2016/10/23

Hezkidetzari buruz hausnartzen

Hezkidetzaz hausnartzen aritu gara aste honetan. Baina, zer da hezkidetza? Hainbat definizio irakurri ditudan arren, oraindik ere zaila egiten zait esaldi bakarrean burura ekartzen dizkidan kontzeptu guztiak biltzea. 

Irakurri ditudan guztietatik bat aukeratu beharrean, La coeducación en la escuela del siglo XXI liburukoa aipatuko nuke [Pandora Mirabilia. (2011). La coeducación en la escuela del siglo XXI. Madrid: Catarata],  kontzeptu ugari paragrafo labur batean biltzea lortzen duelako besteak beste.
"Hezkidetzak, hezkuntzara giza aniztasunarekiko begirada sentikorrarekin hurreratzea dakar. Emakume eta gizonen garapena sustatzen duen nahita egindako esku-hartze prozesubat da. Neska eta mutil, identitate eta errealitate ezberdinak dituzten pertsona anitzak existitzen direla konturatzea dakar: bakoitza modu desberdin batean sozializatu eta bizipen eta ikaskuntza bereziak dituela aintzat hartzea. Hezkidetzak desberdintasunak onartzen ditu, pertsonak era askean garatu daitezkeen gizarte batean berauek (desberdintasunak) balioesteko, eta baita berdintasun eza arintzeko, eskubide eta aukera berdinatsunak lortzeko helburuz."

Hezkidetzaren gakoak: konpetentziak eta balioak dokumentua hausnarketarako abiapuntu ezinhobea izan da niretzat. Irakurritakotik atal nagusi batek erakarri nau bereziki: 3. Hezkidetzan ekin: prozesu eraikitzailea. Azpimarratzekoa iruditzen zait, alde batetik, hezkidetza lantzeak ez dakarrela nahi ta nahi ez lan gehiago egitea, lan berbera beste era batean egitean baizik. Bestetik, birziklapen prozesu bat dela; orain artekoa deseraiki eta hobekuntza-proposamenekin berreraikitzea. Eta azkenik, umorea ahaztu gabe, estrategia eraikitzaileak erabili behar ditugula: aliatuak bilatzea, esperientzia partekatua izatea, prestakuntza egokia jasotzea, eta orain arte egindakoa oinarri hartzea.


Nire inguruko errealitatean kokatzeko, inguruko hainbat laguni galdetu diet hezkidetzaz duten informazioaz. Gizon zein eemakumezkoei ehuneko berdinean galdetzen saiatu naiz. Gizonezko gehienek (3 k) hitza aurretik entzun gabe zutela erantzun didate; batek hitza noiz edo noiz entzun duela baina zer den ez dakiela. Gizonetako bakar batek baino ez du izan hezkidetzaren berri nirekin hitz egin aurretik, eta honela definitu du: 
Jendarte justuago bat bilakatzen ahalegintzen den ikasketa esparrua.

Galdetutako emakumezkoen kasuan errealitatea ezberdina izan da. Guzti guztiek entzun izan dute aurretik hitza. Haietako batek hezkuntza esparruan soilik, bertan egiten baitu lan. Beste laurek berdintasunarekin lotu dute hezkidetza, eta honako definizioak eman dituzte: 
Neska eta mutilak bereizketarik gabe eta berdintasunean heztea
Elkarren arteko errespetuan ikastea eta pertsona moduan osotasunez garatzea
Pertsona bakoitzaren generoa kontuan izan barik egiten den hezkuntza da jarrera sexistak alde batera utziz. Ezberdintasun pertsonalak kontuan hartzen ez duen hezkuntza da. 

Nire inguru hurbilean hezkidetza lantzeko bost arrazoi aipatuko baditut, aipatu berri dudan galdetegi horrekin hastea garrantzitsua iruditzen zait. Izan ere, galdetegi txiki honetan agerian geratzen da (nire inguruan behintzat) hezkidetzarekiko hurbilketa sentitzen dugun gehienak "emakumezkoak" garela. Ikastaroan parte hartzen dugunon %100-a ere "emakumezkoak" gara. Pentsarazteko moduko datuak direla iruditzen zait niri. Eraldaketa prozesu sakon bat hasi behar badugu, hezkuntzatik hasita gizarte osoan eragiteko, ezinbestekoa izango zaigu gizonezkoak diren aliatuak ere Hezkidetzan inplikatzea. Horretarako, informazio faltari egin behar diogu aurre; askok eta askok oraindik ez baitakite hezkidetza zer den, ezta haren jarduera-ildoak zeintzuk diren ere. Hezkuntza ezkutua, curriculum-etik kanpo dagoena, egunero kalean eta telebistan ikusten dugun hori, binarismoan oinarriturik dago gainera; norbere identitatea garatzeko oztopoak baino ez dizkigu jartzen. Botere-harremanekin apurtu beharra dagoelako baita, gizarte justuago bat nahi badugu (eskolan, lanean, etxean...). Eta bukatzeko, nahi dugulako! Gizartearen eraldaketa prozesu honen parte izan nahi dugulako, etorkizun justuago baten bila ari garelako eta arituko garelako.

Iazko ikaskideen ekarpenetatik Edurneren hau gomendatu nahi dizuet. Hezkidetza definitzeko sarreraren hasieran ageri den taula oso argigarria iruditzen zait.

Eta bukatzeko, Ibai Fresnedo eta Nagore Larrazabalek UEUren Hezkiddetza Heezkuntzan ikastarorako emandako azalpen hauek elkarbanatu nahi ditut zuekin.





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina