2015/12/06

EMAKUMEEN PRESENTZIA ETA EKARPENEI BURUZKO HAUSNARKETA


1. Laburpena eta balorazio pertsonala:
 
Historian zehar emakumeon lana, pentsamendua eta gustuak ikusezinak izan dira, zientziak, erlijioak eta ideologiek lagunduta. Emakumeok gutxietsiak izan gara jendartearen esparru guztietan. Horretarako Patriarkatuak hiru mekanismo erabili ditu: androzentrismoa, sexismoa eta ezagutzaren jabetza kentzea.

Hezkuntzan ari garenok “pribilegiatuak” gara, erabil ditzakegun tresnengatik emakumea ikustarazteko jakintza ezberdinetan.

Eta ikustaraztea protagonismoa hartzearen sinonimoa litzateke. Begoña Salasen hitzetan, protagonismoa eta identitate garapena lotuta doaz.
Protagonismoak esan nahi du nork bere bizitzaren jabe izan daitekeela, eta askatasunez bizi ditzakeela bere emozioak, harremanak, bere gorputza, bere gaitasun intelektualak ….
Ezinbestekoa da ikustaraztea jendartea aldatzeko. Protagonismoak autoritatea dakar, eta autoritateak lagunduko digu boterea garatzen, objektu pasibotik subjektu aktibora izateko.

Ondorioz, desegin behar ditugu patriarkatuaren mekanismoak emakumeek historian zehar egindako giza garapenerako ekarpenak identifikatuz; baloratuz eta erreferente bihurtuz; eta ezkutaketa-estrategiak desaktibatzeko moduak sortuz.

Gure ustez, lotsagarria da gaur egungo ideologia guztietako indar politikoen artean oraindik isiltasuna nagusi izatea eta ez errekonozitzea estatuak garatu dituen egiturak eta aurrerapenak ezinezkoak ziratekeela, direla, izango direla eta liratekeela emakumeon ekarpenik gabe.

Gaur bertan eta “hauteskunde kanpainan” gaudela jakinda, hemengo alderdi bateko estatuko senaturako hautagai emakumezko batek esan du “Jendartea aldatzeko bide bakarra feminismoa dela” Beno, ez dakigu, bera barik, bere tokian gizonezko batek gauza bera esango lukeen, baina bada garrantzitsua.

Gustatu zaigu asko Carmen Rodriguezen “Memoria-ablazioa” terminoa, nolabait, emakumearen ez egotea azaltzeko orduan, zentzu bikoitza, alde batetik presentzia falta, eta bestaldetik dagoen presentzia esplizitoa gutxiestea esan nahi duelako.

Hezkuntzako hezitzaileok aukera daukagu emakumeak historian zehar ezagutarazteko. Baina guri ere ukatu egin zitzaigun eskolaratutako ikasleak izan ginenean, Emakumeen Historia. Beraz, guretzat ere bada, ikasgai berri bat, ezagutzen ez duguna, eta norberaren borondatearen arabera gelditu behar ez dena.

Luce Irigarayren ekarpenarekin bat gatoz: “patriarkatuan femenino bezala ezagutzen duguna ez da emakumeak direna, edo izan direna, gizonek haientzat eraiki dutena baizik.” Beraz, badakigu, DESERAIKITZERA!!!



 
2. Gaien inguruko proposamen baten aipamena:

Nahiko berria da guretzat “Ekofeminismoa” eta bere teoria. Uste dugu guztiz oinarrizkoa dela “gure mundua” aldatu eta zaintzeko, naturaren ikuspegi maskulinoa eta mekanizista kritikatzea Carolyn Marchantek, Hilary Rosek eta Laura Contek dioten bezala.



3. Jardueraren inguruko ondorioak:

Gurea bezalako esparruan, hezkuntzan, oraindik emakumeon presentzia parekidetasunez bermatuta ez badago, zelan egongo da bizitzako beste arlo askotan!
Errealitatea argi dago, oraindik ikusezin bihurtzen gaituzten mekanismoak errepikatzen dira gure ikasleen artean eta, larriagoa dena, irakasleok errepikatzen ditugu, askotan horietan erreparatu gabe.

Zer zorrotzak izan gaitezkeen irakasleok zuzentasun gramatikalarekin, logika planteamenduekin, axioma filosofikoekin, formula kimikoekin … eta zer zabarkeria handiz bihurtzen garen patriarkatuaren konplize.
Burura datorkigu, azaroak 25ean erabilitako leloa: “Ez ikusiaren ez egin” zuk zeuk zeure burua, eta zuk zeuk emakumea!.



4. Hau guztia ikastetxean lantzeko erronkak:

Ikastetxeetan uste dugu formakuntza behar dugula, guk geuk lehenengoak, iraganean ekarpenak egin dituzten emakume guztiak ezagutzeko eta sentitzeko. Ezinbestekoa da gure prestakuntza, geletan transmisioa bermatzeko.

Horrekin batera, inertzia bat nabaritzen hasi gara, ikastetxeetan hezkidetza arduradunen eta inplikatutako irakasleen kontura bideratzen ez dena ikuspegi hezkidetzailetik eta genero ikuspegitik kanpo gelditzen ari dela. Eta horrek esan nahi du sentsibilizazioa eta kontzientziazioa ez daudela guztiz garatuta.

Beraz, baliabideak beharko ditugu, denbora haietako bat, ikastetxeetako eragile guztiok norabide berbererantz arraun egiteko.


 http://www.mujeresenlahistoria.com/

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina