2021/03/14

GATAZKA? BAI, NOSKI!

 


Bai horixe! Bizitzak berezkoa baldin badu gatazka, nola esango dugu ezetz? Beste gauza bat da deseroso sentitzea askotan gatazkarekin: ez dakigulako nola jokatu; beste pertsonekiko harremana alda daitekeelako; barrenak nahasten dizkigulako; emozioak pil-pilean jartzen dizkigulako; beldurra dugulako; gure sinismenak zalantzan jartzen direlako; …

Zer egin, orduan, gatazkak egon, egonen direla baldin badakigu? Paco Cascón-ek ongi dioen moduan: gatazkan eta gatazkarako hezi. Bere hitzetan, “Gatazka bati lehenbailehen eta modu positiboan heltzen ez zaionean, azkenean indarkeria sortzen da”. Eta hori bai saihestu behar dugula. Izan ere, gauza bat da gatazka eta bestea, oso desberdina, indarkeria.

Argi uzten du Pacok gatazkan hezi behar baldin badugu konfiantza, errespetua, taldeen arteko harremana, komunikatzeko trebetasunak, argudiatzen, aktiboki entzuten, erabakiak adostasunez hartzen… ikasi behar dugula. Hau da, ZEHAR KONPETENTZIAK garatu behar ditugula!!



Gure erkidegoan elkarbizitza positiboaren alde lanean gogor aritu da Neli Zaitegi. Bideo honetan gako esanguratsuak ematen ditu:



Gatazkaren ebazpen positiboak aukera zabala ematen digu, pertsonaren garapen integralaren muinera joaten delako. Irakurgaian esaten den bezala:

 Gatazka sortzen denean kontuan izan behar dugu ere pertsonen hainbat ezaugarri edota gaitasunak: gatazken aurreko joera, gatazkei aurre egiteko trebeziak, informazioa interpretatzeko moduak, komunikazio-estiloak, pertzepzioak egiteko mekanismoak, identitatearen garapen-prozesuak, indarkeriari buruzko ideiak, sinesmenak. Gatazkari irtenbidea emateko posibilitateak inplikatuek gatazkei aurre egiteko duten ahalmenaren araberakoak izango dira eta hor garrantzia hartuko dute enpatiak, egoeran sortutako emozioek, izandako informazioak eta horren interpretazio zuzenak, komunikazio trebetasunek eta erantzuteko jokaeretan indarkeriaren erabilerak edo indarkeria-ezak.

 


Hori guztia landu beharko da. Ez da berez ematen, uneak eta guneak eman behar zaizkio elkarbizitza positiboari TRATU ONEN KULTURA sustatzeko. Uste dut hori dela bidea: nork bere buruarekin eta besteekin harreman positiboak ezartzea. Zer dakar horrek?

  • Eskolan elkarren zaintzara bideratutako kultura errotzeko lan egitea
  • Elkarbizitza positiboaren lanketa planifikatzea, curriculumean txertatzea eta horretarako egiturak sortzea (Ikasleen Elkarbizitza Zirkuluak, adibidez).
  • Elkarbizitza positibotik bake-kultura sustatzea.
  • Indarkeria mota guztiak ezabatzea.

Nola egin, ordea? Kuriosoa da nola zatitu dugun horren guztiaren lanketa eskoletan: Aniztasunari erantzuteko Plana; Elkarbizitza Plana; Hezkidetza Plana… Horiek guztiek helburu berdina izan beharko lukete: eskola leku segurua izan dadila bertan gauden guztiontzat. Hitz mordoa etortzen zait burura: enpatia, etika, zaintza, aldaketa, aukera, erantzukizuna, eskubidea, bakea, pertsonak, emozioak, prozesua… Izan ere, JUSTIZIA kontu bat da!!

Asko kezkatzen nauen gai bat da nola eragiten duen generoaren aldagaiak eskolan ematen diren gatazketan eta eskola-jazarpenean. Uste dut sexu-aldagaia dagoenean oso argi ikusten dugula, baina jokabide askoren atzean askoz ere lausotuagoa geratzen den patriarkatua eta bere arauak daudela, horrek dakarren estereotipo eta rol guztiekin. Zergatik da handiagoa mutilen presentzia eskola-jazarpenean, adibidez? Zergatik dira desberdinak nesken artean eta mutilen artean topatzen dugun jazarpen motak? Genero aldagaia aztertzen ez badugu, nekez emanen diogu irtenbide osoa gatazkari. Carmen Ruiz Repullori entzun nion behin “¿A que no hay huevos?” horrek nola baldintzatzen duen mutilen portaera, eta zer pentsatua eman zidan: “¿A que no hay huevos de correr con la moto?” Es ponerse en riesgo para demostrar que sigue el modelo. 

Asko idatzi eta egin da gatazken eraldaketaren inguruan. Hona hemen niri baliagarriak izan zaizkidan material batzuk:

Bakeaz Blai: 4. DBHko ikasleekin parte hartu genuen programan eta izugarria izan zen.



Ikasleen Elkarbizitza Zirkuluak: Juan de Vicente Abad-ekin ikasi nuen egitura hau nola jarri martxan, eta eskolan egin dugun gauza hoberenetarikoa dela uste dut. Ikasleei ematen zaie protagonismo osoa gatazken ebazpenean. Eima katalogoanaurki ditzakezue LH eta DBHrako proposamenak:

 

Emozioen lanketa funtsezkoa iruditzen zait. Hor dago gakoa! Gipuzkoako Foru Aldundiak 3 urtetik 18 urte bitartera lantzeko materiala atera zuen: jarduera oso zehatzak, gelara eramateko prest



Talde-kohesioaren garrantzian sinetsita, Paco Cascon-ek “Jolasaren Alternatiba” liburuetan eskaintzen dituen dinamikak ere oso interesgarriak iruditzen zaizkit:



Beste urteetako ikastarokideek egindako posten artean Ainararena aukeratu dut.  Bat egiten dut eremu hezitzailean egon daitezkeen erronken artean planteatzen dituenekin:

  • Gatazkaren inguruko konotazio negatiboari buelta ematea.
  • Gatazkak mahai gainean jarri eta horiek modu egokian bideratzeko bitartekoak eskuragarri jartzea.
  • Pertsona ororen iritziak, pentsamenduak... ados egon edo ez errespetatuak izatea.
  • Irakasle nahiz gurasoei gatazkak modu egokian kudeatzeko tresnak eskaintzea (prestakuntza).
  •  Gatazkan generoak duen eraginaz jabetzea.
  • Elkar entzuketa aktiboa bultzatzea.
  • Tratu ona eta elkarren zaintza norberarengan eta besteengan sustatzea.

 

Bukatzeko, musika piska bat. Ruper Ordorikaren “Zaindu maite duzun hori” 


 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina