2018/03/05

SEXU ETA UGALKETA ESKUBIDEAK



Aste honetan heziketa afektibo-sexual hezkidetzaileari bueltaka gabiltza. Akrostikoan jaso nahi izan dudan bezala, pertsonek sexu eta ugalketarako ditugun eskubideak bermatzeko, derrigorrezkoa da inposaturiko sexualitate eredu hegemonikoari muzin egin eta beste balio batzuen alde apustu egitea. Azken finean, planteamendua oso maila sinplera eramanez, pertsonak anitzak gara, mila kolore desberdinetakoak eta ezinezkoa da guztiok heteroarau berdin batean zoriontsu izatea. Nortasun desberdinak ditugu eta afektibitatea eta sexua bizitzeko moduek anitzak izan behar dute derrigorrez gure bizitzak modu osasuntsuan bizi nahi baditugu.

Amnesty International erakundearen dokumentu interesgarri honetan, aipatutako giza eskubideek barnebiltzen dituzten beste hainbat eskubide jasotzen dira:



Seme-alabak izan edo ezkondu nahi izatearen inguruko erabaki aske bat hartzea benetan zaila iruditzen zait patriarkatuaren eta bere interesengatik hain baldintzatua dagoen gizarte batean, azken finean, nola ez dugu ba emakumeon gehiengoak hori nahi izango leku guztietatik iristen zaizkigun mezu eta ereduak horretara bideratzen bagaituzte? Edo, nola ez diogu emakumeok sexu-indarkeriari edo jazarpenari beldurrik izango Nazio Batuen Erakundearen datuek 3 emakumeetatik 1ek bere bizitzan zehar indarkeria egoeraren bat biziko duela esaten dutenean? 

Norberak gure gorputzaren, bizitzaren eta sexu-identitatearen inguruko erabaki kontzienteak hartzeko derrigorrezkoa izango da beraz, ganorazko heziketa afektibo-sexuala jasotzea, bertan dauden mila kolore eta aukerak mahai gainean ipiniko dituena. Zentzu honetan Nerea Sancho psikologo eta sexologo euskalduna egiten ari den lana azpimarratu nahi nuke. Hezkuntza formalari begira, ikasgelan erabiltzeko oso gomendagarriak diren “Kilimak” (lehen hezkuntza) eta “Taupadak” (bigarren hezkuntza) liburuak idatzi zituen garapen afektibo eta sexual arrakastatsua sustatzeko oinarrizko ezagutzak bilduz. Etorkizunerako sexu jarrera positiboak eta giza harremanetarako nahitaezkoak diren iaiotasunak irakasteko beharrezko irizpideak aurkitu daitezke bertan.



Bestalde, aipatzekoa da ere zentzu honetan jendarte zabalari begira, 2016ko Kultur Hiriburutzaren barnean sortu zen eta Nerea Sanchok zuzendu zuen Dssirez Mugimendu Erotikoak Donostian suposatu zuen berrikuntza:



Hau guztia eremu hezitzaileetan/jendartean lantzeko erronka nagusia nire ustez, sentsibilizazioa eta formazioa dira. Iruditzen zait norberaren esperientziatik bakarrik etor litekeela gaiak duen garrantziaz jabetzea eta hau maila pertsonalean eta profesionalean sakontzeko bideari ekitea. Honen aurretik noski, agintarien erabaki eta apustuak argi egon behar dira aurrekontuetan tokia izan behar dutenak.

Iazko ikastarokideen posten artean Leire Garroren “Heziketa afektibo-sexualaren inguruko hausnarketa” aukeratuko nuke. Bertan jasotzen dituen bi ideia nagusiekin erabat ados nago eta oso interesgarriak iruditu zaizkit eskaini dituen hezkuntza balibide eta bideoak.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina