2016/10/10

NIRE AURKEZPENA (MAITE A. S.)



Kaixo taldekide guztioi!!! Aste guztia daramat buruari bueltaka nire aurkezpena nola egin! Alde batetik, zuei ni nor eta nolakoa naizen plazaratu nahi dizuet. Beste aldetik, ordea, sarean nire inguruko daturik ez dut nahi jarri. Beraz, bion arteko oreka bilatzen saiatu naiz.


Ni ere Maite nauzue. Bizkaia aldeko auzune txiki batean aurkitzen den baserri batekoa. Ni hiru ahizpatatik gazteena naiz. Baina nire aitak ez zuen espero hiru alaba izatea eta medikuek ere ez zuten espero ni emea izatea. Gauzak horrela, ni amaren sabelean nengoen bitartean Xabier nintzen. Jaiotzean, ordea, alua nuela ikustean izena aldatu eta Maite deitu zidaten. Gerora, hainbat alditan entzun dut: “mutila izan beharreko neska”. Eta ni beti esaldi honen atzean dagoen mamia aztertuz eta hausnartuz.


Ni nor nintzen eta nor ez nintzen hausnartzeari unibertsitate garaian ekin nion. Honen eta ahizpetako baten heriotzaren ondorioz, bizitzan zehar zabaldutako hainbat bide itxi eta bide berriei ekin nien. Hartutako bide berri hauen artean, besteak beste hauek daude: AMA izatea eta BETAURREKO MOREAK jartzea.


Hori dela eta, azken urteetan hezkidetzaren inguruan etengabe irakurtzen, ikertzen, hausnartzen… nabil. Egunero gauza berriekin jabetuz eta aniztasunari bideak etengabe irekiz.


Izan ere, etengabe norberak bizitakotik eta besteengandik ikasteko prest dagoen pertsona  naiz. Honez gain, alaia, irekia (sarean ez), berbatia, aktiboa, irribarretsua eta oso urduria naiz.


Nire zaletasunen artean, baserria, natura, erromeria (panderoa eta trikitixa) eta herri kirolak aurkitzen dira. Eta ikasturte honetan zehar zuen sarrerak irakurtzea eta sarean sortzen gabiltzan hezkidetzarako espazio honetan murgiltzea ere, espero dut zaletasun bihurtzea.

Besarkada more erraldoi bat guztioi!! Gozatu ezazue HUNTZA taldearen HARRO GAUDE kantuarekin:






Maite A. S.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina