2017/12/15

Hizkuntza eta erabilera, eraldaketarako gako

Hizkuntza bera ez ei da sexista, erabilera baizik. Eta egia da, kultura guztietan sortzen den hizkuntza, terminologia, erabilpena... jendarte horretan dauden beharren araberakoa izaten dela, eta nolabait esateko, bere nortasun eta identitatearen isla baita ere. Baina ados nago hizkuntza bat, tresna komunikatibo soila dela baieztatzearekin. Alegia, hizkuntza bera, ahozkoa, idatzizkoa, zeinuzkoa zein adierazpen mota ezberdinetakoa izanik ere, komunikazio bide bat da. Eta bidea bera ez da sexismora eramaten gaituena, jendarteko kultura, ohitura eta androzentrismoak garamatzate gure hizkuntzak sexista bilakatzera.

Gaztelerarekin gertatzen den legez, euskararekin ere gabezia itzelak daude horretan, eta suposatzen dut, hizkuntza guztietara eraman daitekeen ondorioa dela. Hau da, jendartea bera matxista bada, hizkuntzaren erabilpena eta izaera ere, halakoxea izango da. Komunitatea aldatzen doan heinean, hizkuntza tresna eta transmisio bide berriak sortuko dira, eraldaketari ateak irekiz.

Ordea, hizkuntza bati jendartea sexista izatearen erantzukizuna erantsi ezin badiezaiokegu ere, tresna hain boteretsua izanik, jendartea beraren eraldaketan eragina izan dezakeela aitor daiteke. Eta eragina duenez gero, komunikazio balio erantsi hori elikatuz eta kontzienteki tratatuz, gure ingurunetik sexismoaren presentzia eta zentralitatea gutxitzen lagun dezakeela iruditzen zait. Hots, hizkuntza bera erroa ez bada ere, garraiobide boteresua da feminismoarentzat ere.

Hezkidetzak hainbat proposamen zehaztu ditu eskola eta ikastetxeetan lantzeko erronken artean. Esan beharrik ez dago, jendarteko esparru anitzetan landu daitezkeen arloak direla. Niri irakurgaian zehaztutako guztiak aintzat hartzeko ideiak iruditzen zaizkit. Hona hemen horietako batzuk:
  • Erabiltzen dugun hizkuntzaren sexismoaz ohartu eta duen androzentrismoa agerian jarri.
  • Inbertsio erregela praktikan jarri: testuen zein irudien pertsonaien sexu-generoa aldatu ea zer gertatzen den. Sexismoa detektatzeko oso adierazgarria da.
  • Gutxiespen zentzutan erabilitako terminoak, misoginia, lesbofobia, homofobia.... edozein fobia edo mespretxu, arrazakeria eta indarkeria adierazten dituzten terminoak eta espresioak erabat baztertu. Beharrezko zaizkigun hitz edo kontzeptu berriak sortu.
  • Hizkuntzaren erabilera ez sexistarako gomendioak eztabaidatu eta praktikara eraman. Proposamen berriak planteatu.
  • Geletan edo jardueretan neska eta mutilen parte-hartzea aztertu: Denbora berdina erabiltzen dute? Aukera berdina dute? Arreta eta erantzun berdinak ematen dizkiegu?...
  • Emakumeen (neska, nerabe, gazte, heldu eta nagusien) esperientziak eta interesak diskurtsoan eta ikasgaietan barneratu, gizon-emakumeen garapenerako egindako ekarpenak erakutsi eta beren burujabetze eta askatasuna lortzeko egindako borroka txertatu.
  • Hizkuntza hezkidetzailea ikastetxeko esparru guztietan erabili (ahozkoa, idatzitakoa eta ikonografikoa edozein euskarritan), baita kanpoko erakundeekiko harremanetan.
  • ...
Aipagarria iruditzen zait beste hainbat alorren artean umorearekin egiten dugun arduragabeko tratamendua. Horren harira duela urte batzuk publikatu zuen Uxue Alberdik honako diskurtsoa, eta zeresan handia emateaz gain, umoreak duen garrantziaz jabetu eta duen inzidentziaz ohartzea ez zait hutsala iruditzen. 'Publikoki egiten den umorea edo eztabaida ez da neutroa': 


Hortik tiraka segituz gero, bertsozaletasuna eta begirada feministarekin lotutako beste hainbat eduki interesgarrirekin egingo dugu topo, eta baita euskaltzaletasuna eta feminismoaren diskurtsoekin ere.

Iazko posten artean AmaiaChuecak argitaratutakoak erakarri nau. Bertan azaltzen dira gai honekin lotutako hainbat meme eta izugarri gustatu zaizkit. Gainera, hausnarketa sakontzeko lagungarri diren beste hainbeste bideo topatuko ditugu artikulu honi esker, eta ongi dioen bezala, 'esaten ez dena, ez da existitzen'.






Ez naiz batere abila honetan baina... #androzentrilingüeak #kontzeptugisa onartzeko prest dagoenarentzat, meme hau opari!




Aspaldi aritu nintzen euskarazko komunikazio elkarte batetan, eta gogoan dut, bertan 'parekidetasunerantz' prozesua abiatu genuela barne mailan. 

Garai horretan deskubritutako gida da Bilgune Feministaren estiloliburua, 2004koa hain zuzen: Indarkeria nola landu komunikabideetan? Horietako zertzelada batzuk bilduta ikusi ditut sarean baina kontsultagai dago liburuxka osoa ere eskatuz gero. Liburu sakon eta mardula da, edozein hedabiderentzako gomendagarria, Euskal Herrian eta euskaraz sortua. Liburua abiapuntutzat hartu eta gogoeta bultzatzea zuten helburu, komunikazio-enpresetan eman beharreko jokaerak antzeman eta aldatzeko asmoz. Hemen aurki daitezke bertan egindako diagnostikoaren emaitza batzuk. 






iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina