2016/10/11

NIRE AURKEZPENA

Kaixo guztioi!!


Leire Imaz Zubiaur naiz. Bizkaitarra, Algortarra. Ekainean 42 urte bete nituen eta, handik gutxira, nire hirugarren umetxoa jaio zen. Etxean izan nuen, piscina batean. Akelarrea!!! Izugarrizko esperientzia!! Bihar beteko ditu hiru hilabetetxo, oraindik amatasun lizentzia gozatzen ari naiz: hormonak saltsan, bular bete esne, poz pozik!!


Zuzenbidean Doktore naiz, EHUko Zuzenbide Fakultateko irakasle. Baita bertako Berdintasun Batzordeko kide ere. Berdintasunari buruzko arau juridikoak ezagutzen ditut. Klasean azaldu egiten ditut. Transexualitatea, genero identitatea. Sexu aldaketa baten prozesu osoa jasan duen ikasle baten eskutik bizi izan dut errealitate horren zatixo ttipi bat. Jardunaldiak eta hitzaldiak antolatu izan ditut mikromatxismoei buruz, hizkuntzaren sexismoari buruz, zaintza partekatuari buruz.... Akademe programan parte hartzeko aukera izan dut, bere lehenengo edizioan, emakume akademikoen lidergoa bultzatzeko asmoz eratutako formazio gune eta sarean. Irakurri eta ikasi ditut prostituzioaren eta amatasun subrogatuaren koxka juridikoak, feminismoaren ikuspuntutik ere. Baita Irun edo Hondarribiako Alardeen afera ere, Rol Joko bat diseinatzeko aukera ematen didana.

Baina eremu profesionalean aurrera egiten dudan heinean, sakontzen dudan heinean, gero eta txikiago sentitzen naiz. Sistema patriarkala hain dago txertatuta inkontziente kolektiboan! Hain dago itsatsita egitura sozial, ekonomiko zein politikoetan... munstro erraldoi baten aurka ari naizela sentizen dut!!! Partxe txikiekin hurbildu naizela berdintasunaren erronkara; bueltaka nabilela; korapiloa urrunetik hantzematen hasi naizela baina esku artean izateko aukerarik gabe. Labainkorra da, bustia da. Zaila zait oratzea.

Emakume, alaba, arreba, bikote, ama, irakasle, ikertzaile, lagun naiz. Eta, egia esan, berdin zait argazkia nondik begiratu: nire izatearen ertz guztietan, bizi ditudan egoera guzti-guztietan, pairatzen dut sistema patriarkalaren presioa, indarra, mina. Txikiago batzuetan, handiago bestetan. Ni neu sistema horren kolaboratzaile sentitzen naiz maiz. Hezkidetza, aniztasuna, errespetua, justizia, berdintasuna erreibindikatu eta bizi nahi bai, baina nire jarreren konszientzia puntua jazo nahian, eraldaketa nire barnetik hasten dela jakin dut. Nire alabak eta semea berdin tratatzen ditut? Ziur? Nire ikasleak? Nire sailkideak? Lagunak? Nire denborak nire bikotekidearenak baino gutxiago balio al du? Zer pasako diet nire haurrei? Zer ikusten dute etxean? Zein eredu dute? Ikastolan? Nire 8 urteko alabak modan dauden Regeton abesti horietatik zerbait ulertzen al du? Zer itsatsiko zaio azalean? Ba al dago nire esku itsas-gora hori baretzea? Zelan hitz egin behar diet? Debekuak balio al du? Inposaketak?

Sistema bortitz honek zenbat bake lapurtu didan oraindik neurtu gabe heltzen naiz talde honetara. Hezkidetzan sakontzeko desioarekin. Nire burutik hasita, ingurunean hurbiletik jarraitu eta ahal dudan beste zabaltzeko. Ea lortzen dudan konstantea izaten, nire burua lar zigortu gabe. Osasuna behar da, indarra eta poztasun handia, munstro horri urrezko ezpata sartzeko!

Mundua, bizitza, Euskal Herria, amatasuna, maitasuna, sexua, generoa, identitatea....BESTE BETAURREKO BATZUEKIN BEGIRATU NAHI DITUT. Askatasunaren betaurrekoekin.

Bideo bat, berezia.




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina