2018/03/19

Beldur gabe haziz etorkizuna aldatu!




Indarkeria matxista esaten diguten lehenengo momentuan oraindik ere, erahildako emakumeen kasuak eta bortxaketen inguruko ideiak datozkie ikasleei burura. Besteek gizon heldu batzuk emakumeak jotzen dituztela eta hil. Hori esaten didate. Bai ikasleen artean bai irakasleon artean askotan egiten dugun akatsa delakoan nago. Ez gara gai arazoa gure ikasgelako egunerokotasunean topatzeko, oraindik ere kritikarako gaitasun hori landu beharrean gaude eta horretarako funtsezkoa da emakumeen aurkako indarkeria terminoa bere osotasunean ulertzea. Pikara magazineko glosarioan, argi azpimarratzen da emakume izateagatik emakumeen aurka erabiltzen den indarkeria oro da emakumeen aurkako indarkeria patriarkala. Patriarkala gehitzen diote terminoari eta hortxe dago koxka. Aleako erreportai honetan, sakonago azaltzen da sistema patriarkalak eragiten duen indarkeria dela eta idatzi honetan, haurrengan duen eragina azaltzen du, haurren aurkako indarkeria patriarkalari buruz Euskal Herriko Bilgune Feministak plazaratutako ideiak biltzen ditu.



Eta osatzeko, Irantzu Varelaren bideoa hau uzten dizuet, beste behin, umoreaz baliatuz mezu zorrotz eta zuzena bidaltzen baitigu. 


Iazko posten artetik, Amaia Chuecaren honako post hau aukeratu dut, bertan zintzilikatu dituen baliabideak asko gustatu zaizkit.

Aste honetako lanketaren ostean, argi gelditzen da oraindik ere hezkuntzan zein jendartean badugula zer egina, zer irakatsia eta zer aldatua. Horrela, hezkuntza eremuan zentratuta, lehenik eta behin arazoaren dimentsioaz ohartu behar dugu, gure inguruan zer? Ez da urruneko kontu bat, ez da helduen kontu bat, nire gelan zer gertatzen da? Beldurrez hazi ote gara? Halako esaldietatik abiatuko nuke, irakasleon arteko lehenengo eztabaida eta hortik abiatuko nuke ikasleekin egin beharreko bidaia ere.

Hortik abiatuta, ingurua aztertu eta ikasleei terminoak argitzeaz gain, inguruan gertatzen ari dena ikusarazten irakatsi behar diegu: ereduak, egoerak, bideoak, idatziak, lekukoak.. baliabide ezberdinen bitartez egin daiteke lanketa. Pausoz pauso, honako erronkak gainditzen joan beharko genuke. 

-Maitasun erromantikoaren mitoaren ideiak deseraikitzea. 

-Mikromatxismoak identifikatzen eta aurre egiten ikastea. 

-LGTBIQfobien aurka, aniztasun ereduak ezagutu eta baloratzen ikastea.

-Maskulinitate eredu berriak sustatzea, ereduak erakutsiz, ezagutaraziz eta arazoa eurena ere badela mutilei ikusaraziz.

-Nesken ahalduntzea sustatzea eta bultzatzea. Emakumearen aurrean ditugun ahul edo babesgabea, biktima bezalako aurreiritziak deseraikitzea. Horretarako ere eredu berriak ezagutzea, autodefentsa feminista ikastea, edota eztabaidak bultzatzea lagungarri izan daiteke. 


Guzti honetarako, noski hezitzaileon formakuntza funtsezkoa izango da. Izan ere, oraindik ere badugu zer ikasia, gidari izateko. 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina