Historiari
erreparatu besterik ez dago emakumeen presentzia betidanik ezkutu zamarrean mantendu
izan den zerbait dela konturatzeko. Harrituta geratu naiz irakurgaia irakurtzen
ari nintzen bitartean, historian zehar esanguratsuak diren emakume horien
guztien izenak ikustean. Izan ere, nahiz eta eskolan hainbat pertsona
garrantzitsuen ekarpenak ikasi ohi ditugun, emakume hauetako gehienen izenak
ezezagunak egin zaizkit.
Carlo
Magno, Diego Velazquez, Isaac Newton, Cristobal Colón edota Gustavo Adolfo
Becker bezalako izenak zeharo ezagunak egiten zaizkigu guztioi, eskolako
liburuetan behin eta berriz ikusi ahal izan baititugu. Baina, Isabelle Stengers
nor den galdetuz gero, zenbat pertsona izango lirateke kapazak erantzun egokia
emateko? Edo Ana Lovelace?
Honekin,
argi eta garbi ikus daiteke emakumeek, gizonek bezalaxe, hainbat ekarpen egin
dituztela historian zehar; baina, patriarkatuak ekarpen hauek ezkutatzeko egin
dituen ahaleginak ere ugariak izan dira. Testuan irakurri ahal izan dudan
esaldi honek, orain arte esandako guztia modu ezin hobean laburtzen duela
esango nuke:
Gertatu dena da emakumeen lana, pentsamenduak eta gustuak
ikusezin bihurtu dituztela.
Aurreko edizioetako
sarrerei begiradatxo bat botatzen jardun ostean, Miren Arabururen hau aipatuko
nuke. Alde batetik, Mirenek aipatutako testu hau irakurtzera animatzen
zaituztet, neuri asko gustatu baitzait:
Nola ahal zuten, gure aintzinako aitonek, hain
era dotorean margotu? Nola ahal izan zituzten, basapiztien aurka esku hutsez
borrokatzen ziren astapotro haiek, hain irudi airosoak sortu? Nola ahal izan
zituzten haitzetatik ihesi airean doazen marra hegalariok marrazterik? Nola
ahal izan zuten… ? Ala amonak ziren?
Bestalde,
bere sarreran aurki genezaken bideoak errealitatea oso ongi irudikatzen duela
iruditu zait.
Bideo honetan, hainbat
ikasleei historiako asmatzaileen izenak esan ditzaten eskatzen zaie. Eskakizun
horren aurrean, neskatoek asmatzaile ezberdinen zerrenda luzea egiten dute;
baina, zein da arazoa? GUZTIAK gizonezkoak direla. Emakume asmatzailerik
ezagutzen duten galdetutakoan, “mmmm… ez”,
“galdera zaila” eta “eskolan beti gizonezkoak diren asmatzaileak
ikusi ditugu” bezalako erantzunekin aurkitzen gara.
Tristea den arren, errealitatea
honelakoxea da. Ekarpena asko, emakume esanguratsu asko… baina, honen inguruko
jakintza gutxi. Horri aurre egiteko asmoz, euskal irakaskuntzan aitzindaria
izan zen Elbira Zipitriari buruz hitz egingo dizuet hurrengo lerroetan. Emakume
hau duela urte gutxi batzuk ezagutu nuen, magisteritzako fakultatearen alboan,
bere izena daraman eraikina sortu zutenean.
“Ez
dizut erakutsiko zuretzat soilik,
baizik
eta Euskal Herrian zabaltzeko
niregandik
ikasi duzuna”
Elbira
Zipitriak errepublika garaian bere lehen ikastola sortu zuen, Donostiako Alde
Zaharreko Ikatz Kalean. 1936ko gerraren eta Francoren altxamenduaren ondorioz,
atzerrira joan beharra izan zuen. Donostiara itzuli zenean, ordea, gerra
aurretik abiatutako lanarekin jarraitu zuen, beste ikastola bat martxan jarriz.
Euskara
eta pedagogia berritzaileak ardatz hartuta, ondoren etorriko ziren ikastolen
sustraiak errotu zituen Elbirak eta neska eta mutilen arteko berdintasuna
ikasgeletan praktikara eramaten tematu zen. Oso irakaskuntza metodo
aurrerakoiak erabili zituen, bereziki garai hartako eskolekin alderatuta.
Gainera,
helduei euskara irakatsi ahal izateko gau eskolak antolatu zituen, batez ere,
euskaldun zaharrak alfabetatzeko asmoz. Euskararen irakaskuntzan ere ekarpena
egin zuen Elbirak, zehazki euskal aditza irakasteko moduan; izan ere,
lehendabizikoz hasi zen “nor-nori-nork” paradigma hitz horiekin erabiltzen.
Ildo honetan, hementxe uzten dizuet Euskal Irratian Maider Oleaga zinema zuzendariari eginiko
elkarrizketa, Elbira Zipitriaren dokumentalaren egileari.
Amaitzeko, hau
guztia eremu hezitzaileetan eta jendartean lantzeko erronken artean, honako
hauek aipatuko nituzke:
- Historian zehar
emakumeek izandako presentzia aztertu eta bere garrantzia azpimarratu.
-Emakumeen
presentzia hori ezagutaraztera ematea ezinbestekoa den ideia helarazi.
-Emakumeen ekarpenak
baloratuak ez izanaren arrazoiak aztertu, gizarte patriarkalak duen erruaz
jabetu.
-Hezkuntza arloan
erabiltzen diren materialetan emakumeen presentzia hori bermatzea.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina