2019/10/05

Aurkezpena (nire lehen ekarpena talde-blogean)


Kaixo guztioi:


Duela bi edizio ezagutu nuen ikastaroa, sareetatik irakurtzen nituen noizbehinka ikasleek blog honetan argitaratutakoak, eta orain ni naiz idazten ari dena! Oso pozik nago, gogotsu ikastaroari ekiteko eta datozen 22 asteetan zuekin batera bidea egiteko. Unai Villena naiz, 1980an jaiotako elgoibartarra. Industria Ingeniaritza ikasi nuen eta energia berriztagarrien alorrean lan egin hainbat urtez, baina betidanik izan ditudan kezka sozialek eta hezkuntzarekiko interesak pixkanaka-pixkanaka hezkidetzaraino hurbildu naute.


Sorkin, Jakintzen iraultegia” elkarteko kide naiz eta gaur egun bertan dihardut lanean asko estimatzen ditudan lagunekin batera. Gizarte eraldaketarako hezkuntzaren alorrean lan egiten dugu, besteak beste, “bizitza erdigunean kokatzen duten jakintza” deitu diegunak bultzatzen. Ikuspegi hezkidetzailea oinarrizkoa da gure lanean eta horregatik nago hemen: ikuspegi hori indartzeko, zuengandik eta zuekin ikasteko, hasita dauzkadan hainbat hausnarketei jarraipena emateko eta dauzkadan iritziak, zalantzak eta jakingura konpartitzeko. Oraingoz (badakit ikastaroak aurrera egin ahala ziurrenik hori aldatuko dela) bi gauzatan sakondu nahi nuke bereziki: STEAM alorretan hezkidetza nola landu eta nola lan egin mutilekin hezkidetzaren alde.


Nire interes eta zaletasunei dagokionez, asko ditut eta askotarikoak dira, baina bat aipatzekotan literatura esango nuke. Irakurle konpultsiboa eta sortzaile afizionatua naiz (bata zein bestea, denbora daukadan garaietan, aspaldi luze honetan nahi nukeena baino askoz ere gutxiago) eta ahal dela taldean egiten ditut jarduera horiek: irakurle-taldeetan parte hartzea gustatzen zait eta baita sorkuntza proiektu kolektiboetan ere.

Animalia bat banintz, aske bizi den bat izan nahi nuke, gizakiengandik eta edozein zibilizaziotatik urrun, Amazoniako txoko galdu batean. Hauxe, adibidez:

Egunaren arabera kolore bat izan naiteke (egun gorriak ditut, beltzak, berdeak, urdinak, moreak, horiak...) eta musikarekin ere antzerako zerbait gertatzen zait: garai bakoitzak bere soinu-banda du. Ez dut abesti maitatuenik, baina gaur eta orain Izaki Gardenak taldearen Amaieratik hasi partekatu nahi dizuet:



Oso gogoko ditudan guztiak bezala, abesti honek ere nitaz (gutaz) hitz egiten duen sentsazioa daukat: nahiko aldrebesa naiz batzuetan, etengabe nabil neure buruari galderak egiten (baita erantzunik ez duten horietakoak ere), eta ez naiz erraz etsitzekoa. Dena daukagu aldatzeko, goazen bada!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina