Aste
honetan jorraturiko ideien artean maitasun osasuntsua sustatzen duten
harremanen alde egitea ikusi dugu, eta hori lortzeko beharrezkoak diren
ezaugarriak hizki-salda honetan jartzea pentsatu dut. Uste dut ezaugarri hauek
gure artean dauzkagun harreman guztietara hedatu behar ditugula, tratu
onak eman eta jaso nahi baditugu.
Iazko posta Leire Garro ikastarokideak idatzitako TRATU
ONAK ELKARBIZITZAREN OINARRIA hautatu dut, irakurtzerakoan post hau egiteko
pentsatzen ari nintzela nik neuk nituen ideiak islatuta ikusi ditudalako.
Aste honetako irakurgaian irakurri dut nik hobeto adierazi ezin dudan azalpena tratu onak nola aurrera eramatearen inguruan: "Tratu onetan murgildu nahi dugu, teoria badakigu, baina egunerokotasunean sarritan egoera mingarri eta kaltegarrietan erortzen gara. Orduan? Hik Hasi aldizkariko elkarrizketa batean Arremanitz taldeko kideek gomendio interesgarri hau luzatzen digute: “begira diezaiegun benetan ditugun aurreiritziei, nola tratatzen ditugun mutilak eta nola neskak, zein estereotipo ditugun guk geuk gizon edo emakume garen heinean, bertako edo kanpoko, heldu edo gazte… Horretaz jabetzeak aukera ematen digu gure harremanetan eragiten duten aurreiritzi horiei guztiei aurre egiteko eta tratu onak bideratzeko.” Izan ere, gure pentsaera estereotipatuen ondoriozko jokaerak dira tratu onen etsairik nagusienak afektibitatezko harremanak eratzeko: nork bere buruarekin, besteekin, hurbilekoen artean, bestelako bizidunekin, gauzekin eta inguruarekin.
Hezkidetzak genero-ikuspegia erabiliz gai hauetan zenbait ekarpen egiten ditu ongizateko ezinbestekoa izango baita maskulino eta femeninotik hasi eta gainerako estereotipo guztiei uko egitea."
Ikasleekin lantzeko aproposa iruditzen zait Nafarroako Gazte Kontseiluak egindako gida hau , eta baita Leitzaldeko ikasle hauek topikoen inguruan egindako hausnarketak biltzen dituen bideo hau ikustea. Gazteek hurbilago sentitzen dituzte beste gazte batzuek esandakoak helduek botatakoak baino, beraz oso baliagarriak direla deritzot.
Amaitzeko, hau guztia lantzeko erronkak anitzak direla ezin dezakegu uka. Garai honetan nire pertzepzio soil bat ez dena gure bizitzaren esparru guztietan pairatzen dugula konturatu naiz gai honetan sakontzean; zera da, tratu onak ematen dituzten pertsonak baloratu beharrean errazagoa dela besteak eta gure burua gaizki tratatzea. Hau aldatze aldera, hezkuntzaren erdigunean zaintza jartzea proposatzen dute Baglietto eta Mendizabalek: gaur egungo hezkuntzak emaitzetan oinarritutako ikasteko modua lehenesten du eta badakite eurek bultzatu nahi duten ereduak –zaintza erdigunean jarriz– talka egingo lukeela sistema horrekin, pertsonaren garapen osoa aldarrikatzen baitute, eta arreta pertsonak dituen behar guztietan (zaintza, harremanak, emozioak, alderdi soziala…) jartzea: “Pertsona erdigunean jartzen badugu, berarengan konfiantza baldin badugu eta ikasten laguntzen badiogu, pertsona hori bere bidea egiteko gai izango da. Kasu horretan emaitzak ere hobeak izango dira, hobeto sentitzen delako, konfiantza daukagulako bere gaitasunetan, eta ikas-prozesuaren ardura ere berea izango delako. Egungo exijentziak eta kontrolak zenbaitetan pertsonaren dimentsio osoa galtzea dakar, eta egoera horretan pertsona ondo sentitzen ez bada, emaitzak ere okerragoak izango dira”.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina