2017/10/20

Hezkidetzari buruz hausnartzen


Gertukoen artean hezkidetza zer den galdetuta erantzun ugariak eta anitzak jaso ditut. Nire adin tarteko emakumeek nahiko definizio garbiak eman badituzte ere: "pertsona bakoitzaren generoa kontuan hartu gabeko hezkuntza litzateke", "portaera sexistak, rolak, balioak... alde batera uztea, pertsona autonomoagoak lortzeko asmoz"... Beste batzuk ez dira gai izan hezkidetza zer den definitzeko. Hori ikusirik, inguru gertuari hezkidetza zer den azaltzeko, iazko ikaskideen ekarpentetatik Edurneren sarrera aipatuko nuke, izan ere, erabilitako taula funtzionala eta argia iruditu zait galduak dabiltzan pertsonei azaltzeko. 
 
Jakina denez, egungo hezkuntza sistema eragile garrantzitsua da eredu patriarkala erreproduzitzeko. Izan ere, sozializaziorako sistema bat da hezkuntza, eta gaur egun, binomio batean sozializatzen gara: edo neska zara, edo mutila. Eta eskola oso sistema eraginkorra da horretarako, ikaragarria. Ez eskolako egitura sistematizatuengatik soilik, ez curriculumagatik, jolastokiagatik, testuliburuengatik, jostailuengatik, materialengatik edota ipuinengatik soilik. Ereduetatik hasita, oso sistema eraginkorra da patriarkatuarentzat, irakasleek dituzten jarrerengatik. Hori dela eta arrazoi ugari topa ditzakegu gure hezkuntza sisteman hezkidetza lantzeko:

  •  Gizarte zein sistema patriarkala deseraikitzeko.
  •  Indarkeria matxistarekin amaitzeko.
  •  Identitate desberdinak eta anitzak zilegitzat hartzeko, baita errespetatzeko ere.
  •  Botere-harremanak ekiditeko, elkarbizitza osasuntsu bat bermatuz.
  •  Espazio eta giro erosoak sortzeko. 

Miren Amuriza bertsolariaren bertso hau aproposa iruditu zait jendea hezkidetzara salto egiteko!

Nire iritziz, hezkidetza oinarri duten proiektuak eraiki behar dira eta hezkuntza komunitate osoaren lidergo partekatua behar da eskoletako proiektu hauek aurrera egin dezaten. Sinesmen guztiak errespetatuko dituen hezkuntza laikoa behar da, eta aniztasuna elementu aberasgarri gisa hartuko duena. Beraz, etorkizun ez urrun batean ea hau eskola guztietan bermatzeko gai garen, izan ere, esaerak dioen bezalaxe kontatzen ez dena ez da existitzen. 

Kontatzen ez dena ez da existitzen (Maitane Gartziandia, 2015)




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina