Nire uste apalean, curriculuma eta baliabide didaktiko hezitzaileak sistematikoki erabiliko bagenitu, gure jarduera hezitzailea nabarmen aldatuko litzateke.
Hasteko, material berriak sortzen, denbora gehiago erabiliko genuke. Izan ere, hainbat kontu desberdinei arreta berezia eskaini beharko genieke, hala nola, erabiliko genituzkeen irudien egokitasunari, pertsonaiak estereotipo klasikoetan ez erortzeari, edota baliatuko genukeen hizkuntzari. Hala eta guztiz ere, denbora horrek guztiak merezi izango luke, zeren eta material horiek erabiltzean lortuko genituzkeen emaitzak askosaz ere hobeak izango bailiratekeen, berdintasuna lortzen aurrerapausuak emango genituzkeelako. Adibide gisa, eskuarki gizonezkoengan ikusten ditugun nolakotasunak barnebiltzen dituen ipuin honetako protagonista: SuperLola, alegia. Gema Otero Gutiérrez-ek sortutakoa.
Bestalde, gure jarduna zein erabiltzen ditugun baliabideak aztertzeko orduan, eskaera-maila altua erabili beharko genuke, profesionaltasunez arituko bagara behintzat, gure lanaren kalitatearen gainean eragin oso positiboa izango lukeena.
Bestalde, erabiltzen ditugun baliabideetan hezkidetzan oinarrituriko begirada ziurtatze aldera bururatzen zaidan estrategia honakoa da:
- Lehenengo eta behin, hezkidetzaren helburuak azaldutakoan, komunitatearen oniritzia lortu behar dugu. Guztiz beharrezkoa da, nik uste behintzat, denok norabide berean bultzatzea. Honen inguruko adostasuna lortuta, errazago izango zaigu gure ikastetxean begirada hezkidetzailea bermatzea.
- Klaustroaren konpromisoa lortzea ere funtsezkoa dela uste dut. Hezkidetzaren helburuak ezarri eta lortzearen aldeko lana betetzeko ardura berea egin behar du klaustroa.
- Aurrekoa lortuta, baliabideak aztertzeko tresna egokiak bilatu eta adostu beharko genitzuke.
- Hortik aurrera, baliabideak sakontasunez aztertu beharko genituzke eta, apurka bada ere, zinez hezkidetzaileak direnak gure jardueran txertatu beharko genituzke. Hezkidetzaileak ez diren eta derrigorrean erabili behar ditugun baliabideen erabilera kritikoa bermatu beharko genuke ere bai.
Bukatzeko, iazko post interesgarrien artean Iratxe Laesek argitaratu zuen “Amets bat izan nuen” izenekoa hautatu egin dut.
Berak, estrategia moduan, formazioa aipatzen du. Nire ustez, behar-beharrezkoa dena, oinarrizkoa. Hala ere, formazioaz aparte, ikasitako hori aplikatzeko ardura, gogoa eta konpromisoa hartzea ezinbestekotzat jotzen dut. Izan ere, zeozertan oso trebea izanik praktikara ez baduzu eramaten, ez baitu ezertarako balio.
Bestalde, erabat ados nago berarekin zera esaten duenean: “ Hezitzaile hezkidetzaileak bere betaurreko moreak ez ditu kenduko… Beste gauza bat litzateke konfunditzea; akatsen bat egiterik balego; mementoren batean erabaki egokiena ez hartzea posiblea da… Baina nahita inolaz ere ez du egingo, ZIUR!!” Denok dugu uneren batean nahasteko eskubidea, jakina. Kontua zera da, egiten dugunean nahita ez egitea.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina