2015/12/10

HIZKUNTZA SEXISTA DA?


Gai honetan, hizkuntzak emakumeen eta gizonen identitatearen garapenaren prozesuan duen indarrari buruzko informazioa jaso dugu, eta honek pentsarazi dit norbaitek esandakoak edo esateko erak eman diezagukeen minaz, are gehiago, pertsona horrekin lotura emozionala baldin badugu; baita aipatutako garapen prozesu horretan, amarengandik, aitarengandik, irakasleengandik, senideengandik, lagunengandik… entzuten ditugun hitzek, gurekin aritzen direnean ikusten dizkiegun keinuek...gure auto-estimurako edota auto-kontzepturako duten garrantziaz ere ( hizkuntza gestuala eta ahozkoa).
Suposatzen dut, zentzu horretan, izaeraren arabera, eragina handiagoa ala txikerragoa izango dela, baina nire kasuan, axola handia dute esaten didatenak, behatzen ditudan jarrerek, nola esaten didaten (hizkera, keinuak)... Hau dela eta, irakasle bezala hizkuntzei, mintzaerari, asertibitateaz berba egiteari arreta ipini behar diegula uste dut; areago, hezkidetzaren ikuspegitik, baztertuak/ezkutuak izaten diren ikasleen ahalduntzerako daukan pisuagatik, zeren eta horren bitartez, irakurgaian aipatzen den Maria Luisa Calerok dionez “...hizkuntzek gure munduko pertzepzioa baldintzatzen dute eta, are gehiago, gure jokabidea modu zehatz batera orientatzera eraman gaitzake”-en.

    Hizkuntzaren bidez, jendartearen ezaugarriak ere transmititzen dira, eta hizkuntza sexistaren kasuan, hark iraunarazten dituen genero estereotipoak, matxismoa eta emakumeen gutxiestea.
    Agurtzane Juanenaren hitzetan: “Kultura sexistatik mintzaira sexista dator eta mintzaira sexistak kulturaren sexismoa iraunarazten du” .
   
    Nire ustetan, hizkuntza bera ez da sexista, baizik eta bizi garen errealitatearen isla; beraz, errealitate hori aldatuko den neurrian, hizkuntzaren sexismoa ezabatu egingo da.

Imagen1.jpg

Euskarak, gaztelaniak eta beste edozein hizkuntzak eragiten duten moduan , sozietatearen adierazle horiek ere “kutsatzen” ditu: generoaren arabera ezberdin erabiltzea eta irakastea, maskulinoa denari femeninoa denari baino inportantzia handiagoa ematea, pentsamolde patriarkalak, androzentrismoa hedatzea, gizona munduaren “zilborra”  kontsideratzea, emakumeak ikusezin bihurtzea, arketipotik ateratzen direnak mespretxatzea, gutxiestea, ahultzea, “genero kutsadura”, “giz” erroaren erabilera generikoa… eta abar.

46p33-1_1367858288.jpg

    Orain arte egindako iruzkin guztiak, irudiei ere aplikatu ahal zaie; hots, irudiek (karteletan, liburuetan, ipuinetan, komunikabideetan, edozein lekutan agertzen direnek), jendartearen ezaugarriak ere transmititzen dituzte.
Santurtziko Udaleko Emakumearen Zerbitzuak argitaratu duen “Lengoaia berdinkorra erabileraren gida”k azaltzen duenez:

“Irudietan honako ezaugarriak dira sexistak eta androzentristak:
• Emakumeak edo/eta gizonak objetu sexual moduan.
• Emakume edo gizonaren gorputzaren balioa produktu bati elkartuta.
• Gizon eta emakumeen arteko erlazioetan, sexu bat besteari subordinatua.
• Emakumea biktima eta gizona erasotzailea irudikatzen denean.
• Estereotipatutako eszenak, emakumeak eta gizonak rol tradizionalak betetzen. Zaintza eta etxeko lanak emakumeei bakarrik dagozkien rola izango balitz bezala.
• Emakumeak edertasunarengatik guztiz arduratuta, arrakasta sozialerako bide bakarra izango balitz bezala.
• Mutil edo gizonak modu abstraktuak, bi sexuak ordezkatzen daudenean.

Irudiek transmititzen duten sexismoaren aztarnak oso argi ikus ditzakegu , Gabonetarako ateratzen dituzten katalogo gehien-gehienetan. Onintzak Irureta Azkunek ARGIAn idatzitako honi buruzko artikuluan “Mezua orain dela 30-40 urteko berbera da” (zoritxarrez).

Bukatzeko, niretzat hezkidetzaren ikuspuntutik lantzeko premiazkoak hauek izango ziren:

  • Bai ikastetxeetan, bai jendartean orokorrean, hizkuntzak, irudiek transmititzen dituzten sexismoaz, androzentrismoaz hausnarketa egitea.
  • Hizkuntza ez sexistarako beharra agertzea eta praktikan jartzea.
  • Curriculumean, bai ahozko hizkuntzari, bai hizkuntza gestualari,  bai komunikazioa asertiboari lekua ematea.
  • Jendartean dugun aniztasun anitzari bai hizkuntzan bai irudietan arreta berezia ematea.

    Marian Moreno estereotipos genero

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina