2018/11/05

Noiz arte...?

Asko eta asko dira geure ingurura begiratuz topatzen ditugun indarkeria kasuak. Eraso txikiagoetatik erailketetara...eta noski, nire inguruan ere askotan ikus ditzaket indarkeria kasuak.
Dakigun moduan, genero-indarkeria hauek ikasiak dira, estreotipoez jantzita, eraikitzen ditugun rol eta identitate desorekatuen adibide.
Bat aipatzekotan, eraso "txikiago" horiekin identifikatuko nukeen bat aukeratuko dut. Askotan gertatzen zaigu, taberna batean gaudela, lasai, hitz egiten. Eta bat batean, gizon kuadrila bat iristen da, beraien presentzia oso nabaria izanik. Momentu horretatik aurrera, ezinezkoa dugu lehen geneukan lasaitasun eta ahots tonua mantentzea, derrigorrean ohiukatu behar dugu geure arteko komunikazioa posible izatea nahi badugu. Beraien artean ezaguna zaizun norbait bada, agian zerbait komentatuko diot "gu ere hemen geunden/jetsi bolumena/iritsi zarete eta nabari da!..." baina orokorrean, inork ez du ezer esaten eta espazioa jan badigute ere asumitu, tragatu eta hortxe jarraitzen dugu. Asko jota, beste taberna batera joanez.
Nire iritziz, honako kasuak, indarkeria oso sutil eta kamuflatuak badira ere, indarkeria dira. Pertsona batek edo talde batek, gizon izateagatik soilik hartzen dituen jokatzeko moduak bestea gutxiesten dutelako. Beraien egotea garrantzitsuagoa balitz bezala, ondokoa errespetatu gabe, enpatizatu gabe, espazioaz apropiatuz.
Noski, eraikiak dira jokabide hauek, beraien genero-rolei dagokien jokabidea delako. Fisikoki, ni ere ahotsa altsatzeko gai baitnaiz, eta benetan saiatuz gero, espazioa honela hartzeko gai bainaiz. Baina emakumea naizen heinean, isila, errespetuzkoa, fina...izateko oso ondo entrenatu nautenez, normalean ez nituzke honelako jarrerak izango. Mutilak berriz oso entrenatuak daudenez, ia "naturalki" irteten zaie honela jokatzeko modua (batez ere kuadrila giroan duten babesarekin). 


Lehengo urteko idatziak behatuz, honakoa aukeratu dut:
http://hezkeh0506.blogspot.com/2017/11/gerra-galdua.html. "Soka estuen dantza" izeneko poesiak txundituta utzi nauelako. Transmititzen duena asko gustatu zait.

Inguruan dauzkagun erronkak handiak dira, asko dago egiteko baina egindakoak ere errekonozimendua behar duela uste dut. Geroz eta salaketa gehiago daude, mugimendu feminista sekulako lana egiten ari dela iruditzen zait. Askotan dirudi genero-indarkeria kasu gehiago daudela, harrituta eta inpotentzia beteta gelditzen gara egunkarietan irakurtzen ditugun albisteekin. Baina garrantzitsua iruditzen zait ikusten duguna existitzen bada ere, lehen ikusten ez genuena ere existitzen zela gogoratzea. Ikustarazteak ez du esan nahi gehiago daudenik, gutxiago ere ez, noski.

Nire eskolan Harreman osasuntsuen planean ari gara lanean. Duela pare bat urtetatik proiektu honetan sartu ginen buru belarri eta eskola komunitate osoaren parte hartzearekin biolentziak kudeatzeko modu berriak sortzen ari garela iruditzen zait. Irakasleon eta gurasoen parte hartzea beharrezkoa izanik, baina batez ere ikasleak beraiek protagonista bihurtuz. Beraien leloa sortu, arazoak kudeatzerakoan ahotsa beraiei emanez, espazio seguruak sortuz...Oraindik asko dago egiteko baino bidean hateak asko esan nahi duela iruditzen zait.

Hona hemen ikastetxeetan biolentzia ekiditeko liburu baten adibidez, zinema baliabide moduan erabiliz:
https://www.octaedro.com/appl/botiga/client/img/10405.pdf

Eta bestalde, emakumeok horren bildur garen bortxa sexualari aurre egiteko indarra ematen duen abesti bat:


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina