Aste honetan
hezkidetzaren munduan murgildu gara bete-betean eta horren inguruan asko
hausnartu ondoren, inguruko errealitatea behatzea eskatu zaigu. Sei laguni
hezkidetzari buruz galdetzea zen gure betebeharretako bat, esku artean
darabilkigun gai honi buruz jendeak dituen jakituriak ikuskatzeko asmoz. Hori
egiteko, kuadrillako lagun ezberdinei hezkidetza zer den galdetzeari ekin nion
eta honako erantzun hauek jaso nituen bueltan:
-
“Hezkidetza heziketa metodologia bat dela uste dut; ez nago oso ziur. Elkarren
arteko harremanetan oinarritutako metodologia, bizikidetza baloreak abiapuntu
bezala hartuta, elkarbizitza lantzea helburutzat duena”
- “Hezkidetzak
pertsona bakoitzaren jarrera, helburuak, garapen pertsonala… baldintzatzen
ditu, inguruko patroiei kasurik egin gabe”.
Beste
guztiek kontzeptu bera noizbait entzuna zutela baina bere esanahiaren inguruan
ezin zidatela ezertxo ere esan erantzun zidaten; asko jota, hezkuntza mota bat
izan zitekeela. Hori ikusirik eta dagoeneko, hezkidetzaren mezu hori munduan
zehar zabaltzeko helburuarekin, ikastaroan orain arte ikusitakoa eta neure
aurretiko jakituriak azaldu nizkien, gai honen inguruko berriketaldi politak
izan genituelarik. Elkarrizketetan nabari ahal izan nuenez, oso kontzeptu
interesgarria iruditu zitzaien; eta, ikastaroa amaitutakoan, guztiaren laburpen
bat egin diezaiedan eskatu zidaten.
Honekin
guztiarekin ikusi ahal izan dut oraindik ere hezkidetzarena asko zabaldu gabeko
gaia dela. Jende gehienak honi buruzko informazio oso gutxi du (nire inguruko
jendeak bai behintzat) eta ez dira sekula horren inguruan pentsatzen jarri.
Hala ere, nahiz eta gai ezezagun xamarra izan gehienentzat, oso gustura aritzen
dira honi buruz hizketan; eztabaidatzeko moduko gaia izanik. Gainera, termino
interesgarria iruditzen zaie; hezkidetzaren oinarriak, bizikidetza egoki bat
bermatu ahal izateko beharrezkoak direla aipatzen dutelarik.
Nabaria da
oraindik ere lan asko dugula egiteko hezkuntza modu hau inguruko pertsonei
helarazten. Ikastaro honetan ikasiko dugun guztiari esker, hezkidetzari buruz
jasoko ditugun ezagutzak elkarbanatu ahal izango ditugu; baita, gizartean duen
beharra mahai gaineratu ere. Hurrengo lerroetan, hezkidetza lantzearen
garrantzia azpimarratzen duten bost arrazoi ezberdin aipatzen dira:
1. Pertsona guztiok, emakumea edo gizona
izanda ere, dugun berdintasunerako eskubidea bermatzeko.
2. Genero rolak alde batera utziz, pertsona
bakoitza bere indibidualtasunetik hezteko.
3. Matxismoari eta honek
dakartzan ondorio txar guztiei (biolentzia, kasu) amaiera emateko.
4. Emakumeek testuinguru anitzetan pairatzen
dituzten desabantailak desagerrarazteko.
5. Haurrak txikitatik berdintasuneko
mundu batean hezteko.
(Argazkia handituz gero, hobeto ikusten da)
Amaitzeko,
aurreko edizioetako blogeko sarrerak behatu ostean, Olarizuk eginiko honek atentzio
deitu didala esan nezake. Hasieran ageri den sexua eta generoaren arteko
ezberdintasunak biltzen dituen irudia oso bisuala iruditu zait, bi termino
hauen ezaugarri nagusiak hobeto ulertzeko eta elkarren arteko diferentziak
ikuskatu ahal izateko baliabide erabilgarritzat jotzen dudalarik.
Gainera,
bost urteko gelan egindako esku hartzea oso aberasgarria dela uste dut.
Ezinbestekoa iruditzen zait hezkidetzan oinarritutako gizarte bat sortu ahal
izateko, haurrei txikitatik balore hezkidetzaileak helaraztea. Helburu hori
lortzeko, sarreraren autoreak proposaturiko ipuina baliagarria izan liteke,
estereotipoak hausten baititu modu dibertigarri batez.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina