Aste honetan
indarkeria matxistak gainditzearen inguruan jira-bueltan ibili gara. Hitz lainoan
jaso ditut landu ditugun ideia garrantzitsuenekin (indarkeria matxista desikasi
eta adierazpen hauekin bukatzeko estrategia garrantzitsuenak, alegia) lotutako
kontzeptu nagusiak, besteak beste, maitasun erromantikoa deseraiki, mikromatxismoak
identifikatu eta gainditu, LGTBI+ fobiak salatu eta aniztasun ereduak baloratu,
etab.
Dena den, sarrera
honetan astean zehar egin ditugun irakurketetan jorratutako lan-ildo bati eutsi
nahi nioke, azken aldian oso presente dudan gaia delako, ea labur azaltzeko gai
naizen: Nik Ikertze izeneko elkarte batean egiten dut lan, hezkuntza programak
egiten ditugu esparru desberdinetan kokatzen direnak, baita hezkidetzan ere.
Aste hauetan “Begirada Kontzienteak” izeneko programa aurrera eramaten ari naiz
ikastetxe batean eta zuzenean 16 urte inguru dituzten ikasle talde desberdinekin lan egiten
dugu. Aipatutako programan aztertzen ditugun edukien artean, gure gizartean
ditugun kontsumo edo kontsumismo ohiturek eta merkatuak pertsonei orokorrean
nola eragiten digun eta emakume eta gizonengan modu desberdinean sortzen
dituzten esklabutza eta indarkeria egoeren inguruko hausnarketa egiten dugu.
Izan ere, estetika eta moda kontuek, adibidez, guztioi eragiten diguten arren,
emakumeongan sortzen duten presioa handiagoa dela nabaria da. Ikasleekin
gogoeta hau egitean ordea izan dudan pertzepzioa da, neskek egoera hauek ondo
identifikatu eta onartzen dituzten arren mutilen inplikazioa galdu egiten dugula (adibide garbi bat ipintzearren, depilazioaren kontuarekin mutil batzuei asko
kostatzen zaie hau ez dela aukera aske bat onartzea, inposaketa bat
baizik). Atera dudan ondorioa da, mutilak pribilegio egoera batean daudela eta
hori zalantzan ipintze hutsak defentsa jarrera batean ipintzen dituela. Beraz,
programari buelta bat eman eta maskulinitate berrien gaia txertatzea erabaki
genuen beraiek konturatu daitezen, sistema heteropatriarkalak modu zuzenean
eragiten diela eta aukera asko galtzen dituztela arrazoi hori dela eta.
Erabakia arrakastatsua izan da oso eta gizonezkoen inplikazioa lortu dugu
beraien jarrera aktiboa berreskuratuz. Zentzu honetan, ondorengo leloa
aldarrikatuko nuke:
Indarkeria
matxista egiturazko arazo politikoa da. Pertsona guztiak gara gizarte honetako
parte eta modu aktiboan jardun beharko dugu arazoaren irtenbidearen alde.
Gizonezkoak maskulinitate berrien ereduen bilaketa eta sorkuntzan eta
emakumezkoak jabekuntza eta autodefentsa feministaren lanketan. Ikasleei hau hasieratik horrela planteatzea oso garrantzitsua dela lehenengo pertsonan frogatu dut eta hemendik abiatuta ondoren, neskekin eta mutilekin modu desberdinean talde txikietan bidea jorratzen jarraitzea.
Ongiz elkarteko
Mikel Otxotorenak urteak daramatza maskulinitate berrien gaian sakontzen eta
bideo honetan pribilegioen inguruko gogoeta labur baina interesgarria egiten
du.
Hau guztia eremu
hezitzaile/jendartean landu beharraren justifikazioa nabaria da:
Emakumeen aurkako hilketa eta jazarpen matxisten datuak asaldagarriak dira.
Ezin da onartu munduko populazioaren erdia beste erdiarengatik beldurtua
bizitzea eta batzuk beraien egoera pribilegiatu eta erosoari uko egin behar
izango dioten arren, etorriko diren onurak positiboak izango dira guztiontzat.
Bukatzeko, joan den urteko blogeko sarreren artean Miren Aranbururen hau aukeratuko nuke. Oso modu garbian eta laburrean azaltzen ditu gai honi dagozkion nondik norako nagusiak eta Maite Asensioren bideoarekin, egiturazkoa den arazo honetan komunikabideek ere duten zeregin eta garrantzia azpimarratzea interesgarria iruditu zait.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina