2016/10/10

NIRE AURKEZPENA

Kaixo!

Maite naiz, durangarra, hezkuntza ez formalean 14 urtez lanean dabilen hezitzaile nekaezina.

Duela urte batzuk betaurreko moreak jarri nituen, gerora lentilla bihurtu eta gaur egun lotarako ere ez ditut kentzen. Honek askotan hazkurea sortzen dit, baina ez dit axola, ez ditut kenduko. Urtxintxako Hezkidetzan Aditua ikastaroan parte hartu nuen eta gehiago ikasi eta desikasteko gogoz nator.

Gaur, hemen eta orain astoratuta nago, lanean ezin heldu eta herriko jaiak, dena batera. Bi aste barru lasaiago eta ardaztuago egongo naiz, buruari eragiteko gogotsu.

Langilea, eskuzabala eta umoretsua naizela diote, baina baita burugogorra, despistatua eta epe laburreko memoria duena (Dori naiz). Hobetu beharreko beste mila arlo ditut, lanketa bidean denak.

Zinezale eta seriezale amorratua naiz, baita bertsozalea ere. Maite dut barre egitea, dutxa beroak hartzea eta egin berri diren bizkotxoak jatea. Iluntasunari beldurra diot, handia.

Morea da nire kolorea, politena bera da eta beste kolore guztiekin ondo dator.

Animalia banintz tximeleta izango nintzateke. Udan lagun baten esaldia nire egin nuen eta "aldaketarik gabe, tximeletarik ez" lelo berria dut bizitzan. Euskaraz, gainera, tximileta izendatzeko hitz eder pila ditugu: pinpilinpauxa, mitxeleta, zintzitoil, txiruliru, txiribiri, farfail, tximirrika, txilipitaina, sorgin-oilo, matxita, mitxirrika, jainkoilo, apex, kalapitxi... eta hiztegiak ezagutzen ez dituen beste mila.

Musika asko entzuten dut, baina azken aldian Iseo ezizena duen iruindarrari ematen diot play.



Zuekin hilabete oparoak konpartitzeko irrikitan.

Nire aurkezpena Idoia


Kaixo;

Idoia naiz; zumarragarra. Hiru seme-alaben ama naiz (13, 10 eta urtebete) eta honek ez nau definitzen baina momentu honetan bai baldintzatzen. Kazetaritza ikasi nuen eta horretan lan egin baina beti izan dut berdintasunaren gaiarekiko interesa eta 2008an Berdintasun Masterra egin nuen (pentsatzen jarrita, badira urte batzuk!). Ordundik hona berdintasun teknikari bezala egon naiz lanean, nagusiki enpresa-munduari begira.


Seme txikienaren jaiotzetik hona, etenaldi bat egin dut, eta orain, bultzada baten ondoren ibilbide berri bati ekin behar diot. Ikastaro hau aro berri honen ataletako bat da eta pilak jartzen dizkidan gai honetan murgilduta jarraitzeko beste aitzaki bikaina! Dena den, bertan hasi izana, ikaskide dugun  nire lagun bati eskertu behar diot, berea izan baita azken bultzada. 


Bizitza oso azkar doanaren irudipena beti izan badut ere, orain, eguna ziztu-bizian doala iruditzen zait. Ez dut ezertarako astirik! Eta batzuetan asko larritzen nau egoera honek. Dena tartetik tartera eta saltoka egiten dut. Askotan asko pentsatu gabe, kolpetik kolpera. Baina oso garrantsitsua iruditzen zait eguneroko zoramenean nire espazioa zaintzea. Eta horretan ez dut etsiko.

Hezkidetzarekin prefesionalki harreman zuzenik ez dut izan, zeharkakoa baizik. Baina hezkuntza komunitatearen parte naizen aldetik, guraso bezala, erabatekoa. Horregatik ikaragarri garrantzitsua iruditzen zait eta erronka bikaina. Asko ikasten dut nire seme-alabarengatik eta haien harremanen behaketagatik. Uste dut errealitatearekin erabat konektatzen nautela.

Segurtasun ezak eta ezkortasunak geldi arazten naute batzuetan. Baina handik edo hemendik, sortzen dut aurrera jarraitzeko indarra. Kolorea, urdina, itsasoa eta zerua bezain zabala, muga han, urrunean. Animalia, katua, batzuetan hain gustora jende artean eta besteetan hain eroso bakardadean… Kantuak hainbeste eta ia-ia denetarik!

Birtualki eta teknologia berriei dagokionez, ez naiz batere trebea. Baina trebatzeko gogoz nago, eta moldatzeko ere bai. Eta orain ez dut horretarako denbora soberan, baina badakit izango dudala. Gainera ikusi dut ez zaigula laguntzarik faltako eta talde aldetik bakardaderik ez dela somatuko. Hori da horrelako gaietan parte-hartzearen beste abantailetako bat, nire ustez, taldearen bultzada nabaritzen duzula eta horrek indartu egiten zaituela, kanpoan hotz egiten duenerako. 





NIRE AURKEZPENA (MAITE A. S.)



Kaixo taldekide guztioi!!! Aste guztia daramat buruari bueltaka nire aurkezpena nola egin! Alde batetik, zuei ni nor eta nolakoa naizen plazaratu nahi dizuet. Beste aldetik, ordea, sarean nire inguruko daturik ez dut nahi jarri. Beraz, bion arteko oreka bilatzen saiatu naiz.


Ni ere Maite nauzue. Bizkaia aldeko auzune txiki batean aurkitzen den baserri batekoa. Ni hiru ahizpatatik gazteena naiz. Baina nire aitak ez zuen espero hiru alaba izatea eta medikuek ere ez zuten espero ni emea izatea. Gauzak horrela, ni amaren sabelean nengoen bitartean Xabier nintzen. Jaiotzean, ordea, alua nuela ikustean izena aldatu eta Maite deitu zidaten. Gerora, hainbat alditan entzun dut: “mutila izan beharreko neska”. Eta ni beti esaldi honen atzean dagoen mamia aztertuz eta hausnartuz.


Ni nor nintzen eta nor ez nintzen hausnartzeari unibertsitate garaian ekin nion. Honen eta ahizpetako baten heriotzaren ondorioz, bizitzan zehar zabaldutako hainbat bide itxi eta bide berriei ekin nien. Hartutako bide berri hauen artean, besteak beste hauek daude: AMA izatea eta BETAURREKO MOREAK jartzea.


Hori dela eta, azken urteetan hezkidetzaren inguruan etengabe irakurtzen, ikertzen, hausnartzen… nabil. Egunero gauza berriekin jabetuz eta aniztasunari bideak etengabe irekiz.


Izan ere, etengabe norberak bizitakotik eta besteengandik ikasteko prest dagoen pertsona  naiz. Honez gain, alaia, irekia (sarean ez), berbatia, aktiboa, irribarretsua eta oso urduria naiz.


Nire zaletasunen artean, baserria, natura, erromeria (panderoa eta trikitixa) eta herri kirolak aurkitzen dira. Eta ikasturte honetan zehar zuen sarrerak irakurtzea eta sarean sortzen gabiltzan hezkidetzarako espazio honetan murgiltzea ere, espero dut zaletasun bihurtzea.

Besarkada more erraldoi bat guztioi!! Gozatu ezazue HUNTZA taldearen HARRO GAUDE kantuarekin:






Maite A. S.

Olatz

Kaixo!!!
Ni Olatz naiz Donostian jaioa baina mundu hontako nomada bat sentitzen naiz!  Lehengo urtean amaitu nituen magisteritzako ikasketak. Hezkuntza eta haurrak maite ditut, beraien indarran sinisten dut eta bestetik, ameslari eta bidaiaria naiz.
 Nolatan ni hemen? Humanidade aldekoa naiz guztiz, rgi eta garbi, gai sozialak asko interesatzen zaizkit eta hezkuntza maite dudan moduan, hezkidetzaren ezinbesteko presentziaz jabetzen naiz, Magisteritzako lehen urtean honen inguruko lan bat egin genuen eta taldean guztiz murgildu ginen gaian, gure barnean zerbait sorraraziz eta mugituz.
Beraz, gauza berriak ikasteko energiaz beteta sentitzen naiz, baita ahal dudan gehiena emateko eta jasotzeko asmoz!
Ezagutzen nautenek alaia naizela diote, baita ikuspegi zabalekoa naizela, hala ere, badut zer ikasi, nire buruari denbora gehiago ematetik hasiz.
Bada asko interesatu eta barnean guztiz mugitzen dizkidan beste esparru bat, GKEena. Nire magisteritzako praktikaldia beste herrialde eta hezkuntza sistema batean egin nituen eta ordutik aurrera honen inguruan mugitzen den filosofia (deshazkundea, giza eskubideak, garapenerako milurteko helburuak…) eta ekintza sozialak maite ditut.
Zuekin gauzak elkarbanatzeko gogoz sentitzen naiz, beraz, joango gara pixkanaka gehiago ezagutzen!!!
 Plazer bat bide hontan zuekin gurutzatzea, zuekin bidea jarraitzeko gogoz!!
Olatz

2016/10/09

LEIRE: NIRE AURKEZPENA



Kaixo guztioi!!!! Ni Leire Garro Hernaiz naiz eta nahiko zaila egin zait nire burua aurkeztea, azken urteetan esparru eta gune ezbedinetan parte hartu bait dut. Ni alaba nerabe eta seme nerabe baten ama naiz eta horretaz gain, Ategorritxoko haurreskolan lan egiten dut. Nahiz eta ikasle garaietatik honuntz hezkuntza munduan aritu, azken 12 urte hauetan sindikalista lanetan aritu naiz (eta nabil, zaila egiten da hurruntzea) esparru ezberdinetan hezkuntzan, osasungintzan, negoiazio kolektiboa.....Orain dela gutxi nire bizitzan aldaketak egitearen beharra  sentitu-pentsatu eta ekin nion. Aldaketak nire bizitzaren esparru guztietan egin nituen nire lana, bikotea...  arrazoi ezberinengatik nire oinarrietara bueltatu naiz, hau da, hezkuntzara eta konkretuki nire haurreskolara. Betidanik hezkidetza gaiarekin kezka haundia izan dut eta horregatik ikastaro hau aukeratu dut, gaian sakontzeko eta gure herrian egon daitezkeen esperientzien berri izateko eta noski, pertsona bezala hazteko. Gaur egungo jendartean, familietan eta eskoletan hezkidetzaren gaian eskuhartzea egin behar dugu komunitate gisa, norabide berdinean . Bakoitzak bere ingurune hurbilean lana egin behar du, bakarrik horrela gai izango gara jendartean eta modu makroan eragiteko eta benetako aldaketak gauzatzeko. Hezkidetzaren bidez eraiki nahi dugun bestelako mundu honen oinarrietakoa da, funtsezkoa eta denok parte garenez  erantzunkizuna dugu. Beraz, ni nire mikrotik hasi naiz lanean ondoren makro horretan eragiteko. Horregatik, gune honek aberastuko gaituela konbentzitua nago eta niri dagokidanez nire hazitxoa ipintzeko prest nago!!!!!! Kolore guztiak ditut atsegin, guztiek zerbait aportatzen dutelako eta bata bestearenganako osagarriak direlako.

Nire aurkezpena: Ainhoa Mendiluze

Kaixo denoi!

Ainhoa naiz, Lasartearra. Lagunek Ainho deitzen didate. Barrenak askatzeko prest nator, nire eguneroko lotsa guztiak erdi ahazteko asmoz… Ea zer ateratzen den.

Gizarte hezkuntza ikasi nuen eta ordutik, gazteekin lanean aritu naiz, hezkuntza ez formalean batik bat. Gaur egun harrera etxe batean egiten dut lan.

Ikasten ari nintzela desikasten hasi behar nuela konturatu nintzen, hain barneratuak nituen ideia asko deseraiki eta ahal nuena izatetik, benetan izan nahi nuena izatera pasaz. Besteak beste, horregatik ere banago hemen.

Heziketa metodo gisa, hezkidetzan oinarritzen saiatzen naiz; lanean, egunerokotasunean… Hala ere ikasteko asko dudala uste dut, eta ikastaro hau lanean jarraitzeko modu on bat izan daitekeela esango nuke.

Horrelako ikastaro birtual batean aritzeko, parte hartzeko gogoa eta besteekin ikasitakoa konpartitzeko gogoa ditudala azpimarratuko nuke; lotsatia naiz eta normalean kosta egiten zait talde handian ekarpenak egitea, baina erronka modura hartu nahi dut. Ezinbestekoa iruditzen zait zuekin iritzi eta pentsamenduak konpartitzea, askoz ere aberasgarriagoa izango baita norberak bere kontraesanak beste batzuekin konpartitzeko aukera badu.

Morea da nire kolorea. Txikia nintzenean, arrazoi berezirik gabe gustatzen zitzaidan; ez nion beste zentzurik topatzen, gustukoa nuen eta kitto. Orain askoz gauza gehiago transmititzen dizkit, indarrarekin eta babesarekin lotzen dut. Morea naiz.

Animalia bat banintz… Tximeleta bat izango nintzateke, txikia, baina hegan egiteko gogoa duena. Hazteko gogoa duena.

Ikastaroarekiko itxaropen asko ditut: hezkidetzaz gehiago jakitea, neure buruari gauza berriak ikasteko gai naizela erakustea, taldean iritzi ezberdinak ezagutu, konpartitu, elkar aberastu eta indartzeko aukera izatea.

Musikari dagokionez, batzuk oso tristea dela esaten didate; niri kosta egiten zait bakarra aukeratzea. Anariren musikak maitemindu eta barrura begira jartzen nau une oro. Zuei ere, barrua pixka bat mugituko dizuelakoan, hemen uzten dizuet bere kantu bat:


Besarkada bana,

Ainho.


Aurkezpena. ALASNE GURIDI



Kaixo:
Ni Alasne naiz , oñatiarra eta Bergarako San Martin Agirre ikastetxean lan egiten dut irakasle gisa.
Ikastaro honetarako nire lankide batek eman zuen izena, baina azkenego momentuan ezin egin izango  zuela eta niri eskeini zidaten. Egia esan, ezuztean harrapatu ninduen  baina argi dagoena da hezkidetzan oraindik asko dagoela egiteko eta egin beharra dagoela , beraz aurrera, esan nuen.
Nire ezaugarri onei buruz, ondo ezagutzen nautenek diote pazientzia handikoa naizela eta entzuten dakidala eta txarra  edo hobetzeko, berriz, lotsatia naizela .
Koloreari buruz, berriz, esango nuke momentuaren eta egoeraren arabera kolore bat  edo bestea  aukeratuko nukeela.
Ikastaro honetan espero dut hezkidetzan esku hartzeko estrategia desberdinak, proiektuak   … ezagutu eta ikastea gero arlo profesionalean zein pertsonalean  aurrera eramateko. Esan behar dut baita ere ikastaro birtualen mundu honetan berria naizela eta  horretan zer ikasi  ere badudala.