Aste honetan emakumeen presentzia eta hauen ekarpenak aztertzen ari gara. Ikusi bezala, argi dago, historian zehar gizonak goraipatuak izan diren bitartean, emakumeak ezkutuan gelditu direla; eremu publikoan beraien parte hartzea bigarren mailakoa izan delarik.
Guzti hori patriarkatuaren eraginaren ondorio izan da, honek erabiltzen dituen mekanismoen (androzentrismoa, sexismoa, lapurreta) ondorio, hain zuzen ere. Horregatik, ezinbestekoa izango da, historiaren berridazketan horiek desegitea.
Genero
begiradak, beste historia bat idaztea eskatzen du; neska zein mutilen aukerak
mugatuko ez dituena. Horretarako, eskolak eta bertan erabiltzen diren tresnak ere garrantzitsuak izango dira; azken horiek gizartearen erreferente baitira.
Aurreko urteko postak irakurtzen aritu ostean, Uxanaren “Itzalpean mantendu dituzten argiak kalera ateratzeko garaia da” sarrera proposatzea erabaki dut. Izenburuak dioen bezala, bertan, emakumeen historia azaleratzeak duen garrantzia azpimarratzen du.
Asko gustatu zait, emakume aitzindari
bat aipatzerako orduan egin duen aukeraketa. Izan ere, bere amona ekarri du
bertara. Lerro horiek irakurtzean nire amonarekin gogoratu naiz, berak bere bizitza
aurrera ateratzeko hamaika lan egin behar izan baitzituen, guztietan adorea
erakutsiz.
Gaurkoan ordea, beste euskal emakume aitzindari bat goraipatzea erabaki dut, Bizenta Mogel. Egia da, izen hau beste zenbait emakume baino gehiago entzun ohi dela. Guk behintzat Azkoitian oso ezaguna dugu hau. Izan ere, herrian Bizenta Mogel izeneko kale bat izateaz gain, bertako ipuin lehiaketak ere bere izena hartzen du.
Emakume hau, Azkoitian jaio zen. Hala ere, berehala aita hil eta Markinara joan zen bizitzera bere nebarekin. Bera izan zen, euskaraz idatzi zuen lehen emakumea. Bere libururik ezagunena Ipui Onac da, haur literaturako lehen euskal liburua, hain zuzen ere. Bertan, Esoporen 50 alegiaren itzulpena egin zuen.
Garai arten, emakumeek idazten jakitea ez zegoen ondo ikusita,
horregatik, emakumeen % 15 baino ez zen alfabetatua. Horri lotuta, honako hau azpimarratzen
du Bizentak bere liburuaren sarreran:
“Badakit, enzunaz beste gabe, neskatx gazte baten izena dagoala itxatsirik liburutxo onen aurrean, jardungo dutela siñuka ez gutxik, diotela beren artean, iñoren lumaz janzi nai duela bela txikiak; au da, besten bearrak artu nai ditudala neretzat: ez dagokiola neskatxa bati bururik ausitze liburugiñen: asko duela gorua, naiz jostorratza zuzen erabiltzea.”
Bizenta Mogel Elgezabali buruz gehiago jakin nahi izanez gero, “Bizenta Mogel(1782-1854), edo euskal tradizio literario androzentrikoa pitzatu zenekoa” edota Yolanda Arrieta idazlearen Argiaren alaba nobela irakurtzea gomendatzen dizuet. Batez ere, azken honek, Bizenta Mogel Elgezabalen bizitzara hurbiltzen lagunduko dizue.
Amaitzeko, guzti hau
ikusi ostean, honako hauek dira nire ustez bai eremu hezitzailea eta bai
jendartean lantzeko erronkak:
- Emakume erreferenteak ezagutzea eta hauek geletara eramatea, hauen ekarpenen inguruan hitz eginez eta hauek baloratuz.
- Maiz emakumeen ekarpenak ezkutatu egiten direla ikustea eta horretarako patriarkatuak erabiltzen dituen mekanismoak aztertu eta horiek apurtzeak duen garrantziaz jabetzea.
- Egunerokotasunean erabiltzen ditugun material eta baliabideak aztertzea eta hauek berreraikitzea, bertan aurki daitezken patriarkatuaren ideiak baztertuz eta emakumeen presentzia nagusituz.
- Ikastetxeko organo eta
lanpostuetan emakume zein gizonezkoen parekidetasuna egotea.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina