2017/10/17

Sare Sozialak



       Ez naiz sare sozialetan murgiltzea asko gustatzen zaionetakoa. Ez dut sekula Facebook izan, ez  Instagram ez horrelakorik. Twitter kontua ireki nuen duela urte asko baina uste dut nire bizitza osoan ez dudala txio bat bera ere idatzi. Whatsapp-aren kontura nahikoa begiratzen dut pantaila dagoeneko, gehiegi niretzat.

      Teknologia kontutan oso zorionekoa naizela iruditzen zait, adin bat dudanaren seinale edo, izan ere 80. hamarkadan lehen Spectrum horietatik abiatuta, teknologiak bizi izan duen garapenaren lehen-lerroko lekukoa izan bainaiz. Ikaragarria izan da bizitutako bilakaera!

       Ez naiz ordea teknofoboa, ez horixe. Noski baliatzen naizela teknologia berriek eskaintzen dizkiguten abantaila zoragarriez. Esaterako, bizikletaz ibiltzeko GPS bidez gordetako ibilbideek Wikiloc bezalako webguneetan, edozein lekutan hamaika ibilaldi egiteko aukera ematen dizkigu, eta horiek guztiak sare sozialaren bitartez mundu osoarentzat dohain elkar partekatuak. Foro espezializatu eta Youtubeko bideoen bitartez hainbat gauza ikasi ditut (baita dirua aurreztu ere!) eta behin baino gehiagotan nik neuk laguntza eskaini ahal izan dut baita ere. Kirola egitea baino garrantzitsuagoa, injustizien aurrean jendartea batu eta mobilizatzeko tresna izugarri indartsuak direla behin baino gehiagotan ikusi eta bizitzeko aukera izan dugu. Esaterako:  https://www.change.org/.


       Ordea badirudi irabazi sozialaren kostuak banakoaren kalitatearekin talka egiten duela, bai behintzat nire kalitate-irizpidearen arabera. Pantaila elektronikoek eskaintzen duten babesean, sare sozialak geroz eta jendarte ziurgabeago baten babesleku bihurtzen ari direla jaso  daiteke hainbat lekutan. Alde batetik  geroz eta hiperkonektatuagoak baina aldi berean isolatuagoak aurkitzen garela iruditzen zait. Ez da harritzekoa aurkitzea hainbat ikerketetan  sare sozialek nola ahalmen sozialak ahultzen dituzten jasotzea. Eta bestetik autoestimuaren debaluazioa, egiten dugun eta sareratzen dugun ororen besteen oneritzia jasotzearen beharrak sortzen dituen antsietatea XXI. mendeko gaisotasun berri bezala kontsideratzean. Honela ba, sare sozialak gauza guztiak bezala oso lagungarri baina aldi berean etsai bihurtu daitezkeela argi geratu behar da. 


      Nahiz eta jakin hainbat gauza galduko ditudala bidean, nahiago dut, oraingoz behintzat, berdin jarraitu. Korreoak errebisatu, nire bizpahiru foro eta egunkari digital ikusi eta segapotoa etxean utzita pintxopotera joan! Dena dela, baliteke ikastaro honetarako nire makina-txiotzaileari hautsa kentzea!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina