Ez naiz ni izango sare sozialen aldeko apologia egiten duena, ez horixe. Hainbatetan landu izan ditut gazte eta ikasleekin sare sozialek beraien baitan dakartzaten arriskuak, kontrol soziala, irudiari ematen zaion neurriz kanpoko garrantzia... Baina tira, egia da baita XXI. mendean bizi garela, eta sare sozialak egunerokotasunean halabeharrez aurkituko ditugula, nahi ta nahi ez. Eta aitortu beharra daukat; nik neuk ere egunerokotasunean erabiltzen ditut. Eta bai, ez ditut beti zentzuz erabiltzen.
Kontraesanak albo batera utzita, esku artean jarri dizkiguten tresna "berri" hauen erabilgarritasuna non dagoen aurkitzean dago gakoa (sare sozialen inguruko heziketak duen garrantzia ahaztu barik, noski).
Ikaskuntza-Ingurune Pertsonalak (PLE edo Personal Learning Environment) historian zehar aldatzen joan dira ikasketa-prozesuekin eta ikasketa-eremuekin batera. Garai batean, hurbileko eremuetan baino ez genuen ikasten (eskolan eta etxean batez ere) eta beraz, esparru horietan sortzen genituen harremanen bidez besterik ezin genuen informazioa eskuratu, horietan oinarrituta baino ezin ginen antolatu. Azken urteetan informazio eta komunikazio teknologiek errotik aldatu dituzte ikasketarako eremuak: informazioa globalizatu egin da eta edonoren eskura dago gaur egun.
Egungo sistemak bizi osoan zehar ikaskuntza prozesuarekin jarraituko duten pertsonak behar ditu; haien artean loturak bilatuko dituztenak; edukiak sortu; ikaskuntza autoerregulatzen dakitenak; modu pertsonalizatuan ikasten dutenak... Irakasle ikuspuntutik, guk ere etengabeko formakuntza beharra dugula uste dut. Gure artean edukiak eta ideiak elkartrukatuz ikasgeletako egunerokotasunean berrikuntzak aplika ditzakegulako, besteak beste. Gainera, ikasleak informazioaren trataeran gidatuko baditugu, guk geuk ere ezagutu beharko ditugu informazio eta komunikazio teknologiek eskura jartzen dizkiguten tresnak.
Guzti hau gutxi balitz, norbere PLN (Personal Learning Network) edo Ikaskuntza-Sare Pertsonala eraiki eta beste hezitzaile batzuekin elkar eragiteko aukera sortzen zaigu sare sozialen bidez; izan ere, ezin dugu ahaztu sare sozial horien atzean daudenak pertsonak direla azken finean.
Feminismoarekin lotuta ere, jabekuntza prozesuan erabilgarriak izan dira sare sozial hauek. Ezin ditugu ahaztu esaterako Pikara Magazine edo Klitto Atari Digitala moduko proiektuek izan duten arrakasta, eta egin duten ekarpena.
Emakumeen presentzia ziberespazio honetan nolakoa den aztertu eta sare sozialek feminismoari eskaintzen dizkioten aukeren inguruko solasaldi honekin uzten zaituztet.
Zuen hausnarketak irakurtzeko irrikitan!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina