2017/12/16

Hitzez hitz errealitate sexista isildu!

Astero legez, Hezkidetzan lantzeko ditugun pauso ezberdinak aztertzen gaude. Oraingoan, Hizkuntza eta Komunikazioa dira gure borroka. Hizkuntza sexista da? Edo hizkuntza horren erabilera al da diskriminazioa sortzen duena?

Egunero entzuten dira emakumeenentzat mingarriak diren esaldi edo esaerak. Público egunkariak argitaraturiko artikulu batean, bideo baten bidez azaltzen dira arestian aipatutako hizkuntzaren erabilera matxistak. Bideoa LOLAk  egindakoa da (Twiterren: @BuzzFeedLola) eta bertatik atera ditzakegun adibide batzuk hurrengoak dira:

                                                    “Relaja la raja”
                                         “Así es como visten las busconas”
                                “De verdad las tías no aceptais una broma”
                                                  “Mujer al volante…”
                                              “Eso es de marimachos”

Erabilera ezegoki hauek ekiditeko Filologian aditua den Teresa Meana Suarezek aurkeztutako “Porque las palabras no se las lleva el viento…”  idatzia aztertzea interesgarria da. Gida honek, hizkuntzaren erabilera androzentrista eta sexista saihesteko estrategiak eskaintzeaz gain, titulazio eta ogibideei zein dokumentu administratiboei buruzko analisia egiten du. 


Bestalde, oso deigarria iruditzen zait Euskaltzaindiak sorturiko EUSKAL IZENDEGIAn neutroak diren izenak emakumezko edo gizonezkoentzat bihurtu izana. Izan ere, aurreko asteetan aztertu ditugun estereotipoek sortzen dituzten eragozpenak ikusi ondoren, jaioberriari izen bat ala beste jartzerakoan bere bidea markatzen hasten gara, norberak erabakitzeko aukerarik eman gabe. Ume bati izen femenino edo maskulino bat jartzen diogun momentutik hasten gara genero bereizketa egiten. Arazo hori, izen neutroen zerrenden bidez eragotzi daitekeela deritzot. Idurre Eskizabel  kazetariak egindako ikerketa interesgarri batean historian zehar Euskal Herrian egondako izenen ibilbidea azaltzen du.
Gai honekin lotura duen Leire Imaz Zubiar kideak iaz sorturiko posta gomendatzen dut. Bertan, gurasoek hautaturiko izenak umeengan duen eragina komentatzen du.

Gure lana eskolan, etxean zein kalean arazo honi aurre egitea denez, egun lan egiten dudan ikastetxean hartutako neurri bat konpartitu nahiko nuke zuekin. 2. batxilerreko ikasleek azken ikasturtea amaitzen dutenean Agurreko jaialdi bat egiten da. Bertan, ohitura izan da beti “Agur Jaunak” abestea. Duela urte batzuk, Hezkidetzaren alde lan egiten duen irakasle taldeak abestiaren letra moldatzea erabaki zuten, emakumeak ezkutuan uzten zituen kanta zelako. Gaur egun, beheko bideoan ikus dezakezue abesterakoan erabiltzen den letra berria. 

 Eta zeintzuk dira orduan etorkizunari begira ditugun erronkak?

-    -   Keinuzko zein ahozko hizkuntza iraingarria identifikatu eta desegitea.
-    -   Diskurtso berrietan emakumeak bistaratzea.
  - Esaldi, broma edo testu diskriminatzaileak egunerokotasunetik desagerraraztea. Mingarriak diren esaldiak ez dira bromak, ez dira txiste edo umoreak.
-   - Idazterakoan eta hitz egiterakoan kolektibitate guztiak kontutan hartzea.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina