2022/12/17

GUZTIONA, GUZTIONTZAT

    Hiriak edo herriak guztientzat direla pentsa dezakegun arren, aste honetako gaiean,  errepresentazioa eta denboraren erabileraren inguruan ikusi eta ikasitakoa hausnartzerakoan hori benetan ez dela egia konturatu naiz. Zaida Muxí arkitektoak dioen moduan, hiriak badute generoa (nahiz ez garen horretaz konturatzen) eta ez da femeninoa izaten.


    Gaiari bueltak ematerakoan, konturatu naiz zenbatetan lanetik etxera itzultzerakoan eta ilundu badu, nire buruan mapa ezberdinak egiten ditudan zenbait gune zuzenean baztertuz. Beldurra ez pasatzearren, etxerako bide zuzena egin beharrean bidaia luzeagoa eginez askotan gainera. Honek sekulako amorrua sentituarazi dit. Zergatik ibili behar gara beldurrez gure hirian? 

      Honen oinarrian dagoen funtsezko arazoa honakoa da: gure hiri zein herritako arkitekturak ez du genero-ikuspegirik. Blanca Valdiviaren hitzaldian problematika hau jorratu eta proposamenak plazaratzen ditu, etorkizuneko hiriek ikuspuntu feminista izan dezaten.


    Arazoa konpontzeko edo gutxienez murrizteko saiakerak egin dira gurean. Adibidez, Irungo Bilgune Feministak
, hiriko puntu beltzen mapa prestatu zuen duela urte batzuk, auzo ezberdinetako auzo-elkarteekin elkarrekintzan. Bertan bizi diren emakumeei elkarrizketak eginez, beldurra sortu edota zailtasunak dituzten puntu ezberdinak markatu zituzten Irungo mapan. Honako linkean Ainara Lopezek puntu beltzen mapa zer den, egindako lana eta zergatia eta hauek konpontzeko bideak azaltzen ditu oso modu errazean. Geroztik, udaletxearekin elkarrekintzan ibili dira hiriaren diseinuan genero perspektiba txertatu nahiean. Lana egiten ari bada ere, oraindik asko dago egiteko, horregatik...

Azkenik, aurreko edizioetako Diseinu berriak aldaketarako Espazioaz jabetu, hura eraldatzeko posta gomendatu nahiko nuke, Nereak dioen moduan “hiriaren antolaketaren inguruan ez da normalean genero-ikuspegiarekin pentsatzen” eta hori aldatzea ezinbestekoa da.

 


Hemen gaude eta







Tradizioan eta beldurrean hezitakoak izan gara eta agian horregatik betikoak eta ordenak ziurtasuna eman izan digu; berriarekiko, desberdinarekiko susmoen gatibu izan gara. Ezarritako arauen presioak erakutsi digu betiko horretara makurtzea bertan gozo daudenen amarrua izan dela.


Aurreko emakume askok hasitako bideek plaza, antzoki eta udaletxe zuten helmuga eta inspirazio izan dira ondorengo emakumeentzat. Espazioaren jabetze horrek asaldura eta egonezina eragin zuen hainbatengan eta halaxe gabiltza, pausu bat aurrera eta, deskuidatuz gero, bi atzera egiten. 

Horregatik, ezinbestekoa dugu aginte organoetan ordezkaritza orekatua izatea. 2022ko irailean NBE-k (Nazio Batuen Erakundeak) argitaratu zuen Hechos y cifras: Liderazgo y participación política de las mujeres lanaren arabera itzela da genero arrakala goi mailako erabaki guneetan. Beste 130 urte gehiago beharko ditugu, gutxienez, genero arrakala hori gainditzeko. 

Bitartean, kulturak eta arteak kontzientzia esna dezakete. 2001 eta 2006 urteen artean Itziar Ocariz artistaren Mear en espacios públicos y privados lanak hautsak harrotu zituen.  Obrarekin genero konbentzioak eta maskulinitatearen errepresentazioa zalantzan jarri nahi zituen; imaginario feminista eta queer-a sortu espazio publikoaren eta pribatuaren erabilera, baimenduta dagoena eta ez dagoena birpentzatuta.


Gero eta ugariagoak dira besteontzat erreferente emakumeak arte adierazpideetan, izan zinema, literatura, musika nahiz bertsogintzan. Hiru emakume izango ditugu igande honetan, abenduaren 18an, Iruñeako Nafarroa Arenan egingo den Txapelketa Nagusian. 

Asko dugu egiteko etxe, kale eta eskoletan. Ederki pasatzen dugu egiten ditugun kultura ekintza eta aldarrikapenetan, indarra eta babesa eskaintzen digu taldeak. Asmatuko ahal dugu poz eta dibertimendu hori plazara ateratzeko erreparoa dutenengana zabaltzen! 

Ederra da bestalde, adin desberdineko jendartea elkarrekin jardutea. Mutrikun 1. batxilerreko  ikasleek 20-21 ikasturtean, Amaia Zubeldia irakaslea lagun, kale izendegia aztertu eta aldaketa proposamena aurkeztu zuten udaletxeko plenoan.

Eskola egitura zurrunak badu zer aldatu, norberak bere geletan egiten duenaren hausnarketatik hasi - denboraren banaketak beste idatzi baterako emango luke-  eta guztion artean espazio komunetan eman diren dinamikak aztertu eta hankaz gora jarri. 

Gure eskolan badira 4 urte patioaren eraldaketari ekin geniola. Eraldaketa fisikoa ez da nahikoa, hain errotuta diren jarrerak aldatzen lagundu behar da nahitaez. Gainera, indar handia eta baliabideak jarri behar dira lortutakoa ez galtzeko. Egiten eta egiten ez denaren jarraipena ezinbestekoa da, gaiari duen garrantzia emango dion zuzendaritza taldeak eta Hezkidetza arduradunak lideratuta. 

Pandemia garaian espazioen berrantolaketa baliatu genuen bereizita ziren komunak aldatzeko; pentsatu genuen baino errazago onartu zuten guztiek. 

Haur eskoletako espazioez dihardu Aitor Axpek Berriako azken orrian “Espazioak sena gararazten du” artikuluan.





Amaia N-k 2021ean idatzitako Diseinu berriak aldaketarako post-a gustatu zait, erreferentziaz betea dagoelako eta eskuhartze zehatzak aipatzen dituelako.

2022/12/12

IBILTARI EZ DAGO BIDERIK, HITZ EGITEAN BIDEA EGITEN DA.

 

Eta izenburuan esan dudan bezala, eta Machadok esaten zuen bezala: IBILTARI EZ DAGO BIDERIK, HITZ EGITEAN BIDEA EGITEN DA. Beno, egia esan, Machadok esaten zuen "caminante no hay camino, se hace camino al andar", baina gure helbururako... (...) se hace camino al hablar. 😉

Eta horrela da: berdinatasuna lortzeko, aldatu behar dugun aspektu garrantzitsuenetako bat hizkuntza da. 

Eta akrostikoan esan dudan bezala, erabil ditzagun hitzak, sexismotik kanpoko hitzak, hizkuntzaren eremua konkistatzeko berdintasunaren alde. 

Eta Anak (aurreko edizioetako ikastarokideak) bere post-an esaten duen bezala, "hizkuntza hitzak baino gehiago da; hizkuntza ez da moda bat; hizkuntza aldaketa erraztuko duen tresna da". Eta horrela da: sexismoa kendu eta desagerrarazi nahi badugu hizkuntza aldatu behar dugu zeren, azken finean, hizkuntza munduan egoteko era baita. 

Eta ezin dugu ahaztu hizkuntzari buruz hitz egiten dugunean aspektu asko biltzen ari garela: 
  • ahozko hizkuntza
  • hizkuntza ikonografikoa
  • keinuak
  • tonua, hizkera
  • irudiak
  • hitz egiteko doinuak
  • hitzik gabeko komunikazioa
  • (...)
Ondo pentsatzen badugu, erabiltzen dugun hizkuntzak gure argazki bat islatzen du. Horrela, beste lelo bat asma dezakegu:

HONELAKO JARRERA ETA IZAERA, HALAKO HIZKUNTZA.

Baina eman diezaiogun esaldi horri buelta, gure lanarekin, denon esfortsuarekin, emakumeok merezi dugulako, eta lor dezagun: 

HONELAKO HIZKUNTZA, HALAKO JARRERA ETA IZAERA. 

Orduan, eta bakarrik une horretan, bidea erdi eginda edukiko dugu, hau da, hizkuntza ez sexista eta ez androzentrikoa erabiltzen badugu, ziur nago gure jarrera eta gure izaera aldatuko direla berdintasunaren alde. 

Beste alde batetik, eta ariketan eskatzen den bezala, UPV/EHU-N EUSKARAREN ETA IRUDIENERABILERA EZ-SEXISTARAKO GIDA  aukeratu dut. Gida horren arabera, eremu hezitzailean aukeratu ditudan landu beharreko lehentasunezko 2 alderdiak hauexek dira: Irudiak eta hizkuntza bera.  Horregatik alderdi horietan esaten dena irakurri dudanean, nire ikastetxerako plantatuko nituzkeen erronkak horiekin lotuta daude:

1.- Eskolan ditugun irudiak aztertu eta sexistak direnak kendu, berdintasunezko irudiekin ordezkatzeko. 

2.- Erabiltzen dugun hizkuntza aztertu eta hizkuntza inklusiboa sortu. Non?
  • Eskolako dokumentuetan
  • Guraso bileretan
  • Geletan
  • Klaustroetan  
  • (...) 
Eta horrela, agian, benetazko eskola inklusiboa lor dezakegu. 






2022/12/09

Izan esan(on)eko!

Gutako gehienok bizi izan dugu inoiz pentsatzen duguna ahoz gora esateko ezintasuna, aurrean dugunaren botereak kikilduta nahiz esango dugunaren ondorioen beldur. Adinak eta jardunak eman digu ahots isildu hori berreskuratzeko ausardia. 

Gaiarekin zerikusia dutela eta Uxue Alberdiri Itziar Ocarizek egindako elkarrizketa baten inguruan sortutako galdera batzuk ekarri ditut testura.

 

Nola iristen da hitzera emakume ahotsetik?

Ba al du generorik zure ahotsak?

Nola zeharkatzen dizu eztarria genero sistemak?

Zer esan dezake ahots honek? Zer nahi dut nik esan dezan?

 01: Ahotsa lokatzetan. Pentsamendu feministan narrasean 

 

Azken galderarekin geldituko naiz, Zer esan dezake ahots honek, Zer nahi dut esan dezan?

Gehienok dugu ahots propioa tenplatzeko, afinatzeko beharra. Artean nerabe nintzela, beste era batean esan zitekeen kontzientziarik gabe botatako - Emadazu marikonera hori  esaldiak ezagutu berrian eragindako egonezinak esnatu ninduen, mezuarekin batera modua ere asko zainduko nuen aurrerantzean, bai horixe!

Norberak esandakoa zaintzearekin batera besteen ahotsak adi-adi entzuteko ohitura hartu dugu, gustagarri dugunaren muina nahiz kirrinka egiten duenaren arrazoiaren usnan. Kostata onartuko dugu mina eman eta Ai neska, esatearren esan badut! desenkusarik. 

Hizkuntzatik fobia adierazpen oro desagerraraztea lehenik eta modu sotilagoan diren gutxiespen nahiz ausentzien kontzientzia esnatzea dira erronka nagusiak.

Bide horretan lagungarri dugu, besteren artean, Hezkuntzan erabiltzeko hizkuntza-jarraibideak gidan proposatutako alderdi hauen lanketa:

  • Umeak hain mukizu tratatu beharrean pertsona adimentsuak direla pentsatu eta bazter ditzagun errepikapenaren errepikapenez haiei zuzentzean hain barneratuak ditugun hiztegi eta moduak.  
  • Ahozkoa izanik gure egunerokoan harreman gehienak egituratzen dituena zaindu ditzagun emakumeen aipamenen kantitatea eta kalitatea. Behingoagatik bada ere, ongi etorria Emakumeak lehenik esapidea!

2020an Bego Liernik idatzitako Hizkuntza neutroa eta aberatsa aukeratu dut hizkuntzaren inguruko hausnarketa desberdinez gain haren erabilera sexista ekiditeko proposamenez betea dagoelako.

          

 


2022/12/08

HITZEKIN JOLASEAN BAINA...MODU HEZKIDETZAILEAN

 


Aurreko edizioetatik aukeratu dudan posta, sexismoa hiztegietatik kanpo da. Alde batetik ikaragarri polita iruditu zait izenburua, ah zelako gizartea izango litzateke sexismoa hiztegietan agertuko ez balitz? Gizarte feminista!Eta bestalde aipatzen dituen bi erronkak ere oso sinpleak izanik (barrak eta markatxoak eta izen abizenen kontua) oinarrizkoak ikusten ditut. Askotan holako gauzei daukaten garrantzia kentzen zaielako eta hoien aldaketak sustaten egiten delako bidea.

Hizkuntza ez sexistarako giden artean, askok ezagunak izan ditut eta oso baliogarriak izan dira egia esan. Baina aukeratu dudana, bere formatu gazte eta originalagaitik eta kontatzeko eragaitik (oso hurbila) Canariaseko Rebeldes de genero gida da. Oso erakargarria iruditu zait. Bertako eremu hezitzailean lantzeko gomendatuko nituzkeen bi alderdiak hauek izango ziren:

* “Lo que no se nombra no existe”: emakumeak eta beraien ekarpenak bisibilizatu eta emakumeak hitza eta protagonismoa hartu eta ahaldundu. Aspektu hauek garatzen laguntzen dituzten praktikak geletako dinamikan sartu.

* “Otros lenguajes”: Ahozko hizkuntzaz gain, gestuala, digitala eta ikonografikoa zaindu. Erabiltzen ditugun irudiak zaindu eta hausnarketarako erabili. Ikasleengana zuzentzen garenean hizkuntzaz gain gure tonua eta jarrera zaindu.

    Nire ustez ikastetxean landu beharreko erronkak hauek dira, besteak beste:

-       Lehenengo eta behin irakaslegoa kontziente egitea erabiltzen dugun hizkuntzaz, askotan inkontzienteki erabiltzen ditugulako hitzak, inkontzienteki erabili eta normalizatu egin ditugulako baita ere. Eta Euskera nahiz eta generoa euki ez, era sexistan erabiltzen dugula konturarazi baita ere.

-       Ikastetxeko dokumentazio guztia eta familiekin edota komunitatearekin partekatzen diren dokumentu eta oharretan hizkuntza ez sexista erabili, moldatu eta zaindu.

-       Momentu guztiak aprobetzatu ikasleekin gogoetak egiteko: lantzen diren testuak, irudiak,… aztertuz,…

-       Ondoren, ikasleak kontzientziatu eta erabiltzen dituzten irainak, txisteak,… aztertu eta hausnarketa egin.

Eta bukatu berri den euskaraldiarekin lotuta…

GORA EUSKARA ETA FEMINISMOA!!



Hitzen "lioa" iruten


     ahoz, 

            belarriz,

             bihotzez

                    ekiteko

                    zuentzat

  proposamena:

           antolatu

                 dezakegu

    Hezkidetzaldia?

 

Aurreko edizioko sarreren artean “Hizkuntza hitzak baino gehiago da” sarrera aukeratu dut izenburuak dioenarekin ados nagoelako eta, gainera, testuan nabarmentzen duelako patriarkatua sistemikoa izan arren norbanakook badugula horri aurre egiteko erantzukizun pertsonala. Hizkuntzak nagusiki komunikazio tresnak direla pentsatzea kolonialista da, nire ustez, eta kalte handia egiten die munduan dauden 6.000 hizkuntzen artean gehien-gehienei. Hizkuntza, gorputza bezala, garenaren parte da eta, aldi berean, egin egiten gaitu. Burura etorri zait hainbat hizkuntzatan argitaratu berri den liburu hau:


Amelia Barquinek Emakunderekin osatutako “Euskararen erabilera ez sexista” gidatik eremu hezitzailean landu beharreko lehentasunezko bi alderdi aukeratu ditut: emakumeen aipamen asimetrikoak eta atsotitzak edo esaera zaharrak. Lehenengoa lankide feministenekin lantzeko aukeratu dut, uste baitut arlo honetan badugula zer hobetua gure ikasketa prozesuan. Hau da, entrenatu dugu burua (edo begirada) beste mekanismo batzuk identifikatzeko, baina nire ustez nahiko ohikoa da oraindik ere emakumeak aipatzea gizonekiko duten harremanaren arabera edo emakumeak txikigarrien bidez aipatzea (iniziala, abizenik ez, neska edo gazte deitzea…). Bigarrena, atsotitzena, aukeratu dut, euskara irakasle naizen heinean, klasean lantzeko oso aproposa iruditzen zaidalako. Batetik, tradizioari begira jartzea behar-beharrezkoa iruditzen zaidalako eta, bestetik, neurri berean aritu behar dugulako tradizioa etengabe eraldatzen, gure egiten, aurrera egin dezan.

Bukatzeko, uste dut nahiko zabalduta dagoela euskaraz genero gramatikalik ez dagoenez “arazo bat gutxiago” dugula hizkuntzaren erabilera ez sexistari dagokionez. Aldiz, sexismoa hain agerikoa ez izateak bidea zabaltzen dio pasibitateari. Duela 2 urte “Euskara eta feminismoa bidelagun” jardunaldietan oso gogoeta interesgarriak egin ziren honen inguruan, tartean Amelia Barquinek berak, eta hementxe utziko dizkizuet (bideo bakarrerako lotura da, baina erreprodukzio zerrenda osoa gomendatzen dizuet):



2022/12/06

Hizkuntza da sexista edo hiztunak gara sexistak?

    Aste honetan euskara hizkuntza sexista ote den ala ez galdetu diot nire buruari. Nire aburuz, hizkuntzak ez dira sexistak berez, baizik eta erabiltzaileek bilakatzen ditugu. Askotan gure buruan hitz batzuekin asoziazioak egiten ditugu eta nahiz testuan ez generoa aipatu, gure pentsamenduek gizon edo emakume batez hitz egiten gabiltzan pentsaraztera bultzatzen gaituzte.

    Onartu beharra daukat, zenbaitetan horrelako akatsak egin ditudala nik ere, baina esaten den moduan, beti gaude ikasteko garaiz!

    Gaiari buruan bueltak eman ondoren, hau da sortutako akrostikoa:



 Aurreko urteetako edizioetako HIZKUNTZAN eta KOMUNIKAZIOAN, SEXISMORIK EZ posta gomendatuko nizueke. Zergatik? Eduki interesgarriaz gain, baliabide erabilgarriak aipatzen  dituelako.










    Andoaingo udalak argitaratutako honako gida aukeratu dut aztertzeko. Bertan ohiko akatsez gain, hauek ekiditeko proposamenak plazaratzen ditu.

    Eremu hezitzailean landu beharreko lehentasunezko bi alderdiak honakoak dira nire aburuz:

  •        Egiten dugun hizkuntzaren erabilerari buruzko hausnarketa. Gidan aipatzen duten moduan, hausnarketarako tresna egokia izan daiteke inbertsio erregela aplikatzea.
  •       Hezkuntza komunitatean,ekoitzitako dokumentu, kartel, eta abarretan euskararen erabilera ez sexista bermatzea.

    Gaiarekin jarraituz honako bi bideotxo gomendatu nahi nizueke:

 1-Pilar Kaltzadaren Garena eta dioguna: euskara hizkuntza ez-sexista da? 



2- Amelia Barquínen Euskararen erabilera ez sexistarako gakoak eta proposamenak