2019/01/14

Espazioak eta denborak bizigarri egiten


Hiria kolektiboak “Generoaren eta herritarren eguneroko bizimoduaren ikuspegitik hirigintzaren analisi mapak egiteko metodologia-eskuliburua”-n aipatzen du gaur egun, gure herri eta hirietan, emakume-izena duten kaleak % 10 baino gutxiago direla, eta horietatik gehienek santa edo ama birjina baten izena hartzen dutela.

Emakumeen ekarpenak ezagutarazteko eta haiei aitortza sozial bat emateko, azken aldian hainbat herri edo hiriburuetan emakumezkoen izenak ipini zaizkie kaleei eta eraikinei. Durangon, adibidez, herriko hiru espaziori emakume izena ezarri die udalak. Musika eskola ondoko parkeak Aurora Abasolo soprano durangarraren izena du, Arte eta Historia Museo ondokoak Benita Uribarrena faxismoaren aurkako borrokalari durangarrarena eta biblioteka Bizenta Mogel markinarraren izenarekin bataiatu zuten (euskaraz idatzi zuen lehen emakumea izan zen). Honetaz gain, Durangoko historian emakumeek izandako ekarpena aztertzeko, “Emakumeen ekarpena Durangoko Historian” I. ikerketa beka argitaratu du. Beka honen helburua emakumeek Durangoko historian izandako egitekoa ezagutaraztea da.

Baina, herriak edo hiriak zeinentzat diseinatzen dira? Nortzuk erabiliko dituzte espazio batzuk eta nortzuk besteak? Zeini kostatuko zaio gehien leku batetik bestera joatea eginbeharrekoen arabera? Hiri debekatuen mapak ditugu adibide gisa, emakumeek beraiek haientzako irisgarritasun eta segurtasun eskasa duten gune ilunak identifikatzen, aztertzen eta hobekuntza proposamenak martxan jartzen dituztenak. Emakumeoi beldurrean hezten gaituzte. Zenbat aldiz entzun behar izan dugu “ez zaitez leku ilunetatik joan” edo “ez zaitez bakarrik etorri”? Teresa del Valle antropologoak dioen moduan: “hiria sexista da ekoizpen-ugalketa binomioaren arabera diseinatu den heinean”.


Hona hemen Col·lectiu Punt6-k eta Adriana Ciocolettok egindako “Espacios para la vida cotidiana” lanaren grafiko bat, non ikus dezakegun egunerokotasunean emakume eta gizonen artean dagoen desoreka ordainpeko lana eta etxearen artean egiten ditugun ibilbideetan.


Beste artikulu batzuk azken honen inguruan:

Euskal Herriko Bilgune Feministak dioen moduan, bizitza erdigunean jartzea da hiri feminista bat eraikitzea. Aniztasuna kontuan hartuko duena, hiritar guztien parte hartzetik abiatutakoa eta guztiontzako dena.

Eta ikastetxeetan zer?? Nola banatzen dira espazioak (patioak, ikasgelak, komunak, e.a.)?? Nortzuk geratzen dira erdigunean eta nortzuk bazterretan?? Zertara jolasten dira?? Zer sustatzen da espazio bakoitzaren erabilerarekin? Nire inguruko irakasleek esanda: patioetan mutilak eta futbola erdigunean eta neskak atzazkalak margotzen bazterretan… 😢

Hori saihesteko aukera posible batzuk: espazioa banatu ez egoteko bi gune nagusi (erdigunea eta bazterrak). Honela “txoko” gehiago egongo dira. Egutegi bat egin ekintza ezberdinek espazioa eta denbora mugatua izateko. Futbola bezalako kirol “mayoritario”-ak saihestu/ekidin eta inklusiboagoak diren beste kirol eta jolasak sustatu. Baina hau guztia posible izateko, noski, baliabideak eta gogoak behar dira; eta, horretarako, lehenik “arazoa” agerian utzi behar dugu eta kontzientzia piztu.

Denboraren erabileran ere nabaria da jendarteratze sexistaren eragina. Denbora bera pasatzen dute neskek zein mutilek hitz egiten taldeetan edo lanen aurkezpenetan? Zer gertatzen da emakumezkoen errepresentazioa gutxiengoa den bileretan? Eta txukuntze lanetan? Neurri berean bereganatzen dute arreta eta protagonismoa?

Askotan, bileretan gizonek etengabe eten edo moztu egiten digute emakumeei hitz egiten ari garenean (“manterrupting”) edo zuk aurretik esandakoa azaltzen dizute tonu paternalista bat erabiliz (“mansplaining”). Hona hemen bideo batzuk bi egoera hauen inguruan:




Espazioen inguruan, “manspreading”-ak ere oihartzun handia izan zuen:




Errepresentazioa eta denboraren erabileraren inguruan ikusitakoari buruz egin dudan akrostikoa hauxe da:
                                   Emakumeen
                             pResentzia
                           aReagotu
                              bEhar dugu
                              Plazetan
                        paRketan
                                   Eraikinetan
                               edozein eSpazio publikotan.
                                     OlgEtan gaudenean
               zeiN
     pixa edo kaka egiTerakoan
                                      elkarbizitzA-espazio eta denborak
                             aZtertuz,
                                    bIrpentsatuz,
                          sexismoa, matxismOa eta androzentrismoa
                                   irAuliko dugu!

Aurreko edizioetako ikastarokideek egindako post bat aukeratzekotan Garazi Esnaolarena izango litzateke; hirigintzaren inguruan egiten duen sarrera errealistagatik eta beste edizioetako Maiteren posta aipatzen duelako ere, proposamen eta erronka interesgarriz betea dagoena, alegia.

Sentsibilizaziorako interesgarria izan daitekeen berri, bideo edo irudiak post osoan zehar txertatuta daude. Hauetaz gain, Marisa Barrenaren iritzi artikulu hau elkarbanatu nahiko nuke. Bertan, Hernanin orain dela hamarkada bat hasitako «Berdintasunezko jolasa. Hezkidetza eta espazioaren inguruko baliabide gida» lana aipatzen du, espazioaren erabilera berdindua bultzatzea helburu duena. Lan horretan, gaiari buruz sakontzen da eta gainera, espazioaren diseinua eta erabilerari buruzko hainbat proposamen aurki ditzakegu.

Honetaz gain, Steilas sindikatuak eskaintzen duen materialaren artean, “Pertsona guztiak edonon” ikas-unitatea aurki dezakegu. Bertan, ikasleekin egiteko hainbat jarduera topa ditzakegu.

Nire ustez hau guztia eremu hezitzaileetan/jendartean lantzeko erronka nagusia espazioen erabilerari dagokio. Patioak nahitaez (ikasgelak ere) berrantolatu behar dira guztiontzat bizigarri egiteko. Horretarako, betiko moduan, genero ikuspegia txertatzea ezinbestekoa da. Aukera ona izan daiteke ikasleekin batera berrantolatze hori egitea haien ikuspuntua ikusteko eta haiengan kontzientzia pizteko.
Bileretan, aurkezpenetan edo edozein lantaldetan, apurka-apurka behatzen joan beharko ginateke denbora zelan banatzen dugun, zeinek hitz egiten duen gehien, zergatik, e.a. Gai hau, batez ere, inteersgarri ikusten dut helduekin lantzeko (nahiz eta gaztetxoekin ere hobe ahalik eta arinen hastea).

Ondo izan!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina