2016/10/27

Nire aurkezpena. Usoa Sorazu

Kaixo, azkenetakoa izango naiz, baina irisi naiz helmugara.


Ni Usoa naiz, getariarra izatez, baina Oreretan bizi naiz eta Orioko Herri Ikastolan dihardut irakasle lanetan Lehen Hezkuntzan. Urte mordoxka daramat lanbide horretan, bizitza erdia baino gehiago, baina ilusioa eta indarra ez zaizkit falta, zorionez; nire ofizioarekiko pasioa sentitzen dut. Atsegin dut ikasleekiko tratu zuzena eta hurbila: euren energia dastatzea, dituzten kezkak gelan elkarrekin partekatzea, zailtasunen aurrean elkarri laguntzea, errespetoa gauza guztien gainetik bailoestea eta BERDINTASUNAZ kontzientzia hartzea.

Hezkidetza dela-eta, etxeko lanak jarri dizkiot neure buruari. Egia esan, gaiaren inguruan urrats gutxi eman ditugu ikastolan, eta zuzendaritzatik irakasleoi ikastaroaren berri iritsi zitzaigunean, lehendabizi gaitegia gainbegiratu nuen. Segituan konturatu nintzen asko nuela ikasteko; gainera, on-line izatea ondo baino hobeto egokitzen da nire bizimodura. Bestalde, ez naiz batere iaioa informatika kontuetan; beraz, arlo horretan aurrerapausoak emateko ere erabiliko dut ikastaroa. Argi dut akuilu lana egin beharko dudala ikastolan, gaiaren inguruan ikasitakoaz hausnararazteko eta ekimenak martxan jartzeko.
Irakaskuntzaz gain, zaletasun ugari ditut; energia sobera nonbait: euskara, historia, politika, irakurketa, musika tresnak jotzea eta, duela gutxi arte, korrika egitea (orain bi belaunak gastatuak ditut). Hain zuzen ere, orain dela 30 bat urte, errepidera salto egiteak korrika egitera eta gizonezkoekin denbora luzez nire zaletasuna partekatzeak eragin positiboa izan zuen nigan. Besteak beste, lotsari muzin egiten ikasi nuen, beldurrak uxatzen eta berdintasunean murgiltzen.

Hobetetzeko ditudan gauzak? Mordoxka bat! Pazientzia gutxi dut, “piper” samarra naiz, eta ez naiz ausarta. Azkeneko gabeziak dezente baldintzatzen nau, eta gainditu beharreko erronkatzat kontsideratzen dut.. Bakarrik bidaiatzen duten emakumeak miresten ditut, bizikleta eskuetan munduan zehar dabiltzanak arriskua, abentura eta jakin-mina bidelagun.

Besterik gabe, animo eta besarkada bat persona eta gizarte eredu berri bat eratzeko ahalegintzen ari zareten guztioi.





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina