2017/10/21

Sare sozialak bai eta ez ez eta bai

Gaur egun izugarrizko abiaduran doa dena gure inguruan, dena nahi eta behar dugu oraintxe bertan eta oraintxe bertan ez bada, kaosa!.
Itxaroteko ahalmena galdu dugu. Hilara batean, erantzun baterako, atzorako nahi dugu dena. Teknologia berrien presentziak gure pazientzia extingitu du.

Interneten gure arazo edo zalantza guztien erantzuna dago, klik bakar batean.

Nire zalantzak dauzkat sare sozialekin ere, aberasgarriak, bai noski, baina non dago muga? Baliabide aberasgarri eta baliabide eroso edota explotatuaren artean?

Pertsonen arteko harreman zuzen eta gertukoen xarma galdu da, esan beharreko guztiak azken uneko makinatxo baten bidez esaten baititugu...eztabaidarako tartea orain hotza eta zalantzagarria da, gainera erantzuna berehala nahi dugu.

Gure ikastaro honetan oso interesgarria da erabat ingurune eta egoera ezberdinak ditugun pertsonak biltzea, baina gure artean ez dugu elkar ezagutuko maiatzean. Bakoitzeak gurea egiten dugu, bestearena irakurri edo ez, hausnartu edo ez... Saio presentzialekin zerikusirik ez dauka, gela batean sortzen den erlazioa ezdugu hemen sentituko ezta urrunetik ere, nire uste apalean eta zoritxarrean, zorionean informazio mordoa irensteko aukera paregabea izango dugu

Nire idea oso korapilatsua da sare sozialen inguruan, erabilgarriak dira, bai noski, baina alde ezkorrak ere badituzte.

Belaunaldi  berriek hauekin etengabe lan egiten dute, beste batzuk, nagusiagook, ere erabiltzen ditugu, etekin handia ateratzen diegu ere baina nire kasuan, ez dut teknologiaren inbasio honen biktima izan nahi, aurretik ere bizitza polita baikeneukan internetik gabe.

Aurrekoan lagun taldean... Zein ordutan geratu behar ginen hurrengo egunean elkarrekin zerbait egiteko ez ginen kapaz izan bilduta geundenean erabakitzeko... Gero wasap taldean erabakiko dugu esanez amaitu zen kontua...

Agian erromatikoegia da, baina sare sozial birtual berri hauek aurrez aurreko erlazioak pobretu dituztela uste dut. Alde positiboa ordea, kasu honetan bezala gai bat landuko dugu, sakona eta mamitsau, elkarrekin, ahal dugunean eta bestaldean beti norbait egongo dela jakinda...



Internet, urratu beharreko ekosistema berria



Duda barik, gure jendartean IKTek hainbat aldaketa ekonomiko, politiko, sozial, juridiko edota kultural eragin dituzte, eta hauek aztertu gabe ezingo genuke gure errealitatea ulertu. Internet eta sare sozialek espazio berri bat eratu dute, espazio digitala, eta espazio honetan berezko errealitateak gertatzen dira. Askoren ahotan internet eta sare sozialak askatasun eta demokraziarako espazio pribilegiatuak direla entzun izan dugu. Besteen iritzian, gezurren espazioa da, irudiak eta identitate faltsuak eraikitzeko espazioa. Adierazpen askatasuna ere murrizten da Facebooken eta erabiltzaileok gure pribatutasuna doan ematen diegu on line-ko sare sozialetako enpresa haindiei, gure datuekin kudeaketa merkantila egin dezaten.
Iritzi hauek guztiek argia ematen dioten anitza den fenomeno bati. Bizi garen jendartean, IKT eta sare sozialak erabiltzeko beharrean gaude, eta ez hori bakarrik, gure lana eta gure hausnarketak hobetzeko ezinbesteko tresnak dira. Baina ez dira tresnak soilik. Beraien kudeaketaren atzean interes ekonomiko eta politiko zabalak daude, eta horietatik defendatzeko, muga argiak eraiki behar ditugu herritarrok. 

Hezitzaileen paperak garrantzia berezia hartzen du hemen. Alde batetik, bere lana askoz partekatzaile, anitza eta kolaboratiboa egin dezakelako, hau da, askoz demokratikoagoa eta ikasleekin batera, ezagutzaren eraikuntza kolektiborako tresna pribilejiatuak direla esan dezakegu. Baina aldi berean, paper klabea du irakasleei sareen erabilpena egokia egiteko tresnak eskaintzerako orduan. Eta hemen, kontuan hartu beharko du sareak bizi garen gizartearen islada besterik ez direla, beraz, sexismoa, matxismoa eta patriarkatua ere sareetatik eraikitzen direla. Adibide asko daude sareetan, baina Google bezalako punta-puntako enpresa batean emakumeak diskriminatuta daudela jakitearekin nahikoa izango zaigu (http://www.argia.eus/albistea/google-ko-60-bat-langilek-sexismoa-salatu-dute-emakumeei-gutxiago-ordaintzen-diela-argudiatuz)

2017/10/20

Hezkidetzari buruz hausnartzen


Gertukoen artean hezkidetza zer den galdetuta erantzun ugariak eta anitzak jaso ditut. Nire adin tarteko emakumeek nahiko definizio garbiak eman badituzte ere: "pertsona bakoitzaren generoa kontuan hartu gabeko hezkuntza litzateke", "portaera sexistak, rolak, balioak... alde batera uztea, pertsona autonomoagoak lortzeko asmoz"... Beste batzuk ez dira gai izan hezkidetza zer den definitzeko. Hori ikusirik, inguru gertuari hezkidetza zer den azaltzeko, iazko ikaskideen ekarpentetatik Edurneren sarrera aipatuko nuke, izan ere, erabilitako taula funtzionala eta argia iruditu zait galduak dabiltzan pertsonei azaltzeko. 
 
Jakina denez, egungo hezkuntza sistema eragile garrantzitsua da eredu patriarkala erreproduzitzeko. Izan ere, sozializaziorako sistema bat da hezkuntza, eta gaur egun, binomio batean sozializatzen gara: edo neska zara, edo mutila. Eta eskola oso sistema eraginkorra da horretarako, ikaragarria. Ez eskolako egitura sistematizatuengatik soilik, ez curriculumagatik, jolastokiagatik, testuliburuengatik, jostailuengatik, materialengatik edota ipuinengatik soilik. Ereduetatik hasita, oso sistema eraginkorra da patriarkatuarentzat, irakasleek dituzten jarrerengatik. Hori dela eta arrazoi ugari topa ditzakegu gure hezkuntza sisteman hezkidetza lantzeko:

  •  Gizarte zein sistema patriarkala deseraikitzeko.
  •  Indarkeria matxistarekin amaitzeko.
  •  Identitate desberdinak eta anitzak zilegitzat hartzeko, baita errespetatzeko ere.
  •  Botere-harremanak ekiditeko, elkarbizitza osasuntsu bat bermatuz.
  •  Espazio eta giro erosoak sortzeko. 

Miren Amuriza bertsolariaren bertso hau aproposa iruditu zait jendea hezkidetzara salto egiteko!

Nire iritziz, hezkidetza oinarri duten proiektuak eraiki behar dira eta hezkuntza komunitate osoaren lidergo partekatua behar da eskoletako proiektu hauek aurrera egin dezaten. Sinesmen guztiak errespetatuko dituen hezkuntza laikoa behar da, eta aniztasuna elementu aberasgarri gisa hartuko duena. Beraz, etorkizun ez urrun batean ea hau eskola guztietan bermatzeko gai garen, izan ere, esaerak dioen bezalaxe kontatzen ez dena ez da existitzen. 

Kontatzen ez dena ez da existitzen (Maitane Gartziandia, 2015)




2017/10/19

HEZKIDETZA... zer ote da?

Hezkidetza nire ingurukoen artean nahiko urrun dagoen kontzeptua dela konturatu naiz. Askok aurpegi arraroa jarri didate galdera egin diedanean. “Bulling- arekin harremanduta dagoen zerbait?” dio 2.DBHko ikasle batek. Etxekoen artean ideiarik ere ez: “Eider, ez dugu zure hizkera hori ulertzen”. Eskerrak lagunartean irakasle nahiko ditudala eta batzuentzako apur bat ezaguna dela.

Hortaz, inkesta txiki honetatik lortu dudan ondorioa zera da: hezkuntzan lan egiten dugunontzat ezaguna denez, berau ondo landu eta gizartera zabaldu behar dugu. Jasotako emaitza negatiboek ez naute gogogabetu, erronka gogor eta aldi berean interesgarria dugula pentsatu, eta lanean jarri naiz.

Eta zer da niretzat Hezkidetza?



Gai berria jorratzen hasi orduko, arlo honi buruzko materiala irakurtzeaz gain, aurreko ikastaroko kideek idatzitakoari begirada bat botatzea dut ere gustuko. Eta oraingo honetan, Maite Elorza Alberdiren hitzak ekarri behar ditut gogora. Hezkidetza, berdintasunaz haratago izenburua duen postean, lagun batekin gertatutako anekdota azaltzen du. Izan ere, lagunak erakutsi zion, Hezkidetza hitzaren atzean HEZI eta KIDE kontzeptuak daudela. Posta irakurtzen nengoela barre algaraka hasi naiz, aste osoa hitz hori buruan bueltaka izan dudan arren, ez naizelako horretaz konturatu!

 

Bestalde, Hezkidetzarekin erlazionatutako hitzen aukeraketa bikaina egin duela ere uste dut. Nortasuna eta identitatearen garapena askatasunez landu behar dira, kideen arteko aniztasuna errespetatuz. Hau jorratzeko gakoa hezkuntza da, eta prozesu honen ezaugarririk garrantzitsuena pozik eta gogotsu bizitzea da.

 

Aurretik aipaturiko inkestaren ondorioak ikusirik, Hezkidetza munduratu behar dugula da nire iritzia. Era berean, gaia tratatu beharraren zioak datozkit burura.

 

Lehenengo arrazoia, aurretik barneratutakoa desikastea da. Gizarte patriarkalean jaio eta hezitakoa naiz eta askotan esan behar ez dena esaten dudala, pentsatu behar ez dena pentsatzen dudala eta transmititu behar ez dena transmititzen dudala konturatzen naiz. Beraz, lekuz kanpo daudenak ahaztu eta berreraikitzea da helburua.

 

Bestalde, identitate anitzak, familia eredu berriak eta nortasun ezberdinak ulertzea, errespetatzea eta beronek askatasunez tratatzea da nire asmoa. Horrela, gizarte inklusiboa sortzen delarik.

 

Sexu eraso eta zapalketak gure sistematik at bidali behar direla da hirugarren zergatia.

 

Bestalde, denon eskubideengatik borrokatzea ezinbestekoa dela ere uste dut eta hau Hezkidetzaren beste ardatz sendo bat da. Denok tokia dugun mundu honetan elkarri lagundu behar diogu: gizon zein emakume eta bertakoa zein atzerritarra izan.

 

Azkenik, Maite Elorza Alberdiren postari berriz so eginez, gizarte on, justu eta berdintsuago baten alde egin behar dugu, mundutar guztion zoriontasuna lehenetsiz.

2017/10/18

SARETU GAITEZEN

 
 
Sare sozialek duten ibilbide laburrean, gure egunerokotasunean, ezinbesteko tresna bihurtu dira. Ohikoa da, facebook, twitter, instagram... bezalako aplikazioen erabilera, Kaletik gabiltzala ere, pantaila bati lotuta aritzen gara sarritan, aurrekoarekin estropezu egiteko arriskuarekin ia. Teknologia berriek duela urte gutxirarte irudikaezinak ziruditen aldaketak eragin dituzte bai jendartean baita norbanakoengan ere.
 
 
 
 
Beraien sorburuan pertsonen arteko harreman digitalak sustatzea helburu zuten sare hauek, ematen diegun erabileraren arabera lagun edo etsai bilakatu dakizkigukeela jakina da. Komunikaziorako sortuak izan baziren ere, ez dira gutxi pertsonen arteko inkomunikazioa sustatzen dutela uste dutenak. Pertsonak pantailari lotuta bere bakardadean aritzen baikara maiz. Baina ez hori bakarrik, egia da kontrolerako tresna ezinhobeak ere badirela. Hona hemen, horren inguruan zuekin partekatu nahiko nukeen hitzaldi bat.
 
 
Hala ere, ezin daitekeena ukatu bada, gaurkotasunez interkonektatzea ahalbidetzen dutela, izan ere, komunikaziorako, informaziorako, lanerako edo besterik gabe asialdirako erabiltzen ditugun lanabes hauen aukerak ugariak dira.
 
Aldeko eta kontrako argudioak alde batera utzita, teknologia horiek erabiltzen dakitenen eta ez dakitenen artean banatu da gizartea gaur egun. Azken horiek “analfabeto berriak” izatera iritsiz. Helduak, teknologia berrien erabilerari dagokionez, eszeptikoagoak garela iruditzen zait, beldur eta ezjakintasun handia sorrarazten digutelako. Gaur egungo nerabeek aldiz, jaiotzetik teknologia berriak izan dituzte bizikide, hau da, beraiekin hazi egin dira eta ondorioz teknologiari fobiarik ez diote. Sare sozialak erabiltzen ez dute inolako arazorik eta bitxia da, nola haurrak diren helduen irakasle, irakaskuntza prozesua irauliz. Halaber, ezjakintasuna erabilera egokian dagoela iruditzen zait eta heziketa hori bideratzea da gure zeregina.
 
 
Gainera, sare sozialen bultzada aprobetxatuz, aldaketarako gogoa duten pertsonen aktibazioa ekarri dute teknologia berriek, oihartzuna biderkatzen dute eta antolakuntza dinamikoa ahalbidetu, kide guztien parte-hartzea bultzatuz, munduko edozein pertsonarekin lotuz eta hedabide askotan pentsaezinak liratezkeen mezuak zabaltzeko bidea irekitzen da. Horregatik, hezkidetzarako ere aproposak direla iruditzen zait. Gai honen inguruan geroz eta jende gehiago kontzientziatzeko baliagarriak izateaz ezezik, ezaguera handitu eta jakintza partekatzeko baliagarriak baitira. Saretu gaitezen beraz!





HEZKIDETZAREN INGURUAN PENTSATZEN

Oraingo honetan, hezkidetza kontzeptua sakontzen hasi gara. Horretarako, lehenik eta behin honen inguruko informazio orokorra irakurtzeari ekin diogu, hainbat egileren esanak aztertuz. Baina, hori egin ostean, gure gertukoenen jakituria behatzeko txanda iritsi da eta horretarako, gaur egun hainbeste erabiltzen ditugun sare sozialez baliatu naiz; horien bidez, nire lagunei hezkidetza hitzaren definizioaren berri galdetu diedalarik.

Esan beharra daukat, apur bat harrituta laga nautela jasotako erantzunek. Izan ere, batzuk hitz honen inguruko definizioren bat eman didaten arren (adibidez: “hezkidetza, ikasleak euren sexua kontuan hartu gabe heztea da, hau da berdintasunean heztea”), beste zenbaitek hitza entzuten zuten lehenengo aldia zela aipatu didate. Hori entzutean, galdera egin diedan pertsonen ikasketa eta lanari erreparatu diot eta ohartu naiz, hitza ezagutzen duten gehienak emakumezkoak izateaz gain, hezkuntza munduan lanean dihardutenak direla.

Lagun batzuen ezjakintasun hori ikusirik, hauei hitz honen definizio osatuago bat ematen ahalegindu naiz, orain arte honen inguruan bildu ditudan kontzeptuak azalduz. Modu honetara, taldean gaiarekiko interesa piztu dut eta berehala, honen inguruan hitz egiteari ekin diogu, bakoitzak gaiarekiko bere iritziak azaldu dituelarik.

Nire inguru hurbila aztertu ostean, hezkidetza hitzari denbora tarte handiago bat eskaintzea erabaki dut, hitz hau osatzen duten hizkiekin egin daitekeenaren inguruan pentsatuz. Honela, oso idazle ona ez izan arren, gai honen inguruko hitz batzuekin, ondorengo olerki moduko hau sortzea lortu dut.
Horretaz gain, aurreko urteko sarrerak ere behatu ditut eta horietatik, Ane Lenizen sarrera gomendatzen dut. Izan ere, berak dioenarekin identifikatuta sentitu naiz. Niri ere, oraindik zaila egiten zait hezkidetza hitza entzutean buruan bueltaka ditudan kontzeptu guztiak biltzen dituen definizio bakar bat eraikitzea. Gainera, asko gustatu zait, berak eginiko hezkidetzaren akrostikan eskubidea hitza ikustea. Azken finean, uste dut hori dela hezkidetza, guztion eskubidea.

Hori honela izanik, argi dago hezkidetza landu behar den zerbait dela. Horren arrazoia? Nire inguru hurbilari erreparatuz, hau lantzeko arrazoi nagusiena jendeak hitz honen nondik norakoak ezagututzea da. Baina horretaz gain, badaude beste arrazoi sendo batzuk ere, hala nola:
  • Pertsona guztiek gizartean (lanean, jolasetan, kirolean, hezkuntza) aukera berdinak edukitzeko, inongo bereizketarik (neska edo mutil) egin gabe.
  • Egun gero eta kopuru handiagoan ematen diren emakumezkoen aurkako sexu erasoekin amaitzeko.
  • Ikasleak genero eraikuntza sexistetatik at hezteko, ikusmolde androzentrikoak baliogabetuz.
  • Aniztasuna onartuz eta estereotipoak alde batera utziz guztiok askatasunean bizi ahal izateko.
  • Gure eguneroko ekintzetan arreta jarriz, ditugun jarrera ez hezkidetzaileak hobetzeko.

ZARENA ZARELAKO, ASKE IZAN

HEZKIDETZARI BURUZ HAUSNARTZEN

Aste honetan hezkidetzaren munduan murgildu gara bete-betean eta horren inguruan asko hausnartu ondoren, inguruko errealitatea behatzea eskatu zaigu. Sei laguni hezkidetzari buruz galdetzea zen gure betebeharretako bat, esku artean darabilkigun gai honi buruz jendeak dituen jakituriak ikuskatzeko asmoz. Hori egiteko, kuadrillako lagun ezberdinei hezkidetza zer den galdetzeari ekin nion eta honako erantzun hauek jaso nituen bueltan:

- “Hezkidetza heziketa metodologia bat dela uste dut; ez nago oso ziur. Elkarren arteko harremanetan oinarritutako metodologia, bizikidetza baloreak abiapuntu bezala hartuta, elkarbizitza lantzea helburutzat duena

“Hezkidetzak pertsona bakoitzaren jarrera, helburuak, garapen pertsonala… baldintzatzen ditu, inguruko patroiei kasurik egin gabe”.

 Beste guztiek kontzeptu bera noizbait entzuna zutela baina bere esanahiaren inguruan ezin zidatela ezertxo ere esan erantzun zidaten; asko jota, hezkuntza mota bat izan zitekeela. Hori ikusirik eta dagoeneko, hezkidetzaren mezu hori munduan zehar zabaltzeko helburuarekin, ikastaroan orain arte ikusitakoa eta neure aurretiko jakituriak azaldu nizkien, gai honen inguruko berriketaldi politak izan genituelarik. Elkarrizketetan nabari ahal izan nuenez, oso kontzeptu interesgarria iruditu zitzaien; eta, ikastaroa amaitutakoan, guztiaren laburpen bat egin diezaiedan eskatu zidaten.

Honekin guztiarekin ikusi ahal izan dut oraindik ere hezkidetzarena asko zabaldu gabeko gaia dela. Jende gehienak honi buruzko informazio oso gutxi du (nire inguruko jendeak bai behintzat) eta ez dira sekula horren inguruan pentsatzen jarri. Hala ere, nahiz eta gai ezezagun xamarra izan gehienentzat, oso gustura aritzen dira honi buruz hizketan; eztabaidatzeko moduko gaia izanik. Gainera, termino interesgarria iruditzen zaie; hezkidetzaren oinarriak, bizikidetza egoki bat bermatu ahal izateko beharrezkoak direla aipatzen dutelarik.

Nabaria da oraindik ere lan asko dugula egiteko hezkuntza modu hau inguruko pertsonei helarazten. Ikastaro honetan ikasiko dugun guztiari esker, hezkidetzari buruz jasoko ditugun ezagutzak elkarbanatu ahal izango ditugu; baita, gizartean duen beharra mahai gaineratu ere. Hurrengo lerroetan, hezkidetza lantzearen garrantzia azpimarratzen duten bost arrazoi ezberdin aipatzen dira:

1. Pertsona guztiok, emakumea edo gizona izanda ere, dugun berdintasunerako eskubidea bermatzeko.

2. Genero rolak alde batera utziz, pertsona bakoitza bere indibidualtasunetik hezteko.

3. Matxismoari eta honek dakartzan ondorio txar guztiei (biolentzia, kasu) amaiera emateko.

4. Emakumeek testuinguru anitzetan pairatzen dituzten desabantailak desagerrarazteko.

5. Haurrak txikitatik berdintasuneko mundu batean hezteko.


(Argazkia handituz gero, hobeto ikusten da)


Amaitzeko, aurreko edizioetako blogeko sarrerak behatu ostean, Olarizuk eginiko honek atentzio deitu didala esan nezake. Hasieran ageri den sexua eta generoaren arteko ezberdintasunak biltzen dituen irudia oso bisuala iruditu zait, bi termino hauen ezaugarri nagusiak hobeto ulertzeko eta elkarren arteko diferentziak ikuskatu ahal izateko baliabide erabilgarritzat jotzen dudalarik.

Gainera, bost urteko gelan egindako esku hartzea oso aberasgarria dela uste dut. Ezinbestekoa iruditzen zait hezkidetzan oinarritutako gizarte bat sortu ahal izateko, haurrei txikitatik balore hezkidetzaileak helaraztea. Helburu hori lortzeko, sarreraren autoreak proposaturiko ipuina baliagarria izan liteke, estereotipoak hausten baititu modu dibertigarri batez.

DENOK BATERA!



HEZKIDETZA, IZATEKO ERA ANITZA.



2017/10/17

EMAN ESKUA HEZKIDETZARI!


Sare Sozialak



       Ez naiz sare sozialetan murgiltzea asko gustatzen zaionetakoa. Ez dut sekula Facebook izan, ez  Instagram ez horrelakorik. Twitter kontua ireki nuen duela urte asko baina uste dut nire bizitza osoan ez dudala txio bat bera ere idatzi. Whatsapp-aren kontura nahikoa begiratzen dut pantaila dagoeneko, gehiegi niretzat.

      Teknologia kontutan oso zorionekoa naizela iruditzen zait, adin bat dudanaren seinale edo, izan ere 80. hamarkadan lehen Spectrum horietatik abiatuta, teknologiak bizi izan duen garapenaren lehen-lerroko lekukoa izan bainaiz. Ikaragarria izan da bizitutako bilakaera!

       Ez naiz ordea teknofoboa, ez horixe. Noski baliatzen naizela teknologia berriek eskaintzen dizkiguten abantaila zoragarriez. Esaterako, bizikletaz ibiltzeko GPS bidez gordetako ibilbideek Wikiloc bezalako webguneetan, edozein lekutan hamaika ibilaldi egiteko aukera ematen dizkigu, eta horiek guztiak sare sozialaren bitartez mundu osoarentzat dohain elkar partekatuak. Foro espezializatu eta Youtubeko bideoen bitartez hainbat gauza ikasi ditut (baita dirua aurreztu ere!) eta behin baino gehiagotan nik neuk laguntza eskaini ahal izan dut baita ere. Kirola egitea baino garrantzitsuagoa, injustizien aurrean jendartea batu eta mobilizatzeko tresna izugarri indartsuak direla behin baino gehiagotan ikusi eta bizitzeko aukera izan dugu. Esaterako:  https://www.change.org/.


       Ordea badirudi irabazi sozialaren kostuak banakoaren kalitatearekin talka egiten duela, bai behintzat nire kalitate-irizpidearen arabera. Pantaila elektronikoek eskaintzen duten babesean, sare sozialak geroz eta jendarte ziurgabeago baten babesleku bihurtzen ari direla jaso  daiteke hainbat lekutan. Alde batetik  geroz eta hiperkonektatuagoak baina aldi berean isolatuagoak aurkitzen garela iruditzen zait. Ez da harritzekoa aurkitzea hainbat ikerketetan  sare sozialek nola ahalmen sozialak ahultzen dituzten jasotzea. Eta bestetik autoestimuaren debaluazioa, egiten dugun eta sareratzen dugun ororen besteen oneritzia jasotzearen beharrak sortzen dituen antsietatea XXI. mendeko gaisotasun berri bezala kontsideratzean. Honela ba, sare sozialak gauza guztiak bezala oso lagungarri baina aldi berean etsai bihurtu daitezkeela argi geratu behar da. 


      Nahiz eta jakin hainbat gauza galduko ditudala bidean, nahiago dut, oraingoz behintzat, berdin jarraitu. Korreoak errebisatu, nire bizpahiru foro eta egunkari digital ikusi eta segapotoa etxean utzita pintxopotera joan! Dena dela, baliteke ikastaro honetarako nire makina-txiotzaileari hautsa kentzea!