2017/10/09

NIRE AURKEZPENA

Arratsalde on guztioi!

Nork esango zidan niri blogger-a izaten bukatuko nuela... ikastaro honek hori ere lortu du!

Amaia naiz eta 26 urte ditut. Bizitzan hainbat bide jarraitu ondoren, azkenean duela 2 urte haur hezkuntzako goi mailako zikloan izena eman nuen eta benetan betidanik gustatu izan zaidana egitera ausartu nintzen: umeekin lan egitea. Ezin pozago nago hartu nuen erabakiarekin eta pilo bat ikasi nuen lanbide heziketan, hein handi batean izan nituen irakasleei esker. Gaur egun haur hezkuntzako gradua egiten hasi naiz Euskal Herriko Unibertsitatean, formakuntza hori osatzeko asmoz.

Hezkidetzarekin lehenengo kontaktua ikasketa horietan izan nuen, irakasle batek gai hori mahai gainean jarri zuenean. Oso interesgarria iruditu zitzaidan eta banekien aurrerago horretan sakondu nahi izango nuela, izan ere, asko kezkatzen nau bizi garen gizarteak pairatzen duen eredu matxista eta atzerakoiak. Sinetsi nahi dut hau alda dezakegula eta horretarako eskura ditugun baliabideak erabili behar ditugu, umeak eta pertsonak hezitzeko modu hau kasu.

Holakoa naiz ni, kezkatia, kementsua, kaskagogorra, naturazalea, musikazalea... eta abar eta abar. Behin deskribapen bat irakurri nuen eta identifikatua sentitu nintzen, nire burua bi hitzetan laburbildu beharko banu hauxe izango nintzateke: pesimista aktiboa. Badakit ez dagoela modan pesimista izatea eta gauzei alde ona ikustea hobe dela... landu beharreko ikasgaia da niretzat! Eta horretan nabil.

Kolore bat izango banintz urdina izango nintzateke, zalantza barik. Betidanik maite izan dudan kolorea da, dena nahi nuen urdina, eta oraindik ere horrela da, ez galdetu zergatik ezin baitut azaldu.

Animalia izan beharko banintz, topiko batean eroriko naiz, baina txori bat izatea gustatuko litzaidake, hegan egin ahal izateko. Aske hegan egin, korrontearen kontra hegaz joan, edo haize-korronteen mende nire burua eramaten uzteko.

Azken aspaldian burutik kendu ezin dudan abesti bat aipatuko dizuet: Willis Drummond-en JOAN IKUSTERA. Abesti honek sekulako indarra ematen dit eta letrak errealitatean oinak mantenduz nire burua eta nire ingurua ezagutu eta erronkak botatzera bultzatzen nau.

https://www.youtube.com/watch?v=SLkTgpscRY4

Amaitzeko, ikastaro honekin asko ikastea eta nere bizitzan ikasitakoa aplikatzeko gai izatea espero dut. Argi daukat hemen gaudenok gaiari buruzko kontzientzia badugula, eta kanpoan ere jende asko dagoela gauzak modu ezberdin batean egin daitezkeela sinesten duena, ea mezua zabaltzea lortzen dugun!

Plazer bat zuekin espazio hau konpartitzea :)


Nire aurkezpena

Kaixo denoi, Miren Garate Peña naiz, 25 urte ditut eta Zarauztarra naiz. Lehenik Haur hezkuntzako ikasketak egin nituen, ondoren lehen hezkuntzako gradua, horrez gain pedagogia sistemikoko ikastaroak ere egiten ari naiz. Iaz AEKn aritu nintzen lanean, helduei euskara irakatsiz eta aurten irakasle zerrendetatik deituko didaten zain nago. Irakasle izateak etengabe ikasten aritzea dakarrenez, ikastaro honetan eman dut izena. Nire bizitza geroz eta feministagoa izateko egunero pausu txikiak ematen ditut, kontzientzia hartzen hasi eta pixkanaka egoerei buelta emateko. Irakasle izan eta haurrekin lan egin nahi dudanez, jardun horretan ere feminismoa presente izaten saiatzen naiz. Askotan detaile txikiek alde egiten didate eta hezkidetzan sakonduz hori aldatzea lortuko dudala uste dut.
Talde lanean aritzean besteen iritziak entzutea eta ideia ezberdinei buruz eztabaidatzea asko gustatzen zait, horrela ikasten dudalako. Niretzako interesgarriak diren gaiak izatean gainera benetan inplikatzen naizela uste dut. Alderdi hauek talde lanerako positiboak direlakoan nago. Beraz besteek ere nire iritzia entzun eta lasai eztabaidatzeko aukera eskaintzea gustatuko litzaidake.
Kolore bakarra ezingo nuke aukeratu, egunaren, egoeraren eta sentimenduen arabera aldatuko nuke kolorez. Bitartean ortzadarra izatea aukeratuko dut. Animali bat aukeratu beharko banu berriz, elefantea aukerako nuke. Oso animalia lasaia, leiala eta aldi berean indartsua iruditzen zaidalako. Asko gustatzen zaizkit elefanteak.
Abesti asko ditut bizitzako momentu zehatz batzuetara bidaiatzeko balio didatenak, hemen Liher taldearen Hauts abestia aukeratu dut. Azkenaldian asko entzuten ari naizen abesti bat delako, indar handia duen abestia iruditzen zait eta abeslariak asko transmititzen duelako.
https://www.youtube.com/watch?v=9S_N02whCUc
Ikastaroarekin nahiko ilusionatuta nago, lan asko egin behar dela entzutean pixka bat beldurtu naiz baina hau ere egingo dugu. Asko ikastea espero dut, egunerokotasunean begi bistan ditugun eta ikusten ez ditugun detaileez ohartu eta klik batzuekin aldaketak ematea. Eta noski justuagoak izango diren esparruak; familian, lagunartean, bikotearekin, lankideekin eta haurrekin eraikitzen jarraitu nahiko nuke.

2017/10/08

NIRE AURKEZPENA


Kaixo denoi,

Goretti naiz, 33 urteko Laudioarra. Zintzoa banaiz, ez zait erraza suertatzen izaera publikoa duen horrelako leku batean nire burua aurkeztea, baina tira, gauzak horrela erronka berriei aurre egin beharko zaio.
 Arte Ederretan lizentziatua naiz eta Haur Hezkuntzan diplomatua. Egun, Haur Hezkuntzako 3 urteko gela batean lanean ari naiz nire errealitatetik urrun dagoen eta aniztasun handia duen Arabar Errioxako eskola batean. Hezkuntzan (formalean zein ez formalean) urte batzuk daramatzat dagoeneko eta jendartearen eraldaketan benetan eragiteko txokorik aproposenetarikoa dela iruditzen zait.
Konpromezu maila handia eskatzen duen ofizio eta afizio bihurtu dudan honetan, hezkidetzaren garrantziaz ohartu nintzen, feminismoa ezagutu nuen une berean. Bizipen pertsonaletik abiatuta, sentitzeko, pentsatzeko, izateko eta ekiteko moduak irakatsi eta ikasiak zirela ulertu nuenean, barne eta kanpo kontraesanak, gatazkak, krisi eta katarsiak kudeatzeko tresna lagungarria izan dut. Carol Hanisch, militante feminista erradikalak, 1969.urtean argitaratu zuen "Pertsonala Politikoa da" saiakera eta Emakumeen Askapenaren Aldeko Mugimenduaren ikur bilakatu zen leloa ekarri nahiko nuke gogora.


Askotan neure buruari galdetu diot zergatik inork ez zidan bide hau aurretik zabaldu eta aurrerantzean nire ikasle izango den batek galdera bera egin behar ez dezan nago hemen. Gaurko haurrak biharko helduak izango direla konsziente izanik, nire ardura ere badelako mundu zoro eta ulertezin hau, justuago eta parekideago bihurtzeko saiakera. Akaso jaiotzen garen momentu beretik hezkuntza hezkidetzailea jasoko bagenu, buruhauste eta kezka askoz gutxiago izango genituzkeelako...
Pertsona kritiko eta enpatikotzat dut nire burua eta horregatik zintzotasun osoz eta epaiketarik egin gabe, elkarlana eta gardentasuna partekatzea eta aldi berean jasotzea gustatuko litzaidake.
Kolore bat banintz, beltza litzateke, gustoko izateaz aparte beste edozein kolorerekin, ondo ematen duelako. Beltza berez, argirik eza baldin bada ere, anarik "Desnúdame Desdúdame" kantan, argia itzaltzean zenbait gauza ikusten den lez, esaten du, eta zea mays-ek, "Ilunetan", hobeto ikusten dela dio. Bat nator biekin. Eta hara! harrapatu nauzue, horiek baitirelako azkenengo boladan kotxean behin eta berriz bueltan ditudan bidaietako soinu bandak.

Animalia banintz, ziurrena arraina nintzateke uretan aritzeak lasaitasuna ematen didalako. Baina berriz ere, Anariren kanta bat burura datorkit, oreinak izenekoa. Nire abesti maitatuenetako bat dut, letra esanguratsua egiten zaidalako eta agian zenbaitetan identifikatuta sentitzen naizelako. Horra ba, zuek ere, nik bezainbeste goza dezazuen. On egin!

Ikastaro honetan, elkarlanean arituz gutako bakoitzak emateko ditugun baliabide berriez bete nahiko nuke motxila, ikasi eta desikasteko hautua egin nahiko nuke. Ederra delako hezkidetzaren inguruan interesa eta gogoa dugun talde batekin elkartzeko aukera izatea eta ditudan gabeziak zuetako bakoitzak egindako ekarpenekin, nirekin eramango dudan puzzlea osatu ahal izatea.

Nire aurkezpena



Kaixo guztioi!

Gidoia jarraituz, nor naizen? Haritz. Algortan jaioa baina bizitza ia osoa Donostian emana, azken hiru urteak Gasteizen nabil, oso gustura. Nire Euskal Herriko tourr propioan antza jubilazioa Iruña partean emango dudala esango nuke martxa honetan. Auskalo! 

Eta zergatik nagoen ikastaro honetan? Doktoretza tesia egiten ari naiz hezkidetzaren inguruan eta ikastaro honek asko lagunduko didala pentsatzen dut, gaian gehiago murgiltzeko eta hausnarketan sakontzeko ere bai. Ikerketa pare batean lankide gisa ibili naiz tesia egiten hasi aurretik eta horiek gaiak duen indarra eta beharraz jabetzeko aukera eman didate.  

Ikasketaz Antropologoa naiz baina baita ere Lanbide Heziketako irakaslea Gasteizen. Bai, badakit arraroa dela, baina tira, gustura onartzen dut rara avis bat izatea. Soldadore lanetan urteak eman ondoren irakaskuntzan hasi eta egun soldadura eta galdaragintzan tailer-irakaslea naiz. Oso gustoko dut irakasluntzan aritzea eta tailerra oso espazioa aberatsa dela pentsatzen dut ikasleen motibazioa pizteko. Pertsonekin lan egitea asko atsegin dut baina are gehiago gizarteratzeko zailtasunak dituzten pertsonekin batera irtenbideak bilatzea. Genero arloan ere Lanbide Heziketa oso eremu potentea da eta hori da hain zuzen landu nahiko nukeen alorretako bat.

Talde-lanean aritzeko izan ditzakedan bi ezaugarri onei dagokionean esango nuke besteekiko jarrera irekia izatea baina aldi berean kritikoa izateko gaitasuna direla esango nuke. Extra bezala esango nuke argi dudala ez garela inor besteen ezer epaitzeko eta tira, ados egon edo ez aberasgarritasuna hor dago hain zuzen ere, desberdina dena ulertzen saiatzeko prozesuan. Besteekiko hori bera eskertuko nuke, jarrera irekia eta asertiboak izatea, galdetzeko beldurrik gabe eta asmo eraikitzaileaz.

Nire kolorea urdina da, baina elektrikoa edo, indartsua etaez iluna. Frida Kahloren etxe urdina bezalakoxea. Oso gogoko dut zerua eta hodeiei begira egotea, agian horregatik izan daiteke, auskalo! Animalia izatekotan txori bat izango nintzateke. Arina eta azkarra, gora eta behera, alde batetik bestera. Oso gogoko dut natura, bai mendi-bizikletaz baso eta mendietan barrena galtzea eta baita ere Deltaz  hodei artean hegan egitea ere.

Musikan ezingo nuke bat aukeratu, guztiok bezala ziur. Abesti gehienak gure iraganeko oroitzapenak irekitzeko ate zuzenenak direla esango nuke, usaimena bezalaxe. Agian horregatik nire abesti kuttunena haurtzaroan hainbestetan entzundako abestiren bat izango litzateke. Haurtzaro zoriontsua izan nuenaren seinale; zein garrantzitsua den haurtzaro zoriontsua izatea! Bat esatearren Haizearen Brodatzen ari nintzen. Txikia nintzela diskaren portada hainbestetan begiratzen nuen harrituta: tentsio altuko kableak kitarra batetatik abiatzen dira! 

Ikastaroarekiko nire itxaropen nagusia gaian gehiago sakondu eta janzteko aukera izatea izango litzateke. Ez bakarrik nire tesiari begira, baita ere esan daitekeelako generoaren arazoa aurki daitekeen arazo zahar eta zabalena dela eta badelako garaia hori sakon lantzea. Pertsona obserbatzailea eta kritikoa naizela esango nuke eta oso gogorra egiten zait emakumeek gizonezkoen aldetik jasaten duten jazarpen, tamalez normalizatua onartzea. Ez dut gustoko zabaltzen diren genero ereduak onartu behar izatea, egun hainbeste areagotzen ari direnak. Eta hori guztia heziketatik bakarrik aldatu daiteke, behetik gora, eta horretarako bai emakumezko bai eta gizonezkoen parte hartzea ezinbestekoa dela argi daukat.

NIRE AURKEZPENA

Kaixo!

Patricia Oregi naiz, 23 (laster 24) urteko azkoitiarra. Txikitatik irakasleenganako izan dudan begirunea eta hauek burutzen duten lanaren miresmenaren ondorioz, neuk ere bide hori hartu eta irakasle izateko ikasketak egitea erabaki nuen. Duela bi urte Lehen Hezkuntzako gradua  (Hezkuntza Bereziko aipamenarekin) amaitu nuen eta horren ostean, Haur Hezkuntzako gradua burutzeari ekin nion, aurreko uztailera arte.

Dagoeneko unibertsitateko ikasketak amaitu ditudan arren, beti ikasteko zerbait berria egon ohi denaren ustekoa naiz. Profesional guztien etengabeko formakuntza garrantzitsua bada, zer esanik ez irakasleena; hauek eduki berrien, teknologien eta abarrez gain, belaunaldi berrien ezaugarri eta beharrak ere bildu behar baitituzte.

Honako hau jakinik, ikasturte honetan hainbat ikastaro ezberdin egitea pentsatuta neukan, etengabeko formakuntza horretan murgiltzeko asmoz. Ideia hori buruan jira biraka nuela, lagun batek ikastaro honen berri eman zidan. Gaur egunean pil-pilean dagoen gaia izateaz gain, interes handikoa egiten zaidanez, bi aldiz pentsatu gabe izena ematea erabaki nuen.

Ildo horretan, hezkidetzaren gaia askotan entzun baina gehiegirik sakondu ez dudan gaia dela esango nuke. Hala ere, azken hiru hilabeteak Peruko hainbat eskoletan pasatu ditut boluntario gisa eta egia esan, harrituta geratu naiz bertako gizartean aurki daiteken normalizatutako matxismoarekin. Horren aurrean, hainbat hizketaldi eta eztabaida izan ditut emakume eta gizonezkoek gizartean duten rol edo paperaren inguruan eta lantzeko benetan gai interesgarria iruditzen zait.

Hori dela eta, ikastaroko materialez gain, gainerako ikaskideen iritzi zein zalantzak mahaigaineratu eta hauen inguruan mintzatuz, hezkidetzaren inguruko jakituriak neureganatu eta horietan sakontzeko gogo bizia dudala ezin uka nezake.

Bestalde, nire burua aurkezteko asmoz, ameslaria eta pixka bat burugogorra naizela esango nuke. Beti erronka ezberdinei aurre egiteko gura izan ohi dut, “ezina ekinez egina” delarik nire bizitzako filosofia. Arduratsua eta langile fina naizen arren, gauzak azken momentuan egiteko ohitura izugarria dut eta denbora pasa ahala, aldatzen ez dudan zerbait da. Ea denbora pixkatxo bat gehiagorekin…

Gehiegi ez luzatzearren, betidanik gustuko izan dudan abesti honekin uzten zaituztet:



Nor ete naiz?

Ni Mariely Zarraga naiz, 47 urteko Dimoztarra. Filosofian lizentziatua eta filosofia irakasle interinoa. Basauriko Urbi institutuan egiten dut lan, hau nire 4. ikasturtea izango da bertan. Filosofian eman diren murrizketak direla eta, Balio etikoak (Dbh 1 eta 3) eta psikologia (2. batx) ematen ditut.
Ekainean, zuzendari berriak, ikasturte honetan institutuan hezkidetza proiektua martxan jarri nahi zuela eta niri proposatu zidan proiektuaren ardura hartzea, irakasle dinamiko eta berritzaile nintzelako. Nik erronka pozik onartu nuen, gainera, azken bi ikasturteetan, hau da, 15-16 eta 16-17 ikasturteetan, Dimako eskolako Guraso Elkarteko juntakidea izan naizenez, horrek herriko Bardintasun mahaiko partaide izatera eraman ninduen. Dimako Bardintasun Mahaian herriko elkarte desberdinek, eskolak eta udalak hartzen dute parte, eta Dimako eskolan hezkidetza aspaldi lantzen denez, Bardintasun mahaiko partaide izateak herrian bardintasunaren inguruan zenbat lan egiten den ohartzean  mundua beste ikuspegi eta beste sensibilitate batekin ikustera eraman nau. Baina, nire buruarekiko ziurtasun ezak bultzatuta, ikastaro eta prestakuntza bilatzen hasi eta Facebook-eko “Claustro Virtual de coeducación” taldearen  bidez ikastaro honen berri izan eta hemen naukazue, asko ikasteko eta bizi izandako esperientziak partekatzeko ilusioarekin.
Hala eta guztiz ere, momentu honetan nahiko lanpetuta eta estres puntu batekin nabil, institutuko lanak, klaseak prestatzea, mintegi burutza, hezkidetza proiektua, ikasketa kooperatiboan sakontzen joan eta geletan aplikatzen hasi ; ikastaroak, hau ez baita momentu honetan egiten ari naizen ikastaro bakarra, beste bi gehiago egiten ari bainaiz, bata hezkidetzarekin lotua, “Formadora de formadores en Igualdad” eta bestetik, gure berritzeguneko proiektu pilotu batek planteatu digun “Resilientzia eta kurrikulum sozio-emozionala”. Ikusten duzuenez, topera, baina ikasteko eta irakaskuntza berrizteko indartsu eta gogotsu; Dimako Guraso Elkartean bi urte pasa ondoren, edozertarako prest eta juntakide izateari utzi diodanez, denbora libre asko izango dut, erritmoa hartzen diodanean lasaitu eta disfrutatu egingo dut; gainera, gabonetarako beste ikastaro biak bukatuta izango ditut eta gabonak bertan ditugu, beraz, zertarako larritu eta estutu?
Baina nire bizitza ez da irakaskuntzara bakarrik mugatzen, 12 urteko mutil baten ama ere banaiz, arreta arazoak dituen eta nerabezaroan sartzen ari den ume baten ama ulerkorra, pazientziaduna eta, batzuetan, bere papera galdu eta zoro baten pare oihuka hasten dena.
Hala ere, bilatu ditut “eskape” eta ondo pasatzeko moduak, ostiral iluntzero koadrilako neskak poteoa egiten dugu herritik, aste guztiko gora beherak, momentu onak eta txarrak konpartituz, “Terapia de grupo” egiten dugu. Bestetik, iaz herrian kantu zaleak talde bat sortu genuen,Kantu Bat Gara izenekoa, Arratia Kantuz ekimenean parte hartzeko helburuarekin; ekimen honek Euskal Herriko kantu zaletasuna bultzatu nahi du eta euskararen erabilera bultzatu, horretarako hilean behin Arratiako herri batek bere herrian kantu-bira antolatzen du; eta Kantu Bat Gara taldean ia partaide guztiek instrumenturen bat edo bi jotzen zekitenez eta nik  instrumenturik jotzen ez nekienez eta hizkuntza musikalik ere ez, panderoa jotzen ikasteko Arratiako Musika eskolan izena eman, eta hor nabil, panderoarekin jo eta fuego; ez dakizue zenbat lasaitzen naizen musika jarri eta panderoa jotzen dudanean; ez yogak, ez pilatesek ez dute lortu panderoak nirekin lortu duena. Gainera, sortu dugun taldean kantatzeaz gain, barreterapia ere egiten dugu, ederto baten pasatzen dugu; hilean behin elkartzekoak ginen, baina hain gustura gaudenez ia larunbatero elkartzen gara, ensaiatu, pote batzuk hartu eta barre egiteko, argi daukagu musika eta kantuarekin ondo pasatu nahi dugula.
Nire senarrak Dimako perrexila naizela esaten du, saltsa guztietarako deitzen naute eta ni guztietarako prest; baina hor nire puntu ahula agertzen da, ez dakit ezetz esaten eta batzuetan horrek kezkatzen nau, gainera zerbaitetan parte hartu behar badut eta nahiz eta nire zaletasunetako bat ez izan, beti bilatzen diot alderdi positiboren bat eta horrela aurrera noa, noiz arte? Nork jakin? Ziur nago egunen baten ezetz esaten ikasiko dudala.

Eta aurkezpen luze luze luze honekin bukatzeko zer eskertzen dudan talde berri batean sartzerakoan galdetzen didazue, zer esango dut, pazientzia, lasaitasuna, umore ona  eta esker ona. Eta blokeatzen nauena: posta elektronikoa mezuz beteta izatea, horrek gogorarazten didalako jendea lanean dabilela eta nik ikastaro horretako lanak egin gabe ditudala eta mila gauza ditudala egiteko; azken finean, presioak blokeatzen nau.

Nire aurkezpena

Arratsaldeon!! Ni Itxaso Perez Aranburu, 23 urteko, gaztea naiz. Zeberiokoa (Bizkaia) betidanik, baina abuztuan Bilbora etorri nintzen bizitzera, lana dela eta. Ekainean Gabriel Aresti euskaltegian lanean hasi nintzen eta Zeberiotik egunero joan-etorria egitea gehiegi zen. Beraz, momentuz San Frantzisko auzoan bizi naiz lagun batzuekin.
Izatez, Lehen Hezkuntzako Gradua ikasi nuen Leioan, honen ostean, iaz, alegia, Donostian Emakume eta gizonen arteko berdintasun teknikaria izateko masterra egin nuen, eta horren haritik, erabaki nuen ikastaro hau burutzea.
Horrez gain, iaz ere, sexu hezkuntzako ikastaro bat ere egin nuen, betidanik egon naizelako interesatuta sexua eta erotikaren munduarekin, eta hau nola eraman daitekeen hezkuntza arlora beti izan da nire egiteko ikasgaia.  Nire ustez, guztia lotzen da sexualitatearekin, eta bakoitzak txikitatik jasotzen duen hezkuntzaren ondorioz sortzen diren harremanek egiten gaituzte garen belakoak. Beraz, hezkidetzaren aldetik, alderdi hori ere lantzen da, heziketa afektibo sexuala ere integratuz hezkuntzan.
Egia esan, nahiko lanpetutan nabil azkenaldian, eta niretzako ezinezkoa zen saio presentzialetara joatea, are gutxiago Donostiara, beraz, online formatu honi esker, uste dut nire erritmora lan egin ahal izango dudala.
Hala ere, ni izatez, nahiko lotsatia naiz hasieran, edo hobeto esanda itxia eta barnerakoia naiz, eta harreman berriak sortzerako orduan traba handiak izaten ditut. Kolore bat banintz, berdea izango nintzateke, txikitatik mendi eta zuhaitzen artean bizi izan naizelako, eta itzeleko lasaitasuna eta segurtasuna ematen dit, eta horrez gain, nolabaiteko naturaren magia gordetzen du.
Ikastaro honekin espero dudana da hezkidetza hezkuntzako oinarria izateko materialak eta baliabide praktikoak ezagutzea eta martxan jartzen jakitea. Agian, astiro edo atzeratuta geratuko naiz noizbehinka, baina benetan, ezinbestekoa den gai honi buruz oinarri sendoak garatu nahi ditut, posible den momentuak aurrera eramateko.
Besterik gabe, ikaskideei agurtzen zaituztet, ez bainintzen aurreko asteko saioan egon, eta espero dut, guztien artean, ezagutzak eta iritzi ugari partekatzea.


Itxaso