2019/02/12

NOR NAIZ? NAHI DUDANA NAIZ





Identitatea autokontzeptuaz haratago doan ideia da eta nor naiz ni? galderari erantzuten dio. Beste pertsonengandik bereiztea eta, aldi berean, talde baten partaide izatea ahalbideratzen duten ezaugarriei edo alderdiei dagokie identitatea. Eraikuntza pertsonala, subjektibo eta banakakoa da, baina baita eraikuntza soziala ere.

Identitatearen garapena haurtzaroan hasi egiten dela, nerabezaroan bereziki garrantzitsua bihurtzen da eta bizitza osoan zehar jarraitzen duen zeregina da. Identitatea hiru prozesuen ondorioa da: biologikoa, psikologikoa eta soziala, elementu kultural eta baita politikoak ere barnebilduz. Nolabaiteko arau-orientazioa ere badu. Izan ere, gizarte-sisteman partekatutako balioen, arauen eta kode kulturalen barneraketarekiko lotura estuan sortzen da identitatea.

Genero identitatea norbera gizon, emakume edo bestelakorik izatearen pertzepzio subjektiboari dagokio. Gure gizartean bi arketipo zurrun gailendu dira: emakume edo gizona izateko aukera polar eta bitar bakarra. Bat ala bestea izateak markatuko digu zelan jantzi, zelan jardun, eta finean, zelan bizi.


Bi kategoria posible horietatik at kokatzen diren identitateak gatazkatsu gisa interpretatuak izan dira. Alabaina, badaude gizon edo emakume izatearekin identifikatzen ez diren pertsonak: transgeneroak (jaiotzerakoan egokitu ez zaion genero batekin identifikatzen direnak), intergeneroak (bi generoen artean sentitzen direnak) edo ageneroak (genero-identitaterik ez dutenak), androginoak, poligeneroak, hirugarren generokoak, pangeneroak... Horregatik, generoak ekar dezakeen determinismotik ihes egiteko, genero “egoteko” modu bat gisa ulertu beharra dago, eta ez “izateko” modu bat gisa.



Euskal Herrian topa ditzakegun adibide ezagunenetakoen artean Josebe Iturrioz-en kasua dugu. Orain dela oso gutxi eskainitako elkarrizketa batean transgenerotzat jotzen zuen bere burua, zera adieraziz: 

Binarismoa da guk mundua antolatzeko daukagun modu bat. Guk mundua antolatzerakoan gizonak eta emakumeak definitzen ditugunean oposizioz definitzen ditugu. Kategoria horiek elkarren artean baztertzaileak dira, eta oposizioz ulertzen ditugunez, ez dugu aukerarik pentsatzeko ezaugarri desberdinak izan ditzakegula. 

Egon daiteke tipo bat itxuraz oso maskulinoa dena baina sentsibilitate berezi bat duena. Orduan, tipo hori jada ez da tipoa? Tipo bati kendu egin behar zaizkio ezaugarri femeninoak izateko aukera?

Dualismo horretatik atera behar dugu eta gorputzen konplexutasuna ulertu. Feminitatea eta maskulinitatea, hau da, arra eta emea kontzeptuak desnaturalizatzea, binomio hori zalantzan jartzea eta generoen definizio hertsi eta zurrun hori zalantzan jartzea”. 


Josebe Iturrioz:
"Ez dakit gizonezkoa ala emakumezkoa naizen. Ez dakit zein punturaino nahi diodan galdera horri erantzun itxi bat eman"



Heziberrik, Norbera izaten ikasteko konpetentziaren osagaitzat jotzen du  Sexu-nortasunaren autorregulazioa (54. orrialdean). “Sexu-nortasuna zehazten dute emakumea, gizona edo sexuartekoa izatea dakarten ezaugarri biologikoen kontzientziak eta norberak sexualki gehien identifikatzen dituen ezaugarri psikologikoen kontzientziak” esanez hasten da. Beranduago, testuak azaltzen du nola “Sarri askotan gertatzen da ezaugarri biologikoak eta psikologikoak bat ez etortzea”. Horrelako kasuak emanez gero, “eskola inklusiboaren planteamenduan sartzen da aniztasun horren errekonozimendu-faltaz kontzientzia hartzea, genero-arrazoiengatiko gizarte-presioez eta bazterketez jabetzea, eta diskriminazio-egoerak erregulatzea”.

Ezkutuko curriculumak zentzu horretan eragiteko kontutan hartu beharreko elementuak dira: genero aniztasunarekiko tolerantziaren sustapena, erreferenteen eskaintza, pertsona horien identitate librerako askatasuna bermatzea arropa, izendapen nahiz komun/aldagelak aukeratzeko, etab.

Ingurua hurbilean genero-aniztasunari buruz somatzen dudan errealitatea zera da: aurreiritzi asko eta ezjakintasun handia dagoela.  Niri ustez, esparri honetako erronkarik nagusiena gure gizartean genero sistema modu binarioan ulertzearen desikasketa egitea da. Alegia, Josebe Iturriozek goian esan bezala, gizarte gisa ulertu behar dugu ez dagoela zertan izan gizon zein emakume. Eta halaber, pertsona batek, bere sexua edozein delarik, feminitatearen nahiz maskulinitatearen elementu desberdinak barnebil ditzazkeen identitatea garatzeko eskubidea duela.



Iazko Janire Itsasoren Sistema bitarretik haratago post-a aukeratu dut, egiten duen irakurketa gustatzen zaidalako:
http://hezkeh0506.blogspot.com/2018/02/sistema-bitarretik-harago.html

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina