera ororen plazaratzea gure ardura dugu. Eskolak, historiaren begirada berria eskaintzea izan behar du helburu. Eskolako tresnak, gizarteratze baliabideak direla azpimarratu behar dugu. Horregatik, patriarkatuak inposaturiko inertziekin apurtzea gure esku dago. Babes instituzionala, eta legala izanik, aitzakiarik ez dagoela ulertzen dut. Jarrera aldaketa eta hezkuntza inertzien birmoldaketa jarrera aktiboa eskatzen digu. Sexismoa, androzentrismoa eta idein lapurtzea izan diren emakumearen boterea estaltzeko mekanismoak desegitea, eta merezi duen ahotsa, oihartzuna eta lekua ematea gure lana da.


Eskolarako proposamen bezala Haur Hezkuntzarako egoki bat


MARIJANE MINABERRY (Banka, 1926-)

Idazle behenafartar honek euskal haur eta gazte literatura modernoaren aitzindarietariko bat dugu. 60ko hamarkadan zehar, euskal eskolaren eta euskal hezkuntzaren aldeko mugimendua piztu zen giroan, hainbat idazlek haur euskaldunentzako materialak egin zituzten. Marijane Minaberrik batik bat sorkuntzaren esparrua jorratu zuen, haur literaturan poesia, narrazioa zein komikia jorratuz.
Oskorri desagertu berriak, hainbat idazleri eskaini zizkien omenezko diskoak, idazle horien testu literarioak kantu bihurtuz (Aresti, Etxepare…). Horien artean aipatzekoa da Marijane Kanta zan bilduma, Marijane Minaberryren omenez eginikoa, euskal musikagintzan emakume idazle bati eskaini zaion omenezko disko bakarra (emakume idazleen letrekin egin izan dira kantuak, eta era berean, emakume idazleek ere kolaboratu dute musikariekin proiektu musikaletan, baina, sekula ez zaio eskaini omenezko diskorik emakume idazle bati –alegia, idazleak berak proiektua sustatu gabe-).
Marijane Minaberryren ekarpena haur hezkuntzan lantzeko ezin aproposagoa da, literatur testuen eta kantuen bitartez azal daitekeelako egile honen ekarpena.
Bestalde, Marijane Minaberryk azken urteotan bizi izan duen bakartzeaz dihardu Iratxe Retolazaren zutabe honek. Zutabe honetan konparatu egiten du adin-leku bereko bi kulturgileren ekarpenak ez duela aitortza bera izan, bata gizona, bestea emakumea. Lehena, Jean Haritschelhar euskaltzainburu ohia; bigarrena, Marijane Minaberry, sortzaile eta kultur eragilea: “Jean eta Marijane”.
Hemen Marijane Minaberriren inguruko informazio gehiago.

Zenbait ondorio

HikHasi aldizkarian Angel Perez Gomezek, eskolak bermatu behar dituen ezagutzetaz mintzo denean hau esaten digu; "Ezagutza, adierazien multzoa da eta adieraziak, gizakiak historian zehar egokitzeko oinarrizko tresna gisa erabili dituen errealitatearen errepresentazio subjektiboak dira. Errepresentazio subjektiboek ezaugarri batzuk dituzte: aro, historia, egoera eta aukera batzuekin lotura dutela. Eta izaera polisemikoa dute: objektua eta beharra adierazten dituzte, baita adierazi hori eraikitzen duen pertsonaren interesak eta itxaropenak ere." Eskolaren zereginaz zera zehazten digu; "Eskolaren funtzio nagusia, ereduen, kontzeptuen, eta pertsonen pertzepzioa, interpretazioa eta jokabideak gidatzen dituzten eskemen berreraikuntza bultzatzen dela. Beraz, beharrezkoa da eraikuntza prozesu horri arreta eskaintzea. Hori da gure egiteko profesionala: prozesu hori erraztea."

Hortik ulertzen da, ereduak bermoldatu eta aztertzearen premia. Hortik, jendarte parekidea sortzeko prozesu luze honetan, emakumeek egin dituzten ekarpenen agertzea ezinbestekoa dela. Sozializazio prozesuan bereganatzen dituzten mekanismoak, jarrerak, kritikotasun joerak, autonomia, askatasuna eta horiek guztiak kudeatzeko garapen integrala egoki jasoa izan dadin, irakasleok zubi lanak nondik nora egin behar ditugun argi behar dugu izan. Historian ikustezinak izan diren emakumeak agertzen baditugu, zientzilari, kulturgile, ikerlari, albaitari, sortzaile, edo beste edozein eremutan eragile, horiek guztien orain arte ezabatua eta ez aitortua izan duten bidearen arrastoak bilatu eta oihukatu behar ditugu. Gure inguru hurbilenetik has gaitezke; Euskal Herrian badira-eta, aitortza merezi duten emakume handi ugari. 

Jendartean eta ikastetxeen erronkak

  • Emakumeok ditugun pribilegioen jatorriak ikastea. Janztea.
  • Gizonek dituzten pribilegioen jatorriak ikastea. Eta horiei uko egitearen beharraz kontzientzia hartzea.
  • Eremu desberdin eta garai desberdinetako emakume eragileen lorpenak aitortuak izatea. 
  • Emakumeon jabekuntza eremu orotan, eta ahalduntzea. Gurearen boterea hartu eta kudeatzen jakitea.
  • Partekatuak diren espazio feministak sortzea.
  • Gizarte patriarkalak inposatutako mekanismoak identifikatu eta desegitea (androzentrismoa, sexismoa eta ideiak lapurtzea)
  •  Jarrera kritiko-feminista sustatuko duten egoerak/ekintzak diseinatzea.
  • Eskola curriculumaren berraztertzea eta begirada hezkidetzaileaz birmoldatzea.
  • Eskola ereduen garrantziaz jabetzea eta urteko programetan eredugarriak diren emakumeen presentzia eskoletan bermatzea
  • Eskola komunitate osoaren kontzientziazio feminista, eta partekatuak diren guneak sortzea. Jabekuntza feministaren prozesuan babesak sentitzeko.



Virginia Woolfek dion bezala; "Gure barruko aingerua akatu behar dugu."