Garazi Esnaolaren “deseraikiz
berreraikitzen, egin lekua, eman denbora” posta hautatu dut iazkoen artean.
Modu natural batean, etxetik irten eta ikusten dituen adibideak azalduz,
emakumeen errepresentazioan orekarik ez dagoela garbi adierazten du. Eskolara
iristean ikusten den paisaiarekin ere hainbat galdera airean uzten ditu hausnarketarako,
espazioen eta denboraren kudeaketaren inguruan.
Ni ere antzeko ariketa bat egiten saiatu naiz eta Zarautzeko
kale eta plazen izendegia aztertu eta amaieran urbanismoaren erronken
garrantziari erreparatu diot.
Historia zerbait
aipatzearren, 1979ean lehen udal-gobernu demokratikoak Frankismo garaiko kale izen asko aldatu zituela azaldu behar da.
Kaleak izendatzeko Batzordean erabili zituzten irizpideak ondorengoak izan omen
ziren: lekuko toponimia (baserri izenak), herriko pertsona ezagunak eta euskal
pertsona esanguratsuak. Ez ziren emakumeen aitortza egiten batere saiatu, zeren
emakume izen bakarra proposatu zuten, "Maria Etxetxiki". Urte
askotan herrian, emagin lana egindako emakumearen, baserri aurreko kaleari jarri
zioten izen hori.
Gaur eguneko kale izenak
ikusita, argi geratzen da asko ez dugula aurreratu. Herrian dauden 96 kale eta
plazetatik, 28 izen pertsonai maskulinoenak dira eta soilik sei emakumezkoenak.
Horietatik hiru Santak eta beste bi sorginekin zerikusia dutenak, Sorginsoro eta
SorginmuiƱo. Beraz badugu zertan hobetu emakumeen errepresentazioa handitzeko,
eta nahiz eta feminismoaren haizea alde eduki eta eguna berezia izan, joan den
azaroaren 24an Udalean, Zarauzko kale,
leku eta eraikinei emakumeen izenak jartzeko mozioa aurkeztu zen eta EZ zen onartu (12
bozka kontra eta 9 alde).
Zaida Fernandezek dioen moduan, “Urbanismoa historiaren materialtasuna da. Aipatzen ez dena ez da
existitzen, ez da errekonozitzen. Leku bat izendatzea, monumentu bat
diseinatzea edo oroitzapenezko plaka batekin seinaleztatzea oroimen sozialaren
parte da, jendartean garrantzitsutzat jotzen duguna ahanzturatik berreskuratzea
baita ”.
Espazio publikoan emakume
arrunten edo nabarmendu direnen lanari eta bizitzari buruzko erreferenterik ez
izateak bere horretan eusten dio esfera publiko eta pribatuaren arteko banaketa
sexudunari. Gaur egungo gazteei, emakumeen erreferentziak ukatzen zaizkie eta
bide batez, historian zehar egindako ekarpena ezkutatzen da.
Ohiane Ruiz-ek urbanismoa eta feminismoaren inguruko arterketa egiten du bideo motz batean gazteleraz, denon bizitzan duen eragina azalduz eta nola ideologiatik urbanismoak asko duen argituz.
Amaitzeko, urbanismoak
pertsonen funtzionamenduan eduki dezakeen eragina ikusirik, ondorengo erronkak
proposatzen ditut:
1. Emakumeen presentzia sinbolikoa handitzea espazio publikoan, hau da, emakumeek udalerriaren
historian eta garapenean izan duten garrantzia azaleratu eta errekonozimendua
eta balioa ematea, ezkutuan geratu ohi den errealitatea azaleratu eta publikoki
baloratzeko.
2. Jendarte kohesioa eta sostengarritasuna bermatu ahal
izateko espazio publikoaren hausnarketa eta diseinu estrategikoetan genero
ikuspegia eta, batez ere, zaintzaren ikuspegia integratzea. Interesgarria eta beharrezkoa da
zaintza ardurak gizarte ardura bihurtzea, dinamika komunitarioak bultzatuz
adibidez. Era horretan zaintzaren erantzukizun soziala sustatzen da eta
gizonezkoekin erantzukizuna era ekitatiboan banatuz, duen garrantzia aitortzen
zaio.
3. Jendarte harremanak garatzeko zerbitzuak hobetu eta
hedatzea,
Erreferentziazko espazioa izateak herrian, jarduera eta espazioen genero
araberako banaketa saihesten lagundu dezake. Eta, batez ere, adin eta profil
konkretu batetako emakumeen harreman sozialen garapenean eta enpoderamenduan
ezinbesteko laguntza izan daiteke.
4. Segurtasun
ezaren pertzepzioan eta beldurraren pertzepzioan eragitea, partaidetza prozesuen
bitartez, “puntu beltzetan” esku-hartuz (hauen argiztapen eta ikuspena hobetu)
eta emakumeen mugikortasuna eta autonomia mugatzen dituzten bizipen eta
egoerekiko jabekuntza prozesuak martxan jarriz.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina