2016/10/22

HEZKIDETZA: ESTEREOTIPORIK GABEKO EREDU BILA

Handiuste galanta irudituko zaizue, agian, izenburua, baina egoera aldatzeko asmotan bagabiltza ezin garela txikikeriekin konformatu pentsatu dut. Eta hau da benetan nik amesten dudana. 

Lehen aste honetan toki askotan arakatzen ibili naiz, sorpresatik sorpresara, zenbat eta hezkidetzaren inguruko definizio edo erreferentzia gehiago irakurri, orduan eta gehiago zabalduz begiak.

Abiapuntu, wikipedia:  HEZKIDETZA
Eta hainbat iturritik argitaratutako definizioen inguruko gogoeta egin ondoren, nik Pikara Magazineko glosariori jarraituz topatu dudala beste guztia biltzen duen definizioa esan nahi dut:
 
Adibidez, Hezkidetza pertsona eta gizarte eredu berria eratzeko hezkuntza ahalegina bezala ulertzea eta baita ere giza gaitasun, balio, jarrera eta jokabideei ezarritako estereotipoak abolitzeko nahia.
Edo, hezkidetzaren alde egitea neska eta mutilen garapena integralaren alde egitea dela baieztatzen duenean. Nire ustez ere horretarako funtsezkoa da nortasuna estereotipo sexistetatik at garatzea, eta justizia zein ekitate etikan, tratu onean, berdintasunezko harremanetan eta boterearen erabilera parekidean oinarritutako gizartea eraikitzea.

Ikastaroan planteatzen diren lau jarduerei erantzunez:

1.- Nire burua zerbait jantzi ondoren, inguruko sei pertsonengana jo dut, hezkidetzari buruz beraiek zer esaten zidaten jakiteko gogoz. Eta aste hasieran ni nengoen puntu berean daudela denak iruditu zait, orokorrean seiek pentsatzen dute hezkidetza neskak eta mutilak elkarren ondoan ikastea dela, edo ikastetxean gauza berdinak egitea, eta emakume eta gizonen arteko berdintasun handia dagoela, dena ez badago oraindik lortuta ere.


Sei lagun hauekin behin baino gehiagotan eseriko naizela gai honen inguruan hitz egiteko pentsatzen dut.



2.- Beste aitorpen bat: zoruen pare ibili naiz akrostiko hau betetzeko, bereziki “Z”-az hasitako hitzak topatzeak lan handia eman dit. Eskerrak bukaeran behintzat nahiko gustura gelditu naizen.  
Akrostikoa osatzen duen azken hitza behartua iruditu zait hasieran, baina gero konturatu naiz “anaitasunak” ez duela bere pareko gure artean erabiltzeko, eta emakume bezala izan behar dugula propio definitzen gaituen kontzeptua, eta AHIZPATASUNA gustatu zait.
Hemen doa nire HEZKIDETZAREN inguruko ideia akrostikoa bihurtuta:
HEZKUNTZA
EKITATEA
ZAMA-BANAKETA
KIDETASUNA
IDENTITATEA
DISKRIMINAZIO-EZA
ESTIMA
TOPALEKUA
ZENTZUDUNA
AHIZPATASUNA
3.- Iazko ikastaroan argitaratutako HEZKIDETZAN inguruko sarreren artean, ni Olarizu Echartek idatzitako sarrerarekin gelditzen naiz. Pila bat gustatu zait “¿Hay algo mĆ”s aburrido que ser una princesa rosa?” ipuina kontatu ondoren egiten den lanketa, eta gehiago oraindik bideoaren hasieran amari egiten zaion dedikatoria.

4.- Bukatzeko, Hezkidetza lantzeko bost arrazoi bilatzen saiatu naiz. 
- Hezkuntza munduan Derrigorrezko etapan uste dut oso inportantea dela hezkidetza lantzea adin horietan garatzen delako bakoitzaren nortasuna, eta urte horietan errotzen diren sinesmen edo jokabideak garrantzi handia dutela bizitza osorako.
- Elkarrekiko errespetua ez bada barneratzen ezingo dugulako elkarbizitza egoki bat lortu, eta elkarrekiko errespetuaren gunean hezkidetza dagoelako.  
- Gizarteak zer esanik ez, baina hezkuntza munduan askoz gehiago, ezkutuko curriculumak indar handia duelako, eta hori agerian uzten eta gainditzen laguntzen duelako hezkidetzaren lanketak, sentsibilizazioa irakasleengatik hasi behar delako gero ikaslegoan eragina bilatu nahi ezkero.
- Beste edozein diskriminazioaren barruan diskriminazio sexista bat aurkitzen dugulako, emakumea izateagatik bi aldiz diskriminatuta daudelako. Partxeatu beharrean, benetako ahalegina izan nahi badu diskriminazioaren kontrakoa, hezkidetzan oinarritzea besterik ez zaiolako gelditzen.
- Genero indarkeriarekin bukatzeko eredu bakarra delako 

.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina