2023/02/10

GENERO-IDENTITATEA: eraikuntza sozial eta kulturala



Onartu beharra dut, nire ingurune hurbilean pertsona guztiak zisgeneroak direla. Horregatik, genero-identitate barruan topa dezakegun “aterki” zabalean ez dut jakituria handirik (oinarrizko informazioa), bai ordea jakin-mina.

Gaian hobeto murgiltzeko, zenbait bideo berrikusi ditut eta zuekin partekatu nahiko nituzke agian lagungarriak egiten zaizkizuelako.




Seme-alabak dituzten lagunekin genero-identitateari buruz hitz egiterakoan, “normaltzat” hartzen dugunetik (maskulino/femenino) irtetean sor daitezkeen gatazken aurrean dute kezka edota beldurra. Alde batetik, gainerako ikaskideek izan dezaketen jarreragatik eta bestetik seme-alabei nola lagundu ez luketeelako jakingo. Gehienek, formazio falta daukatela onartzen dute. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zait ez soilik hezitzaileen formazioa baizik eta gurasoena ere. Azken finean, familiek bizitzako “curriculum ezkutuan”, dute eragin zuzena. Ezin dugu ardura guztia ikastetxeen gain jarri.

Irakasleen prestakuntzarekin erlazionatutako artikulua gomendatzen dizuet biziki.

Aurreko edizioetako honako post hau gomendatu nahiko nuke, #Lolaren Abesbatzan ahots guztiak dira beharrezkoak.  Baliabide mordoa eskaintzen ditu eta curriculum ezkutuari egiten dizkion aipamenenekin bat egiten dudalako.

Ikastetxeetan eta hortaz hezkuntzan, curriculum ezkutuak eragin zuzena du identitatearen garapenean, betiko estereotipoa (eredu bitarra) indartzen baitu, baita genero identitatea askatasunez garatzearekin ere.

Curriculum ezkutuaren eragina murrizteko zenbait baliabide edo pausu jarrai ditzakegu:

  • Edukietan, genero-identitateari dagokion aniztasuna erakustea eta erreferenteak plazaratzea.
  • Genero-identitateari buruz hitz egiteko gune eta tarteak eskaintzea
  • Genero estereotipatuei erreferentzia egiteari uztea
  • Genero-identitateagatik sortzen diren erasoak salatzea

Hona hemen zenbait gida interesgarri gure egunerokotasunean lagungarriak izan daitezkeenak:

1) Argandako udaletxeak prestatutakoa 


2) Steilasek argitaratutakoa  



2023/02/09

Zarenaz harro, harrokeriarik gabe

 

        

Argitalpen honetan identitateari buruz hausnartzeko eskatu digute, zehazki lau alorren inguruan, eta banan-banan landuko ditut jarraian. Hasteko, identitateen garapenean curriculum ezkutuak duen garrantziaz aritzea eskatu digute eta sekulako eragina duela iruditzen zait. Gaiak ertz asko baditu ere, uste dut hezkuntzan (eta, hedaduraz, gizartean) oraindik oso erreferente zaharkituak direla nagusi genero-identitateari dagokionez. Are gehiago, identitatearen gaia konplexua denez, gehiegi edo sakonegi ez lantzeko joera dagoela. Horrek, ezkutuan bada ere, hegemoniaren alde egiten du identitatearen alor guzitetan, genero-identitatearenean barne. Nire ustez, lehenik eta behin, ahalegina egin behar dugu gure inguruan egoeraren (auto)diagnostikoa egiteko eta identifikatzeko non ditugun hobetzeko alor nagusiak. Gero, curriculum ezkutuaren alor horiek lantzeko proposamenak landu beharko lirateke taldean eta, akaso, horretarako formazio zehatza beharko genuke.

Bestalde, inguru hurbilean genero-identitateen inguruan behatu ditudanak azaldu eta erronkak nagusiak zerrendatuko ditut. Behaketaren laburpenari dagokionez, uste dut nire ikastetxean badaudela irakasle batzuk aktiboki saiatzen direnak lanketa sakona egiten. Horretarako, bereziki zaintzen dute lantzen dituzten edukietan askotariko erreferente kulturalak agertzea (adibidez, bertsolaritza lantzerakoan “Bollo bertso saioak”), historia irakasgaian identitateari lotutako ikuspegi queer-ak txertatzea (Katalina Erauso zer zen planteatzea ikuspegi kritiko batetik, esate baterako) edo eskolan inklusioa babesteko sinboloak zein arreta zentroei buruzko informazioa ikusgai jartzea (adibidez, irudiko Berdindu!).                              

Erronkei dagokienez aldiz, sistematizazioa da gure lehentasuna, alor gehienetan gertatzen zaigun bezala. Hau da, irakasle partikular baten borondatetik harago, ikastetxean minimo batzuk adostea eta jasotzea komeniko litzateke, bertan lan egiten duen edonork jakin dezan zein den abiapuntua. Hortik hasita, bestelako erronka zehatz hauek ere identifikatu ditugu:

  • Genero-estereotipoak hausteko ekintza espezifiko gehiago antolatu litezke. Horretarako, irakasgaietako batzuk integratzea tresna aproposa izan daiteke.
  • Arreta zentro, elkarte eta abarrei buruzko informazio gehiago jarri daiteke ikastetxean. Batetik, halako babesa behar duenak jakin dezan nora jo. Bestalde, horrek ikastetxea bera posizionatzen duelako babes horren alde eta, beraz, mezu hori bidaltzen dielako bertan dauden guztiei.
  • Eguneroko elkarbizitzan edo irakasgaietako edukiak lantzerakoan egiten diren lotura patriarkalak desegiteko gida bat prestatu liteke.
Bukatzeko, aurreko edizioetako ikasleen posten artean Oihanaren “Identitateaz” aukeratu dut. Orain arte iragan edizioetako postak aukeratzeko edukiak aztertu ditut gehienbat, baina oraingoan ikus-entzunezkoei erreparatu diet gehiago. Batetik, izugarri gustatu zait erabili duen irudia eta leloa, identitatea etengabe eraikitzen ari garen bidea dela bikain irudikatzen du eta. Bestetik, “Barre librea” telebista saioan gaia umoretik nola landu duten asko gustatu zait. Ume baten ikuspegitik eta umorea erabiliz ezin argiago heltzen da mezua.

2023/01/30

HEZKIDETZA BETI OINARRIAN

 





Berdintasunaren bidea luzea da eta kurbaz eta oztopoz beteta dago. Ikastaro honetan agerian geratzen ari den bezala, eta oso modu esplizitoan, patriarkatuak, oraindik, indar handia dauka. Indar hori modu desberdin askotan adierazten da, eta horietako modu batzuk ORIENTAZIOA eta AUKERAK dira. Baina ziur nago, hezkidetza (baina benetazko, serio eta oinarridun hezkidetza) bidearen oinarrian kokatzen badugu, orientazioak eta aukerek berdinatasunera eramango gaituztela, behintzat esku artean daukagun gaian: ikasketetan eta lan-merkatuan batez ere.

Aste honetan aztertutako dokumentuetan, guztietan, ikus dezakegu emakume eta gizonen arteko desberdinatasuna handia dela ikasketak aukeratzeko orduan, eta zer esan lana aurkitzeko orduan. 

Eredu bezala, ikus ditzagun 20-21 ikasturteko EUTASTen datu batzuk: 

                                                      Total                Hombres                 Mujeres

Total                                       69.933               32.033                    37.900

Artes y humanidades                  6.309                2.293                      4.016

Ciencias                                    4.417                2.172                      2.245

Ciencias de la salud                   9.286                 2.146                     7.140

Ciencias sociales y jurídicas       33.623              13.756                    19.867

Ingeniería y arquitectura           16.298              11.666                     4.632

Dobles titulaciones                     3.064                1.312                     1.752


Goian jarri ditudan datuak aurreko taulatik daude aterata eta, nahiz eta taula oso ondo ez ikusi, azpimarratu nahi nituen datuak goian aipatzen ditut.

Datu horien arabera, orokorrean, aste honetan ikusi duguna baieztatzen da, hau da, neskak letretako ikasketak aukeratzen dituzte, batez ere. Aitzitik, ingenieritza eta arkitektura gizonek aukeratzen dituzte gehienbat, eta desberdintasuna oso handia da: 11.666 gizonek aukeratzen dituzte eta 4,632 emakumek bakarrik. 

Hala ere, datu horietan agian argi izpi bat ikus dezakegu: zientziak aukeratzen dituzten emakumeen kopurua gizonena baino apur bat handiagoa da. Agian gauzak aldatzen ari dira. 😉

Desberdintasunaren prozesu horretan denok gaude inplikatuta eta argi dagoena da neskei eta mutilei ez dizkiegula aukera eta orientazio berdinak ematen. 

Eta hezkuntzatik hasten bagara, inplikazio oso handia daukagu egoera horri buelta emateko eta arlo honetan ( eta baita besteetan ere) berdintasuna lortzeko. Horretarako, nire ikuspuntutik, ikastetxeetan pausu batzuk eman beharko genituzke: 
  1. Emakumeen gaitasunetan sinestea, baina benetan.
  2. Formakuntza serioa jasotzea, baina ez gauza puntualetan, hezkidetza zabalari buruzko formakuntza baizik. Eredu gisa ikastaro honetan egiten ari garena izan zitekeen, baina klaustro osorako eta ez era pertsonalean. Niri dagokidanez, aurten "curridigi" hori inposatu digute eta ordu asko sartzen ari gara, baina garrantzitsuagoa litzateke hezkidetzan benetako hezkuntza izatea, zeren digitalizazioari garrantzi handia ematen baitiogu, baina... non gelditzen dira pertsonak? Non gelditzen dira emakumeen eskubideak eta duintasuna? Ez dira teknologia baino inportanteagoak?
  3. Ikastetxeko espazioak, denborak, hizkuntza... aztertzea, sexistak diren praktika guztiak zuzentzeko edota kentzeko. 
  4. Hezkidetzako plan oso bat egitea (eta ez ekintza puntualak bakarrik) eta martxan jartzea.
  5. Etengabeko ebaluazioa egitea funtzionatzen ez duena aldatzeko, zuzentzeko, egokitzeko edo kentzeko. 

Eta Maria Morenok esaten duen bezala ("queremos educar" liburuan), hezkidetzako plan on horrek aspektu hauek bildu beharko lituzke:  

  • Emakume izateko eta emakumeen egoteko erak baloratzea.
  • Generoarekin erlazionaturiko aurreiritzien kritika tutoretza eta orientazio jardueretan zein espazioetan txertatzea.
  • Berdintasunezko hezkuntza afektiboa garatzea.
  • Elkar ardura eta zaintza tutoretzan sartzea.
  • Parte hartze parekidea sustatzea.
  • Lanbidea izatearen garrantzia indartzea.
  • Bizitza mota eta lanbide anitzen eredu ez-estereotipatuak aurkeztea.
Aurreko edizioetako ikastarokideen artean "orientazioa, norberaren eskubidea" izeneko post-a aukeratu dut. Bertan, Bego Liernik gaiari buruzko datu asko aipatzen ditu eta aipatzen dituen bideoak oso interesgarriak iruditu zaizkit. 

Eta amaitzeko, hemen usten ditut hausnartzeko eta pentsatzeko gustatu zitzaizkidan bideo batzuk: 






















Orientatu hezkidetzarantz

Astean zehar agertu eta esanguratsuak diren datu edo ikerketen artean bi ekarri nahi ditut. Batetik, Gaindegiak, alegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak, egindako txostena. Bertan irakurri daiteke, adibidez: Hego Euskal Herrian gizonen hileko batez besteko kotizazio-oinarria 2.457 eurokoa da (kotizazio gordina), emakumeena, ordea, 2.065 eurokoa (-%16,1). Gizon eta emakumeen arteko desoreka handiagoa da kotizazio-oinarriaren gainean lanorduko soldatan baino. Besteak beste, lanaldi partzialen feminizazioa -lanaldi partzialen hiru laurdenak emakumeen esku daude-, ezkutuko ekonomia eta lan merkatuan erroturiko beste aldagai batzuk medio. Horrez gain, soldata arrakala jasotzen duen ondoko infografia ere oso esanguratsua dela iruditu zait:



Bestetik, argitaratu berri den “Irautea iraultzea denean” artikulua ekarri nahi izan dut, plaza publikoan lan egiten duten hainbat emakumek sinatu zutena. Nire ustez, primeran jasotzen du feminista publikoa izatearen zama eta, are gehiago, ziur nago plaza publikoan aritzen ez garen askok zerrendako elementu ugari egin ditzakegula gure. Esate baterako:


“Zure ahotsa errazago zapaltzea, moztea. Ostean datorren gizonak zure iritzia gutxiestea. (...) Zure hitzei ez entzunarena egitea, beti euren artean elkarri erreferentziak egitea. (...) Guapa zatozen (ala ez) mintzagai izatea. (...) Emakumea izateko zakarra zarela esatea. Femeninoa ez zarela entzutea; hurrena femeninoegia zarela. Zuk hitz egin ostean gauza bera errepikatzea, hobeto esango balu eta bere ideia izango balitz bezala. (...) Rola etengabe markatzen dizutela sumatzea. Zeure burua zigortzea gai batean ez duzulako markoa ondo finkatu. Aitortza sozialik ez duzula pentsatzea. Gaizki ulertu daitezkeen hitzak esan dituzulako burua jatea. Ardura indibidualaren gainetik ardura kolektiboa sentitzea. Nekea.“


Aurreko urteko posten artean “Aukera askea orientazioan” aukeratu dut informazio asko (baina asko!) biltzen duelako esteken bidez eta zer pentsatua eman didalako “nesken autokonfiantza falta”-ri erreparatzeak. Gainera, oso interesgarria iruditu zait bertan jaso duen bideoa, ezagutzen ez nituen erreferente berriak eman dizkit.


Bukatzeko, orientazio akademiko hezkidetzailea lantzeko erronkarik nagusiena, nire ustez, paradigma aldaketa da. Lantzat zer dugun berdefinitzen jarraitu beharko genuke, biziraupena bera barne hartzen duten jarduera guzti horiek ere lana direlako, lan konstante bakarra gainera, soldatapeko lanik ez dagoenean ere bertan jarraitzen dutelako. Hortaz, hezkidetzaren ikuspuntutik horiek bizitzan integratu beharko genituzke lanaz ari garenean. Bestalde, kudeaketa emozionala ere erronka handia iruditzen zait, izaki sozialak garen heinean komunikazioan oinarritutako harreman osasuntsuak eraikitzen eta mantentzen ikasi behar dugulako.


Horren harira, Uxue Alberdik botatako hitz batzuk: "Askotan sinetsi nahi izaten dugu maite dugun jendearen artean ez dagoela indarkeriarik edo botere harremanik, baina gure familia, bikote, kuadrilla, lan edo militantzia eremuen desidealizazioa da etorkizun berdinzaleagoa eraikitzeko bide bakarra". Hementxe duzue hitzaldia osorik:




2023/01/29


 

                              AUKERA TAKARRA

Genero-estereotipoak, oso presente daude oraindik gure sozietatean eta horren ispilu, hezkuntza sisteman aurkitzen dugu. Gaur egun, feminismoa eta berdintasuna modan jarri dira eta zorionez eta/edo zoritxarrez politikoki zuzenak diren diskurtsoak, itxurak eta jarrerak (beti azaletik) mozorrotze aldera,  ez dira  begi bistan agertzen  baina ezkutuko curriculum sexista gure imajinarioetan eta gertuko imajinarioetan ere, indarrean jarraitzen du. Beharbada, modu labainkorragoan bada ere.

Gaur egun ere, genero-rol eta estereotipoetan hezten jarraitzen da, eta rol eta estereotipo horiek etengabe baldintzatzen dituzte hartzen diren erabakiak eta ekintzak.  Oraindik, curriculum esplizituak androzentrikoa jarraitzen du izaten emakumeek garaturiko konpetentziak gutxietsita direlarik eta emakumeek egindako ekarpenak isilarazita mantenduz   

Curriculum ezkutuan sexismoaren pentsaera, komunikazio hizkera sexistan hedatzen da era inkontzienteki, neska eta mutilekiko espektatiba eta itxaropen bereiziak jarriz, lan arduren banaketa ez parekidea mantentzen eta hezkuntza sisteman  ere (bai, bai) antolakuntza, partaidetza eta botere espazioetan kristalezko sapaiaren distirak argi indarra erakusten dute.

Curriculum baliabide hezkidetzaileak txertatzeko zailtasun handiena curriculuma ahalbideratzen duten agente, profesional eta azken finean pertsonen sinesmen eta borondatean aurkitzen da.

Teorikoki gero eta urrunago goaz, legeen bermea ere gero eta zabalagoa egiten da baina teoria eta praktikak abiadura desberdinak izaten dituzte teoriarena erbia bezain arina izanik eta praktikarena dortokarena bezain nagia.

Eremu hezitzaileetan/jendartean baliabideetan hezkidetzan oinarrituriko begirada sustatzeko estrategia “erabilgarria” aipatzekotan:

ü  Gure inguru hurbileko errealitatea ezagutzea eta aztertzea da gure testuinguru hurbilaren kontzientzia hartzeko. Kontzientzia aktiboa.

ü Testuinguruaren ahulguneak eta indarguneak ezagutzea eta hausnartzea lehentasunezko helburu eraldatzaileak  denon artean  adostuz.

ü   Helburuen xedeak aztertu.

ü   Adostutakoak  planifikatu eta ikaskomunitate mailan  konpromezuak hartu.

Metodologiak elkar eraginkorrak eta partaidetza sustatzendituztenak aniztasuna bere barne aintzat hartzen dituztenak. Ikasle bakoitzaren izaera propioa, errespetatatuz eta aniztasunaren aberastasuna indartuz. 

Afektibitate heziketa dun garrantziari lekua eman, besteen balorazioa berdinatsunezko harremanak, gatazken trataera baketsua eta elarrekiko errespetuan oinarritatko heziketa afektibo sexualean hezi.

Baliabide materialei arreta berezia eskaini behar diogu ere.

Orientazio akademiko hezkidetzailea lantzeko erronkarik nagusienak hauek azalduko  nituzke:

  • Emakume izateko eta emakumeen egoteko erak baloratzea.
  •  Estereotipoak gainditu eta ikasle neska eta mutilen gaitasunak garatu.
  • Berdintasunezko hezkuntza afektiboa garatzea.
  • Elkar ardura eta zaintza tutoretzan sartzea
  • Parte hartze parekidea sustatzea
  • Lanbidearen izatearen garrantzia indartzea
  • Bizitza mota eta lanbide anitzen eredu ez -estereotipatuak aurkeztea.

 

*Aurreko ikasturteko post-a  aukeratu dut gaia ederki laburbiltzen duelako eta proposamen ugari jorratzen dituelako, ea gustokoaduzuen.

http://hezkeh0506.blogspot.com.es/2016/01/curriculuma-eta-baliabide-didaktiko_23.html