Zer da orientazioa?
Orientatzeak neska-ikasle eta mutil-ikasleekin harreman
jarraituak izatea suposatzen du, entzun, informazioa eman, lagundu, izateko,
espresatzeko eta aske aukeratzeko espazioak zabaltzea da.
Ezinbestekoa da
genero ikuspegia orientazioan txertatzea, maila eta esparru guztietan.
Zergatik? Sexu-genero sistemak ezartzen dituen estereotipoak, dikotomiak, eta
abarren ondorioz, gure ilusioak, ametsak... baldintzatuta daudelako.
Ikasketei (eta
beste hainbat arloei) begira gizon eta emakumeok ditugun jarrera, emaitza eta
aukera akademikoetan agertzen diren desberdintasunek osatzen dute “genero arraila” kontzeptua.
Hemen Emakundek
gaiaren inguruan sortutako “Emakumeak
zientzian: Genero arraila” bideoa:
Baina, nola itxi genero-arraila?
PISA txostenaren
ustez, hezitzaileon ardura kontua da… Nire ustez, aldiz, guztion ardura da,
ikas-komunitate osoarena (familiak, langileak, irakasleak… barne) alegia. Txostenean
ikertutakoaren arabera, ondoko aspektu hauek lantzea proposatzen dute:
* irakasleen eta
familien aurreiritziak eta espektatibak berrikusi eta sexismoa baztertu;
Horretarako, gure
aurreiritzi eta espektatibei buruzko hausnarketa bat egitea ezinbestekoa da.
Bertan, gabeziak identifikatu,
ondoren aldatu edo moldatu ahal izateko.
* nesken konfiantza
sendotu matematika eta zientzietan entsegu-errore prozesuak ziurtasunez
bizitzeko askatasuna eta errefortzuak eman...;
Neskek matematika
eta ingeniaritza ez aukeratzeko antzematen den arrazoi nagusia autokonfiantzaren falta da. Maria Luz Guenagak (Deustuko
Unibertsitateko ingeniaria) dioen
moduan, muga psikologiko eta sozial indartsuak daude atzean. Hemen, ereduak
behar dira, emakumeen ekarpenak ikusarazi behar ditugu; orokorrean eta, bereziki,
zientzia edota STEM arloetan.
* mutilen jarrera
hobetu: ikasteko orduak eta ikasteko laguntza zaindu, joko egokiak aukeratu eta
horretan igarotako denbora neurtu…
Hemen, Marina Subiratsen
hitzak datozkit burura… “eskola mistotik
harago joan behar da, lehen sexu bakoitzari erreserbatzen zituzten balio eta
praktikak neska eta mutilei transmititu behar zaizkie, bereziki nesken jarrera eta praktikak birbalioztatu eta oreka lortzeko
mutilengan garatu, alderantzizkoa neurri handi batean jadanik gertatu baita:
mutilentzat kontsideraturiko balio eta praktikak neskentzat orokortu. (…)
Horrela, pertsona bakoitzak, emakume edo gizon, bere intereseko, bere gustuko
bizitzaren esparruak aukeratu ahal izango ditu inolako kanpoko muga eta
esklusio barik”
Mutilentzat
kontsideraturiko balio eta praktikak neskentzat orokortu ohi dira… Zeri eman
diogu balioa? Zeintzuk dira ikasle (edo seme-alaba) “bikain” batengan ditugun espektatibak? Injineru izatea? Medikua
izatea? Zergatik??? Zergatik ez
diogu balio berdina ematen zaintza zerbitzuari? edo garbitzeari?
Kategoria
profesional eta lanbide oso feminizatuak, ordainsari txikiagoak eta gizartean
prestigio txikiagoa dute. Horregatik, Marinak dioen moduan, nesken jarrera eta
praktikak birbalorizatu egin behar ditugu. Guk beraien balioa eman behar diegu!
Astean zehar jorraturiko ideia edo
kontzeptu garrantzitsuenekin hitz-hodeia hau osatu dut:
Aurreko edizioetako ikastarokideek
egindako post bat aukeratzekotan, Irati Mendiguren Cosgayarena izango litzateke. Gaia oso ondo aurkeztu eta
kokatzen du, curriculum esplizitu eta inplizituaz (ezkutuaz) aritzen da eta
tutoretza lanaren inguruan hausnarketa interesgarria eta kritikoa egiten du. Atentzioa
eman dit lanaren banaketari buruz aipatutako esaldi bat, Saioa Alkaiza
Guallarren artikulu
batean agertzen dena, “gakoa ez da
zenbat emakumek egiten duen lan, non eta nola egiten duen baizik”.
Azken honen harira, astean zehar agertu eta nire ustez
esanguratsuak diren datu edo baliabide interesgarri batzuk biltzen saiatu naiz...
Eustatek jasota
duenaren arabera, unibertsitate-ikasketetako ikasleen artean, emakumeak arlo hauek aukeratzen dituzte: (%-tan)
Zientziak
|
6,1
|
Ingeniaritzak eta arkitektura
|
12,9
|
Osasun-Zientziak
|
18,6
|
Gizarte-Lege Zientziak
|
51,3
|
Arteak eta Giza zientziak
|
11,2
|
Izan ere, Eustaten webguneko "Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunaren Atala" baliabide interesgarri bat
iruditu zait. Bertan, genero ikuspegiarekin ateratako estatistikak aurki
ditzakegu. Hemen “Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna Euskal AEn. 2018ko txostena”-tik ateratako
hainbat datu:
Ordaindutako lanari
buruz eta sektore ekonomikoak aztertuz, 2016an okupatutako 380.200 emakumeen lan-jarduera zerbitzuen sektorean
biltzen da, emakume okupatuen %89a,
lan-errotaziorako marjina handia duen
sektorean.
Industrian eta bereziki eraikuntzan okupatutako emakumeak askoz ere
gutxiago dira gizonezkoak baino. Hala, 2016an emakume okupatuen %9a industrian
dira eta gizonezko okupatuen %31 sektore horretan. Sexuen araberako banaketa
sektore bakoitzeko enpleguen ezaugarriekin loturik dago, baita lanpostuek dituzten
balorazio sozial eta ekonomikoekin eta haietara sartzeko eskakizunekin ere.
2015eko bataz-besteko
errenta pertsonala kontuan hartzen
dugunean, ikus dezakegu errenta-estratu guztiek gizonezkoen proportzio handiagoa ageri dutela (emakumeena baino)
urteko 18.000€-tik gorako errentetan.
Zenbateko horretatik behera, aldiz, emakumezkoen proportzioa handiagoa da
gizonezkoena baino estratu guztietan; errenta baxueneko estratuetan emakumeak
dira argi eta garbi nagusi.
Oso ona iruditu
zait ordaindutako eta ordaindu gabeko enpleguaren inguruan egiten duten
laburpena:
* Guztizko lanak
ordaindutako lana eta ordaindu gabeko lana biltzen du. Lehendabizikoan ekarpen
handiagoa izan dute gizonezkoek emakumezkoek baino; ordaindu gabeko etxeko
lanetan, berriz, oraindik ere ekarpen handiagoa egiten dute emakumeek gizonek
baino.
* Gizonezkoak etxeko
lanetan hasteko erritmoa motelagoa da emakumeak ordaindutako lanetan hasteko
erritmoa baino.
* Emakume asko
gizonezkoak baino baldintza kaskarragoetan hasten dira lanean, lanaldi motaren,
kontratu motaren, trebakuntzarekin lotutako lanbide-kategoriaren eta abarren
arabera. Emakumeak nagusi diren jarduera-sektoreek ez dituzte lan-baldintza oso
onak izaten. Horrek eragin negatiboa izaten du emakumeen bizi-baldintzetan,
baita errenta pertsonalean eta familiakoan ere.
* Emakumeek
gizonezkoek baino guztizko lan-karga handiagoa izan dute eta hala izaten
jarraitzen dute, baita aisiarako denbora gutxiago ere. «Ordaindutako
lanak/aisiarako denbora gehiago» eta «etxeko lanak eta zainketak/aisialdirako
denbora gutxiago» binomioa, eskuarki, kaltegarria da emakumeentzat.
* Adingabeak euren
kargura dituzten emakumeen jarduera-tasa handitu egin da azken urteetan.
* Emakume okupatuek
bizitza pertsonalarekin duten satisfazio-maila beti egon da, eta hala izaten
jarraitzen du, okupatutako gizonen bizitza pertsonalarekiko satisfazio-mailaren
azpitik.
Hezkuntza eremuan,
beste hainbat adierazle jasotzen ditu txostenak. Hauxe zen populazioaren
hezkuntza maila 2016. urtean:
Genero ikuspegitik,
oso adierazgarria da lanbide heziketan
gertatzen dena. Adibidez, 2015-16 ikasturtean goi- eta erdi-mailako
lanbide-heziketan matrikulatutako ikasleen artean egin zuten azterketak emakumeen
eta gizonen artean dauden aldeak erakusten ditu. Erdi-mailako graduan, honako
hauek dira emakumezkoek aukeratzen dituzten lanbide-adarrak, gizonezkoek apenas
hautatzen dituztenak: osasungintza, irudi pertsonala eta zerbitzu
soziokulturalak eta komunitarioak. Era berean, badira bi familia gizonezkoek
zein emakumezkoek maiz aukeratzen dituztenak: administrazioa eta kudeaketa, eta
ostalaritza eta turismoa. Goi-mailan, aukerak errepikatu egiten dira, beste
ordena batean bada ere: zerbitzu soziokulturalak eta komunitarioak dira nagusi
emakumeen kasuan. Emakumeek, neurri txikiagoan bada ere, gizonezkoen presentzia
handia duten adar batzuk ere aukeratzen dituzte, hala nola fabrikazio
mekanikoa, informatika eta komunikazioak, eta jarduera fisikoak eta kirolak.
Nire esperientzia
pertsonaletik kontatu dezakedana hauxe da… Unibertsitateko irakaslea naiz eta
elektronika eta energiaren inguruko ikasgaiak ematen ditut. Ikasten nebilenean (ingeniaritza
elektronikoa) neska oso gutxi ginen klasean (2 soilik izatera heldu gara
hainbat kurtsotan), nire irakasle ia guztiak gizonezkoak izan dira eta marko
teorikoan erreferente gehienak ere gizonezkoak izan dira. Gaur egun, lanean,
nire lankide gehienak gizonak dira, koordinazio postuetan gizonezko gehiago
daude eta administrazioan, aldiz, emakumezkoak. Nire ikasleen artean, orokorrean
neska oso gutxi daude (eta, daudenak, ia beti elkarrekin egoten dira), hizkuntza
sexista erabiltzen dute (bai ikasleek eta baita irakasleek) eta genero
ikuspegia “brilla por su ausencia”
esaten dena… Beraz, sekulako lana dago oraindik egiteko…
Nire ustez orientazio akademiko
hezkidetzailea lantzeko erronkarik nagusienak hauek dira:
Alde batetik, hezitzaileok
eta ikasleek ditugun/dituzten espektatiba eta aurreiritzien inguruko
diagnostiko edo hausnarketa sakon bat egitea beharrezkoa da. Aztertu behar dugu
zelan eragiten diguten sexu-genero estereotipoek eta ze gabezia ditugun gure
lan egiteko/pentsatzeko/jarduteko moduetan. Identifikatu ondoren, eragin ahal izateko.
Bestetik, orientazio
eta tutoretzan jarduten diren guztien sentsibilizazioa eta formakuntza genero
ikuspegian ezinbestekoa da. Arestian esan bezala, ikasleekin harreman zuzen-zuzena
dutenak dira, haiei entzun, informazioa zabaldu eta laguntzeko aukera dute. Ikaslea
zer izan edo nora joan nahi duen prozesu guzti horretan zehar, bere bidelagun
izan behar dute (eta gara).
Ondo izan!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina