2016/11/06

GENERO INDARKERIARI STOP!

GENERO INDARKERIARI STOP!

     Ikastaro honetan bagoaz poliki poliki hezkidetza lantzearen beharrak zuhaitz baten sustraiak balira azaleratzen.  Egungo  gizartean, zoritxarrez,  genero indarkeria konstante bat bihurtu da eta ondorioz,  hezkidetzaren helburu nagusiena prebentzioa da. Genero indarkeria estereotipo sexisten iraunkortasunean oinarritzen da eta azken hauetan aurkitzen du gainera bere sustengu soziala. Gure garaiko izurrite bat dela ere aipatzen da sarritan, sozialki berau estaltzeko joera nabarmena delako.


Aurreko astean, sexu/genero sistemaz aritu ginenean, estereotipoen indarraz eta hauen jatorri sozio-kulturalaz aritu ginen. Estereotipoek neska mutilen artean sortzen duten menpeko eta menperatzaile binomioa gainditzen ez den bitartean, gure gizartean indarkeria matxistak lekua izaten jarraituko du. Amikeco psikologo Izaskun Odriozolak dioenez, "gizonak gainditu egin behar ditu txikitatik buruan sartu dizkioten jokabideak, gizon izanagatik nagusi denaren ustea, alegia. Indarkeriak hor ditu erroak. Gizonak berriro ere pertsona izaten ikasi behar du".
      
        Genero indarkeriaren inguruan egiten diren sailkapenak ere badaude, eta orokorrean 3 dira sailkapen hauetan agertzen diren motak; indarkeria fisikoa, psikologikoa (ekonomikoa eta soziala) eta sexuala. 

     Sailkapen honi begira, indarkeria psikologikoari arreta berezia eskeini nahi nioke. Genero indarkeriaren expresio gordinena emakumeen aurkako indarkeria da. Hala ere,  beharrezkoa iruditzen zait genero indarkeria, familia/bikote esparrutik ateratzea. Arreta eskeini behar diegu sexu estereotipoetatik kanpo dauden intersexual eta maskulinitate heterosexual homogenerikoaren rolari erantzuten ez dioten gizonek jasan dezaketen erasoei.

          Gurean, heziketaren esparruan benetan aztertu, landu eta gainditu behar  dena mikromatxismoaren fenomenoa da. Honako hauxe da Luis Boninoren esanetan: “mikrotasunaren ordenan egunero ematen diren gizonezko menderakuntza-jardun antzemanezinak”. Hau da, gaur egun berdintasunezkoa omen den gizartean bere horretan dirauten matxismo-modu sotilak. Nekez antzematen dira, matxistak ez diren antzeko beste jokabide batzuekin agertzen direlako. Hori dela eta, baliteke berdintasunezko harremanak eragoztea eta zeure baitan sentitzea zerbait ez doala hain ondo, nahiz eta zer den jakin ez. 


         Mikromatxismoa “naturaltasun” osoz praktikatzen den genero indarkeriaren expresio arriskutsuena dela deritzot. Egun gure haur eta gazteen bizitzan sare sozialek hartu duten indarra ikusita, beharrezkoa da indarkeria sotil honen inguruko formazioan sakontzea, bere jatorria eta eraginak zeintzuk diren jakin eta aurre egin ahal izateko tresnak eskuratzeko. 



       Sozializazio zein heziketa prozesuak sexu/genero sistemak markatzen dituen oinarrien baitan dauden bitartean, ezin izango diogu aurre egin genero indarkeriari. 

Iazko ekarpenen artean, Aida eta Itsasok (Gernika BHI) gustatu zait gehien, http://hezkeh0506.blogspot.com.es/2015/11/hezkidetza-da-genero-indarkeria.html. Bertan agertzen den piramideak genero indarkeriaren expresioak azaltzen ditu oso modu gardenean.

       Nere inguruneari begira, egunero errepikatzen dira “mikromatxismoari” dagozkion egoerak. Enpresa mailan ditudan harreman gehienak gizonezkoekin izan ohi dira eta emakume batek gure lan  esparru  zehatzaren inguruko ezagutza mugatua denaren ideia oso barneratuta daukate gehienetan. Hori dela eta, negoziazio egoeretan ematen ohi dira “mikromatxismo” delakoaren expresio gehienak, komentarioak, gestoak, begiradak....

Eremu hezitzailean landu behar ditugun erronkak:

-      Eskola komunitate osoan, indarkeria egoerak gainditu ahal izateko, sentsibilizazio eta formazio kanpainak.

-     Sexu/genero sistemaren baitan dauden estereotipoen eragina gainditu eta bestelako heziketa bat posible dela adierazi eta barneratzeko tresnak erabili.

-    Hezitzaileen (guraso, irakasle) formazioa.

-    Ikasleekin.  genero indarkeria, eraso fisikotik haratago dagoela landu (maitasun erromantikoaren arriskuak, sare sozialak, mikromatxismoa….).

-    Hezkidetzaruntz eman behar diren pausuak bideratzeko gai den plangintza sendo eta aplikagarria eraikitzea. Plangintza honen barne beharrezkoak dira eragile guztiei bideratutako sentsibilizazioa, formazioa eta esku hartzerako aholkularitza.   

     Azkenik, atzo Berrian irakurri nuen artikulu interesgarri hau uzten dizuet, aztertu eta esandako guztiaren adierazgarri:



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina